AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aitor Martinez
2025/05/27 08:20

Azkenaldian, euskal nazionalismoko eztabaida klasiko bat berpiztu da, nor den euskal herritarra eta nor ez erabakitzeko formularen inguruan. Ez kasualitatez, eztabaidak gero eta interes handiagoa hartu du, migrazioaren auziak agenda politikoan eta komunikabideetan protagonismo handiagoa hartu duen heinean.

Kontua da ea ezker abertzalearen jarrera historikoen interpretazio okerra ote den "Euskal Herrian lan egiten duena da euskal herritarra" formula, eta ea jarrera horiek, gainera, ez ote zekarten eurekin ezaugarri etniko-nazional bat. Eztabaida absurdua da, jarrera guztiak ondorio berdinera iristen baitira; hau da, lan egiteko baldintzarekin batera, beharrezkoa dela euskal herritar izateko borondatea. Borondate horrek betebeharrak dakartza berekin; euskal nazioan integratzea dakar, hura definitzen duten baldintzak onartuz. Dena den, elementu gehigarri hori erredundantzia autosuntsitzaile moduko bat da. Izan ere, aipatutako formulak nazio-existentziaren baldintza objektibo batzuk ezartzen baditu (gizabanako baten naziotasuna determinatzen dutenak), partaide izateko borondateak nazionalitatea subjektibizatu nahi du, nazioarekin gauza bera eginez eta ahalmenik gabeko harreman boluntaristetan deseginez. Horrela, soldatapeko lana (kapitalista) integrazio sozialerako eta nazionalerako ezinbesteko elementu gisa aurkezten den heinean, partaide izateko borondatea absurdua da, borondate horrek ez baitu zerikusirik gizabanakoak nahi duenarekin edo nahi ez duenarekin; nahimena harreman sozial jakin eta objektibo batzuen adierazpen soila da. Horrela, gizabanako batek euskal herritar izan nahi du euskal komunitatean integratzen bada bakarrik, eta horrek esan nahi du burgesiaren mende egon behar duela soldatapeko lanaren forman.

Argi eta garbi geratu da auzia Arnaldo Otegiri Euskadi Irratian egindako azken elkarrizketaren ondoren. Bere alderdiak migrazioari buruz duen jarrerari buruz galdetu diotenean, Otegik ohartarazi du "giza-terminoetan" dela funtsezko gai bat, eta ezin dela argitu "hitz egiten ari diren arinkeria-kutsuarekin". Jarraian, ordea, humanismoa alboratzen du, eta biraketa ia psikopata batean, galdegiten du: "Zer gertatuko litzateke bihar herrialde honetako BPGari ekarpena egiten dioten migratzaileek alde egingo balute? Nork zainduko lituzke gure adineko pertsonak? Nork zerbitzatuko lizkiguke kafeak terrazetan? Nork garbituko lituzke gure mendiak?". Elkarrizketatzaileak lotsaz gorritzen duenean eta ikuspegi hori utilitarista ez ote den galdetzen dionean, Otegik onartu egiten du, eta gaineratzen du "balio neoliberalak" direla "honaino eraman gaituztenak". Beraz, ulertzen da Otegik gustura egin diela men balio neoliberalei eta arrazakeriari, eta europarrek nahi ez dituzten lanak egiten dituen neurrian bakarrik aitortzen duela migratzailea; hau da, kapitalarentzat onuragarria den neurrian, nahiz eta, Otegiren hizkeran, burgesiaren eta bere agenteen hizkeran bezala, kapitala balio komunitarioen edo interes nazionalen forman agertu.

Otegik migrazio ordenatuaren alde egiten du, eta "eskumen subiranoak" aldarrikatzen ditu, "harrera euskal ikuspegi nazionaletik eta giza-eskubideen ikuspegitik egin ahal izateko migrazio-politikak aplikatzeko". Horri gehitzen dio "euskal herritarra" dela "Euskal Herrira etortzen den, Euskal Herrian lan egiten duen, Euskal Herrian bere lan-indarra saltzen duen eta euskal herritarra izan nahi duen oro".

Zalantzaren bat bazegoen ere, argitu zuen "euskal ikuspegi nazionaletik" egindako "migrazio-politika" batek "estrategia komunitarioa" eskatzen duela, honako hauek definitzeko: "udalek harreran zer eginkizun duten, nola hartzen dituzten [migratzaileak], zein terminotan hartzen dituzten, zein baldintzatan, eta zein eskubiderekin eta betebeharrekin". Eta hori guztia "harrera modu ordenatuan egiteko". Hala ere, galdera horiek guztiak berak erantzun ditu bere kabuz. Izan ere, harrera egiteko baldintza lan egitea da, eta lan egiteko, kapitalarentzat erabilgarria den modu batean egin behar da. Kasu honetan, inork nahi ez dituen lanak onartuz eta baldintza kaskarrekin.

Euskal sozialdemokrazia nazionalistak uste duen arren nazionalitateari buruzko definizio berritzaile eta aurrerakoi bat duela, ikusten dugu ez dela ezertan bereizten kapitalaren alderdiaren beste edozein joera politikok erabiltzen duen definiziotik, baita eskuin muturrak erabiltzen duen horretatik ere. Naziotasuna aitortzea (gizarte kapitalista batean, lurralde eta sistema politiko jakin batean pertsonei eskubideak eta betebeharrak onartzea besterik ez dena) soldatapeko lanaren mende geratzen baita. Integrazio nazionalerako mekanismoa soldatapeko lana da; migratzaileak nazio baten partaide izateko duen borondatea praktikoa da, eta bere burua soldatapeko lanaren mende jartzean datza, esklabotza modernoaren mende alegia, baina klasiko kutsuarekin, arraza-baldintzak ezartzen baititu horretarako sarbidean.

Harrigarriena da, migrazioari buruzko itun nazional handi bat aldarrikatzen duenean, burgesiaren alderdia den EAJ ere barne hartuko lukeena, Otegik buruko blokeorik ez jasatea, euskal herritarra Euskal Herrian lan egiten duena dela dioen ideia horrekin. Kasu horretan, nazio-mailako itun bat egiten ariko litzateke, naziotik kanpoko eragile arrotz batekin. Otegik eta bere alderdi politikoak, baina, ez dute kontraesana sumatzen. Hori gerta liteke Otegik burgesiari langile rol bat aitortu diolako, hau da, rol produktiboa eta beharrezkoa; edo izan liteke, lehen aukera baztertu gabe, nazionalitate jakin bat eta horrek dakartzan eskubideak eskuratzea proletariotzari bakarrik ezartzen zaion baldintza bat delako, eta bereziki proletariotza migratzaileari, nazioa bazterketarako eta klase-bereizketarako elementu gisa baliatuta. Nolanahi ere, Otegiren jarrera guztiz antiproletarioa eta burgesa da.

Azkenik, elkarrizketan modu kontraesankorrean heltzen dio migratzeko eskubidearen gaiari. Nahiz eta esaten duen migratzea ez dela eskubide bat, behartutako egoera bat baizik, bere alderdiko kideek aurrez egindako adierazpenei kontra eginez, gerora Otegik eskaintzen duen irtenbidea eskubide-terminoetan oinarritzen da. Izan ere, harrera eta nazionalitatea baldintza jakin batzuen mende geratzen dira, eta baldintza horiek, nazioa subjektibizatzeaz gain, migrazioa erlatibizatzen dute. Harrerarako baldintza erabakigarritzat hartzen da migratzaileak nazioarekiko duen jarrera indibiduala, eta, hortaz, nazioan integratzeko borondatea erakusten duena bakarrik onartzen dute migratzaile gisa. Aitzitik, migrazioa inposaketa gisa onartzeak, errealitate objektibo gisa alegia, berekin dakar harrera onartzea erantzun antikapitalista posible bakar modura. Zentzu horretan, komunistentzat funtsezko arazoa da soldatapeko lana ordezkatzea integrazio nazionalerako mekanismo gisa, proletariotza baztertzen baitu; horren ordez, klase soziala eta estrategia komunista aldarrikatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK