Bayrouren aurrekontu proposamenak Frantziako Estatua asaldatu du, eta mugimendu sozial berri bat ate joka dugu. Molde itsuan aritzeak ez du aitzinatzeko balio, eta azken urteetan ikusi dugun bezala, intsurrekzioarekin amesteak ez du hura errealitate egiten. Egoera ahal bezain ongi ulertu behar dugu eta helburu errealistak finkatu, iraultzarako baldintzak ezarri nahi baldin baditugu.
Aurrekontu proposamenaren testuingurua
Proposamena salbaia baldin bada ere, horren arrazionalitate kapitalista ulertu behar dugu. Nahiz eta Bayrouren gobernua arduraduna izan, azken instantzian finantza-oligarkiaren ordezkari bezala baizik ez du jarduten, langileriaren soldataren aurkako enegarren ofentsiba bat abiaraziz. Neurri horiek beheranzko joeran diren Frantziako Kapitalaren lehiakortasuna eta etekin-tasa mantentzea besterik ez dute xerkatzen, eta urtez urte Estatuaren eta enpresen zorpetzearen ondorio zuzena dira. Hala ere, kategoria ekonomikoen mistizismoak ez gaitzala engaina, zorra bezalako mekanismoen gibelean gordetzen dena zera baita: langileriaren soldatetatik kapitalisten sakeletara doan diru-eskualdatzea. Zentzu horretan ulertu behar ditugu ongizate-estatuaren deuseztatzea, esplotazio-tasaren emendatzea eta aurrekontu militarraren igoera ere. Eta ikusten dugun bezala, Frantziako Estatuaren agendak puntuz puntu jarraitzen du Europar Batasunak kapital-metaketa krisiari erantzuteko plana: austeritatea eta gerra [1].
Alabaina, Frantziako ekonomiak partikularitate bat du, estatu sozial garesti bat mantentzearena, 80ko hamarkadako berregituraketa ekonomikoak zalantzan ezarri zuen bake soziala erosteko asmotan. Krisi urte horiek garapen teknologikoak eta lehiakortasun internazionalaren gogortzeak ezaugarritu zituen, enplegu eta soldaten suntsitze bat ekarriz. Horrela, Estatua horiek laguntza sozialekin ordezkatzen saiatu izan da, ekonomia modernizatzen saiatzen zen bitartean. Hala ere, erreforma-proposamen ezberdinek sorturiko asaldura zela eta, partez baizik ez du lortu esperotakoa. Ondorioz, laguntza horiek langileriak Estatuarekiko duen dependentzia handitu zuten, ekonomiari susperraldi errealik ekarri gabe. Horren ilustragarri dugu 2019an oraindik Frantziak zeukan BPGa eta gastu sozialen arteko ratioa, herri garatuen artean bigarrena [2].
Dena den, azken urteetako hazkunde-tasak eta zorpetze-tasek ez dute laguntza sozialen mailari eustea ahalbidetzen, eta, paradigma kapitalistatik, neurri drastikoak hartzea geroz eta beharrezkoagoa da Mendebalde osora hedatzen den krisi ekonomikoari aurre egiteko. Austeritate neurri horiek, beraz, ez dira azkenak izanen, eta seguraski Estatuaren biraketa autoritarioak lagundurik eginen dira disidentzia posible oro isilarazteko. Prozesu hori zentro autoritarioak, eskuin muturrak edo sozialdemokraziak gidatzea ez da funtsezkoena izanen.
Ondorioz, oraingo aurrekontuen funtsezko arrazoia Bayrouren eta Macronen figuretatik haratago atzeman behar dugu, Frantziako ekonomiak duen egiturazko krisian. Hortaz, Estatua gobernatzeko asmoa duen proposamen politiko orok aurre egin beharko die hazkunde ekonomiko eza, zorpetze kronikoa eta soldaten mantentzea aldi berean existitzeko ezintasunari. Zentzu horretan, ezker erreformistak aurrekontu proposamenari aurkakotasuna erakusten baldin badio ere, ez du neurri horiek eta Kapitalak ezarritako mugetatik at existi litekeen proposamen politikorik. Gainera, azken urteetako borrokek erakutsi dute borroka ekonomiko eta politikoen arteko lotura, borroka horiek zuzenean konfrontatzen baitute Estatuaren tresna antidemokratikoekin. Horrela, haserrea usu elektoralismoarekin lotzen baldin bada ere, beste proposamen politiko batzuentzat ere atea ireki liteke.
Interbentzio politiko iraultzailerako markoa
Noski, errealitate honek ez ditu soluzio anitz ikusarazten ikuspegi burgesetik so eginez gero. Baina hemen jokatzen da partida: proletalgo iraultzaileak ez ditu Kapitalak sortzen dituen arazoak konpondu behar, kontraesan horiek botere politiko sozialista eraikitzeko baliatu baizik. Horrez gain, botere burgesari ahal bezainbat zailtasun ezarri behar diogu, hura krisian oraino gehiago sakontzeko. Lehen erran bezala, urteetan zehar Frantziako Gobernuak erreformak aitzinera eramateko izandako zailtasunak eragina du gaur egun bizi dugun ezegonkortasun egoeran.
Iraultza sozialistaren bidean, egiteko nagusi bat identifikatzen dugu gaur egun: masa-alderdi komunista internazionala berrosatzea, ofentsibarako alderdi gisa [3]. Bide horretan bi lirateke behar taktiko nagusiak: destakamentu komunisten batasuna eztabaida estrategikoaren bidez, eta komunismo iraultzailearen hegemonizazioa klasearen elementu aitzinatuenen artean, gazteria proletarioan bereziki.
Estrategia eta taktika horren baitan hartzen du zentzua militantzia komunistak, zeina etengabe moldatzen den gizarte-antolaketa kapitalistak sortzen dituen talketara, aldi oro, indar gehiagoz eta toki gehiagotan kolpatu ahal izateko.
Testuinguru honetan datorkigu aurrekontuaren kontrako borroka, eta langileria indartsu mobilizatzeko gogoz dela iduri luke, azken hamar urteetan Frantziako Estatuko klase-borrokak eman duen onena berreskuratu eta gainditzeko prest. Komunistok eginbeharrak argi ukatea funtsezkoa da momentu oro aktibitate eraginkorrena lortzeko. Horrela, alderdiaren eraikuntzak indar-metaketa paziente bat eskatzen du batzuetan, eta salto bat beste batzuetan. Gure ustez, aurrekontuaren kontrako borrokak salto bat egiteko balio lezake indarrak ongi bideratuz gero, eta horretan saiatu behar genuke. Gainera, aurrekontuaren eta, haratago, Macronen gobernuaren kontrako borrokaren garaipenak, etorkizunerako (hau da, ondoko borroketarako) bizi- eta borroka-baldintza hobeak segurtatzeaz gain, langile-klaseak bere buruarengan duen konfiantza handi lezake.
Borrokarako proposamenak
Aurrekontu proposamena katalizatzailea baldin bada ere, Frantziako egituraketa politiko osoaren krisia da gibelean gordetzen dena, eta sinesgabetasun horrek beste antolakuntza politiko bat mahai gainean ezartzea posible egiten du. Gure borrokaren bidez, botere poltiko berri baten beharra argitara atera behar dugu, aurrekontuen aurkako borroka ahal bezain urrun eramanez. Noski, helburu horiek lortzeko, mobilizazioan interbenitu eta ekintza zein antolakuntza proposamenak helarazi behar dizkiogu langile-klaseari. Testu honen bidez, hainbat pista eman nahi genituzke:
1. Espazioak ireki
Langile-klasea antolatzeko balio duten espazioak irekitzea, eta horien bidez indar komunistak klaseko sektore borrokalarienekin lotzea. Horretarako, Mugimendu Sozialistak espazioaren kontrolaren inguruko paradigma berri bat proposatu du eta betetzen hasi nahi luke, Zentro Sozialisten bidez [4]. Zentro Sozialistek indar-metaketarako tresna izan behar dute, langile-klaseari antolatzeko espazioak eskainiz, eta interbentzio politiko sozialista ahalbidetuz.
2. Borrokarako marko independenteak sortu edo indartu
Mugimendua ezkerraren eta sindikatuen aginduetatik kanpo gorpuztu da, eta horrek borrokarako marko independenteen sorrera ahalbidetu du. Manifestazioen erradikalizazioak klase-batasunerako tresna bat badela erakutsi baldin badu, urrunago joan beharra ere erakutsi du, ekintzak pentsatu eta eztabaidatzeko markoen sorrera eskatuz, integragarriak direnak. Horietan langileriako sektore borrokalarienek parte har dezaten, agitazio egoki bat beharrezkoa da, lelo ulergarriekin, espazio irekia dela erakutsiz eta errealki ekintzak pentsatzeko aukerak emanez. Marko horiek aurrekontuen borroka muturrera eramatea ahalbidetu behar dute, klasearen indarra, ezkerraren inpotentzia eta botere politiko independentearen beharra azaleratuz.
3. Klase osoa aktibatu, joera erreakzionarioak borrokatu
Bayrouren eraso bortitzak klaseko sektore guztiak kolpatzen ditu, eta unibertsalak diren leloak hegemonizatzea ahalbidetu dezake. Joera izan daiteke langileriako sektore altuenen aldarriak nagusitzea, adibidez, funtzionarioenak. Guk, alderantziz, sektore marjinal eta prekarioenen aldarrikapenak lehen lerroan ezarri behar ditugu (laguntza sozialen izoztearen kontra, langabetuen eskubideen murrizketaren kontra…). Aldarrikapen horien bidez proletalgoa borrokan integratu eta langile-klasearen baitako joera erreakzionario eta korporatibistak borrokatu behar ditugu.
4. Gazteria langilearen indarra
Sektore honek hainbat aldiz erakutsi ditu borrokarako gogoa eta gaitasuna azken urteetan. Gazteria langileak mugimendua erradikalizatu dezake, eta borroka aldarrikapen politikoetara hurbildu. Unibertsitate eta lizeoetan borrokarako asanbladak sortu eta dinamizatu behar ditugu, gazteen esku-hartzea ahalbidetuz. Horrez gain, beharrezkoa da ikasleen eskubide politikoak defendatzea, zeinak geroz eta kolpatuagoak diren, ikasleak babesgabe utziz hezkuntza-instituzio edo instituzio polizialen errepresioaren aitzinean.
5. Propaganda sozialista
Egoeraren ulermen-marko egoki bat eskaini behar diogu borroka-komunitateari, iraultza sozialistaren proposamen estrategikoarekin batera, osotasun kapitalistari alternatiba gisa. Horretarako, egokiak diren tresnak behar ditugu, mugimenduari buruzko analisiak garatzen den momentuan eginez. Horrez gain, gai izan behar dugu sozialdemokrazia guztiari kritika egiteko, bere forma sindikal eta alderdikoietan.
ERREFERENTZIAK
[1] https://commission.europa.eu/topics/eu-competitiveness/draghi-report_e
https://www.assemblee-nationa-le.fr/dyn/content/download/871338/file/Note%20n%C2%B0%201%20R%C3%A9sum%C3%A9%20rapport%20Draghi.pdf
[2] https://brooklynrail.org/2022/04/field-notes/Waking-Up-From-Anesthesia-Decline-and-Violence-in-France/
https://contracultura.cc/2024/09/10/despertando-de-la-anestesia-declive-y-violencia-en-francia/
[3] https://kontseilusozialista.eus/es/portfolio/estrategia-sozialista-berria/
[4] https://gedar.eus/fr/arteka/la-nueva-tactica-del-control-proletario-del-espacio