AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra Televisión
Imanol Kañamares
2025/06/18 17:30

Azken egunetan hautsak harrotu dituzte Martzillako gertakariek. Zenbait komunikabidek eta alderdik gertakari horiek gaindimentsionatu dituzte, eta oso modu sinplistan aztertzen ari dira.

Alderdi guztiek ixtea eskatu duten Martzillako adingabeentzako zentroa 2019an ireki zen, eta hasieratik, herriko alkate eskuindarra haren aurka agertu zen. Aurkakotasun horrek, noski, orain lehertu den egoerarentzako baldintzak jarri ditu. Izan ere, adingabe migranteak udalerriko errealitatetik baztertuta mantendu dituzte, erroldatzeko eta udal-zerbitzuak baliatzeko eskubiderik gabe.

Bestalde, zentroko langileek adierazi duten bezala, zentroaren kudeaketa instituzional eskasak egoera larriagotu besterik ez du egin: 116 gazte egotera iritsi dira, 40 lagunentzat pentsatutako baliabide batean; sei hezitzaile besterik ez txanda bakoitzeko; kudeaketa erakunde pribatu baten esku uztea, eta abar. Horrek, alde batetik, gazte horien bizi-baldintzak okertzea eragin du, eta, bestetik, egoera horren ondorioz sor daitezkeen gatazkak bideratzeko ezintasuna ekarri du.

Gainera, hainbat agente politikok amorrua nahita sortzen dihardute, herriko egoera euren diskurtso xenofobo eta arrazista elikatzeko instrumentalizatu nahian. Jarduteko modu horrek giroa gehiago etsaitzen du. Hain zuzen ere, horren erakusgarri dira Núcleo Nacional erakunde naziko kideak bertaratu izana, polizia-sindikatu ultren sare sozialetako mezuak edo Voxen propaganda-ekintzak.

Arestian aipatutako faktore horiekin guztiekin batera, gazteen muturreko zaurgarritasunak tentsio-giroa sortu du. Hala ere, mahai gainean jartzen ari diren erantzunek konpondu nahi direnak baino arazo gehiago sortzen dituzte.
Zenbait sektoreren ezinegona aprobetxatuz, elementu atzerakoienek aurrerapausoak ematen dituzten bitartean, zentroa ixtea erabaki da, eta talde horietako batzuek berehala baliatu dute testuingurua Nafarroa osoko zentroak itxi ditzatela eskatzeko. Arazoari errotik heltzetik urrun, gorroto- eta indarkeria-giroa elikatu da, eta marko diskurtsibo baztertzaile bat indartu da. Marko horrek zatia osotasun gisa hartzen du, eta pobre eta migratzaile izatearen baldintza pairatzen ari den gizarteko sektore baten gainean kokatzen du diana.

Ondorioa da gaur egun adingabe migranteak babesgabetasun-egoera handiagoan daudela, eskubide sozial eta politikorik gabe, muturreko zaintzapean eta ura leporaino dutela. Gainera, egoera honetara eraman gaituzten zirkunstantziek bere horretan jarraitzen dute. Izan ere, ez dago pertsona horien muturreko zaurgarritasun-egoerarekin amaitzeko asmo errealik, eta askoren helburu bakarra izan da interes politiko partikularrak elikatzea, ezinegona amildegiaren ertzeraino eramanez.

Hala ere, Martzillan gertatutakoa ez da gertaera isolatua. Egian, Martutenen edo Trapagaranen horrelakoak bizi izan ditugu. Europako hainbat herrialdetan ere errepikatzen diren irudiak dira. Biztanleria arrazializatuaren kriminalizazioak proletalgoa zatitzeko balio dio burgesiari. Langile-klaseko sektoreak euren artean etsaituz eta sektore baten ezinegona goraka doan eskuin mutur berri baterantz bideratuz. Sozialdemokraziaren kudeaketa negargarria ere sistemaren aurkako oposizio faltsu gisa aurkezten den olatu erreakzionarioa indartzeko gasolina egokia da.

Ezin dugu onartu mezu erreakzionario sinplista indartzea langileen zati batek errealitatea interpretatzeko erabiltzen duen interpretazio marko gisa. Ezin dugu onartu gure klasearen barne-aniztasuna harresi arrazistak eraikitzeko aitzakia izatea. Ezin dugu onartu pobreziaren eta prekaritatearen ondorioek pobrezia hori konponduko ez duten baina eskubide politiko eta sozialak murrizteko balioko duten neurri autoritarioak barneratzeko balio izatea.

Gizarte-eredua errotik eraldatzen ez dugun bitartean, hondamen ekologikoarekin, gerrekin eta sistema honek sortutako pobreziarekin amaitzen ez dugun bitartean, migrazioak errealitate izaten jarraituko du. Horren aurrean, bi aukera baino ez daude: gizarteko sektore pobretuenak kriminalizatzea, hots, ezer gabe datozenak, eta gure bizi-baldintzen okertzearen erantzule egitea; edo aurretik etorkizun beltza dugun sektore guztien arteko batasunerako baldintzak sortzea, langile-klase osoaren batasuna. Lehenengo aukerak miseria besterik sortzen ez duen sistema hau iraunaraziko du. Bigarrena da bere gaitz guztiekin amaitzeko bide bakarra.

EZ DAGO IRUZKINIK