AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Bat-batean gure etxeetatik irten ezinda gaude, basakeria agerikoari zentzua ematen saiatzen: kaleratzeak, heriotzak, polizien jipoiak, apatia. Pantailetatik ari gara sistema kapitalistaren irudi gordin honi begira eta ulertzekoa da, beraz, fikzioaren eta distopiaren antza hartzea gertatzen ari denari, ez sinistu nahi izatea halako egoera etsigarririk. Basakeriaren erdian eta, itxura guztien arabera, berari jarraituko dion krisi ekonomiko berri baten atarian, kosta egiten da imajinatzen nola aterako garen honetatik. Gero eta benetakoagoa da Jamesonek zioen hura: aiseago imajina dezakegula, alegia, munduaren amaiera, kapitalismoaren amaiera baino.

Imajina daitekeenaren muga horiek, bistan da, kapitalismoaren erabateko nagustiasunaren ondorio dira. Dominazio-formarik eraginkorrenetakoa da irudimen politikoa mugatzea: sinestaraztea gizarte kapitalista dela aukera politiko bakarra, perfektua ez izanda ere, imajina daitekeen eta posible den aukera bakarra dela. Hartatik kanpo ez dago beste aukerarik imajinatzerik eta gauzatzerik; beste aukera hoberik ez behintzat. «Errealismo kapitalista» deitu zion Mark Fisherrek, baina, funtsean, kosmobisio burgesa da, kapitalaren hegemonia kultural erabatekoa.

Etengabe erreproduzitzen du ulerkera hori burgesiaren makinaria poltiko eta kultural osoak: hedabideek, masa-kulturako produktuek, zentzu komun dominanteak, guztiek interbenitzen dute proletalgoa egunero, une oro, kosmobisio burges hori izan dadin gure ulerkera bakarra. Eta proletariook, gure interesak ordezkatzen dituen botere propiorik gabe, erabat babesgabe aurkitzen gara, politikoki eta –ondorioz– kulturalki guztiz armagabetuta.

Bistakoa da salbuespen-egoera deitu zaion honek areagotu egin duela proletalgoaren babesgabetasuna. Ez modu berehalakoan soilik –neurri politiko eta ekonomikoen ondorioz–; epe ertain eta luzera igarriko diren aldaketa kulturalen objektu zuzen ere bilakatuta gaude. Ezin gara etxetik irten eta ez daukagu beste zereginik eguna sare sozialetan sartuta igarotzea baino, hedabideek dioten guzti-guztiari adi egotea baino, serieak eta pelikulak bata bestearen atzetik irenstea baino. Datuak ikusi besterik ez dago: bost aldiz igo da Whatsapparen erabilera eta, joan den astean, Espainiako Estatuan, telebistaren historiako audientzia-daturik altuenak –biztaleriaren % 77!– erregistratu ziren. Etxean aspertuta eta kaleetatik, espazio komunetatik, asanbladetatik eta bestelakoetatik aparte, interbentzio kulturalerako dispositibo horien menera gaude erabat, babesik eta interpretaziorako tresna kritikorik gabe. Zentzu horretan, ez da garai txarra zine-industriak eta entretenimendu-plataformek betetzen duten papera aztertzeko, ikusteko zein modutan eragin dezaketen inguratzen gaituen basakeriaren gaineko gure ikuskeran. Hemen, zehazki, krisialdi-garaiko espresio gisa irakur daitezkeen fikzioei, distopiei nahi nieke begiratu azkar bat eman.

«Krisiaren fikzio» dei dakiokeenaren paradigma Christopher Nolanen Zaldun iluna trilogiak osa dezake, nik uste, jakinda, gainera, istorioak kutsu esplizituki politikoagoa hartzen duela 2007ko krisi finantzarioaren osteko bi filmetan, 2008koan eta 2012koan. Trilogian, Gotham hiria kapitalismo modernoko hiriaren alegoria modura aurkezten zaigu: enpresaburu handiek gobernatzen dute, ematen dituzten diru-laguntzen bidez eta politikariekin eta poliziekin duten elkarlanaren bidez. Egoera okertu egiten da hirian, ordea, pobrezia eta krimena areagotzen dira, eta ezegonkortasun sozial horren espresio zuzen gisa agertzen zazkigu istorioko antagonistak: Itzalen Liga eta Joker. Bi-biak dira munduaren krudeltasunaren ondorioak eta «altxamendu» modura erasotzen dute hiria –Itzalen Ligakoek literalki diote Gothamek huts egin duela zibilizazio gisa eta, ondorioz, suntsitu egin behar dela–. Hala ere, porrota besterik ezin dute lortu, jakina, haien gorroto-eraso nahasiek. Batman da hiriaren salbazioa: egunez oligarkiaren interes ekonomikoak eta gauez ordena burgesa zaintzen dituen gizona, Jokerraren eta Itzalen Ligaren gorrotoa –hain ondo identifika dezakeguna– zanpatu eta Gothamen ordena gailenarazten duena. Iazko Joker filmak ere (Todd Phillips, 2019), Batmanen garaiaren aurretik kokatutakoak, antzeko planteamendua dauka: Arthurrek, muturreko pobreziaren eta biolentziaren biktimak, hiru negozio-gizon gazte akabatzen ditu, eta ekintza horrek Gothameko langile-jendearen altxamendu espontaneo bat sortzen baitu hiriko aberatsen aurka. Jakina, altxamendua eta Joker, biak geldiarazten dituzte indar polizialek amaieran.

Bestelako distopia bat planteatzen du Bong Joon-hok zuzendutako Parasite (2019) tragikomediak, distopia «errealago» bat nahi bada, baina krisiaren fikzio gisa irakur daitekeena, halaber. Hego Koreako familia proletario batenak kontatzen ditu, gurasoak eta seme eta alaba bana, zeinek trikimailu abil batzuen bidez familia aberats baten etxean lanean amaitzen baitute. Filma kapitalismo aurreratuaren alegoria nabarmena da: proletarioen lurpeko barrakoia aberatsen mantsioarekin alderatzen da, pobreek duten usain jasangaitzaz hitz egiten dute familia aberatseko kideek. Istorioaren gorabehera nahasien ondorioz eta jasandako etengabeko umiliazioak amorratuta, aita proletarioak familia aberatseko gizona akabatzen du labanaz, jendetza horrorizatu baten aurrean. Kritika progresistak proletalgoaren aldeko istorio gisa irakurri du filma –klase-konponente esplizitua daukalako, segur aski–, baina, nire iritziz, gutxi dauka iraultzailetik: etengabeko esplotazioaren, umiliazioaren eta burlen ondoren, azken ekintza desesperatua baino ez da hilketa, langile-familiaren ongizatea ekarri beharrean, errepresioa eta itzalpea ekartzen diena. Irudi luke filmak zera esan nahi ligukeela: onartezina da sistema hau, bai, baina ez dago proletalgoarentzat salbazio posiblerik, amorrazio desesperatua ez bada.

Lan are berriago eta gertukoagoei begiratu bat eman, eta antzeko adibideak topatuko ditugu. Krisialdi-garaiko fikzioa da El hoyo ere (Gaztelu-Urrutia, 2019), egungo konfinamenduan audientzia ikaragarriak izan dituen filma. Nahiz eta, segur aski, irakurketa iraultzaileago eta optimistagoetarako tartea uzten duen, filmaren amaierak ziurgabetasun moduko bat uzten digu, protagonisten jardunak zerbaitetarako balio izan ote duen jakin gabe. Élite telesaila ere ezin da ulertu krisialdiko espresio gisa ez bada: klase-bereizketa, proletalgoaren aspirazio-desirak, mendekua, heriotza. Krisiaren fikzioak dira aipatutako guztiak eta askoz gehiago daude.

Hala ere, zeren espresio diren baino garrantzitsuagoa da, nik uste, aztertzea zein ikuskera ezartzen duten gugan. Alde horretatik, guztiak bat datoz: krisi sozioekonomiko sakona eta klase-menderakuntza egitate bat dira, zine-industria handiak ere ezin du ukatu, kapitalismoak huts egiten du, baina ez dago salbaziorik proletalgoarentzat, ez bada porrota, amorru desesperatua, aspirazio frustratua, ziurgabetasuna. Aztertutako fikzio horiek sistemaren basakeria jasatera prestatzen gaituzte: zentzu horretan dira interbentzio kulturalerako dispositibo, burgesiaren hegemonia kulturala sendotzen dutelako, politikoki imajina daitekeenaren mugak sistema kapitalistan bertan ipintzen dituztelako. Eta guk, botere politikorik gabe eta gure edukiak –gure fikzioak, gure mundu-ikuskerak– ekoitziko dituen baliabide kulturalik gabe, gure hondamena irensten dugu etengabe.

Begien bistako muga imajinagarri eta posible bakarra krisia dela dirudi, pobretzea, prekaritatea, basakeria. Langile-aristokraziak asumi dezake hori muga posible bakartzat, segurtasun harroputz bezain okerrez, bere bizi-baldintzak gutxi-asko bermatuta ikusten dituen heinean –hara hor klase posizioaren eta interes politikoen arteko harremana, argi–, eta nahiago du bertan gelditu, kolpea ahal den neurrian baretu, ongizate orokorra bermatuko luketen muga posible berrien konkistan abiatu baino. Guk, ordea, distopia geure azaletan sentitzen dugun masa gero eta zabalagook, ezin dugu aukera hori onartu, badakigu basakeria ez dela muga bakarra, egon behar duela beste zerbaitek harago.

Distopiak bereganatu gaituen uneotan, ez da optimismoa behar duguna, ez da itxaropena, ez da Utopia hutsa. Beste zerbait dagokigu sozialistoi. Imajina daitekeenaren mugak erradikalki zabaltzea dagokigu guri. Ekinbide politikoz programa komunistaren beharrezkotasuna frogatzea, kosmobisio komunista hedatzea. Behin eta betiko ezartzea iraultza sozialista ez dela soilik imajinagarria –argi eta garden imajinatzen dugu–, ezta soilik posible ere –konbentzituta gaude hala dela–, baizik eta aukera bakarra dela.