AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Beti gelditzen da idatzi gabeko zerbait. Zentzugabea litzateke, gainera, heltzen dugun gai bakoitza artikulu soil batean perfektuki jasotzen saiatzea: beti dago konprenitu ez dugun, garatu ez dugun edo testuan kabitu ez zaigun argudioren bat. Hala ere, batzuetan, ulermena bera zailtzen duten absentziak dauzkagu. Esango nuke aurreko alean findu gabe geratu zitzaizkidala puntu dezente. Askok aipatutakoarekin aski izango duten arren, bigarren honetan, aztertzen saiatuko naiz zein den agentzia feministaren auziak jokatzen duen papera subjektu feminista gisa asteriskodun emakumearen hautaketan.

Edozein koloretako feministon ahotan dagoen baieztapen bati erreparatuko diot horretarako. Borrokara bultzatzen gaituzten arrazoiak arrazoi, edonork bere egiten duen aldarrikapena da honako hau: “bakarrik ezin dugu, elkarrekin bai”.

Honezkero adierazpen honen arazoa non dagoen galdetuko zenieten zuen buruei. Erantzun horrek zentzua du, baldin eta batasunaren kontzeptu proletarioa badugu, noski: edozein kontzepturen baliagarritasuna neurtzeko funtsezkoa zaigu auzitan dagoen hori sakonki ezagutzea. Kasu honetan ere, beharrezkoa zaigu auzitan dugun aldarrikapen honek daukan esanahi estetikotik haratago begiratzea.

Emakumeoi beharrezkoa zaigun batasunak bi adiera (kontrajarri) eduki ditzake. Kazeta honetan askotan hitz egin da batasunaren printzipioak langile estrategia batean bete behar duen funtzioaz. Ikuspuntu honetan, Euskal Herrian nagusi den feminismoak erabiltzen duen adieran jarriko dugu arreta: “bakarrik ezin dugu, elkarrekin bai” eta segidan, “niri ez didazu feminismoa zer den esango” dioen joera horretan.

Norbanako orok munduari begiratzeko era propioa duela eta ondorioz feminismoa ulertzeko bakoitzak bere modu pertsonala duela defendatzen dute. Eta egia da. Baina horrek ez ditu gutako bakoitzak eduki ditzakeen iritzi guztiak zilegiztatzen. Indibidualismoa saritzen duen gizarte batean bizita, langileok testuinguru horretan sortzen den borondate oro besoak zabalik jaso behar dugula baieztatzea feminismo proletarioaren hondamendia da.

Noiz konturatuko gara pertsona adina feminismoaren printzipioen ulerkera onargarri daudela aldarrikatzean, pertsona guztien nahimen burgesei leku egiten ahalegintzen garela? Noiz  ohartuko gara emakumeoi sozialki eraiki zaizkigun bulkadak arrotzak zaizkigula, eta jokamolde horien defentsa egitean, interes burgesak babesten ditugula?

Barnean daramatzagu, gure sentitzen ditugu, baina ez dira gureak. Burgesiak iltzatu dizkigu, eta langileoi gure baitan dauden joera guzti horiei aurre egitea dagokigu, gure baitatik ateratzea.

Bizitzen gaineko agintea eskuratzeko premiak feminista ugari gaitasun hori dagoeneko eskuratua daukagula pentsatzera eramaten ditu. Nahasmendu horrek bultzatuta, zapaldu oro agentzia borrokalaria duen subjektua dela baieztatzen tematzen dira. Eta barkatuko didazue, baina, Behobiako errepideetan “15€ completo” kobratzen dituen prostituta batek bere biziaren agentzia duela baieztatzea fribolitate bat iruditzen zait. Emakume horrek bere izatearen gaineko kontrola eduki behar luke, bai; baina, ez dauka. Agente bat da bizirik dagoen momentutik, baina, prostituta horrek ez dauka, guk ez daukagun bezalaxe, bere agentzia osoaren gainean erabakitzeko gaitasunik. Agentzia totala eskuratzeko aukera existitzen da, jakina, bestela ez litzateke iraultza antolatzeko inolako posibilitaterik izango. Baina, ez gizarte burgesaren baitan integratua dagoen agentzia edukitzeak ezta agentzia horren nolakotasunaz kontziente izate hutsak ere ez du bermatzen agentzia hori emakume langileon interesen alde erabiltzen denik.

Niri ez didazu feminismoa zer den esango” aldarrikapenak asko dauka aipatu berri dugun agentziaren auzitik. Esaldi honek, gutxienez, hiru premisa dauzka: “nik oso ongi ezagutzen dut mundua”, “nik oso ongi dakit zer den egin beharrekoa” eta “niri utzi bakean, ongi nago eta nahi dudana egiten”. Hau da: zapalduon ustezko politizazio pean, haien diziplina eza gordetzen saiatzen dira.

Behin egoera honetara iritsita, guzti hau “bakarrik ezin dugu, elkarrekin bai” aldarrikapenarekin uztartzen saiatzean, sortzen den arazoa (edo interes talka) azalarazten saiatuko gara. Lehen baieztapen hau egitean, zera esan nahi dugu: orain arteko bakardade hotzean eduki dugun ezintasunari aurre egiteko modu bakarra zapalduon indarra batzea dela. Kontziente gara indibiduo gisa ez garela gai dauzkagun behar guztiei erantzuteko, taldea behar dugula aurrera egiteko. Ostera, sozialki dauden premien eta gure nahimen pertsonalen artean, bigarrenak lehenesten ditugunean sortzen da arazoa: “kitzikatzen gaituena” lortzeko bakarrik ahalegintzeko prest gaudenean.

Gezurretan ari gara jarrera hau mantentzen dugunean; gure ohiko agentziak onestea zintzotasun falta bat besterik ez da. Frustrazio jarraitu batean, gure ilusioaren lorpena horren gertu ikusteak itsutu egiten gaitu. Baina, kontuz islatze hutsak diren oasiekin, inoiz ez digute errealitatea bera adierazten eta.

Elkarren beharra dugula diogunean, elkar-ekintza behar dugula diogu: agentzia gidatzeko egitasmo bat. Batasunaren antolaketak jardunaren bateraketa dakar. Eta honek, ezinbestean, inplikazio politikoak galdatzen dizkigu gutako bakoitzari: bulkadei abstenitzeko zein bide-orri batera konprometitzeko gaitasunak, kasu. Programa bateratu bat sortzea ez da zapalkuntzen mailaketa bat, ez zilegitasun ukapen bat ere. Helburua ez da, feminista bikainena izateko zein puntu bete behar ditugun elkarri inposatzen hastea, ezpada gure agentziak langileon interesen alde lerratzea ahalbidetzen digun estrategia bat eratzea. Adibidez: hamar emakumek adaburuan dauden lau fruituak eskuratu nahi badituzte, baina, gaztainondoaren dimentsioa dela eta, alferrikako saiakeran ari badira, ez dute estrategia baten bidez haien jarduna ordenatzea eta fruituak elkar-banatzea beste aukerarik izango.

Agentziaren auzia perspektiba proletario batean kokatzean dago koska, hortaz: alferrikako saltoak ematea eta enbor desegokietan gora egitea ekiditeko moduan, hain zuzen. Argi eduki behar dugu emakume langileoi “nik agentzia duzula aitortzen dut” edo “emakume langile ororen agentzia errespetatzen dut” bezalako jarrerak sustatzeak eskaintzen digun batasun bakarra estetikoa dela, eta askatasunaren alde gaudenontzat hutsala dela korronte hori.

Feminismo mainstreamak betebeharrik eskatzen ez dion “estrategia” bat behar du; asteriskodun emakumeak bezalaxe, agentzia arautzen ez dion “batasun” bat. Emakume langileok, aldiz, gure agentzien batasunaren norabidearen jabe egiten digun estrategia bat behar dugu. Ez dezagun, beraz, errespetua gure kontzientzia zein agentzia burgesa justifikatzeko erabili. Ez dezagun, era berean, feminismoa agentzia indibidualisten festa gisa ikusi, baizik eta langile guztiak batuz, emakume langileon agentzia iraultzailea egikaritzen duen jardun gisa.