AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ezin ukatu, proiektu honetan parte hartzeko eskatu zidatenean, eztarrian halako korapilo bat egin zitzaidanik. Izan ere, segurtasun eta ardurak hartzeko gabezia hain barneratua dugun garaiotan, “beste edonork” egin zezakeenaren pentsamendua izan zen lehenengoz burutik pasatu zitzaidana. Hala ere, testuinguruaren gaineko errepaso azkar bat nahikoa izan zen, ilusioa berpiztu zaigun orok konpromisoak hartzeko unea dela ziurtatu eta aurrera pausu bat emateko. Hemen izango nauzue, beraz, hain beharrezko izango zaigun langile kazetan noizbehinkako ekarpen xumea egiten.

Gaztetxe, gazte asanblada eta gune autogestionatuen gaia egotzi izanak ordea, bereziki poztu ninduela ere onartuko dizuet bestetik. Komunikabide orok baztertua izan eta duen esparrua izaki, ezinbestekoa iruditzen zait hauen inguruko gogoetak plazaratzeko gune bat izatea, are gehiago azken boladan Euskal Herri osoan ematen ari den bilakaeraz jabeturik.

Honen adibide argiena, ezin nire lehenengo testuan aipatu gabe utzi, Maravillas gaztetxearen inguruan emandako gertakari sorta izan zen. Asko izan ziren bertako kideen aurka jaurtitako mezuak: batzuek erabaki okerrak hartu izana leporatzen, besteak negoziazioetan eskainiriko lokalari uko egin izanagatik kexaka, “autogestioa” modu abstraktuan definituz hurrengoak, edo okupazioa, inongo eduki politikorik izango ez balu bezala, horretarako bitarteko soil gisa identifikatuz beste zenbait…

Beste aldean, ordea, autogestioaren irakurketa integralaren defentsan, izerdiz altxatutako langileen arteko elkartasuna saretzeko gune bat babesten ziharduten gazteak zeuden, egunero jazarpen poliziala jasaten ari ziren bitartean, jipoituak, atxilotuak… eta hauekin Euskal Herri osotik etorritako milaka kideren babesa Iruñeko kaleetan, inori ezer zor gabe antolatuak, jada duintasunaren ikur bilakatu zen Maravillasen ateak hirugarrenez irekitzeko gaitasunak erakutsiaz, rotaflex hotsa lagun. Urteetan bizitako elkartasun eta borrokarako gaitasun erakustaldi garrantzitsuena nire iritziz, gogoratze hutsak oilo ipurdia jartzen duen momentu horietakoa dudarik gabe.

Lehen desalojoaren ondoko eserialdia, Diario de Navarra


Hala eta guztiz, borroka hark ezertarako balio ez izana leporatzen diete oraindik batzuek asanbladako kideei, azkenean eraikina galdu izana, goitik behera eraitsi behar izan zutena itxurazko “inspekzio tekniko” baten aitzakiapean. Horretan dabiltzanak, ordea, ez dira jabetzen, kide batek zioen moduan, ze nolako simaurra izan zen egun horietan bizitakoa landatuak ziren hazi iraultzaile berrientzako.

Horixe da gakoa. Maravillasen gertatutakoa Euskal Herri osoan sortzen ari diren potentzialitate ezberdinen espresio bat izan zela soilik, gazte mugimenduaren sektore ezberdinetan ematen ari den garapenaren fruitu, militanteok elkartasunaren ezinbestekotasuna barneratzeko eginiko lanaren ondorio. Izan ere, egun Gaztetxe ugari dira askoren iruditegian estankaturik gelditu diren aisialdi gune hutsaletatik haratago kokatu direnak, eta hobeto adierazteko gaitasunik ez dudanez, gaurko nire testuko protagonistei emango diet hitza, Iruñerriko gaztetxeei alegia:

Gaztetxeekiko egiten ari diren despolitizazio eta asimilazio saiakerek ez dute ezer egiteko hauek azken aldian Iruñerria zein Euskal Herri mailan esperimentatzen ari diren garapen kuantitatibo eta kualitatiboaren aurrean. Planteatzen dugun autogestio integrala ez da kabitzen gazteentzako diren kaltegabeko lokal homologatuen neutraltasun faltsuan, eta gaztetxeak kapitalarekiko antagonikoak diren eta klase langilearen interesei erantzuten dieten heinean, hain zuzen ere horregatik dira etengabe erasotuak bide ezberdinetatik.”

Hau honela, ezinbestean elkartasunean eta koordinazioan tematzea besterik ez zaigu gelditzen aipatutako etengabeko erasoei erantzuteko, gure gune eta ekintzen defentsan sakontzeko, lerro batzuk beherago aipatzen zuten moduan;

“errepresio polizial eta judizialaren inertzia aprobetxatzea politikoki presionatzeko, kasu honetan gaztetxe bati hau baztertu eta artegi instituzional eta legalitate burgesaren barruan asimilatzeko, ez da inuzentea, eta onartezina gertatzen da. Haren modu zakar eta itxurazkoetatik urrutiago doan mekanismo errepresibo berdinaren zati da. Gobernuaren gezurrak eta itxurazko inspekzioen modura, edo ekimen publikoak egitearen debeku zein mehatxuak udalaren partetik, honen adierazle Errotxapeako Gaztetxeko bertso-afariaren kasua, bertan behera uztera behartua izan zena. Errepresioak milaka aurpegi ditu, eta ez dira guztiak uniforme eta porrekin janzten. Hauen guztien aurrean, beharrezkoa da autodefentsaren antolakuntza kolektibo eta koordinatuan sakontzea.”

Zorionez, ondorio hauetara ez dira Iruñerriko gaztetxeak bakarrik iritsi, horren adibide, Euskal Herri osoan zehar martxan jartzen ari diren elkartasun sare ezberdinak; proletalgoaren interesak babesteko sorturiko langile mugimenduak hedatzen doazen heinean, guzti hauen elkartasun eta saretzeen sakontzeak ezinbestekoak izango baitzaizkigu garaipen zehatzak defendatzeko.

Dirudienez, norabide berean, aipatutako langile mugimenduko espresio lokal guzti hauek elikatu eta hauspotzera dator Gazte Koordinadora Sozialista ere. Bere burua aurkezte hutsak sortu zituen erreakzio sortak azaleratzen du batzuen eta besteen urduritasuna, eta honekin, zein den egungo panorama politikoa bera: alde batetik, militantzia politikoarekiko errespetu eza eta bestetik, edukietan oinarrituriko eztabaida politikorako maila zein interes falta orokortua.

Urduritasuna, bai, eta ez da harritzekoa. Azken krisi kapitalistak kolpatu gintuenean, panorama politiko beldurgarria genuen gurean. Asimilazio fase bortitza bizi genuen, erreferentzia iraultzaile falta nabarmena Euskal Herri nahiz mundu mailan, eta testuingurua behar bezala irakurtzeko bitarteko faltak langile mugimendu oro noraezean murgilduta mantentzen zuen.

Azken urteetako saiakera ezberdinak ordea ez dira alferrikakoak izan, eta onartu beharrean aurkitzen gara, gazteak izan direla honi erantzuteko mekanismoak martxan jarri behar izan dituztenak. Akomodatu zein kapa pribilegiatuetatik homogeneizatu nahi izan diren pentsalari profesionalen diskurtsoetatik urrundu eta errealitatea ulertzeko saiakera propioetatik haratago, bertan eragiteko borondatea erakutsi dutenak hain zuzen.

Izan ere, krisi kapitalista bakoitzaren ondoren, kapitalaren akumulazio fase berrien diseinua dator, eta honekin, mundu mailako langileon betebehar espezifikoen berrantolaketa. Agerikoa da langileon prekarizazio fase bortitza jarria dela martxan, ongi izate estatua mantentzeko baldintzak agortuak direla, mundu mailako ordenamendu zapaltzaile berri baten atarian bizi garela eta aipatutako gazte guzti horiek, egokitu nahi zaien paperaz oso kontziente dira.

Honen aurrean, historiako esperientzia ezberdinak aztertu, langileon zientzian sakondu, berritzat saltzen dizkiguten formula zaharrak baztertu eta testuingurura egokitutako antolaketa zein borroka forma ezberdinen saiakerak datoz gazte iraultzaile guzti hauen eskuetatik. Belaunaldi aldaketa nabarmena da, eta paradogikoa dirudien arren, nire iritziz, gazteenak dira heldutasun politiko handiena erakusten ari direnak garai nahasi hauetan.

Argi dago, saiakerak saiakera, lan ikaragarria dugula aurretik egiteko. Datozen urteetako bilakaerak baldintzatuko du hurrengo hamarkadetako dinamika. Ardurak hartzeko garaia da beraz. Borroketan sakontzekoa. Militanteen harreman ereduak hausnartu eta printzipio etiko minimoak berreskuratzekoa.

Momentu historikoa bizitzen ari garenaren sentsazioa daukat, eta langile klasearen espresio iraultzailetako kideoi dagokigu etorkizunean berau idatzi ahal izateko baldintzak sortzen jarraitzea.