2019/06/28
Feministak gara, eta sozialistak ere bai. Baina ez kolore morea eta gorria gustuko dituenak bezala, ezta txokolate eta banillazko izozkia gustoko duenak bezala ere.
Norberak
bere burua "ni feminista, ekologista, sozialista, euskalduna eta
internazionalista naiz" bezala
aurkeztea arau bilakatu den honetan, posizio politikoa collage bat balitz
bezala aditzera ohitu gara: piska bat hemendik, beste piska bat hortik, handik
ere piska bat jarriko diogu... Eta hala, mundua ulertzeko zein bertan jarduteko
daukagun era Do It Yourself sorkuntza jolas soil batera mugatzen da.
Ingurukoengan ikusten dugu, epika feminista burgesak erraz bete duela marxismoaren endekapenak zein Euskal Herriko ziklo politikoaren amaierak ekarritako erreferentzia falta: borrokatzeko gogoa pizteko, zergati zein helburu bat finkatzeko eta kolektibo bat sortzeko gaitasuna eduki du. Intersekzionalitatea jaun eta jabe da alor honetan, eta oraindik, hau zer den inork oso argi adierazi ez duenez, feminismo burgesaren optikan kokatutako interpretazio pertsonala bilakatu da errealitateari begiratzeko puntako metodologia. Honek horrenbesteko ahalmena egozten dio irudimenari, ezen aurkako proposamenak sintonian aditzen dira. Ilusioa baino konfusioa hedatzen du feminismoaren ulerkera burgesak, eta esan beharrik ez dago, zeharo era negatiboan eragiten duela nahas-mahasa honek langileongan: ez bakarrik iraultzaren antolaketa zapuzten duelako, baita gure egunerokoa okertzen duelako ere. Gaurkoan, feminismoaren alor honek optika burgesean korapilatzen dituen nahimen iraultzaileetan jarri nahiko nuke arreta, edo hobe esanda, militantziak langileontzat daukan potentzialitatea indargabetzeko duen gaitasunean.
Sozialistak
gara kapitalarekiko bizi-menpekotasuna daukagulako, eta kapitalismoan
gailentzen den aginte modalitatea botere burgesa denez, gure bizien gaineko
agintea eskuratu ahal izateko, indarrean den errealitate horri kontrajartzen
zaion langile boterea eratzea beste aukerarik ez dugulako. Langileok
dependetzia bitala daukagu kapital harremanekiko, eta hau, bizitzako edozein
aspektu harreman kapitalisten bidez asetzera behartuak ikusten garenean
egiaztatu dezakegu: etxebizitza edo elikaduratik hasi, hezkuntza edo
osasungintzatik pasa, eta kultura edo lagunarteraino. Militante guztiok
ahobakarrez onartuko genuke menpeko gaituen errealitatetik askatzeko berau
kontrolatzen duen indarrari aurre egin behar diogula. Baina, sozialistak gara,
errealitateak berak hala adierazita, problematika zehatz ororen eragilea, eta
ondorioz, aurre egin beharreko indarra, dominazio sistemaren erroan bertan
kokatzen dugulako. Sistema
hori historikotzat definitzen dugulako eta etorkizunerako aukerak sistema honen
barne kontraesanetan identifikatzen ditugulako. Hortaz,
sozialistak gara zapalkuntzen edozein adierazpen burgesiaren aurkako gudan borrokatzen
dugulako eta guda hori, sozialismoaren eraikuntzaren gako estrategikoen baitan
burutzen dugulako. Finean, ilusio eta desiren aurrean aukera errealen araberako
antolakuntza eraginkorraren aldeko apustua egiten dugulako.
Feministak
gara emakume langileok jasaten dugun genero problematikarekin amaitu nahi
dugulako. Langile mugimenduaren historian emakumeon eta jazartutako
sexualitateon bizi-baldintzen aldeko borroka konstante bat izan bada ere, begi
bistakoa da auzi honek ez duela behar den bezalako pisurik izan. Horren
adierazle da, langile feminismoaren ibilbidean guretzat ikaragarri baliagarriak
diren irakaspenen artean, erreferentzia zuzen mordoaz gain, hutsune zein hanka-sartze ugari identifika
ditzakegula. Genero problematika gainditzeko egon diren esperientzietatik ikasi
nahi badugu, gabeziak era intuitibo batean identifikatu eta horietatik ondorio
deterministak atera beharrean (adibidez, Europan garatutako esperientzia
sozialisten baitan sexu erasoak indarrean jarraitu dutenez, langile
mugimenduarekiko autonomia daukan mugimendu feminista bat gabe ezingo ditugu
eraso sexistak gainditu), historiari marxismotik begiratu beharko diogu. Hau
da, gabezia eta hanka-sartzen horiek nork, noiz eta non gauzatu dituen ikertu
beharko dugu: esperientzia horiek porrotera zerk eraman zituen ikertuz eta
bertatik ikasiz, askatasunaren antolaketaren aldeko gure jarduna
eraginkortzeko.
Feministak
gara sozialistoi, zapalkuntza guztien gaindipena gauzatu nahi dugunoi, berezkoa
zaigulako genero problematikaren aurkako borroka: harreman sozialisten aldeko
jardunak bere baitan baitaramalako sexu-genero askapenaren aldeko borroka,
alegia. Langile kontzientziaren izaera jakin horri izena jartzen diogulako gara
feministak eta hori era bikoitzean adierazten da gugan. Batetik, metabolismoa
sozialista bilakatzen jarduten garenean, edozein generotako langileon askapena
antolatzen gabiltzanez, emakume langileon zapalkuntzarik gabeko botere guneak
eratzen jarduten garelako. Adibidez: klase elkartasuna ardatz duen militantzia
eredua sustatzean, emakumeok betetzen ditugun funtzio sozial burgesen aurka
egiten dugulako edo soldatarekiko dugun menpekotasuna gutxitzeko etxebizitzak
okupatzen ditugunean, emakume langileok jasaten dugun soldataren debaluazioaren
aurka altxatzen garelako. Bestetik, feministak gara sozialismoaren
eraikuntzaren baitan, jardun feminista zuzen eta zehatza egitea beharrezkoa
deritzogulako. Adibidez: ezarria izan zaigun despolitizazioari buelta emateko
espazio konkretuak edo militantziaren baitako sexu erasoekin amaitzeko
harremanen inguruko hausnarketak sustatuz burutzen saiatzen garena.
Horrenbestean,
baiezta dezakegu ez garela feministak ez ustez emakumeoi berezkoa zaigun
esentzia, instintoa, borondatea, zaletasunak, izakera... azaleratu nahi dugulako;
ez emakume guztion askatasunaren alde gaudelako; ezta emakume langileon azken
interesa harreman sozial kapitalistarekin (eta beraz, burgesiaren interesekin)
bateragarria dela uste dugulako ere. Baieztatu dezakegu ere ez dagoela
"dena aldatzeko feminismorik". Feminismoa, bere horretan, sexuak eta
generoak egungo testuinguruan dauzkaten eragin sozialak jorratzeko jarrera
denez, errealitateari soilik perspektiba horretatik begiratuta, ezinezkoa
delako harreman sozial kapitalistaren funtzionamendua bere konplexutasun osoan
ulertu.
Sexuak
eta generoak dauzkaten eragin sozialei erreparatzeko bi interes kontrajarri
daudenez, feminista izateko bi modu daude. Beraz, feministon zuzentasuna
determinatuko duena ez da feminista izate hutsa izango, baizik eta
hau gauzateko daukagun interesa, hots, gure jardun feministaren aukerak optika
proletario ala optika burges batetik bideratzearen araberakoa izango da gure
jardunaren baliagarritasuna. Hortaz, praktikan egiaztatu dezakegun bezala,
emakume langileon zapalkuntzaren aurkako borroka optika proletarioarekin
harremanean bakarrik bihurtzen da zentzuzkoa, eta ondorioz, gure ikuspuntu
feministak sozialismoaren eraikuntzaren baitan bakarrik dauka
bideragarritasuna. Zehatzago esanda: zapalkuntza zehatzen eta esplotazioaren
arteko harremana ezagutu zein menderakuntza gainditu nahi badugu, beharrezkoa
zaigu kapitalismoaren (osotasunaren) eta genero problematikaren (bere baitan
daukan zapalkuntza forma zehatzaren) harremana azaltzeko kanpo loturak alboratu
eta orden logikoa erdigunean jartzea.
Guzti
honetatik bi ondorio atera ditzakegu. Batetik, feminismoa bi optika
kontrajarritatik landu daitekenez, feministak ez garela komunitate bat, ez
dugula gu bat osatzen. Burgesiak sustatutako desfase metodologikoak,
besteak beste, gu nor garen eta etsaia nor den ulertzea lausotzen du, horrela,
haien burua feminista erradikaltzat dutenak feminista guztiak batzeko deialdiak
luzatzera bultzatzen ditu etsaiak; aitzitik, esperientziak argi adierazten digu
errealitatea bera dela feministon arteko aurkakotasun politikoa sortzen duena.
Bestetik, klase borrokaren bilakaera historikoaren produktu den gaurko harreman
sozial honek emakumeon arteko menderakuntza sortzen duenez, guk ere, feminista
orok bezala, defendatu nahi ditugun klase interesak hautatu behar ditugula.
Defendatu nahi eta interesak hautatu diot, zoritxarrez, hautu
politikoa ez delako gure klase interesen alde era mekanikoan sortzen den
jarrera bat, eta hasieran aipatu gisa, gehiegi direlako feminismo burgesean
korapilatutako emakume langileak.
Euskal Herrian saretzen ari garen ildo sozialistaren baitan antolatutako militanteok genero problematikaren aukako borrokan jarraituko dugu, ez balizko feminismo unibertsaletik, baizik eta langile feminimotik. Emakume langileon zapalkuntza egoera gainditu nahi dugulako behar dugu proiektu politiko sozialista, eta sozialismoa eraikitzeko, hots, garenaren eta izan nahi dugunaren gaineko kontrola eskuratzeko behar dugu sexu eta genero askapena. Errealitatea bera da etsaitasun politiko baten bidez harremanduta langile feminismoa eta feminismo burgesa aurrez aurre jartzen dituena. Gure zeregina da, beraz, langile feminismoaren baitan, emakume langile guztien iniziatiba iraultzailea ordenatzea.