AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

OSPAKIZUN BATZUEN HARIRA: ZABALKUNDEA, TESTUINGURUA, OHITURA

Maiatzaren Lehena, eta Martxoaren Zortzia edozein egutegitan (ez edozein euskal egutegitan, baizik eta edonongo edozein egutegitan) gorriz markatu ohi diren egunak dira, batzuetan Gobernuek, gehienetan militanteek egutegi ofizialez kanpoko “mobilizazio egutegietan”; baina egunerokotasuna nolabait puskatzen duten bi egun dira, jende gehienarentzat Baina zer da egunerokotasunaren apurketa eta nola bizi dute hori herritarrek? Borroka-eguna, oroimen-eguna, mobilizazio masiboa, ospakizuna, zer(tzuk) dira eta nola iritsi dira egungoa izatera?

Gogoratu behar dugu, ohi baino gehiagotan, “hastapenek” eta ekintza fundatzaileek askotan gehiago dutela kasualetik kausaletik baino, edo gerora ematen zaien nolabaiteko imanentzia-izaera gehienetan ondorengoek, hots, gaur egundik, emandako ezaugarri bat dela, gehienetan ez zegoela hastapenetan presente. Halakoek askotan, egungo irakurlearen behatzailearengan nolabaiteko deserosotasuna sortzen dute, normalean “hasieratik bukaerarako” ibilbide-historikoa, aldaketarik (ia) gabea irudikatzen dugulako. Hala ere, ospakizun hauen bilakaeran ere, ikusiko dugun bezala, elementu kasualek paper historiko handia jokatu zuten.

Maiatzaren Lehena

Maiatzaren Lehena izan zen bi jaietan sortu zen lehena, XIX mendeko azken hamarkadan. Honen jatorria 1886an AEBtan, Chicagon, gertatutako Haymarketeko hilketan dugu: 1886ko maiatzaren 1ean hasitako greba batean –ehundaka milaka langilek jarraitu zuten greba- lau langile hil zituen Poliziak, 80.000 langile bildu zituen manifestazio bati tirokatuz. Masakre hori, bertako langileek zortzi ordutako lanegunaren eskaeraren aldeko greba egiten ari zirelarik jazo zen. Engelsek esan zuenez, “1886ko gertakariak, Estatu Batuetako mugimendu sindikala masa mugimenduen historian sartu zenekotzat dut”. Baina eskaera ez zen AEBtara mugatzen; Igor Krivoguzek esaten duen moduan, 1880ko hamarkada, batez ere hamarkada horren bigarren partea, grebetan oso emankorra izan zen, herri gehienetan greba kopurua[1]k zein grebetako manifestazioetako manifestari kopuruak[2], zein sindikatutako langile kopuruak[3], gora egin zuen, batez ere 1888 eta 1889 urteetan, adibidez, Frantziako 1889ko otsaileko manifestazioak oso handiak izan ziren (agian uztaileko Kongresuan hartu ziren erabakiak hartzeko, arrakasta honek eragina izan zuen; adibidez Jules Guesdek “uztaileko biltzarrean, otsaileko manifestazioen internazionalizazio moduan planteatu zen Maiatzaren Lehena izango zen” esan zuen). Urte hauetan 8 orduko lanegunaren aldarrikapena ezagun eta entzutetsu egin zen, nahiz eta litekeenez urte batzuk lehenago agertu[4].

Zortzi orduko lanegunaren aldarrikapena entzutetsu egin zela eta, alderdi sozialista ezberdinek aldarrikapen honetan beste urrats bat aurrera eman behar zela uste izan zuten. Horretara, egun finko batean nazioarteko manifestazio bat egitea pentsatu zuten; eta ez zen egun hoberik Haymarketeko masakrea gogoraraziko zuenik baino, hau da maiatzaren lehenaren eguna. Erabaki hori 1889an hartu izan zen Parisen. Askotan esan izan da II Internazionalaren “goi-bilkura” batean erabaki zutela manifestazio hau egitea[5], baina egia esan, urte horretan, bi goi-bilkura egin ziren, biak Parisen, batean “marxistak” elkartu ziren, eta beste batean “posibilistak”. Zatiketa hau ez zen berehalakoan egin, baizik eta II Internazionalaren sendotze eta finkatze prozesuan izan zen zatiketa bat izan zen: eskola-liburuetan II Internazionala “marxista” bezala definitu ohi izan bada ere, eta egia bada ere Marxek eta Engelsek (azken honek batez ere, Marx 1883an hil baitzen), 1880ko hamarkadan ugaldutako langile alderdi edo alderdi sozialista batzuk tokiko liderren ikuspegien menpe zeuden, Marx eta Engelsen eragina ez zen osoa edo erabatekoa (mende berrian, forma berrien pe polemika hau berpiztu egin zen, Luxemburg eta Bernsteinen arteko polemika gisa). Egoera honek Engels 1889ko udaberrian “posibilisten” kontrako borrokara bultzatu zuen, alderdi sozialistak marxismoaren ildoan jar zitezen. Bi kongresuen aferak garrantzia handia hartu zuen honetan, izan ere, nazioarteko langile mugimenduaren burutzarako borrokan kongresurik handiena biltzeko gai zenak asko izango zuen bere alde. 1889ko ekainaren 11an Laura Marxi bidalitako gutun batean “Europa osoko sozialistak marxistak direla frogatu behar dugu oraingoan”. Hiru egun lehenago, Adolf Sorgeri bidalitako beste gutun batean, “posibilistek Federazio Sozialdemokrata ezin (Britainiar antolakunde bat), Europa osoan ez duten euren alde erakunde bat ere” idatzi zion (nahiz eta egia izan antolakunde batzuk, adibidez, Belgikakoa eta Herbeheretakoa, bi kongresuetara joan izana; Alemaniakoa Alderdi Sozialdemokratako batzuek ere postura hori hartu zuten hasieran, azkenean hala izan ez bazen ere). 

1889ko “biltzar marxista” izan zen Maiatzaren Lehena egun bezala ezarri zuena. Goi-bilkura hori uztailaren 14an hasi zen (Bastilla askatzearen mendeurrenean), eta Europa osoko antolakundeak bildu zituen, handienak zein txikienak, 400 bat ordezkari izan ziren bertan Krivoguzen araabera (377 Dommangeten arabera), Paul Lafargue eta Wilhelm Liebknecht buru[6]. Biltzar Nagusi “marxistan” mintzagai izan ziren orduko gai nagusi guztiek: nazioen arteko guda deitoratzea, armadak deitoratzea eta “herri armatuaren” kontzeptua, baina batez ere “Lanaren inguruko babesa” izan zen gairik garrantzitsuena. Honi dagokionez, hainbat aldarrikapen egin zituzten, adibidez 14 urtetik beherakoen lana debekatzea (eta nerabeen lana murriztea), langileekiko babes-legeak onartzea eta honekiko inspekzioak handitzea, gaueko lana debekatzea, emakumeak “lan arriskutsuetan” jartzea debekatzea, asteko egun bateko atsedenaren derrigortasuna, soldata enpresarien dendetan soilik balio zuten agirietan ordaintzea debekatzea eta diruz ordaintzearen beharrizana ezartzea, eta batez ere, zortzi ordutako laneguna eskatu zuten. Neurri honen aldeko nazioarteko kanpaina bat hastea ere adostu zuten[7], baina horietan azken aldarrikapenak, zortzi orduko lanegunarenak, zuen beste aldarrikapenak biltzeko “funtzio kondentsatzailea”. Egun bakar eta berean nazioarteko manifestazioa egitearen ideia, Igor Krivoguzen arabera, Raymond Lavigne ordezkari bordelesak izan zuen[8], 1889ko uztailaren 20ko lan-saioan hartu zuten erabaki hori. Maiatzaren Lehena ezarri zuten, hain zuzen ere, jada AEBtako sindikatuek Haymarketeko masakrea gogoratzeko manifestazio aldarrikatzaile bat deitu zutelako. Ez ziren kontuan hartu aurreko hamarkadetan proposatutako “langileen jaiak”; hala nola 1832an William Bebow ingeles sozialista utopikoak proposatutakoa, edo 1793an Fabre d’Eglantine jakobinoak proposatu zuen “Sanas Culotteen Eguna”; baina egia esan, ez dakigu zein puntutaraino zirauten egun edo proposamen horiek 1889an bildu ziren sozialisten oroimenean[9]. Ez zituzten ezta erlijio ezberdinen santutegietan zeuden “Lanaren Santuen egunak” kontutan hartu. Azpimaratu beharra dugu, manifestazio hori planteatu zenean, propio eman zitzaiola jarrera aldarrikatzailea, ez jaiezkoa, hura geroago etorri zen[10]. Eric Hobsbawmen arabera, manifestazioak “herrialde bakoitzean ahal den bezala, bertakoek erabakitzen duten arabera” egin behar zirela erabaki zuten, izan ere, alderdi asko legez kanpo edo legez kanpo geratzeko mehatxatuta baitzeuden (adibidez, Alemaniakoa). Horregatik, toki batzuetan manifestazio oso oldarkorrak ezin egitea aurreikusi zuten.

Hala ere, kontuan izan beharra dago, manifestazio hori deitu zutenean, ez zutela urteroko manifestazioa bihurtzeko asmorik. Ez zekiten kanpainak nola eboluzionatuko zuen. Malgu aritzearren, datarekin ere malgutasunez aritu ziren: 1890ko maiatzaren 1a osteguna izango zenez, eta ospatzeko lana utzi egin behar izango zenez (praktikoki greba izan beharko zenez), aukera zabalik utzi zuten nahi zutenek manifestazio hori maiatzaren 4an, igandez egin zezaten (ziurrenik erabaki hori Alemaniako Alderdi Sozialdemokratarengan prentsatuz hartu zuten, oraindik Bismarcken “Lege Antisozialista” indarrean zegoen-eta). Adibidez, britainiar langileek igandearen 4ra aldatu zuten, “legearen barruko aldarrikapena” egin zedin, han Zortzi Orduen Ligak manifestazioa antolatzean paper handia jokatu baitzuen[11]. Alemanian ere, esan bezala igandera pasa zuten eguna. Beste herri batzuetan, adibidez Frantzian, Austria-Hungarian edo herri eskandinaviarretan, maiatzaren 1ean, greba moduan egitea erabaki zuten (Austrian, nahiz eta Gobernuak manifestazioak debekatu, patroi askok langileei greba egiten “utzi” zieten, beste erremediorik izan ez zutelako)[12]. 1891an zatiketa bera gertatu zen: herrialde batzuetan maiatzaren 1ean (ostirala) manifestatu ziren, eta beste batzuetan, maiatzaren 3an[13].

Eric Hobsbawm historiagileak dionaren arabera, garaiko testigantzetan oinarrituz, bilkura hartan onartu zen unean, inork ez zuen uste Maiatzaren Lehena egunero egin behar ote zenik. Jules Guesde frantziar sozialistak esan zuen “hainbeste ebazpenen artean, hauxe beste bat izan zen”. 1890ko Maiatzaren Lehen horretako arrakastak egin zuen manifestazio hau urteroko izatea. Lehenik, 1890ko manifestazio arrakastatsuen ostean, Europako alderdi sozialista gehienek behintzat hurrengo urtean, 1891an, manifestazioa errepikatzeko erabakia hartu zuten; bitxikeria bezala, erabaki hau hartzen lehena PSOEk Bilbon eginiko biltzar bat izan zen. Hala ere, oraindik erabaki horiek ez zuten urteroko manifestazio batzuez hitz egiten, soilik 1891an errepikatzeaz baizik. Urterokoa, 1891ko abuztuan erabaki zuen II Internazionalak.  1891ko abuztuko II Internazionalaren biltzar horretan –agian biltzar hau jo genezake II Internazionalaren lehen biltzar nagusi bateratutzat, hau da, 1889an gertatu moduko biltzar alternatiborik gabe- erabaki zuten manifestazioa urtero egitea eta “malgutasunik gabe”; maiatzaren 1ean beti egitea. Maurice Dommangeten arabera, manifestazioa urterokoa egitea lehen aldiz Tolosa/Toulouseko langileek izan zutela.

Berez, 1890ko lehen Maiatzaren Lehenean bi faktore gertatu ziren erabaki hau hartzeko: jarraipen masiboa, eta masibotasun honen barruan, manifestazioek “greba” itxura izan zuten joera: maiatzaren 1ak, osteguna izan arren, igandeak baino arrakasta handiagoa izan zuen. Egun horretan manifestazioak, behintzat Europako Mendebaldean oso jendetsuak izan ziren, Londresen 300.000 langile batu ziren, eta Parisen 100.000 inguru (Marsellan 50.000 eta Lyonen 40.000 pertsona bildu ziren, esaterako). Frantzian 138 tokitan izan ziren manifestazioak[14]. Vienan manifestazioa ere oso handia izan zen, eta Engels beraren loreak jaso zituen: “Viena izan zen manifestazioa modurik egokienean ospatu zuena”. 40.000 batu ziren hiri horretan, 50.000 Budapesten eta 30.000 Pragan[15]. Kopenhagenen, hiriko langileen %40ak manifestazioetan parte hartu zuela kalkulatzen da. Kasu batzuekin beste arrazoi batzuekin lotzen zuten: adibidez, Alemanian, nahiz eta maiatzaren 4an izan, 1890ko urtarrilean Alderdi Sozialistaren gaineko ilegalizazioaren anulatzeagatik zegoen ospakizun giroarekin bat egin zuen. Alemanian oro har, manifestazioak maiatzaren 4an egin ziren, ez zen greba moduan deitu. Manifestazioa ez zen soilik Europa Erdialdean egin, Portugalen, Espainian, Italian[16], Errumanian, Polonian, Eskandinavian[17]… Hego Euskal Herrian, maiatz horretan bertan hasi zen meatzeen grebarako prestakizuna izan zen. Euskal Herrian Bilbon maiatzaren 4an, igandez izan zen manifestazioa; nahiko baketsua izan omen zen (Estatu espainiarreko beste puntu batzuetan istiluak izan ziren, Bartzelonan adibidez –Bartzelonan maiatzaren 1ean greba egitea erabaki zuten, ez maiatzaren 4an-); Gobernu Zibilaren ordezkaritzaren egoitzan bukatu zen, Gobernadorek manifestariak hartu zituelarik; eta arratsaldean Zuhaiztietako frontoian beste ekitaldi bat izan. Sozialistek 14.000 langile manifestatu zirela esan zuten, eta britainiar kontsulatuak, 2.000 (zifra apalegia benetakoa izateko). Antza denez, ordura arte Bizkaian inoiz egin zen manfestaziorik handiena izan zen. Meatzariek izan zuten manifestazioaren protagonismoa. Beste euskal herrialdeetan ez zen manifestaziorik izan bilera batzuk eta eskaeren idazketa soilik (ez dut Ipar Euskal Herriaren inguruko informaziorik lortu, gogoan izan behar dugu Frantziar Estatuan maiatzaren 1ean izan zirela manifestazioak (Hego Euskal Herrian 4an izan ziren), beraz baliteke Baionan edo beste hiriren batean egin izana.

Gainera, kontuan izan behar da lehen deialdi hau (eta baita 1891koa) toki askotan Estatu-agintarien zein patroien mehatxuaz deitua izan zela; adibidez, Parisen, nahiz eta langileak modu baketsuan irten, arratsaldean poliziak manifestazioa erasotu zuen. Hala ere, greba honek lorpen batzuk lortu zituen, adibidez Estatu frantsesean. Ez zen berehala zortzi ordutako laneguna lortu, baina bai legeria soziala handitzea eta Parlamentuak “Laneguna murriztearen inguruko ikerketa-komisio bat izendatzea”. 1890ko uztailaren 2an langileei jabeen ekonomatoetan soilik balio zuten agirietan ordaintzea debekatu zuten; eta uztailaren 8an meatzetako lanaren inguruan neurri batzuk hartu zituzten. AEBtan, 1868ko legea, Gobernuari lotutako lanetan zortzi orduko laneguna ezartzen zuena, betearazteko mozio bat aurkeztu zuten.

Lehen komentatu dugu egun hau ez zela ospakizun edo jai bezala planteatu, baizik eta borroka- edo aldarrikapen-egun moduan. Lehen ebazpenetan “Manifestazio” hitza agertzen zen, ez “jai”: Hala ere, hasiera batetik “jai” kontzeptua agertzen hasi zen, lehen aldiz 1891an agertu zen Frantzian, baina gehiago izan zen manifestazioaren aurreko eskuorrietan ebazpen ofizialetan baino; hots, badirudi asmo propagandistiko bat izan zuela kontzeptu honen erabilerak, jendea erakartzeko asmoa[18]. Hala ere, hamarkada batzuk pasatu arte, badirudi ez zela guztiz adostua izan, oso eztabaidatua izan zen sozialisten artean –militante askok Maiatzaren Lehena ez zela ospakizun egun esaten zuten, beste batzuen arabera ospakizuna “garaipena lortu osterako” gorde behar zela esaten zuten-. Egia bada baita “jaia” kontzeptua lehen deialdietan bigarren mailako kontzeptu bat zela “aldarrikapen”, “manifestazio” eta antzekoen ondoan.

1891eko Maiatzaren Lehena ere oso jendetsua izan zen, baina Frantzian, 1890koa izan ez zen bezala, oso gatazkatsua izan zen: atxilotuak, tiroketak, zaurituak eta baita ere masakre bat Fourmies herrian. Urte horretako manifestazioek ere, Europa osoa izan zuten jarraipena, agian aipagarrienak Hamburgen, 100.000 langile atera zirelarik; edo jada aipatu bezala, Londresen izan ziren. Urte honetako abuztuan, Bruselan, II Internazionalak, jada esan bezala, erabaki zuen 1892tik aurrera manifestazioa urterokoa izan behar zela eta beti maiatzaren 1ean egin behar zela, frogatua baitzegoen langileek grebarako asmoa zutela. Batez ere manifestazio handienak eta istilutsuenak izan zituzten Estatuetako sozialistek, frantziarrek eta austriarrek egin zuten erabakiaren alde, ingelesek eta alemaniarrek kontra egin zutelarik (ingelesek ez zuten oraindik alderdi sozialista oso indartsurik eta borroka sindikatu legalisten bidez egiten zuten nagusiki, Alemanian berriki ilegalizazioa bertan behera utzi zuten, eta berriz horra erortzeko beldur ziren sozialista alemaniarrak[19]). 1891an, lehen aldiz manifestazioak izan ziren Brasilen eta Errusian, azken kasu honetan manifestazioak klandestinoak zian ziren eta basoetan bildu ziren langileak. 1892ko udazkenean, 1893ari begira, II Internazionalak tinko eutsi zion erabakiari. 1892ko mobilizazio hori, zein 1893koa oso jendetsuak izan ziren (Parisen pixka bat behera egin bazuen ere)[20]; azken urte honetan, Austrian eta Herbeheretan istiluak izan ziren. Maurice Dommangeten esanean, egun honek gainbehera izan zuen 1894 eta 1904 artean; bai hasierako helburuak lortzen ari zirelako (eta lortu ez zirenak manifestazioen bidez lortu ezin zirenaren sentsazioa gailentzen ari zelako), bai mugimendu sozialistaren barruan nolabaiteko zatiketa izan zelako eta baita ere alderdi sozialista ezberdinak hauteskunde-borrokan sartu zirelako. Badago baita ere –Engelsek esan zuen- psikologia aipatzea: jada ez zen “ospakizun berri bat”. (epe honetan ere, manifestazio handien salbuespen batzuk egon ziren, gehienbat Europako Erdialdetik at: Polonian, Errusian, Portugalen…). Egun honen gorakada batez ere 1905etik aurrera etorri zen; batez ere Frantziako alderdi sozialista ezberdinen batasuna, eta baita ere batasun sindikala (CGTren sorrerarekin) lortzea, batasun proletarioa erdiesteko eta ondorioz egun honek berriz gora egin zezan gako izan ziren. Bestetik, 1905eko iraultzak Errusian ere egun honen goraldi bat ekarri zuen, bai Errusian bertan eta baita Polonia “errusiarrean” -1905ko Vartsoviako Maiatzaren Lehenean tropa tsaristek sarraski bat burutu zuten- edo Europako Ekialdean. 1906ko Maiatzaren Lehenean Clemenceau lehen ministroak Parisera 50.000 eta 60.000 soldadu artean eraman zituen. Urte horretan Frantzian Maiatzaren Lehenak berriz berreskuratu zuen konfrontazio-izaera. 1906an, Hego Amerikan manifestazioek masa-dimentsioa hartu zuten. 1908ko edizio garrantzitsua izan zen Europa ia osoan, baina ez Frantzian, normalean manifestaziorik jendetsuenak biltzen zituen tokian.

Normalki, Maiatzaren Lehenaren goratzea, ziklo politiko gorakorrekin bat etorriko da. Adibidez, guda eta gudaren aurreko urteak, errepresioaz gain nazionalismoaren goratze urteak zirenez, urte horietako Maiatzaren Leheneko manifestazioak beherantz egin zuten, bai hiri handietan biltzen zen jendearekiko eta bai konfrontazio mailarekiko[21]. Lehen Mundu Guda izan zen urteetan, egun honek Europan nabarmen egin zuen behera, sindikatu askok internazionalismoa alde batera utzi baitzuten. Adibidez Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak 1915ean “lana ez uzteko dei egin zien langileei, eta “militanteen arteko topaketetara” mugatzea gomendatu zien. Beste alderdi sozialista batzuek, Frantziakoak adibidez, “zortzi ordutako laneguna aberriaren alde lan eginez eta serenitate politikoa erakutsiz” (hots, konfrontazioa helburu nazionalen alde sakrifikatuz) lortuko zirela eta “lorpen politikoak gudan garaipena erdiesteak bermatuko dituela” esan zuten. Alderdi Sozialista batzuk gudaren kontra ziren eta hala adierazi zuten, Italiakoak adibidez, baina ez zuten mobilizatzeko beta handirik izan, saiatu ziren arren. Bestetik, Maiatzaren Lehena ospatu nahi zuten taldeen egunkari zein aldizkarien kontra Gobernu-zentsura handitu egin zen. Espartakistak 1916an Berlinen atera ziren 10.000 bat pertsona bilduz; poliziak euren arteko batzuk atxilotu zituelarik; izan ere, guda garaietan, Estatu gudukatzaileetan manifestazio hauek normalean ezkerreko disidenteek burutzen zituzten eta erreprimituak izan ohi ziren. Errusian, 1917an, bi iraultzen artean, bai izan zela manifestazio jendetsu bat, proletalgoaren orduko indar politikoaren erakusgarri (urte horretan, Errusiatik at, Austria-Hungarian izan zen masa-manifestazioak eman ziren tokia).

Urriko Iraultzaren ostean, Maiatzaren Lehenak beste goraldi bat izan zuen, ondoko urteetan, Europa osoan ofentsiba politikoaren zantzuak izan baitziren. Momentu horietan izan zen Estatu askok zortzi ordutako laneguna onartu zutena (baina Maiatzaren Leheneko manifestazioengatik baino gehiago izan zen langileriak bota zuen desafio politikoagatik; Alemanian adibidez, nahiz eta egia den aurreko urteetan Maiatzaren Leheneko manifestazioek laneguna murrizteko bidea ireki zuten). Litekeena da garai hau izana manifestazioek “jai” joera erabat hartu zutenekoa: “jaia” Maiatzaren Lehenari lotuta kontzeptu polemiko, bigarren mailako eta eztabaidatu bat izatetik kontzeptu adostu bat izatera pasa zen; izan ere lortutako garaipen baten berritan ospakizun-kira hartu zuten manifestaldiek. Tradizio sindikal handiena zuten herrietan, 1919, 1920 eta 1921ko Maiatzaren Lehenak masiboak baina baketsuak izan ziren (kontuan izan behar da baita, alderdi sozialista batzuk Gobernu burgesetan ere sartu zirela)[22]. 1919-1920 urte hauetan Maiatzaren Lehenak Asiara egin zuen salto, Txinara eta Japoniara[23] (azken honetan borroka latzak izan ziren 1922an). Hurrengo hamarkadako Maiatzaren Lehenak nahiko baketsuak izan ziren[24], Estatu faxistetan izan ezik, non langileria erresistentzia antolatzen saiatu zen. Egoera hau 30. hamarkadan aldatu zen, Fronte Popularraren garaietan, faxismoaren hedapenaren arriskuaren garaietan. Ezkerreko koalizioek masa-mugimendu handiak antolatu zituzten; bi elementu bilbatu baitziren: ezkerreko Gobernua handien ilusioa eta faxismoarekiko kontrakotasuna. Bestetik, Bigarren Mundu Gudaren osteko Askapena osteko Maiatzaren Lehenak (1945koa, 1946koa, 1947koa…) ere handiak izan ziren, orduan ospakizuna –garaipen antifaxista- eta itxaropena –urte horiek izan ziren Europan sozialismoranzko trantsizio bat emango zela, edo “Gobernu herrikoak” ezarriko zirenaren usteak bolo-bolo zebiltzanak-. Ganera, urte horietan kolonia edo kolonia izandako herri askotan ere ospatu zen Maiatzaren Lehena, oso kopuru handiekin, bai Ardatzaren porrota ospatuz zein “laster etorriko zen” independentziarako itxaropena erakutsiz. 1945 ostean esan dezakegu Maiatzaren Lehenak “batez ere europarra” zen jaia izateari utzi ziola. Bestetik, Hego Euskal Herrian, 1947ko Maiatzaern Lehenean, honen jatorrian zegoen zerbait egin zen, greba (bai sozialistek zein anarkistek zein abertzale-katolikoek babestuta). Kasu honetan, diktadura faxista uzkailtzeko itxaropena ere hor zegoen, bi urte aurretik Europako beste herrialdeetan egin bezala.

Nolatan bihurtu zen egun hau hain arrakastatsua hain denbora laburrean? Hobsbawmen arabera, beste gertakizun edo ospakizun batzuekin lotzeak Maiatzaren Lehena laster batean egun oso jendetsua izan zedin lagundu zuen[25]. Europako toki askotan, maiatzeko edo udaberrietako jaiekin bat egin zuen, eta laster, udaberriko ikonografia tradizionala (loreak, zuhaitzak eta abar), Maiatzaren Lehenaren ikonografian sartu ziren. Herri txikietan, edo nekazalguneetan, folkloreari lotuta zeuden halako egunak. Adibidez, britainiar historiagileak esaten duenez, Italian, udaberriko prozesio-jaialdian antza handia izan zuen hasiera batean Maiatzaren Lehenak, batez ere herri txikietan: manifestariak desfilean zihoazen ikur sozialista baten atzean, eta gero herri bazkaria egiten zuten. Nolabait, toki askotan, greba izateaz gain, sindikatuek, alderdiek eta “erakunde ofizialek” eguna erabat jai-izaeraz busti aurretik (komentatu dugunez, I Mundu Guda ostean), jada “jai” kutsu bat izan zuen; agian ez hiri handietan, baina bai herrietan edo hiri txikietan[26]. Halako jaien Maiatzaren Lehenaren hedapenean izan zuten eraginari buruz eztabaida dezakegu; baina garbi dagoena da maiatzaren 1ean ospatzen diren “lanaren egunak” ezdirela nazioarteko egin, tradizio nazionalaren mugak ez dituztela apurtu[27]. Bestetik, batez ere tradizio katolikoko herrialdeetan, edo hauen nekazalguneetan batez ere, Hobsbawmen arabera, jaiak nolabaiteko kutsu erlijiosoa ere hartu zuen nolabait hasierako kristautasun xaloaren aldarrikapen unibertsalekin –“bakea”, “berdintasuna”, “ahaidetasuna”- lotuz[28]. Bazeuden zenbait egun hau “Langile klasearen Bazko-egun” bezala deskribatu zutenik, adibidez Italiako Alderdi Sozialistaren buru Andrea Costak. PSOEren El Socialista egunkariak ere antzeko hizkera zerabilen, adibidez 1902an Lanaren erlijioaren bazko-jaia, Maiatzaren Lehena da” esan zuten. Dimentsio “erlijioso” honek hiri handietako manifestazio “erraldoietan” izan ere, manifestazioen handitasuna edo bikaintasuna bilatzen zen. Hala ere erlijiosoa esateak ez du “elizkoia” esan nahi, izan ere Elizako ordezkariek ez zuten parte hartzen, eta ezta santutegi katolikoan agertzen ziren Honek, egunaren aldarrikapen-izaera urtzeko arriskua bazuen ere, beste alde batetik, afiliatu edo lerrokatu gabeko langileak batzeko meritua izan zuen; hau da, “Langile guztion jai” bezala ikustekoa, ez soilik “alderdi konkretu baten jai” edo “sindikatu konkretu baten jai” bezala; edo ezta ere “gremio konkretu baten jai” bezala, baizik eta langile guztien jai bezala[29] (hau garrantzia handikoa izan zen klase elkartasunerako, langileek euren burua klase bakar baten kide bezala elkar ikusteko, hots elkarren ahaide bezala hartzeko, askotan, batez ere tailer txikietan gertatzen zen patroiekiko ahaidetasuna atzean utziz). Hots, aldi berean langile guztiena (euren arteko bereizketarik gabekoa) eta soilik langileena (beste klaseekin bereiziz) zen jai bat bezala hartzen zuten. Beraz, II Internazionalak hasi zuen kanpaina bat izan zen, baina langile masa zabalek berehala bere egindakoa, hau da, itzelezko kanpaina-arrakasta.

Ez zen hori anarkisten iritzia. Anarkista askok uste zutenez (Haymarketeko langile asko anarkistak ziren), egun hori “ospatzeko” baino, dolurakoa zen –ez soilik 1886ko Haymarketeko masakreagatik, baizik eta baita, Frantzian, 1891ko Fourmiesekoagatik-, eta ahal baldin bazen, greba egunak luzatu eta iraultza antolatzekoa. Izan ere, anarkistek, hasieratik, 1890tik bertatik “Manifestazio baketsuen” kontrakoak ziren, eta greba jarrai eta mugagabe bat planteatu zuten. Lucia Rivas Lararen arabera, anarkistek lehenengo hamarkada horietan sekula ez zioten festa horri “jai” deitu (lehen ikusi dugu sozialistek “jai” kontzeptuarekiko nolabaiteko aurpegibiko jarrera zutena; anarkistek guztiz ukatzen zuten). Beste alde batetik, “Langile erritualizazioaren” aurka zeuden, izpiritua otzantzeko tresna moduan ikusten baitzuten moduan, errutinak jandako jai bezala. Rivas Lararen ustez, honek giza-karakterra itzaldu dezake; eta honen aurrean, anarkistek “Maiatzaren Lehena egunero” proposatzen zuten. Hala ere, kontziente ziren egun honek zuen erakargarritasunaz, eta noizbehinka, greba bortitzera edo matxinadara bideratzen saiatu ziren (Rivasen arabera, greba bortitzik ezin bazuten egin, lanuzte baketsurike re ez egitea proposatzen zuten, “egun hau beste guztien antzekoa delako, ez jaieguna”. Rivas Larak dio 1906an aldatu zutela jarrera hau anarkistek). Adibidez, 1890an Isère eskualdeko Vienne hirian, pisu handia zuten tokian, halako saiakera bat egin zuten, Louise Michel buru zela. Berdin izan zen 1891an Clichyn, zein 1892ko edizioan[30]. Halako saiakerak Frantziatik at ere man ziren, adibdiez Bartzelonan 1891an, non greba mugagabea hasi izan zuten, maiatzaren 12a arte (Gobernuak armada erabili zuen grebaren aurka).

Pixkanaka, beste jatorri politikoetako langileak ere batu ziren jai honetara. Adibidez, “posibilistak”; zeintzuek 1889an Maiatzaren Lehena nazioarteko kanpaina bezala ospatzearen kontra azaldu ziren, hurrengo urteetan batu egin ziren. Sindikatu katolikoak, geroago bildu ziren Maiatzaren Lehenaren jaialdira. 1891an, Leon XIII Aita Santuan Rerum Novarum entziklika famatua argitaratu zuen, sindikatu katolikoak sortzera animatuz. Hala ere, hasiera batean egun honetako manifestazioen kontra egon ziren. Sindikatu katolikoek 1920an euren Nazioarteko Elkartasuna sortu zuten Herbeheretako Haga hirian, hala ere horrek ez zien postura bateraturik ekarri: Frantzian Maiatzaren Lehenaren inguruan aipamenik egiten ez zuten bitartean[31], Italian jaian parte  hartzea erabaki zuten. Euskal Herrian, ELA (orduan katolikoa zena), 1920an batu zen, Beasainen behintzat. Aurrekari gisa, agian, Lucia Rivasek dakarrena da: Bartzelonan 1912an sindikatu katolikoek Maiatzaren Lehena ospatu zuten, baina ez manifexstazioez, zerbitzu erlijiosoez baizik. Beste alde batetik, errepublikano burgesak egun honen garrantziaz baliatu nahi izan zuten, egun horietan mitinak egiteko, baina gehienetan lan-gatazketatik at zeuden gaiei buruzko mitinak ziren (Lucia Rivasen arabera, errepublikano erradikalek 1909tik egiten zituzten urtero mitinak Bartzelonan). Azkenik, “Masa kontrairaultza” boterea lortzeko tresna bezala erabili zuen eskuin mutur berriak –hots, faxismoak-, oposizioan zegoela ez zuen egun honekin bat egin, baina behin Estatu ezberdinetan halako mugimenduek boterea lortu zutenean, egun hau kooptatzen saiatu ziren.

Zortzi ordutako lanegunarenaz gain, beste aldarrikapen batzuk bildu ziren Maiatzaren Lehenaren egunera, batez ere XX mendean, jada lanorduen murrizketa ezberdinak arautzen hasi zirenean, eta bestelako aldarrikapen batzuei tokia egin behar zitzaienean (egia esan, aipatu beharra dago lehen Maiatzaren Lehenetan zortzi orduko lanegunarekin bat, “kapitalismoaren gainditzea” edo “kateen haustea” ere aipatzen zela; gutxieneko eta gehienezko programen elkarjartze gisan). Hauetako bat imanentzia hutsa zen, hots, egunaren jarraipena, langilegriaren propaganda edo kontzeintziaziorako –edo auto-frogarako—behar gisa. Baina eskaera konkretuak ere agertu ziren.Horietako batzuk, adibidez boto-eskubidea (oraindik langileek toki askotan ezin zuten bozkatu, eta beste batzetan, Alemanian eta Britainia Handian kasu, bozkatu ahal bazuten ere, euren bozek ez zuen aberatsenenek adina balio), edo Maiatzaren Lehen ezberdinetan poliziak hildakoen gomuta izan ziren. Errepresioaren kontrako elkartasuna ere agertzen zen, adibidez 1909an Francesc Ferrer pedagogo libertarioren askatasunaren eskaerak toki handia izan zuen manifestazioetan. 1910ko hamarkada hasieran, alderdi sozialista ezberdinek eta sindikatu ezberdinek klase internazionalismoa ustekabean traizionatu aurretik, arrisku inperialistaren eta militarismoaren kontrako leloek ere izan zuten tokia Maiatzaren Lehenean[32] (eta kontrara, Lehen Mundu Guda pizterakoan, alderdi eta sindikatu sozialisten zuzendaritza sozial-inperialistek Maiatzaren Lehena itxuraldatu egin zuten “ordena”, “aberriaren defentsa”, “elkartasun nazionala” eta antzeko sloganak zituzten publikazioak ateraz, Maiatzaren Lehen “zibiko” eta “baketsuak” proposatuz. Gerora, 30 eta 40ko hamarkadetan, faxistek euren erara ere “Maiatzaren Lehen nazionalak” berreskuratu zituzten[33]). Bestetik 1918-1921 urteetan, Errusiako Iraultzarekiko elkartasuna ere ageri zen manifestazioetan, batez ere Errusian esku-hartzen zuten Estatuetako manifestazioetan (gerora, 1930ko hamarkadan, sindikatu komunistek SESBekiko elkartasuna ere eskatzen zuen mehatxu faxistaren aurrean; edo 1937an –bost egun lehenago izandako Gernikako bonbaketaren protagonismo handiarekin[34]- eta 1938an, Espainiako antifaxistekiko elkartasuna adierazten zen). Askatasun demokratikoak murritzagoak ziren tokietan, adibidez mende hasieran Europa Ekialdeko zenbait tokitan, horiek zabaltzearen aldeko oihuak ere entzuten ziren. Bestetik, uneko testuinguru politikoaren inguruko oihuak ere baziren: adibidez 1917ko Errusiako manifestazioan, bi iraultzen arteko testuinguruan, ezkerreko alderdi bakoitzak bere postura politikoa aitzinarazteko erabili zuen manifestazioa.

Ikonografia propioa ere sortu zuen egun honek, egunari berarik lotua zelarik. Adibidez, 1890ko manifestazioan “Zortzi Orduen Abestia” abesten zen, abesti hori Maiatzaren Lehenarekin lotu zelarik. Hala ere, laster abesti propioak agertu ziren, adibidez Frantzian “Maiatzaren Lehenaren Martxa”, Charles Grosek konposatutakoa –zeina ez zen Frantziako abesti bakarra izan- eta lehen aldiz 1890an bertan jotakoa, edo Errusian “Langileen Marsellesa”. Maiatzaren Lehenaren abesti gehienak eta ikonografiaren parterik handiena “etorkizunari” buruzkoa zen, ezin zitekeen beste era batean izan, izan ere, “gogoratzen” zuena ez zen garaipen bat masakre bat baino; beraz, etorkizuna edo itxaropena ziren aipatu beharrekoak; edo lehen aipatutako kutsu “erlijiosora” bueltatuz “erredentzioa” bilatzen zen, erredentzio laikoa, gaitz guztien iturri zen kapitalismoa gainditzerakoan lortuko zena. Honen inguruan, Antonio Labriola italiar marxismoaren fundatzaileak ere ohartarazi zuen, eta Eduard Bernstein alemaniar errebisionistak baita. Kontuan hartu behar dugu baita kartelerian, eguzkia edo ortzadarra bezalako sinboloak askotan agertzen zirela (horrek, itxaropena erakusteaz gain, Maiatzaren Lehenaren urtearen aroarekin ere zerikusia zuela esan behar da). XIX mende bukaeratik jada, bestelako objektu fisikoak produzitu zituen egun honek, intsigniak eta dominak, esaterako. Propio egun honetan sortu ez bazen ere, normalean bandera gorria erabiltzen zen manifestazioen buruan, pertsona batek zeramatzalarik –lehen deialdietan Frantzian izan ziren istiluak askotan poliziak manifestariei bandera gorria kendu nahi izan zielako gertatzen ziren-. Egun honen beste ikur propio bat, krabelin gorria zian zen, lehen aldiz 1900an Italian erabili zena. Frantzian gainera, egunkari proletario ezberdinek zenbaki bereziak ateratzen zituzten egun honetan, askotan kartel ikusgarriekin bat (batzuetan, manifestazioan antolatzeko komisioek aparteko liburuxkak ateratzen zituzten, 1893an izan zen horietako bat atera zen lehen aldia). Bestetik, Maiatzaren Lehena ere elaberrien eszena bilakatu zen, Edmundo de Amicisek idatzi zuen 1890ko Torinoko manifestazioei buruzko elaberri bat, “Maiatzaren Lehena” (nahiz eta ez zuen bukatu eta bera hil ostean publikatu zen).

Martxoaren Zortzia

Martxoaren 8a II Internazionalaren beste Biltzar Nagusi batean “jaio” zen, 1910an. Hau garrantzitsua da azpimarratzea, izan ere, orain arte asko hedatutako bertsio baten arabera, 1908ko greba batean, ustez martxoaren 8an, jabeek fabrikari su eman ostean han itxialdian zeuden hainbat langile hil zituztelako hartu zen egun hori borroka-egun gisa (ikusiko dugun bezala, greba baten osteko hilketa bat gertatu zen, baina beranduagokoa izan zen). Ez zen halakorik izan, bertsio hau geroago eraikia izan zen; izan ere, Maiatzaren Lehenaren kasuarekin antzekotasun handiak ditu Martxoaren Zortziaren egunaren instituzionalizazioak. Kasu honetan ere, AEBtan egiten ari ziren beste kanpaina baten “nazioartekotzea” izan zen, kasu honetan, emakumeentzako bozka internazionala lortzearen aldeko kanpainaz ari gara. AEBtan, 1908ko martxoaren 8an (oraindik data Nazioarteko Egun bezala finkatu gabe zegoenean), New York hirian izan zen emakumeen manifestazio baten ondoren[35], AEBtako Alderdi Sozialistak, 1909an, urtero “Emakumeen Eguna” ospatzea erabaki zuen, otsaileko azken igandean. Hurrengo urtean, 1910an, abuztu-irailean Kopenhagen burututako biltzarrean, II Internazional Sozialistak (zehazki, Internazional horren kide zen Emakume Sozialistek Nazioarteko Konferentziak), hain zuen ere kanpaina hori nazioarteko egiteko, Nazioarteko Emakume Langileen Eguna urtero antolatzea erabaki zuen. Beraz, Maiatzaren Lehenarekin ezberdintasun bat dugu, hangoan Hala ere, kontuan izan behar da 1910ko ebazpen horretan ez zela martxoaren 8a egun finko bezala aipatzen[36], eta are gutxiago aipatutako “fabrikaren erretzea”, gerora hedatu zen narratiba alternatiboaren zentrua izan zena[37]. Hemen dago akta hori irakurgai (aktaren 21. orrialdea, weborroaren arabera, 18. orrialdea, 3. puntua, “Zetkinek, Dunckerrek eta besteek” sinatutakoa). Historiak ez du gezurrik esaten.

Ikusten dugunez, kasu honetan ere, AEBtik etorri zen kanpaina bat nazioarteko egin zen; kasu honetan, emakumeentzako boto-eskubide unibertsalaren aldekoa. Hurrengo urteetan egun honek sona geroz eta handiagoa hartu zuen. Emakumearen boto eskubide internazionalaren aldeko kanpaina, esan bezala aurreko urteetatik dator (Maiatzaren Lehenaren eta zortzi orduko lanegunaren aldarrikapena bezala; aldarrikapena lehendik zetorren eta kanpaina horrek indarra eman zion). Ez da arraroa halako kanpaina batean, lehen urteetan behintzat, Alemaniako Alderdi Sozialista paratu ziana, ez soilik alderdi sozialistarik garrantzitsuena zelako, baizik eta baita orduan, bai ehunekotan zein zenbaki absolutuetan, emakumezko kiderik gehien zituen alderdia zelako: 200.000 emakumezko militante, zenbaki osoaren herena edo laurdena zelarik. Bestetik, emakume sozialistarik ezagunenak biltzen zituen alderdia zen (Errusiako boltxebikeekin –Krupskaia, Kollontai, Armand eta beste- batera): Rosa Luxemburg, Klara Zetkin, Ruth Fischer eta abar[38].

Kanpaina horretan, emakumeen boto unibertsala eskatzen zuten, batez ere emakume langileengan zentratuta. Sufragismoak oraindik urte luzeko historia bat zuen, izan ere, XIX mendean hasi baitzen gorpuzten; noski, Olympe de Gougesen Emakumearen eta Herritarraren Adierazpena, Frantzia Iraultzan idatzitakoa dugu horren lekuko. AEBtan 1848an egin zen emakumeen aldeko lehen konbentzioa, eta 1866an boto-eskubidearen zabalkundean, emakumeak kanpoan geratu ziren, horrek AEBtako emakumeen boto eskubidearen aldeko lehen mugimenduak piztu zituelarik. Britainiar sufragismoa ere XIX mende bukaeran hasi zen, 1903an Emakumeen Batasun Politiko eta Soziala, WSPU, sortu zelarik (hau sufragisten erakunderik indartsuena izan zen, baina aurretik bazeuden beste zenbait erakunde, Britainia Handiko lehenak 1860ko hamarkadan sortu ziren). Alemanian, lehen erakunde sufragistak 1894an sortu ziren; eta 1904an, Nazioarteko Aliantza Feminista sortu zen. Hala ere 1905an, sufragista gehienek, (WSPUk barne) sufragio unibertsala eskatu ordez, “Gizonen adinako eskubidea” eskatzen zuten[39]. Europan sufragio unibertsala onartu zuen lehen herrialdea Finlandia izan zen 1906an[40]. II Internazional Sozialistak, 1907rako jada emakumeen boto unibertsalaren eskubidea bere programan sartu zuen. Sozialisten eta sufragisten arteko harremanak ez ziren batere onak, adibidez, Temma Kaplanek dio 1911an Emakumearen Eguna zela eta Bostonen egin zen manifestazio bateratuan ere, “batera aritu ziren une apurrenetako batean” ere, bloke ezberdinetan joan zirela, lelo ezberdinekin. Choi Chatterjeeren arabera, 1913an, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna lehen aldiz Errusian ospatzekoa zenean, sufragisten eta boltxebikeen elkarren aurkako idatziak ugaldu egin ziren. Bai Rosa Luxemburgek zein Klara Zetkinek sufragismoaren aurka euren argudioak plazaratu zituzten. Argudio horien artean, klase-batasuna zen nagusienetako bat, baina horiez gain, emakume langilea, emakume burgesa ez bezala, “etxetik kanporatua zegoen, lanean zegoen (…) Beraz ezin dugu emakume burgesen kezka berdinak izan, euren aldarrikapenak begi onez ikusten bagenituen ere”. Luxemburg eta Zetkinentzat unibertso material ezberdin bitan bizi ziren emakume langileak eta burgesa: “bata jabea zenez, egoera materialaz aske zen, baina etxearen –senarraren- arauen menpe zen (…) Bestea etxetik aske zen, baina lan-alienazioak zanpatua zen”[41]. Honi jarraituz, “emakume guztien batasun apolitikoa” emakumeen emantzipaziorako hankamotz ikusten zuten. Kontuan izan behar dugu, orduan patroiek maiz lan beragatik gutxiago ordaintzen zietela emakumeei, “etxeko lanak egiten zituztelako, lanean ordu gutxiago ematen zutela” argudiatuz. Alde batetik, emakume sozialisten arabera, kapitalaren eta industriaren jarioak, jada emakumeak lanera bideratu zituen, beraz ez zegoen “berriz etxera” itzultzerik, egoera hori “aldi baterako” moduan hartzerik edo “babes neurririk” aldarrikatzerik (sozialista batzuek ere eskatzen zuten moduan); eskaera horiek atzerakoiak ziren. Hots, jada emakume langileek “Produktu sozialaren formakuntzan” parte hartzen zutenez gero, edozein langile moduan soldata bera eta eskubide politiko berdinak eskatzen zituzten, tartean sufragio eskubidea. Hemen diferentzia handi bat dago sufragistekin, zeintzuk “gizonen adinako boto eskubidea” eskatzen zuten. Ñabardura ez da txikia, herrialde askotan, gizonen artean ere, sufragio zentsitarioa edo klase-ponderaziozko sufragioa baitzegoen[42]; eta aldarrikapen horrek emakumeen bozka ere klaseen arabera zatikatzea esna nahiko zuelako; emakume sozialistek eskari hori ezin atzerakoiago bezala ikusten zuten. Zetkin eta Luxemburgentzat, sufragio unibertsala ez zen “eskubide naturalen” eztabaidaren esparruan kokatzen[43], emakumea politizatzeko esparruan baino, emakumeak lan-munduan geroz eta gehiago txertatzen ari ziren momentu batean emantzipaziorako urrats edo arma moduan[44]. Luxemburg eta Zetkin, sufragioaren auzia klase-batasunarekin bat ulertzearen aldekoak ziren[45].

Nola finkatu zen egun hori martxoaren 8an, hots, nola gertatu zen Martxoaren Zortzia izatera? Egia esan lehen urteetan data ezberdinetan ospatzen zuten: AEBn, aurreko urteetan ospatzen hasi ziren Emakumeen Egunaren tradizioa jarraituz, otsailaren azken igandean; baina Europan ordea, martxoan egitea erabaki zuten, Pariseko Komunaren urteurrenaren egunera hurbiltzea bilatzen zuten hala (Parisko iraultza hartan emakumeek parte-hartze handia izan baitzuten). Europan bertan, 1911an, Eguna “Nazioarteko” gisa ospatu zen lehen aldian, data bateraturik ere ez zuen izan: Alemanian eta Austrian martxoaren 19an ospatu zuten[46], eta Suedian maiatzaren 2an. Urte horretan, batez ere Europa Erdialdean (Alemanian, Austro-Hungariar Inperioan[47], Suitzan, Danimarkan…) ospatu zuten egun hau. Errusian, 1913an egin zen lehen aldiz, Konkordija Samoilovaren ahaleginei esker, batez ere; Petrograden eta Moskun manifestazioak egin ziren egun horretan. Choi Chatterjee egilearen arabera, egun hori Errusiara Alderdi Boltxebikeko emakumeek eraman zuten (1914an, ordea, beste alderdi sozialista batzuk batu ziren. 1917ko Martxoaren Zortziko manifestazioak, hein handi batean alderdien esku-hartzerik gabekoak izan ziren). Chatterjeeren arabera, Konkordija Samoilovaz gain, Praskovija Kudelli eta “bi langile, Alekseieva eta Nikiforova” izan ziren egun hori antolatzearen arduradunak. Samoilova, baita ere, Pravda egunkariko editore zen, eta posizio horretatik egun hau bultzatu zuen. Boltxebikeak 1914ko martxoaren 8an Rabotnitsa (Emakume Langilea) aldizkaria editatzen hasi ziren, baina ekainean, I Mundu Gudaren hasierarekin Gobernuak itxi egin zuen -1917an hasi zen berriz editatzen-[48]. 1914a izan zen lehen aldiz martxoaren 8 batean ospatu zen lehen aldia, eta inoiz baino zabalkunde handiagoa izan zuen, bai Errusian –non poliziaren oztopoez gaindi, Petrograd[49] eta Moskutik at ere manifestazioak egin ziren- eta bai Europan. Hurrengo urteetan, I Mundu Gudaren hastapenarekin, egun hau itzalean geratu zen, guda horrek ekarri zuen nazionalismoarekiko, militarismoarekiko eta Gobernu ezberdinekiko atxikimenduak –alderdi sozialistena barne, gogora dezagun- ez zuen nazioarteko mobilizazio sozialista-feministetarako tarte handirik uzten. Beraz, 1914ko eguna oroimenean geratu zen, eta are 1915an eta 1916an mobilizatzera ausartu ziren emakume apurrentzat inspirazio bat izan zen. Adibidez, badakigu 1915an Frantzian eta Suitzan, eta 1916an Errusian, bietan martxoaren 8etan, zenbait manifestazio egin zirela. Hau izan zen egun horren “kanonizaziorako” lehen urratsa.

Egoera 1917an aldatu zen. Egun horretako martxoaren 8an, Petrograden (otsailaren 23an, orduko errusiar egutegiari jarraiki), milaka emakume protestan atera baitziren. Esan beharra dago une horretan, egun horretan, Errusiako protestariek, eta oro har langile mugimenduek “Emakume Langileen Nazioarteko Egun” gisa hartzen zutela, nahiz oraindik “Ofizialki” martxoaren 8a finkatu gabe egon. Dudarik gabe, 1914ko ospakizunaren arrakastak, eta 1915 eta 1916an atera ziren emakumeen gudaren aurkako mezuak nolabait erreferentzia bat eraiki zuten martxoaren 8ko dataren inguruan[50]. Egun horretan, hamarnaka milaka emakume atera ziren kalera Petrograden, ogia eskatzen zuten, eta tsarraren eta monarkiaren kontrako oihuak botaz. Gainera manifestazio horrek kutsu antiinperialista izan zuen, gudak zekarren gosea, pobrezia eta heriotza salatuz. Protesta horiek hasiera batean espontaneoak izan ziren, alderdi sozialista ezberdinek antolatu gabekoak, nahiz eta egia den goiza pasata, alderdi hauen agitatzaileak –batez ere, emakumezkoak- agertu zirela greba hedatzen lagunduz. Otsaileko Iraultzaren hasiera izan zen[51] -Europako beste toki batzuetan ere izan ziren emakumeen gudaren aurkako ziren protestak, adibidez Torinon, Italian-.

Zalantza dago manifestazio hauek tsarraren uzkailtzean izan zuten garrantziaren inguruan. Orain arte, 1917ko martxoaren 8ko manifestazio hauek ia-ia ezezagunak izan dira, eta emakumeen papera guztiz ilundua. Beste alde batetik, azken urteetan egun hori oroimenerako berreskuratu eta gero, zenbaiten arabera “emakumeen manifestazioek lortu zuten tsarra uzkailtzea”, hots, manifestazio horien ostean egin zuen tsarrak. Txuri ala beltz aurkezten dira gauzak, eta askotan ez bata ez bestea ez da izate. Kontutan izan behar dugu manifestazio horiek martxoaren 8an (otsailaren 23an, Errusiar egutegiaren arabera) hasi zirela, eta iraultzaileek Petrograd ez zutela martxoaren 12 arte (otsailaren 27a) kontrolatzerik lortu. Egun horretarako beste sektore asko bildu ziren manifestaziora: langileak, baserritarrak, eta batez ere militar matxinoak. Tsarraren abdikatzea martxoaren 15ean (martxoaren 2an gertatu zen); beraz ez da berehalako gauza bat. Kontuan izan  beharra dago, egun horretarako, manifestarien leloak aldatu egin zirela, jada nazionalistak zirela eta ez antiinperiailstak, tsarra “alemanei saldutakoa” bezala deitoratzen zutela, ez jada “gudazale” edo “guda-eragile” moduan, hasierako manifestazioko emakumeek egin bezala. Baina egia da beste alde batetik, emakumeak martxoaren 8an kalera atera izango ez balira, litekeena dela tsarraren uzkailtzera eraman zuen elur-bola martxan ez zela hasiko.

Honen ostean, egun hau egutegian gorriz markatzea erabaki zuten, batez ere Urriko Iraultza Sozialistaren aldekoek; izan ere, 1918an, Emakume Langilearen Egunaz gain, Errusian tsarismoaren erorketaren urteurrena ospatzeko aukera izan zen. 1918an baita, Vienan emakumeen gudaren kontrako manifestazioak izan ziren, 1917ko Errusiako manifestazioan antzerakoak, Austriak I Mundu Guda utzi zezan eskatuz (azaroan eskatu zuen armistizioa). 1921ean, III Internazionalaren III Biltzar Nagusian, martxoaren 8a egunero ospatzeko deia egin zen; eta 1922an, izan zen Errusia Sobietarrean jaiegun ofizial moduan ezarri zen lehen aldia[52], jada behin-betiko martxoaren 8a data bezala finkatuz.

Egunen instituzionalizazioa

Beraz, ikusten dugun moduan Martxoaren Zortzia eta Maiatzaren Lehena, bi hamarkadetako diferentziaz sortu izan baziren ere, bien artean badaude antzekotasuna: biak sortu ziren AEBn, biak II Internazionalak egin zituen Nazioarteko eta biak sortu ziren aldarrikapen politiko baten kanpaina batekin lotuta. Ezberdintasun txiki bat ere aipatu dugu, Maiatzaren Lehenaren kasuan, nahiz eta ospatu zen lehenengo aldian herrialde batzuetan igandean ospatu asmoz malgutasun pixka bat onartu, data finko baten erreferentziarekin jaiotako egun batez ari gara –aurretik data horretan gertatutako Haymarketeko masakrea izan baitzen egun hau deitzeko pizgarri-; Martxoaren Zortziaren kasuan, aurretikako gertakizun batekiko omenaldiaren osagairik gabe, urte batzuk pasata eta egunaren beraren eboluzioaren poderioz finkatu zen data hori.  Orain egun hauek “egun ofizial” edo “denentzako egun” bilakatzeko prozesuari so egin behar diogu, izan ere, jakin badakigu zein garrantzia duen egun bat egun ofiziala edo “eguneko ohitura” deitzea, honek ere, jendearen, baita ere jende “arrunt” ez-militantearen oroimena nolabait baldintzatzeko ahalmena baitu.

Hemen, “erritualizazio” arloan, ezberdintasun bat atzematen dugu: Martxoaren Zortzia jaiegun masibo bihurtzearen prozesua batez ere hasieran zabaldu zuten berdinek abiarazi zuten (II Internazionalak sortu zuen eta hortik sortutako SESBek eta Europako Ekialdeko Estatuek izendatu zuten jai ofizial); Maiatzaren Lehena ordea, ikusi dugun moduan, SESBz gain (eta Errusiako Iraultzaren abaroan sortu ziren iraupen txikiko Estatu sozialistez gain, Hungariako Errepublika Sobietarra kasu), beren etsaiek bihurtu zuten jaiegun ofizial. Errusia Sobietarrean jaiegun ofizial gisa ezarri bazen, Europa Mendebaldean, kontrara gertatu zen, ez zuten Gobernu errepublikano-demokratikoek edota sozialdemokratek jaiegun ofizial egin, baizik eta hauen etsaiek. Eric Hobsbawm historiagile ingelesaren arabera, Frantziako parlamentuan 1920an 41 diputatuk egin zuten egun hori jaiegun bilakatzeko proposamena, diputatu guzti horiek eskuinekoak ziren[53]. Hain zuzen ere, jaiegun bihurtuz “egun honi gorroto-kutsua, klase-borrokaren izaera kentzeko eta denen jaiegun bilatzeko” asmoa argudiatu zuten, hots klase batena baino, “Lanarena” edo “ekoizpenarena” izan zedin. Hain zuzen ere, Lehen Mundu Gudaren ostean, zortzi orduko laneguna, ordura arteko aldarrikapen handia, lortuta, ospakizunak inoiz baino gehiago “jai-izaera” hartu zuen –ordura arte, “jaia” ez zen sozialistentzat helburu bat, eta kontzeptuarekiko ere nolabaiteko anbiguotasuna erakusten zuten-, beraz konfrontazio-izaera inoiz baino txikiagoa zen; eta aipatu bezala, Gobernu askotan sozialistak, hots, manifestari ohiak zeuden: adibidez, 1919an Alemaniako Gobernu sozialdemokratak jaiegun bihurtu zuen eta baita ere 1937an Fronte Popularrak, baina urte bakar batetarako soilik, ez urteroko jaiegun bezala[54]. Errumaniako Gobernuak ere jai hau ofizial bihurtu zuen. Gerora, Hitlerrek[55] eta Petainek[56] jaiegun ofizial bilakatu zuten[57]. Ikusten den moduan, faxisten maiatzaren 1eko ospakizunetan “lana” abstraktuan goratzen zen, “langileak” edo “langile klasea” baino. Hala ere, 1945ean, faxismoaren kontrako garaipenaren ostean, antifaxismoaren itxaropenak bultzatuta Maiatzaren Lehenak mundu-mailako dimentsioa izan zuen, eta inon baino gehiago jaiegun bilakatu zen, bai Ekialdeko Europan, eta baita ere Frantzian, 1947an onartuta. Egia esan, forma ezberdinetan bazen ere, guda-arteko epe horretan, egun hau, inoiz baino gehiago “borroka-egun-izaeratik” aldendu “jaiezko-izaerara” hurbildu zen, ia alderdi guztiek bihurketa horretan parte hartu zutela, ospakizunak ezberdinak baziren ere (Lehen Mundu Guda ostean Errusiako Iraultzaren edo zortzi orduko lanegunaren ospakizuna zetorren, Estatu faxistetan eurak boterea iristearen edota “nazioaren berpizkundearen” ospakizuna, antifaxistek Fronte Popularraren osaketen eta gerora Askapena eta honen programa soziala onartzearen ospakizuna…). 1955an Eliza Katolikoak egun hau Joseba Deunaren eguna bihurtu zuen, Lana ohoratzeko eguna, eta gutxira Europar Komunitateak ere jaiegun ofizial izendatu zuen. Hala ere, egun honen jaiegun gisa izendatzea izan zen Hobsbawmen arabera, egun hau urtzeko eta egunari “arantza kentzeko” lehen urratsa. Hala ere, kurioski, jai egin izanak, Maiatzaren Lehenaren hastatzaile bat izan zen Viktor Adlerren esanekin batzen du “jai hau, lanaren atsedenaren lana da, gure etsaientzako beldurgarria dena”.

Martxoaren Zortzia, lehen esan bezala, mugimendu sozialistarekin jaio zen, eta 1917tik aurrera paper hori izan zuen. Nahi eta emakumeen manifestazioek Otsaileko Iraultza (liberal batek txalotu dezakeena) eta ez Urriko Iraultza ekarri, bata bestearen atzetik denbora gutxian etorri izanak, biak prozesu iraultzaile berdinaren parte bezala ikustea ekarri zuen; hori zela eta Otsaileko Iraultzaren eragile izanak, egunaren izaera “zabaldu” bano are gehiago izaera gorria “azpimarratu” egin zuen, Urriko Iraultzaren ostean gailendu zen mugimenduaren “ondare historiko” izatera pasa baitzen. Goian esan bezala, 1922tik aurrera martxoaren 8a behin betiko finkatu zen egutegian. Urte hori izan zen “kolonietako munduan” ospatu zen lehen aldia, Txinan hain zuzen. Hurrengo hamarkadetan, pixkanaka egun hori Europa osoan zabalduz joan bazen ere, gehienetan mugimendu komunista edo sindikalen eskutik egin zuen (Adibidez, Espainiar Estatuan, lehen aldiz trantsizioan ospatu zela uste izan bada ere, egiazki, aurreneko aldiz, behintzat masa-ospakizun gisa, 1936an ospatu zen, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ostean). Bigarren Mundu Guda bukatu arte, praktikoki komunisten eta “hauen ingurukoen” egun bezala hartzen zen. Hala ere, Bigarren Mundu Gudak pixka bat aldatu zuen hori. SESB Mendebaldeko potentzia batzuen aliatu izan zen kausa antifaxistan, eta beraz, mendebaldetik ere keinu batzuk egin zitzaizkion Sobietar Batasunari. Hori dela eta, urte horietan Londresen eta Washingtonen martxoaren 8an ekitaldiak antolatzen hasi ziren, bai AEBtako lehendakariaren zein Britainia Handiko Lehen Ministroaren emazteen presentziarekin. Hala ere, kontuan hartu behar dugu, garai haietan, artean, mendebaldean halakoak ekitaldi “sozial benefikoak” zirela masa-ekitaldiak baino gehiago.

Bigarren Mundu Gudaren ostean, SESBk garaipen antifaxista medio lortu zuen prestigioa zela eta, bere ondarea, jaiak, ikurrak, adierazpen kulturalak eta abar hedatzeko aukera izan zuen, behintzat 1948-49 artean Europan errezela itxi arte. Temma Kaplanek dioenez, momentu horretan, Martxoaren Zortzia bera ere, zirkulu komunistetatik kanpo hedatzen hasi zen (hala ere, herrialde batzuetan zaila izan zen egun horri eustea, adibidez AEBn makartismoaren urteetan egun horretan manifestazioan ateratzea oso gaizki ikusia zegoen). Françoise Picqen zein Temma Kaplanen arabera, 1950eko hamarkadan inguruan hasi zen Martxoaren Zortziaren inguruko mito berria eraikitzean: egun horretan, martxoaren 8 batean greban zeuden langileen erailketa izan omen zen, enpresariek fabrikari su eman ostean[58]. Ez dakigu zergatik hasi zen legenda hori: agian historia komunistaz edo “sobietarraz” libratu nahi zuten eguna (“zabalagoa” egiteko akaso), agian erromantizismo puntu bategatik (Kongresu baten erabakia bezain gauza “errutinarioaz” besteko jatorri bat bilatuz), edo agian baita ere, egun hori autonomia propioz ospatu nahi zutelako[59]. Batean ala bestean, egia izan zen Europan eta AEBn zehar Martxoaren Zortzia giro komunistetatik at ere zabaltzen hasi zela; adibidez, Kaplanen arabera, AEBtan 1967an berraktibatu zen egun hori, kasu honetan ere gudaren aurkako protestek (Vietnamgo gudaren aurkakoek) zerikusia izan zuten. Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna 1975an Nazio Batuen Erakundeak ofizialdu zuen “Emakumeen Nazioarteko Eguna” izenaren pean. Hortik aurrera eta batez ere 1991an Sobietar Batasuna eta gainontzeko Estatu sozialistak desagertu ostean (beraz nazioarteko aktore bezala sozialismoa desagertzearen ondorioz), geroz eta gehiago ahaztu izan da egun honen, egun “adostutako” egun honen, jatorri historikoa. Hala ere, oraindik toki batzuetan gogorarazten dizkiguten gertakariak jazotzen dira: adibidez, Ukrainako parlamentuak –Ukraina Donbassek matxinoekin borrokan ari dela, eta hain zuzen Estatu-ideologia berria antikomunismoa duela, Donbassen ikur gorriak eta izaera sobietarra ugaltzen ari direlarik- Martxoaren Zortzia jaiegun ofizial bezala kentzea eztabaidatzen ari da, egun honek “sobietar nortasunaren” apologia suposa zezakeela argudiatuta.

 

 

 

Bibliografia:

Liburuak:
-Mikel Aizpuru: Eta tiro baltzari.
-Caridad Cano Joaquin: 8 de marzo. Día internacional de la mujer.
-Choi Chatterjee: Celebrating Women: Gender, Festival Culture and Bolshevik Ideology, 1910-1939.
-Maurice Dommanget, Historia del Primero de Mayo.
-Juan Pablo Fusi: Política obrera en el País Vasco, 1880-1923.
-Xabier Irujo: Gernika
-Elena Legorburu: “Fabrika haundie”. Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen historia.
-Igor Mikhailovitx Krivoguz: The Second International 1889-1914: History and Heritage.
-Karl Marx: Kapitala (I liburukia).
-Andrea Panaccione: Un giorno perché. Cent’ anni di storia internazionale del 1° maggio, Roma, 1990.

Artikuluak:
-David Ballester eta Manuel Vicente, “El Primer de Maig a Barcelona. Vuit hores de treball. d’instrucció i de descans”, L’Avenç, 137 zkia., 1990ko maiatza, 12-17 orr.
-Eric Hobsbawm: “El nacimiento de una fiesta: El primero de Mayo”. 1990an, Maiatzaren Lehenaren mendeurrenaren omenez, Londreseko Unibertsitatean emandako hitzaldi-artikulua.
-Temma Kaplan: “On socialist origins of International Women’s Day”, Feminist Studies, 11 lib.-1. zkia., 1985.
-L. Kataxeva: “Natasha, a Bolshevik Woman Organiser. A short biography”.
-Rosa Luxemburg: “Emakumeen bozka-eskubidea eta klase-borroka”.
-Françoise Picq: “Journée internationale del femmes” in Travail, genre et sociétés, 3 zkia., 2000.
-Lucia Rivas Lara, “El Primer de Maig a Catalunya, 1900-1931”, L’Avenç, 1998ko maiatza, 114 zkia., 6-11 orr.
-Lucia Rivas Lara, “Ritualización socialista del 1.° de mayo. ¿Fiesta, huelga, manifestación?”, Historia Contemporánea, Revista del Departamento de Historia Contemporánea de la Universidad del País Vasco, 3 zkia., 1990.
-Klara Zetkin: “Sozialdemokrazia eta emakumearen boto-eskubidea”.
-Klara Zetkin: “Emakume Sozialista Alemaniarren Mugimendua”.
-Klara Zetkin: “Emakume langileekin bat eginik, sozialismoa garaile izango da” (hitzaldia).

Internazionalen biltzarretako aktak:
-II Internazionala: “1891ko Bruselako kongresurako Britainia Handiko eta Irlandako ordezkarien txostena”.
-II Internazionala: “1910ko Biltzarreko Nazioarteko Emakume Langileen Konferentziaren bilkuraren akta”.
-III Internazionala: “1921ko Biltzarrean onartutako Emakumen artean Alderdi Komunistek egin behar duten lan-metodo eta formen inguruko tesiak”.

 

[1] Igor Krivoguzek dioenez, 1888an Britainia Handian 500 greba baino gehiago egin ziren, eta 1889an 1.000 baino gehiago. Frantzian hamarkada osoan 923 greba egin ziren aurreko hamarkadan baino hainbat aldiz gehiago. AEBtan, 1886 eta 1890 artean 6.000 greba baino gehiago egin ziren.

[2] Ingalaterran 1888an 119.000 langile greban eta 1889an 360.000 langile greban. 1889an Austrian izan ziren grebetan 90.000 langile manifestazioan, Alemaniako Ruhr eskualdean 200.000 langile kalean. AEBn inon baino gehiago, 1886 eta 1890 arteko greben milioi bat langile baino gehiago inplikatu baitzituzten.

[3] Krivoguzen arabera, 2 milioi eta erdi Europa osoan hamarkada bukaerarako; horietatik 900.000 Britainia Handian eta 300.000 Alemanian.

[4] Karl Marx berak Kapitalaren lehen liburukian, aipatzen du I Internazionalak eskaera hori egin zuela. AEBtako Langileek Elkarteak ere 1866an eskaera hori egin zuen, Marxek dio “Guda Zibilaren lehen fruitua, zortzi orduko lanegunaren aldeko agitazioa izan zen”. Urte berean, Eskozian eskaera bera egin zuten “duela hamar edo hamabi ordu laneguna zortzi ordukoa zela” gogorarazi zutelarik. 1833ko Fabriketako Lege Ingelesek jada umeentzat laneguna zortzi ordu baino luzeagoa izatea debekatu zuten (langile nagusientzat hamabi orduko laneguna ezartzen zuten). Frantzian, 1848ko iraultzaren ostean hamabi orduko laneguna ezarri zuten. AEBtan 1868an zortzi orduko laneguna ezarri zuten baina soilik lan publikoetan edo Estatuarekin lotutako lanetan (hala ere, Estaturen batean, Illinoisen esaterako, onartu zuten zortzi eguneko lanaldia). Australian eta Zeelanda Berrian, jada ogibide gehienetan eta Estatu gehienetan zortzi orduko laneguna onartua zegoen (lege unibertsal bat ez bazegoen ere, gremiokako lege gehienek jada onartzen zuten). Aurreko mendeetan ere izan ziren laneguna (behintzat sektore batzuetan) mugatzeko iniziatibak. Maurice Dommangeten arabera, Denis Veiras frantsesak, XVII mendekoa, izan zen “zortzi orduz lan, zortzi orduz ikasi eta zortzi orduz atseden” formula lehen aldiz adeirazi zuena.

[5] Adibdiez, lan honetarako kontsultatu dudan David Ballester eta Manuel Vicenteren artikuluak (“El primer de Maig a Barcelona. Vuit hores de treball, d’instrucció i de descans”) akats hau errepikatzen du.

[6] “Posibilisten” biltzarrak 500dik gora ordezkari zituen, baina horietatik 400dik gora, Frantziako eskualde-mailako alderdi txiki batetakoak ziren, Krivoguzen arabera. Dommangetek 600dik gora ordezkariren zifra ematen du, 500dik gora frantziarrak. Guztira 12 herrialdeetako kideak bildu ziren bertan, horietako batzuk, aipatu bezala, marxisten bilkurara ere joan zirelarik. Antolakunde bat ere ez zen soilik kongresu honetara (marxistenera joan gabe) joan. Kongresu honek apenas batu zuen mugimendu sozialistaren pertsona garrantzitsurik; kongresu marxistan, aipatutako Liebknecht eta Lafarguez gain, August Bebel, Klara Zetkin, Georgi Plekhanov, Jules Guesde, Édouard Vaillant, Pablo Iglesias, Édouard Anseele, Adelheid Popp, Viktor Adler eta beste bildu ziren.

[7] Kongresu honek, bilkura internazionala izateaz gain, etorkizunera begirako izaera internazionalista ere izan zuen, sindikatuen nazioarteko federazioak antolatzeko ebazpena onartu baitzuen. Halako federazio bat osatzen lehenak, meatzarien sindikatuak izan ziren.

[8] Marcel Dommangeten arabera, aurreko urteko, 1888ko, Londresko sindikatuen kongresuan, jada Édouard Anseele belgiar ordezkariak maiatzaren 1ean nazioarteko manifestazio bat egitea proposatu zuen. Baina proposamena ez zen orduan onartu.

[9] Benbowren proposamena langile borrokari eta ez “lanari” modu abstraktuan jaiegun bat dedikatzeko lehena da historian. Hala ere, ematen du ez zuela gehiegi definitu bere proposamena: egun bat izan behar zen, edo gehiago izan behar ote ziren,nola ospatu beharra zegoen, eta abar. Ematen du “biltzar” forma eman nahi ziola. Bestetik, Fabre d’Eglantienren 1793ko proposamena “Lanaren Jaia” deitzen zen, eta “lanari” zegoen dedikatua langileei baino. Konbentzio Iraultzaileak bere egin zuen, eta egungo irailaren 19a izan beharko zatekeen, hala ere jakobinoak boteretik erortzeak eta euren egutegi berria atzera botatzeak jai hau ahanzturara bidali zuen. 1848 urtean Frantziako Gobernu berriak Ordaindutako Lanaren Eguna” ezarri zuen kolonietan, baina gehiago zen esklabotzaren abolizioari buruzko jai bat, sindikalismoari buruzkoa baino.

[10] AEBtan bazegoen garai horretan Estatu batzuetan ospatzen zen (geroz eta Estatu gehiagotan) Lanaren Eguna edo Labour Day, zeinak “jai-izaera” zuen. 1882an hasi zen ospatzen, eta XX mende hasieran AEB osoko jai egin zen.

[11] Ingalaterrako langileen eta sindikatuen arabera, Ingalaterrako alderdi sozialista handiena, Federazio Sozialdemokrata, manifestazioaren aurkakoa izan zen. Gogoratu behar dugu erakunde horrek 1889an biltzar “Posibilistan” hartu zuela parte, ez biltzar marxistan.

[12] Alemaniako hiri batzuetan, adibidez Hamburgen, langileek greba moduan ospatu nahi izan zuten baita, egun horretan Kopehageneko langileei bidali zieten mezu bat sentimendu horiek adieraziz.

[13] Ingalaterran eztabaida handia izan zen, baina azkenean, 1891ko maiatzaren 3an 250.000 langile atera ziren kalera. Irlandan ere maiatzaren 3an manifestatu ziren.

[14] Maurice Dommangeten zenbakiak. Andrea Panaccionek 160-200 hiriko zenbakia ematen du.

[15] Austria-Hungarian manifestazioak Inperio osoan izan ziren, Lvivetik hasi eta Ljubljanan bukatuz.

[16] Kasu honetan Milanen polizia gogor oldartu zitzaien manifestariei: armadak oinezko 26 konpainia eta zalditeriako 5 konpainia eraman zituen.

[17] Europatik at, Australian eta AEBn egin ziren halako manifestazioak; eta bestetik zenbait kolonietan, Habanan, Kairon, Aljerren…

[18] Gainera kontuan izan behar da egun hau masakre bat gogorarazteko ezarri zela.

[19] Saiatu ziren, 1892ko azaroan, euren kongresuan, berriz ere, urteroko manifestazioa igandean egiteko aukera zabaltzen; baina II Internazionala tinko mantendu zen. Maurice Dommangeten arabera, XX mende hasieran oraindik ez zen guztiz itxi eztabaida hori alemaniar sozialismoaren barruan.

[20] Honek eramango zuen Pablo Iglesias Maiatzaren Lehena “langileriak inoiz asmatutako armarik boteretsuena” zela esatera.

[21] Hala ere, badaude horren salbuespenak, adibidez, Lucia Rivasen arabera, 1910tik aurrera Bartzelonan gero eta jende gehiago biltzen zen Maiatzaren Lehenean.

[22] Salbuespena izan zen Parisen 1920an, langile hori batzuekin talka fisikoak izan baitziren.

[23] 1918an, Indonesian Maiatzaren Lehena ospatu zuten. Alta, Indonesia orduan Herbeheren kolonia zen, eta hango ospakizunetan bertan bizi ziren herbeheretarrek parte hartu zuten.

[24] Salbuespen bat 1928-1930 arteko Maiatzaren Lehen batzuk izan ziren, sozialisten eta komunisten arteko enfrentamenduak izan zirelarik. Kasu batzuetan sozialistek ardura zuten Gobernuek manifestazio komunistak Gobernutik debekatzen zituzten.

[25] Maurice Dommangetek batera-etortze hau aipatzen du. Bere ustez jai hauek egoteak ez zuen eraginik izan ordezkari sozialisten data aukeratzeko erabakian, baina “ezin da ukatu egun honen hedatzean halako tradizioek, eta udaberriak lagundu zutela”. Hobsbawmen ustez, Australia bezalako tradizio sindikal handi batetan Maiatzaren Lehena ez zen hain arrakastatsua izan, izan ere, maiatzean han negua delako. Sceusa ordezkariak hori esan zuen 1893ko II Internazionalaren bitzarrean –australiarrak ez ziren bakarrak izan, Olsen daniarrak antzeko argudio bat eman zuen 1904an-. Gainera, kontutan izan behar da Australian ogibiderik gehienetan jada zortzi orduko laneguna onartua zegoela.

[26] Jai kutsu hori, noski polemikoa izan zen; militante batzuk ez zuten oso ondo ikusten gehiegizko ludifikazioa.

[27] Australian apirilaren 21ean ateratzen ziren, 1857ko egun horretan Melbournen zortzi ordutako laneguna onartu baitzen. AEBtan, komentatu dugun moduan, “Lanaren Eguna” edo Labour Day ospatzen da irailaren hasierako igande batean, 1882an hasi zen ospatzen. Egun hauek ospakizun kutsua izan dute beti, familian ospatzeko eta abar, agintari politikoak eta klase guztietako pertsonak ere present daudelarik; ez dira konfrontaziozko egunak. 

[28] Torralba Beci idazleare arabera: “Maiatzaren Lehenak jai kristauek baino askoz gehiago lortu du hain herrialde zein arraza anitzetako jendea batzea”.

[29] XIX mende bukaeran oraindik oso garrantzitsuak ziren gremio ezberdinen jaialdiak; hiri asko bazeuden urteko egun ezberdin batean gremio jakin batek (“harakinek”; “zapatariek”; “arotzek”…) euren jaia ospatzen zutena. Identifikazio gremial edo “premoderno” hauen gertuko adibide bat, Euskal Herrikoa, Mikel Aizpuruk ikertutako XX mende hasierako Bermeoko arrantzaleena dugu; 1910ko hamarkada ondo iritsi arte, arrantzale askok ez zuten euren burua “langileria” unibertsal baten parte, ez ziren lurrean lan egiten zutenekin identifikatzen, eta askotan ezta ere “soldatapeko arrantzaleria” oso batekin; gehiago identifikatzen ziren euren txalupako jabearekin (patroiarekin) objektiboki egoera sozial berean zeuden beste arrantzaleekin baino.

[30] Sebastien Faure anarkista historikoa, 1892an, beti maiatzaren 1ean manifestazioa egitearen erabakiaren aurka ere agertu zen, urteroko egun finko bat markatzeak ekintza hau liturgizatu (eta beraz borrokarako grina apaldu) egingo zuelakoan.

[31] Ironikoki, Frantzian sindikatu katolikoak beste sindikatuekin elkartzeko modua, Okupaziopean Vichyko erregimenak antolatutako “maiatzaren lehen patriotikoen” kontrako boikota izan zen (Eliza Katolikoaren hirarkiak ekitaldi hauek babestu zituen). Propioki, frantziar sindikatu katolikoek parte hartu zuten lehen aldia, 1945eko Maiatzaren Lehena izan zen.

[32] 1914 iritsi aurretik guda iritzi publikoan zegoen. Kontuan izan behar da 1912an eta 1913an guda izan zela Balkanetan eta 1912an bertan Italiak Libia kolonizatu zuela. Bitartean Frantziaren eta Alemaniaren artean “Marokoko istiluak” ere egon ziren, eta Alemania eta Britainia Handiaren artean Ekialde Hurbilean, Bagdaderako trenbidea zela eta tentsioak gora egin zuela.

[33] Oso kuriosoa izan zen Frantziako kasua: Okupaziopean Pétainek jai hau “nazional” egin zuen, baina aurreko urteetan, 1939an eta 1940an, sindikatuek Maiatzaren Lehena antifaxismoaren eta Alemania naziaren aurkako babesaren izenean jada “nazionaldu” egin zuten. Egia baldin bada antifaxismoa eta 1914-1918ko edo Okupazioko kolaborazionisten nazionalismoa ez dagoela parekatzerik, egia da baita ere, Pétainek Okupaziopean Maiatzaren Lehena “egun nazional” gisa aurkezteko lana errazago izan zuela.

[34] Xabier Irujok dioenez, 1937ko Pariseko Maiatzaren Lehena ikusi ondoren erabaki zuen Picassok, zeinak jada Pariseko Nazioarteko Erakusketarako Espainiako Errepublikarentzat lan handi bat egiteko enkargua jaso zuen, lan horren gaia Gernika izango zela. 1937an Gernikarekiko elkartasuna ez zen soilik Parisen erakutsi, beste toki batzuetan baita.

[35] Akaso, egun honetan emakumeen manifestazio bat egoteak ekarri zuen gerora “fabrikaren erreketaren” mitozko gertakaria 1908an urtean paratzea. Hala ere, 1908an oraindik martxoaren 8an ez zen artean “Emakume Langilearen Egun” gisa hartzen, eta are gutxiago “Nazioarteko” gisa.

[36] Françoise Picqen arabera, Zetkinek, beste momentu batean, maiatza iradoki zuen egun hori ospatzeko egun bezala.

[37] Fabrika baten erreketa bat gertatu zen data horietan, hain zuzen ere New Yorkeko Traingle Shirtwaist Company fabrikan. Konpainia horretako langile gehienak emakumeak ziren, eta beraz hildako gehienak ere bai –gizonezko batzuk izan baziren ere-. Baina erreketa hori ez zen martxoaren 8 batean gertatu, martxoaren 25 batean bazik, 1911an, hau da II Internazionalak Langile Emakumeen Eguna ospatzea erabaki zuenean, beraz ez zuen erabaki horretan eraginik izan. Beste mistifikazio bat: erreketa hori ez zen greba kontestu batean gertatu, nahiz eta fabrika horrek aurrekin zenbait greba burutu.

[38] Honi gehitu behar zaio August Bebel alderdiburuak 1876an Emakumea eta sozialismoa lana atera izana, emakumearen auzi politikoa programa sozialistan txertatzeko eskatuz. 1892an Alemaniako emakume sozialistek euren prentsa-organu propioa, Gleichheit (“Justizia”) argitaratu zuten.

[39] Temma Kaplanen artikuluak dakar informazio hau.

[40] Finlandia orduan ez zen Estatu independente bat, Errusiaren barruan autonomia zuen.

[41] Beste hitz batzuetan esanda, Zetkinen arabera, sufragistek jabedun ezberdinen artean “legezko pribilegioak” abolitzearen alde egiten zuten “iraganean burgesia demokratikoak egin bezala”; eta emakume sozialistek “pribilegio sozialak abolitzearen alde”, jabetza pribatua iturri duten pribilegioak abolitzearen alde.

[42] Klara Zetkinek hau aurpegiratu zion Alemaniako Emakumeen Batasun Erradikalari, honen 1901ko aldarrikapenak kritikatuz, bere “Sozialdemokrazia eta Emakumeen bozka eskubidea” lanean. Beste hitzaldi batean (“Emakume langileekin bat eginik, sozialismoa garaile izango da”), Zetkinek esan zuen eskaera hori Von Stumm Alemaniako kapitalistarik handienak, diputatua ere bazenak, defendatu izan zuela. Garai haietan Australian eta Zeelanda Berrian egon bazegoen “gizon eta emakumeen boto parekidea”; boto-eskubidea zentsitarioa zen.

[43] Kontutan izan behar da “eskubideen” erretolika hori finean eraikuntza ideologiko bat dela. XIX mendean eta are XX mende hasieran “jabeek” “Jabetzarik bakoek” baino “eskubide natural” handiagoak zituztela pentsatzen zuen jende askok.

[44] Emakumeen politizazioak agintariak ere kezkatu zituen: 1902an Prusiako poliziak “emakumeen sekzioa” sortu zuen, emakumeen biltzar politikoak zelatatzeko.

[45] Zetkin “emakumeentzako propaganda bereziaren” kontra mintzatu zen, “emakumeen artean agitazio sozialista” defendatuz.

[46] Parisko Komunaren urteurrenarekiko hurbiltasunaz gain, Caridad Canok badu beste tesi bat: 1848an Alemanian iraultza liberal bat burutu zela martxoaren 19 batean.

[47] Temma Kaplanen arabera, Inperio osoan 300 manifestazio izan ziren 1911an, ez ziren soilik Vienan gertatu.

[48] Rabotnitsa atera aurretik, Pravdak, emakumeen borrokari dedikatutako orri bereziak zituen, 1913 urtetik aurrera.

[49] Kataxeva errusiar boltxebikearen arabera, 1914ko egun horretan, Petrograden, hainbeste jende batu zen, ezen mitinentzako prestatu ziren aretoetan sartzerik ez zen izan. Choi Chatterjeeren arabera urte horretan poliziak Emakumeen Eguna debekatu zuen Kieven. Moskun langileen manifestazioa debekatu zuten, baina antolakunde sufragista baten mitin bat utzi zuten, hala ere, manifestazioak egin ziren. Errusiako 1914koa Martxoaren Zortziaren kontrako historiako lehen debekua ote da?

[50] Urte honetako martxoaren 26 eta 28 artean, Bernan (Suitza), Emakume Sozialisten Nazioarteko Kongresua bildu zen, nazioarteko sozialdemokraziaren esker-aldeko (mundu gudaren aurkako eta guda iraultza sozialista bihurtzearen aldeko) emakumeek deitua. Kongresu horretan, bai Klara Zetkin (egun honen hastatzailea), zein errusiar boltxebikeak azaldu ziren. Beraz, bazegoen egun honen izpirituarekin jarraitzeko borondatea.

[51] Orduko Errusiako egutegiaren arabera, Europan martxoaren 8 zena, Errusian otsailaren 23 zen. Horregatik, Otsaileko Iraultza zen, ez “martxoko iraultza”.

[52] Zenbait egileren arabera, “omenañdi-egun” ofizial bezala ezarri zen egun horretan, baina ez zuten egun librea ematen 1965 arte.

[53] Gobernu burgesek “Lanaren egunak” ospatzearen edo hauei izaera ofiziala emateko aurrekariak baditugu Australian (XIX mendean) eta AEBtan (mende-aldaketa garaian); baina ospakizun horiek ez ziren maiatzaren 1ean ospatzen eta inoiz ere ez zeden mugimendu sozialistari edo propioki mugimendu sindikalistari lotuta egon, interklasistak ziren (sindikatuek ere parte hartzen duten arren). Sekula ez zuten izan ezta izaera aldarrikapenezkorik. Bestalde Frantzian, diputatu errepublikano erradikal batek lehen aldiz 1906an maiatzaren 1a “Adiskidetasunaren Egun” moduan jaiegun ofizial bihurtzea proposatu zuen, baina ez zuten kontutan hartu.

[54] Egun hori larunbata zen, beraz jaiegun bihurtzeko “arazo” gutxiago.

Sozialisten artean bazegoen egun hau jaiegun ofizial bihurtzearen beharraren inguruko eztabaida. Hasieran gehienek kontrakoak baziren ere (baita ere egunari “jai” deitzearen aldekoak), 20ko hamarkadan posizio horrek indarra hartu zuen. 1928an, Frantziako sindikatu sozialistak eguna jaiegun bihurtzearen alde bozkatu zuen. Noski, Fronte Popularrak, “gurea” zen Gobernu batek ezartzea, onargarriago jotzen zuten. Honek ekarri zuen II Mundu Gudaren (garaipen antifaxistaren) ostean erabaki honek polemika gutxi sortu izana.

[55] Hitlerrek 1933an Lan Nazionalaren Jaiegun izendatu zuen maiatzaren 1a, eta jaiegun ofizial egin. Alemaniako patroi handiek, Kruppek adibidez, jai horretan parte hartu zuten. Esan beharra dago baita ere, kooptazio honetarako Hitlerrek Alderdi Sozialistaren eta sindikatu alemaniarren kolaborazioa izan zuela; hauek, erresistitu ordez, irakurketa oso oportunista egin baitzuten: faxistek eguna beren egitea, “tradizio sozialisten errotze-mailaren erakusgarri” zela esan zuten. Ez zein balio izan, hortik gutxira sindikatu sozialisten zuzendaritza atxilotu egin baitzuten.

[56] Pétainek “Lanaren eta Adiskidetasun Sozialaren Jaia” deitu zion egun honi.

[57] Mussolinik apirilaren 21a aukeratu zuen “Lanaren Egun Nazional” moduan.

[58] Françoise Picqen arabera, Frantzian erreketaren mitoa 1857ra eraman zuten, 1908ra ordez.

[59] Picqen esanen arabera, “Hipotesi antikomunista”, hots, mito hau Alderdi Komunistaren papera iluntzeko asmatu zela, hasieratik hipotesi deskartatuta geratzen da, izan ere fabrikaren erreketaren narratiba lehen aldiz L’Humanité egunkari komunistan aipatu zuen Claudine Chomatek. Honek ez du esan nahi gerora zenbaitek mito hau nahita erabili izana, Zetkinen eta II Internazionalaren paperaz jakitun, hauxe bera estaltzeko.