AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Mugimendu Sozialista
2025/11/02 09:15

1. Mendebaldeko krisi ekonomiko eta soziala

Kapitalaren krisi historikoak eta metatze-tasa errealen beherakada globalak akuilatuta, oligarkia munduko herri langileen aurkako ofentsiba ekonomikoan ari da. Era berean, potentzia handiak gerra-gorakadako posizioetara lerratzen ari dira; gero eta urriagoak diren baliabideak, ekoizpen-ekosistema handiak, merkataritza globalaren ibilbide handiak, industriarako osagaien hornidura egonkorra eta kapital-inbertsioko eremu estrategikoak: horien guztien gaineko kontrola dago jokoan.

Kapitalaren maila globaleko krisi historikoa mende hasieratik ari da inplosionatzen. Mendebaldean, krisi historiko hori atlantismoaren gainbehera inperialarekin uztartu da —bestela esanda, mendebaldeko krisi ekonomiko eta sozial espezifikoarekin—, eta Europa gainbehera horren abangoardian dago, proiektu politiko eta sozial propiorik gabe. Hamarkada luzez, mendebaldeko gizarteetan —zeinetan bat egin baitute krisiak eta joko-zelai globalean zentraltasun inperiala galtzeak— proletariotza pobretua gutxiengo erlatiboa izan da langile aristokraziaren eta burgesia txikiaren geruza zabal erosoen aldean; orain, ordea, urradura sozial handia gertatzen ari da.

Mendebaldeko krisi ekonomiko eta soziala erdi-mailako klaseak kolpatzen ari da: lan-egitura egonkorra modu jarraituan suntsitzen, soldata-maila etengabe apaltzen, estatu asistentziala gero eta gehiago murrizten —osasuna, hezkuntza, gizarte-prestazioak eta abar— eta, oro har, gizarte-desegituraketa areagotzen. Gainera, oligarkiaren klase-eraso kontzienteak areagotu egin ditu prozesu horiek guztiak. Bizi-baldintzen suntsiketaren ondorioz, hausten ari da erdi-mailako gizarte-geruza horiek —langile-aristokraziak eta burgesia txikiak— egonkortasun inperialeko hamarkada luzeen ondoren finkatu zuten erdi-mailako klaseen iruditeria soziala; eta horrek eragin zuzena du funtzionarioek, industria-langile kualifikatuek, estamentu politikoak eta profesional liberalek osatutako erdi-mailako klaseen kulturan, ideologian eta ikuspegi politikoan, bai eta Europako eta Amerikako Estatu Batuetako kapitalista txiki industrialen, nekazaritza-arlokoen eta arlo tertziariokoen geruza zabaletan ere.

Funtsean, bi faktore orokorren eraginez ari dira aldaketa kultural eta ideologiko handiak gertatzen. Lehenengoa, erdi-mailako klaseen joera kultural objektiboa bera da; bigarrena, eliteen propaganda-programa nabarmena, erdi-mailako geruza sozial horien erreakziorako joera hauspotzen duena. Politika kontziente eta antolatuaren faltan, iraganean alderdi marxista handiak izan ziren bezalako masa-hezitzaileen faltan, erdi-mailako klaseen mugimendu kulturalak erabat finkatuta jarraitzen du kosmobisio burgesean, eta, hartara, erreakzio ideologikoa beste biderik ez du atzeman nahasmendu-garaian (faltsuki) erradikalizatzeko.

Hau da, mendebaldeko langile-aristokrazia zabala, masa-kontzientzia sozialistarik gabe, bere esentzia objektiboki proletarioaz ezjakin, ez da gai proletariotzarekin bat egin eta harekin alderdi eta programa historiko independenteak osatzeko; aitzitik, aurkako norantzan mugitzen ari da erabat, bereziki belaunaldi berrietan: ideologia burgesaren muturreko posizioetarantz, erreakziorantz. Bestalde, mendebaldeko proletariotza atomizazio- eta despolitizazio-egoeran dago hamarkada luzeetako desartikulazio ideologikoa eta politikoa direla medio, eta oraingoz ez da gai bloke historiko iraultzailea berrosatzeko lanetan buru izateko.

2. Mendebaldeko oligarkiaren programa: erreakzioa, faxismoa eta estatu autoritarioa

Oligarkiaren jomugan daude mendebaldeko langile-aristokrazia progresiboki desegitea, estatu asistentziala suntsitzea, kapitalak zentralizatzea eta errentagarritasun handiagoko eremuetan inbertitzea. Horretarako, langile-klaseak erantzuteko leukakeen aukera oro politikoki deuseztatzea premiazkoa zaio oligarkiari. Horiek horrela, ofentsiba-programa ekonomikoaz gain, ofentsiba-programa politikoa eta kulturala ere martxan du. Hiru ardatz ditu oligarkia atlantistaren programa horrek: ideologikoa, politikoa eta estatala. Izan ere, gaur egungo faxismoa fenomeno konplexuagoa da politika profesional burgesak bere "kordoi sanitario" hipokritekin sinetsarazi nahi ligukeena baino.

Ideologiari dagokionez, oligarkiaren apustua da erdi-mailako klasea, ezkerrekoa zein eskuinekoa, ahuldua baina oraindik politikoki aktiboa, klase erreakzionario bihurtzea: politika autoritarioei babesa eman diezaien, bere mekanismo hegemonikoen bidez proletariotzarengan eragin kulturala izan dezan eta, horrela, politika iraultzaileari aukera oro aldez aurretik itxi diezaion. Programa hori ezartzeko, plataforma teknologiko handiak zeregin garrantzitsua ari dira izaten.

Politikan, erreakzioaren fenomeno ideologikoa, jarrera erradikalizatuagoarekin, mugimendu faxista berri gisan artikulatzen ari da. Mugimendu hori hiru fenomenok osatzen dute: palanka mediatiko eta instituzionalarena egiten duten eskuin muturreko alderdi handiak, antolakunde faxisten berrosatzea koadro ideologikoak eta organizatiboak eratzeko, eta, hirugarrenik, kale-mailako talde biolentoen eraketa.

Estatuari dagokionez, oligarkia sakontasun handiko erreforma ezartzen saiatzen ari da: estatu demokratiko liberala deuseztatzea eta estatu-proiektu autoritario berri bat artikulatzea. Erreforma hori da, barne-mailan, programa atlantistaren muina.

Jarraian, analitikoki xehatuko dugu mendebaldeko zibilizazio osoan klase-erlazioa birdefinitu nahi duen oligarkiaren programa estrategikoaren ardatz bakoitza.

Programaren forma kulturala: erreakzioa

Hasteko, nola ulertu behar dugu erreakzioa? Gure ustez, erreakzioa kapitalaren bloke historikoko familia politiko guztiei eragiten dien forma kultural eta ideologikoa da, ezkertiarrak barne. Ezaugarri nagusiak honako hauek ditu:

Lehenik eta behin, erreakzioak eztabaida politikoa —eta, hortik abiatuta, politika bera oso-osorik— artikulatzeko modu irrazionala du oinarrian. Erreakzioak finkatzen dituen eztabaida politikoaren koordenatuetan honakoak dira nagusi: erlatibismoa, ad hominem falaziak, gertaeren faltsifikazio mediatikoa, arazoen kausa arrazionalak sistematikoki ezkutatzea eta eztabaida politikoa arrazionalizatzeko edozein saioren aurkako jazarpena. Sozialdemokrazia eta liberalismoa dira politikan printzipio formal hori ezartzearen erantzuleak, hain zuzen ere politika burgesari eta esplotazio kapitalistari ideologikoki eusteko; eta horixe izan da aurreko ziklo iraultzaileko politika arrazionalista handiaren aurka erreakzioari bidea egin diona.

Bigarrenik, erreakzioak emantzat jotzen du krisiaren konponbidea nazioa berreraikitzea dela, edo, bestela esanda, nazionalismora itzultzea. Ildo horretan, erdi-mailako klaseen iruditeria inperialista bere forma behinenarekin, nazioarekin, uztartzen da, eta nazionalismo ekonomiko eta identitariora, berrindustrializazio-ametsetara eta abarretara itzultzen da; ez die arrazionalki erreparatzen mendebaldeko nazioek etorkizunean inperialak izaten jarraitzeko duten ezintasunari, mendebaldeko inperialismoaren injustizia historikoari eta mendebaldeko erdi-mailako klase zabalen existentziaren benetako kausari, hau da, periferiako herrien esplotazio kolonialari. Horrek, era berean, arazoen ikuspegi nazionala indartzea dakar, oinarrian dauden fenomeno globalak eta krisi historikoa osoki ulertzen saiatu ere egin gabe.

Hirugarrenik, gainbeheran den bertako langile-aristokrazia mendebaldera iristen ari diren migrazio-fluxu handiak —nagusiki, azken hamarkadetan izandako gerra kolonialen gorakadaren ondorioz iristen ari direnak— mehatxutzat jotzen hasi da; zehazki, bere status ekonomikoaren eta bertako gizarte- eta kultura-ordenaren aurkako mehatxutzat. Horren adierazlerik behinena arrazakeria sozialaren orokortzea da: desberdintasun kulturalak onartu bai, baina norberarengandik urrun nahi dituena; migratzaileak onartzen dituena, bai, baina mendebaldeko lan- eta gizarte-ordenan beheragoko postua onartzen duten neurrian soilik.

Eta, azkenik, aurrekoaren forma orokorrago gisan, soldata-masaren murrizketa areagotu ahala, geroz eta gehiago hedatuz doa klasismoa: langile kualifikatu gabearen balio soziala gutxiesten duen kualifikatutako langilearen ikuspuntu korporatiboa, ordainsari handietara ohituta egonik gaizki ordaindutako gaztea mespretxatzen duen erretiratuarena, beheko lan-estamentuaren balio soziala gutxiesten duen goi-mailako lan-estamentuarena, langabearen balio soziala gutxiesten duen enplegatuarena eta abar; finean, hedatzen ari diren proletariotzaren figurekiko langile-aristokraziaren mespretxu soziala. Eta horren ifrentzua: tronuratze soziala eta masa-mirespena esplotatzaile industrial handiarekiko, youtuber parasitoarekiko, burtsako inbertitzailearekiko, maizterrak modu miserablean esplotatzen dituen errentistarekiko eta abar.

Erreakzioak, masen fenomeno kulturala den aldetik, erdi-mailako klaseko eta ordenaren blokeko familia politiko guztiei eragiten die; inor ez dago birus horretatik salbu, eta sendabide bakarra arrazionalismo iraultzaile berri baten erradikaltasuna da, ordena burges osoaren gainbeherari aurre egingo diona.

Programaren forma politikoa: mugimendu faxista berria

Progresiboki, erreakzioaren kultur joerak erradikalizatzen joan ahala, oligarkia fenomeno horren adierazpen politikoak finantzatzen eta lehen lerroan jartzen hasi da. Sarreran esan bezala, oligarkiak hauteskunde-plataforma ultraeskuindar —zein argi eta garbi faxista— handiak, koadro-antolakunde zaharrak eta berriak, think tank-ak, komunikabide faxistak eta abarrak finantzatzeari ekin dio. Aldi berean, talde biolentoak zigorgabetasunez jarduten hasi dira kaleetan eta indar armatuen zein polizia-indarren barruan; Estatu Batuetatik Ukrainaraino eskuadrismoaren fenomenoa orokortzen ari da. Talde, antolakunde eta plataforma horiek guztiak, ardatz programatiko bera duten aldetik, prozesu bakarraren adierazpen bereiziak dira: mugimendu faxista berri baten eraketa mendebaldean. Mugimendu horren oinarri politikoak, premisa erreakzionarioen erradikalizazioa oinarritzat daukatenak, ondorengoak dira:

Lehenik eta behin, irrazionalismoaren muturreko erradikalizazioak tradizionalismoa dakar: iragan inperialarekiko atxikimendua; gizonak emakumearen gainean, indartsuak ahularen gainean duen nagusitasunarekikoa; sexu- eta moral-arloko balio tradizionalekikoa; antzinako erregimenaren egiturak edo XX. mendearen erdialdeko estatu autoritarioak gorestea; eta, batez ere, liberalismo basatienaren eta ultraliberalismoaren klase-premisen defentsa sutsua.

Bigarrenik, nazionalismora itzulerak ultranazionalismo bortitza dakar. Horrela, nazioa politikaren erabateko abiapuntu eta helmuga gisan agertzen da berriro, eta klaseak eta gizabanakoak ezabatu egiten ditu. Ildo horretan, ultranazionalismoak norberaren nazioa beste nazioen gainetik dagoelako ideia eragiten du; horrez gain, nazio hori beste nazioen eta barneko etsaien —batez ere proletario migratzaileen eta marxismoaren— aurka berrosatu beharra dagoelako ideia ere eragiten du.

Hirugarrenik, aurrekoarekin lotuta, erreakzioaren arrazakeria soziala supremazismo bilakatzen da erradikalizatzean: kultura eta zibilizazio propioa handietsi eta elementu "atzerritarrak" bortxaz ezabatzea beharrezkotzat jotzea, etorkinaren ehiza, norberaren (ustezko) erlijioa besteenaren gainetik dagoela sinestea eta desberdina dena gorrotatzea gutxiago delakoan; finean, populazio migratzaileen aurkako indarkeria eragiten duen ikuskera da.

Laugarrenik, moralismo klasistak eta obreristak darwinismo sozial bortitza dakar azken buruan: langabetuarekiko edo zeinahi sektore proletariorekiko gorrotoa eta, beharrezkoa izanez gero, proletariotza kolpeka hezi behar delako ideia.

Bistakoa denez, alderdi tradizionalen oinarri sozialetan erreakzioaren printzipioak orokortzeak, batez ere erdi-mailako klaseen belaunaldi berrietan, horiek polo politiko berri batean artikulatzeko aukera dakar erreakzioaren erradikalizazio-forman. Era berean, estatuaren erreforma autoritarioranzko palankarena egiten du.

Programaren forma estatala: estatu autoritarioa

Paradoxikoki, kanpo-politikarako estatu ahularen —hots, oligarkiaren botere-zentro supra eta paraestatalekiko erabat mendekoa den estatuaren— ideia programatikoa bat dator barne-politikarako estatu indartsuaren ideia programatikoarekin. Ideia horren arabera, barne-mailan indartutako estatuak klaseen arteko itunaren joko-zelaia hautsi behar du, eta langile-klasea eskubidedun subjektu gisan guztiz deuseztatu; hain zuzen ere, proletariotzak bloke iraultzaile bat artikulatzeko aukerari trabak jartzeko. Lege-erreformak eginda, poliziaren zigorgabetasuna areagotuta eta propaganda militarista hedatuta, oligarkiak faxismoaren sehaskari eragiten dio, parlamentu-arku osoaren laguntza eskergarekin. Eta horiexek dira, hain justu, estatu autoritario berriaren oinarriak. Motzean esanda: gobernu faxista edo ultraeskuindar batek prozesua azkartzen duen arren, alderdi liberal eta sozialdemokrata klasikoa da, estatuz estatu, erreforma-prozesua gauzatzen ari dena. Estatuaren erreforma autoritarioaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

Lehenik eta behin, legedia eta botere judiziala progresiboki erreformatzea langile-klasearen eskubide oro guztiz deuseztatzeko, edo bestela esanda: produktibitate baxuko populazioei burgesiak beti aplikatu izan diena aplikatzea: arnasbide txikienik ere ez uztea. Laburbilduz, aurreko ziklo iraultzaileak konkistatutako —eta ondoren, bereziki Europan, klase-itun inperialista baten bitartez sostengatutako— eskubide sozialak, politikoak, sindikalak, adierazpen askatasunarekikoak eta abarrak suntsitzea da kontua. Bada, estatuaren forma demokratiko liberala desartikulatzea langilea zuzenbide-subjektu gisan suntsitzea da; XIX. eta XX. mendeetako estatu autoritarioen ildo berberean, hain zuzen ere.

Bigarrenik, zuzenbide-estatua bera desartikulatu eta estatu poliziala ezartzea, halako moldez non polizia-funtzioak definitzen duen zuzenbidearen eskumena zenbaterainokoa den, eta ez alderantziz. Zuzenbide-estatua, legearen unibertsaltasun formala eta forma konstituzionala ez dira ezabatzen, baina haien irismena mugatu egiten da; izan ere, salbuespena normaltasun bihurtzen da eta poliziaren zigorgabetasuna areagotuz eta onargarritasun soziala irabaziz doa. Estatu autoritarioak, estatu polizial gisa, hobbesiar estatu bat izan nahi du, zeinean indarkeria poliziala, epaiz kanpoko hilketak barne, pixkanaka normaltzen doan. Estatu Batuetan, Frantzian, Ukrainan, Polonian eta muturreko beste kasu batzuetan bistakoa da hori, baina dagoeneko mendebaldeko estatu guztietan ikus liteke joera berbera enbrioi-forman.

Azkenik, estatu militarista. Inbertsio publikoak berrarmatzera desbideratzen dira oligarkiaren beharrizan inperialak asetzeko, eta, aldi berean, oligarkiak berak ere armagintzan inbertitzen du soldata orokorra arpilatzeko. Langile-populazioen artean atzerriko mehatxuaren beldurra hedatzeko propaganda egiten da etenik gabe: batetik, areagotuz doan autoritarismoa —azken buruan, indar armatuen erabilpena barneko langile-klasearen aurka, AEBetan ikusten ari garen moduan— modu otzanean onar dezaten; eta, bestetik, oligarkien sarraski inperialistan lehenago ala beranduago kanoi-bazka gisan erabiliko dituztela emantzat jo dezaten.

Diktadura burgesaren forma demokratiko liberalaren deuseztapena, estatu poliziala eta militarismoa mendebaldeko estatu autoritario berriaren hiru osagai nagusiak dira, eta horiexek ezartzea da mugimendu faxista berriaren benetako helburua. Bada, lotsarik gabe eta elite oligarkikoekiko morrontza nardagarriz, sozialdemokratek eta askotariko ilajedun liberalek beren kabuz jarri dituzte abian, dagoeneko, joera horiek, eta komunikabide handiek eta enpresa teknologiko handiek bultzatutako masa-ideologia erreakzionarioak atzeraelikatu egiten ditu.

3. Ildo komunista eta taktika antifaxista

Ikusi dugunez, hazten ari den faxismoaren fenomenoa ulertzeko —eta hari aurre egiteko— behar-beharrezkoa da analisian honakoak txertatzea: batetik, bere premisa soziala, hots, erdi-mailako klaseen kultur erreakzioa; eta, bestetik, bere emaitza estrategikoa, hau da, estatu autoritarioa. Halaber, elementu horiek klase-programa jakin baten pean bakarrik hartzen dute batasun-forma, eta horrela azaleratzen da, azkenik, faxismoaren atzean dagoen benetako klase-etsaia: oligarkia atlantista eta mendebaldeko gizartearen oinarri kapitalista. Oligarkia da faxismoa bultzatzen ari den eragilea, ez hainbeste arestian aipatutako mugimendu faxistaren barruko hiru talde handiak —eskuin muturreko hauteskunde-plataformak, antolakunde ideologikoak eta kaleko taldeak— isilean finantzatzen ari delako, baizik eta propaganda-agenda argiki erreakzionarioa daukalako martxan eta, batez ere, emaitza estrategikoaren bultzatzaile nagusia delako: estatu autoritario eta militarista berriarena. Norabide horretan doaz Europako eta AEBetako erakunde oligarkiko handiek erreforma politikorako eta agenda militaristarako dituzten planak.

Hortik ondorioztatzen da faxismoari aurre egitea ez dela oligarkiaren programa politikoaren aurpegi atsegin, zaharkituaren alde egitea; aitzitik, oligarkiari berari, mugimendu faxistari eta bere programaren ardatz ideologiko eta estatalei egin behar zaie aurre: faxismoari, erreakzioari eta estatu autoritarioari. Mendebaldearen gainbehera-egoera inperialean, metaketaren motorra matxuratuta, bi aukera baino ez daude: estatu autoritarioa ala estatu sozialista. Oligarkiak, komunistek bezalaxe, badaki hori; horregatik, aurrea hartzen eta langile-klase osoa bere premisen inguruan artikulatzen saiatzen ari da. Gainerakoan, dela estatu autoritarioa sozialdemokrata eta liberal segidisten bipartidismo hipokritak pixkanaka ezarrita, zein plataforma ultraeskuindar handiek prozesua azkartuta, emaitza berbera izango da azkenean: faxismoaren zigorgabetasuna kaleetan, erreakzio ideologikoaren orokortzea, demokrazia formalaren suntsipena, estatu poliziala eta sarraski inperialista.

Hortaz, egungo egoeran, komunisten ildo politikoak zein izan behar du oligarkiaren ofentsiba politikoaren aurrean?

Ildo politikoa bi zeregin nagusik osatzen dute: batetik, zeregin estrategikoa, "alderdia eta programa" formulan laburbildua; eta, bestetik, zeregin taktikoa, hots, klasea defentsiboki berrosatzea antifaxismo integral eta eguneratu baten banderapean.

Alderdia eta programa: atsekabearen polarizazio iraultzailea

Lehenik eta behin, zeregin estrategikoa dago: alderdi proletarioa eta programa iraultzailea berrosatzea, horiek gabe oligarkiari aurre egitea bideraezina baita. Langile-klasearentzat faltsua da oligarkiaren proposamena, hau da, kapitalismoaren eta autoritarismoaren arazotik ateratzeko kapitalismo gehiago eta autoritarismo gehiago behar direlako ideia. Aitzitik, gaitasun organizatibo handiko alderdi bat behar dugu: masazkoa eta mendebaldeko gizarte guztietan hedatua; eguneratutako programa iraultzailea duena auzi garrantzitsu guztietarako; sozialismoa duena helburu estrategikotzat eta mendebaldeko zibilizazioaren gainbehera gainditzeko modua komunismoa delako ideiaren pean jarduten duena. Alderdiaren eraikuntzari eta iruditeria zibilizatorioari dagokienez, maila supraestataleko alderdi bateratu batez ari gara, gure kasuan Europa-mailakoa, oligarkia finantzario eta teknologiko atlantistaren botere-erakundeei beraien eskalan aurre egiteko gai izango dena.

Alderdia berrosatzeko eginkizun estrategikorako, ezinbestekoa da oinarrian agitazio-taktika eraginkor bat gauzatzea, atsekabe soziala kode iraultzailean polarizatzeko gai izango dena. Agitazio horrek bi norabidetan jardun behar du. Alde batetik, ordena kapitalistaren eta oligarkiaren aurka jo behar du. Beste era batera esanda, egungo ordenarekiko atsekabe soziala estatuaren eta kapitalaren aurka polarizatzeko gai izan behar du, oligarkiaren eta faxismoaren lamia-kantuei entzungor, zeinek atsekabe hori estatu gehiago eta kapital gehiago eskatzera lerratu nahi duten. MSk eta gainontzeko destakamendu komunistek abangoardia-lana egin behar dute auzi garrantzitsu guztietan kalea Kapitalaren aurkako mundu-ikuskera proletariorantz polarizatzeko eta, horrela, erreakzioaren eta faxismoaren alternatiba faltsuari hazten ez uzteko.

Bestalde, Parlamentuko alderdien eta, bereziki, ezker erreformistaren konplizitatearen aurkako agitazio eraginkorra egin behar dugu. Alderdi horiek eskubide politikoak murrizteko hainbat lege-erreforma ezarri dituzte, talde faxistak kaleetan orokortzea ahalbidetu dute, indar polizialen boterea areagotu dute eta gobernu-postuetatik atlantismoa eta militarismoa indartu dituzte. Oro har, alderdi horiek langile-klasearen giro politikoan irrazionaltasuna ezarri dute premisatzat beren aparatu ideologiko handiekin, eztabaida arrazionalerako aukera guztiak desegin dituzte eta burgesiaren komisario gisan jardun dute hautu iraultzailearen aurka. Faxismoak azken burura eramateko funtzioa duen programa autoritarioa estatutik ezartzen ari dira, eta gupidarik gabe oldartzen dira artikulazio iraultzailerako aukera ororen aurka; hots, faxismoari aurre egiteko zinezko berme bakarra denaren aurka. Alderdi horiek arazoaren parte dira: erdi-mailako klaseen erreakzioa normalizatzen dute forma irrazional, nazionalista, akonplejatuki arrazista eta klasistan, eta, bien bitartean, faxismoa muturreko fenomeno gisan soilik seinalatzen dute. Munduko edozein lekutan gertatzen den genozidio koloniala toleratu eta beste aldera begiratzeko arazorik ez daukaten alderdiak dira; alabaina, asaldatu egiten dira, Palestinaren egungo egoeran kasu, genozidioa hain denean zakarra, hain denean agerikoa, non kolonialismoaren eta sozialdemokrazia inperialistaren arteko joskura instituzionalak, diplomatikoak eta enpresarialak azaleratzen dituen.

Laburbilduz, atsekabea oligarkien eta kapitalismoaren aurka polarizatzeko agitazio-taktika eraginkorra behar dugu; halaber, eraginkorra izango dena horien lekaioak eta komisario politikoak seinalatzeko, daramaten mozorroa daramatela; finean, oligarkiaren aurkako agitazioa ez ezik, Kapitalaren bloke historiko osoaren aurkakoa ere izan dadin. Agitazio horren arrakasta da bloke historiko iraultzailearen berrosatze ideologiko eta politikorako sine qua non baldintza.

Taktika antifaxista

Bigarren zeregin handia —alegia, zentzu hertsian ildo antifaxista— gaur egun erabat desartikulatuta eta atomizatuta dagoen mendebaldeko proletariotzaren defentsa-posizioak berrosatzea da; hain zuzen ere, oligarkiaren programaren hiru ardatzetako bakoitzari balazta jarri ahal izateko. Horretarako, MSk bi azpieginkizun ditu, defentsa-taktika antifaxista osatzen dutenak.

Lehenik eta behin, bistakoa da antifaxismoa gaur egun atomizatua, noraeztua eta hein handian desartikulatua dagoela mendebaldean, eta faxismoa dela belaunaldi gazteen artean modan dagoena. Ildo horretan, komunistok antifaxismo berriaren zutabe nagusia izan behar dugu: erreakzioaren eta faxismoaren aurkako borrokak bildu, antolakuntza komunista erreferente antifaxista nagusi bihurtu eta, horrez gain, antifaxismoa masa-joera izatea lortu behar dugu. Ohiko aldarrikapenaz harago —"faxismoarekin ez da eztabaidatu behar, aurre egin behar zaio"—, defendatuko dugu ezinezkoa dela faxismoari aurre egitea aldi berean erreakzioarekin eztabaidatu eta hari maila ideologikoan gain hartu gabe.

Beraz, alde batetik, MSk diskurtsoa garatu behar du ikuspuntu erreakzionarioa osatzen duten gai guztietan, eta ziurtatu behar du erreakzioaren aurkako propaganda eta agitazio eraginkorrak egiten dituela. Komunistok langile-klasearen barruko erreakzioari aurre egin behar diogu eta hesi ideologikoak eraikitzeko eginkizuna geure egin, baita ezker tradizionalaren oinarrien barruan ere, horiek jarrera erreakzionarioetarantz jotzen hasiak baitira; eta hori gerra kulturalaren eta borroka ideologikoaren bidez bakarrik egin daiteke. Horrez gain, eta beharrezko osagarri gisa, komunistok faxismoari berari, erreakzioaren adierazpen erradikalenari, kale-mailan aurre egiteko betebeharra dugu. Faxismoari ezin zaio utzi normaltasunik eta garatzeko inpunitate-espaziorik eskuratzen. Abangoardiako borroka egin behar dugu maila ideologikoan eta kalean. Eraginkortasuna eta konpromiso antifaxista erakutsi behar ditugu, erreakzioari eta faxismoari aurre egiteko eta MS nazioarteko erreferente antifaxista bilakatzeko.

Bigarrenik, komunistok estatuaren erreforma autoritarioaren aurkako klase-fronte defentsibo handi baten artikulazioa bultzatu eta bertan parte hartu behar dugu, langile-klaseko erakunde independente guztiekin batera: gizarte-mugimenduak, klase-antolakunde eta destakamenduak eta klase-sindikatuak. Fronte defentsibo horrek alderdi parlamentarioekiko independentea izan behar du, eta eraginkorra izan behar du Kapitalaren bloke osoak ezartzen duen estatu-autoritarismoaren aurka. Horrez gain, masa-dimentsioa hartu behar du eta eskubide politikoen murrizketari, estatu polizialari, errepresioari eta militarismoari aurre egiteko adinako eraginkortasuna lortu behar du. Antifaxismoa ez da bete-betekoa izango, ez bada gai klase osoa estatuen joera autoritarioa geldiarazteari begira antolatzeko; izan ere, joera hori azken burura eramatea da programa faxista ororen helmuga. Horrenbestez, maila defentsiboan, estatu-autoritarismoaren aurkako masa-frontea da antifaxismoaren adierazle organizatibo behinena, ezkerreko alderdi handien lamia-kantu frontepopulisten aurka. Izan ere, alderdi horiek faxismoaren arazoa haren mugimendu-alderdi formara mugatu nahi dute, ezkerreko alderdien oinarrietan euretan hedatuz doan erreakzioari jaramonik egin gabe. Bien bitartean, ezkerreko alderdi horiek ari dira oligarkien programa autoritarioa modu inkontzientean edo apainduan ezartzen.

Baliteke etorkizuneko koiuntura jakinetan ezkerreko indar burges horiekin aliantza taktikoak egitea beharrezkoa izatea gobernu faxistei aurre egiteko. Dena den, konpromiso partzial horiek estatu burgesarekiko langileen independentzia politiko eta organizatibo erreala izan behar dute, aurretiaz eta nahitaez, oinarritzat; alegia, bloke artikulatu propio bat. Horrexegatik da lehentasunezkoa MSren ildo antifaxistarentzat lehenbizi fronte proletario bat eratzea eta faxismoaren gorakadaren atzean ezkutatzen den arazoa argi eta garbi kokatzea: oligarkia atlantista kriminala eta bere estatu-programa autoritarioa.

Laburbilduz, bloke historiko iraultzailearen artikulazio-sekuentzia honakoa da: lehen planoan, erreakzioaren eta faxismoaren aurkako abangoardia antifaxista integrala izango den antolakunde komunista eraikitzea —bere mugimendu-forman (MS)—; aldi berean, talde eta antolakundeen arteko aliantza zabal baten bidez klasea defentsiboki artikulatzeko gai izango dena eta proletariotzaren hautu politikoak defendatzeko eraginkortasun taktikoa lortuko duena. Eta zeregin estrategiko orokorra: antolakunde komunista eraikitzea —bere mugimendu-forman (MS)— klasea ofentsiboki berrosatzeko mugimendu potentzial gisan, Europa-mailako alderdi eta programa iraultzaile bihurtuko dena.

EZ DAGO IRUZKINIK