Zer da zaintza-krisia emakume proletarioarentzat?

2020ko apirilaren 19a


Versión en castellano

Mugimendu Feministak eta Espainiako Gobernuko feministek aspalditik garaturiko ideia da «zaintza-krisiarena». Edonola ere, azken asteotan zaintzarekin loturiko lanek hartu duten garrantzi sozialarekin (nahiz eta beti sistemaren erreprodukziorako beharrezko lan prozesu izan baitiren), fenomenoa are ageriagokoa bilakatu da. Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun Saileko arduradunak berak ere osasun-krisiak «zaintza-sistema» ebidentzian utzi duela adierazi du: eskolarik gabe, gurasoek ezin dute lanera joan, eta zaintzarekin loturiko jardunik gabe, mundua gelditu egiten da.

Espainiako Gobernuaren koalizio programa ere erretorika feministaz jantzi dute, hots, berdintasun laboralerako neurriez, biolentzia matxistaren kontrako legea eta eskubide sexual eta erreproduktiboen bermerako neurriak, besteak beste. Horri loturik, behin baino gehiagotan azaldu dute bizitzarekin bateragarria den eredu ekonomiko baten beharra dagoela eta hori bermatuko duten gobernu eta administrazio publikoak ezinbestekoak direla beharrezko aldaketa estrukturalak aurrera eramateko.

Espainiako Berdintasun Ministroaren arabera, 2008tik jasotako irakaspenak asko izan dira, eta garai hartan entitate finantzieroak salbatzeak ekarri zuena ikusi ondoren, argi geratu omen zaie helburua momentu oro bizitzak salbatzea izan behar dela. Espainiako Gobernuak horretan jardun duela azpimarratu du, horretarako egoera zaurgarrienetan dauden pertsonen zaintza bermatzeko «babes soziala» osatzea lehentasuntzat hartu dute. Gaineratu du euren erabaki politikoen eraginpean daudela milioika pertsona eta horregatik politika horiek gehiengo sozialari onura egin behar dietela. Baina itxurakeria horren aurka, Podemosek ez du gaitasunik gehiengo sozialaren aldeko politikak martxan jartzeko, eta, beraz, koalizio gobernuak hartutako erabakiak, koalizio gobernuak berak bere osotasunean hartzen ditu; zaurgarritasun egoera handienean dauden pertsonei bizkarra emanez.

Izan ere, bizi dugun salbuespen-egoerak erakutsi diguna bestelakoa da. Labur esanda, baiezta dezakegu Gobernuaren partetik hartutako neurriek bi norabide izan dituztela. Alde batetik, jabeen interes ekonomikoak bermatzea, ahalik eta langile gehienak euren lanpostuetan mantenduz eta enpresei inproduktibo bilakatu zaizkien langileak kanporatzeko mekanismoak ipiniz. Bestetik, ordena soziala bermatuko duten asistentzia sozialeko ogi apurrak eskaintzea, biharko gosearen truke. Edonola ere, egun hauetan maneiatu duten erretorika humanista zalantzan geratu da, milaka langile ahalik eta azkarren bere lanpostuetara buelta daitezen agindu dutenean, segurtasun neurrien bermerik gabe, gainera.

Zentzu horretan, milaka emakume proletariok soldatapeko lanaren beharrari eta unitate familiarreko kideen zaintzari aurre egin behar diete, lehen baino era nabarmenagoan. Errealitate latz hori ezkutatzeko asmoz, bigarren mailako lan sektore gisara atzeman ohi ditugun sektore feminizatuek lehen mailako ikusgarritasuna hartu dute masa hedabideen eskutik, ez, ordea, emakume langile horien egoera eta bizi-baldintzek. Ematen duenez, horiek ez dira kezkagarriak lan horien egokitzapenaren ardura dutenentzat. Izan ere, Administrazio Publikoaren eta Espainiako Gobernuaren utzikeriak menpekoak diren pertsonen ardura emakumeen gain (gehien bat) utzi du beste behin, bestelako alternatiba baten faltan.

Emakume askok euren lanak utzi behar izan dituzte euren haurren edo familiako beste kide batzuen zaintzarako beste bitarteko sozialik bermatu ez delako. Hainbat faktore dela medio, emakume asko familiarteko laguntzarik gabe topatzen dira eta horiek dira kasu gogorrenak; izan ere, nork zaintzen du haurra lanera joan behar badu eta eskolak itxita badaude? Egoera horretan, gainera, beste emakume batzuk euren etxeko betebeharrekin bateragarria izan daitekeen soldatapeko lanaren bila, lanaldiaren murrizketa eskatu behar izan dute, eta jada baxuak ziren soldatak oraindik ere miserableago bilakatu dira. Lanaldi osoan jarraitzera behartu dituzten beste emakume asko, estres maila oso altuak pairatzen ari dira, eta horrek ondorio lazgarriak izango ditu euren osasunean. Horri guztiari pandemia garaian euren osasuna bermatzeko babes-neurrien falta gehitu behar zaio.

Aipagarria izan da, bestalde, etxeko langileen kasua. Lan araubide orokorretik kanpo kokatzen den sektore honek, lan-harreman prekarioenak barne biltzen ditu. Horretan lan egiten duten emakume askok kontraturik gabe lan egiten dute, eta asko eta asko atzerritarrak dira. Horretaz gain, Gizarte Segurantzan alta emanda egonda ere, ez dute langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik. Jakina den informazioa hori izanik, gobernuak neurri aringarrien artean etxeko langileentzako ez-ohiko «diru-laguntzak» jarri ditu martxan. Gehiengo sozialaren izenean, «diru-laguntza» langile horien %40 ahaztu ditu, ordea! Nola biziraungo du zaintzen zuen agurea hil eta kale gorrian geratu denak? Langabeziarik jaso ezin duen eta lanik gabe geratu denak?

Hala ere, «zaintza-krisi» deiturikoa, kapitalaren barne kontraesanen irakurketa soila da, eta egungo egoeran ageriagoan geratu bada ere, aspalditik egon den fenomenoa da: alde batetik, biztanleriaren zahartzea eta bizi esperantzaren gorakada, eta bestetik, 70eko hamarkadatik aurrera emakumea lan munduan era masiboan txertatzea (kapitalak bere lehiakortasuna eta etekin tasa handitzeko estrategia gisa), eta, beraz, historikoki unitate familiarrean aurrera eramandako zaintza lanetarako aukera edo denbora gutxiago izatea. Azkenik, kapitalismoaren garapenarekin eta politika neoliberalekin emandako murrizketa soziala zaintza lanak burutzeko bitarteko publikoen faltan hezurmamitzen da. Hortaz, «zaintza-krisia» errealitate konkretuan gizarte osoaren eta, batez ere, egoera zaurgarrienetan daudenen ongizatea bermatzeko ardura dutenen proposamen eta alternatiba falta da, sekulako arduragabekeria.

Orain arte esan bezala, beharrezko bilakatu da koalizio gobernuak erabiltzen duen diskurtsoaren eta aplikatzen duen politikaren arteko ezberdintasunaren kritika gauzatzea. Esandakoa esanda ere, euren programa politikoa gaur egunean ditugun baldintzen arabera egokitzen da, hau da, ordena ekonomiko honetan dauden aukeren artean egokiena aukeratzean datza euren politika egiteko moduak, inolako hausturarik proposatzeko aukerarik gabe. Iglesiasek adierazi izan duen moduan «politika egitea posible denaren aukeretan mugitzea da”»1.  Hausturan oinarritzen den politikaren ikuspuntutik, aldiz, politika sortua ez dagoen plano batetik egitea dagokigu, praktika konkretu guztiak ikuspuntu eraldatzaile batetik lotuz.

1 https://www.eldiario.es/politica/Pablo-Iglesias-vamos-olvidar-venimos_0_982002194.html