Forma politiko propioaren beharraz

2019ko abenduaren 28a



Versión en castellano  

Duela gutxi, Kolitzak ohartarazi zigun antolakunde komunisten eta Ezker Abertzalearen alderdi politikoaren gatazkak saihestezinak izango zirela. Baina ez hori bakarrik, baita ere ez gintuzkeela harritu behar «herri» mugimenduaren eta hedatzen ari den mugimendu proletarioaren arteko talkak gero eta ugariagoak izateak[1].

Denborak arrazoia eman dio, eta, beraz, esan genezake azken hilabeteetan ildo sozialistaren eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren arteko tentsio gero eta handiagoaren ikusleak (edo biktimak) izan garela; izan ere, badirudi genero-problematikari buruzko gaiak aztertzeko zilegitasuna duten bakarrak direla. Une nahasiak dira hauek, eta, horregatik, oso jakitun naiz askorentzat bereziki zaila izaten ari dela onartzea, gertakari isolatuak izatetik urrun, tentsio politikoa luzerako etorri dela. Baina, nire ustez, balio-iritzietatik harago, ezinbestekoa da elementu politikoez baliatzea gertaeren azterketarako. Hori egin ezean, arrisku handia dugu errealitate politikoa borondateen borroka soil gisa hautemateko, adiskidetasun-arazo bat balitz bezala (edo adiskidetasunik ezarena).

Gauzak horrela izanik, alde batetik, ez da hain arraroa mugimendu sozialistako kideen aurkako epai moralekin topo egitea, inplizituki esaten dutenak haiek direla amorru-giro orokortuaren erantzuleak, mugimendu feministarekin «haustea erabaki» izanaren «errua» balute bezala. Bestalde, zenbaitek nahiago du edozein iritzi saihestu, baina ez dute ulertzen zergatik den «beharrezkoa» beste espazio politiko batzuk sortzea. Bat datoz politika proletarioa lantzearen eta garatzearen beharrarekin eta, are gehiago, badira feminismo hegemonikoan emakume proletarioak duen zentraltasun politiko ezaz jabetzen direnak ere, baina nahiago dute bi ikuspegien arteko balizko «bateratzean» sinesten jarraitu: klase-ikuspegiaren ikuspegiaren eta feminismoaren bateratzean, betiere lehendik sortutako organoetan bada.

Bere buruari «mugimendu feminista» deitzen dion horren jarduera politikoaren adibide praktikoak eman nahiko nituzke, bai adierazpen publikoei bai horien gabeziari ere erreparatuz. Hortik abiatuta, hausnarketa politikoak egin nahi nituzke politika proletarioaren beharra justifikatze aldera, betiere klase ertainak eragindako eta zuzendutako organo politikoetatik independentea dena.

Hasteko, onartu behar dut bereziki argigarria dela Euskal Herriko Mugimendu Feministak urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldutako eduki politikoa. Planteatutako aldarrikapenei erreparatu nahi nieke, hain justu: "bizitza prekariorik ez", "indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak" eta "arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzak". Aldarrikapenak, bere horretan, ez dira harrigarriak, bai, ordea, haiek gauzatzeko bide-orri edo neurri/eskakizun zehatzik eza. Zer da greba, aldarrikapen zehatzak exijitzeko borroka tresna izateari uzten badio? Guztia are zailagoa da euskal jendarteko sektore feminizatuetan gero eta miseria handiagoa dagoela kontuan hartuta. Horren erakusgarri dira, beste askoren artean, garbiketaren sektoreetan egindako borrokak, adibidez Nafarroan[2] edo Gipuzkoan; edo Gipuzkoako zaharren egoitzetan egindako greba luzatu berria, Aldundiak negoziatzeko prestasunik ez duelako.

Are arantzatsuagoak iruditzen zaizkit grebarako planteatutako aldarrikapenak, azken asteetan gure herrian argitara atera diren emakumeen kontrabandoko kasuak kontuan hartuta: Iruñean, zortzi lagunen aurkako epaiketa Nigeriako bi emakume prostituziora behartzeagatik[3]; Barakaldon, abenduaren 16an hamabi pertsona atxilotu izana prostituziorako emakumeak salerosteagatik, eta Irunen gizon bat atxilotu izana emakumeen salerosketarako Europako sare batean parte hartzeagatik.

Beraz, mahai gainean jarri nahi dudana ez da aipatutako aldarrikapenekiko dudan adostasun-maila, baizik eta nire ustez duten  potentzialtasun falta emakume proletarioak eta langile klaseak bere osotasunean jasaten dituen eguneroko arazoei erantzuteko. Behin honaino iritsita, geure buruari galdetu beharko genioke zer den indarkeriarik gabeko bizitzak baieztatzea, edo, okerragoa dena, norenak diren aldarrikatzen diren bizitzak; izan ere, benetan bitxia da hemen azaldutako auzi proletarioekiko isiltasun sistematikoa.

Nire ustez, oso konplexua da bizi dugun koiunturaren honen aurrean ekiteko beharra eta, osagarritasun-terminoetan planteatuz gero, konponezina bihur daiteke. Feminismo hegemonikoaren programa politikoa berez erortzen da: emakume langilearen problematikak salatzen ez baditu (ez naiz ezta horiek ebazteaz ere ari), zer lortu nahi du? Mugimendu feministak bere hautua egin du, eta emakume proletarioa barne hartzen ez duen bide bati ekin dio. Hau da, egunkari honetako Editorial batean jasotako baieztapen bat parafraseatuz, irmotasunez baiezta dezakegu: «ez gara emakume proletarioak mugimendu feministarekin haustura eragin dugunak; mugimendu feminista da emakume langileen interesekin hautsi duena».

Horren haritik, Marxek eta Engelsek Alderdi Komunistaren Manifestuan Alderdi Komunista ezaugarritu zutenean, hau esan zuten: «Beti, ekintza nazional proletario guztietan proletariotza osoaren interes komun eta bereiziak nabarmentzen eta aldarrikatzen dituena» (…) izango zela alderdia, «proletariotzaren eta burgesiaren arteko borroka gertatzen den aro historikoa edozein dela ere»; eta hori da gure betebeharra. Baina gure zeregin historikoari erantzun ahal izateko, bi urte geroago adierazi zuten bezala, beharrezkoa da langileen independentzia, hau da, «erakunde independente» bat sortzen saiatu behar dugu (…) «proletarioen jarrera eta interesak burgesen eragina alde batera utzita eztabaidatu ahal izateko[4]».

Hau da, burgesia txikiak dituen antolaketa-egituren aurrean, langile-klaseak «klase potentzial, amorfo eta zatikatu» izateari utzi behar badio, antolaketa-forma propioak izan behar ditu borroka politikoan jardun ahal izateko. Izan ere, harreman intrintsekoa dago antolaketa-formaren eta helburu estrategikoen artean: ezin ditugu hartu burgesia txikiaren antolaketa-egiturak eta gure helburuetarako erabili, haien existentziaren zentzua eduki estrategiko jakin bati baitagokio

Gainera, ondoriozta dezakegu gauza bat dela proletariotza klase gisa antolatzeko oinarriak jarri eta hura botere politikorako borrokarako mailara igotzea, eta beste bat langile-klaseari kontzesio koiunturalak egitea, hau da, funtsean, haren obedientzia erostea; jauzi itzela dago bien artean. Uste dut oker daudela bigarrenean klase interesekin bat egiteko aukera ikusi nahi dutenak, ezin baita esentzian burgesia txikiaren eta langile klaseko sektore dirudunen interesei erantzuten dien horren edukia aldatu.

Beraz, batzuek beren bidea egin dute, eta guri gurea egitea dagokigu. Horren erakusle da UIBren (Unibertsitateko Indar Batasuna) jardun politikoa, zeina Unibertsitateko ikasle langileen eta proletariotzaren interesak defendatzeko organoa bihurtzeko bidean baitago. Ikusi besterik ez dago nola, EHUko feminista akademikoen isiltasunaren aurrean, kalera atera diren unibertsitateko borrokan ari diren garbitzaileekiko elkartasuna antolatzera. Are gehiago, unibertsitateak ezartzen dituen oztopoak gaindituz, Ibaetako campusean dauden Gipuzkoako garbitzaileekin babesa erakustea erabaki dute. Beste behin ere, politika burges-txikiaren isiltasunaren aurrean, argi geratu da nortzuk erantzun diegun emakume langilearen bidegabekeriei.

Antolakunde komunista indartsu eta zabal bat sortzeko aukerak kezkatuta dauka euskal sektore erreformista, eta, horregatik, irmotasunez jokatzen dute komunisten determinazioaren ­­edozein agerpenen aurrean. Horren adibide garbia dira EHUko Campusetan izandako gertaerak. Euskal Herriko mugimendu sozialistari genero problematikareriko interes falta egozten zaion bitartean, krudelkeriaz erasotzen da hark martxan jarritako edozein ekimen politiko: genero indarkeria lantzeko dinamiketatik hasi eta edozein formakuntza jardunalditaraino. Mugimendu sozialistako gizonei genero-gaietan lanerako prestasunik eza aurpegiratzen zaie, baina, aldi berean, eraso egiten zaio proletarioen inplikazio bateratua helburu duen edozein tresna politikori. 

Ez gaitezen engaina; kontua ez da mugimendu sozialista bultzatzen duen dinamika hau edo bestea. Gaiaren muina ondo ezagutzen dute mugimendu feminista hegemonikoko buruek, eta muin hori, hain justu, emakume proletarioaren independentzia politikoari dioten beldurra da. Berriro diot, haustura-salaketak lau haizetara zabaltzen dituzten horiek dira emakume sozialisten ekintza politikoa ukatzen dutenak.

 

[1] Ikus: https://gedar.eus/koiuntura/kolitza/kurtso-politiko-berria