AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

"What have we here laddy, mysterious  scribbling's, a secret code?"
"No, poems, no less. Poems, everybody! [class laughs]"
"The lad recons himself a poet! [class laughs]"

"[Teacher recites" Money, get back, I'm alright Jack, keep your hands off my stack.[class laughs]"

"New car, caviar, four star day dream, I think I'll buy me a football team.[class laughs]"


Pink Floyd – The Wall

 

            Errealitate zehatzetik abiatuta ulertuko dugu gure gizartea, begien bistan dugunetik abiatuta, alegia, eta hala ezagutuko dugu bere baitan hezkuntzak duen lekua. Ezagutza edo ulermen horretarako bidea, ordea, ez da errealitate zehatzaren behaketa hutsean hasi eta bukatuko; izan ere, existitzen denaren errepresentazio kaotiko bat izango da ikusiko duguna, lotura garbirik ez duten mila ertz ageri zaizkion irudia.

            Errealitatean eragiten duten elementuak banatu eta errealitateko momentu isolatu gisa aztertu beharko dugu bakoitza. Aipatutako momentu ezberdinak bere horretan ulertu beharko ditugu, baina momentu isolatu izatetik urrun, zatiak osotasunarekin lotu eta elkar-harremanean ere aztertu beharko ditugu. Izan ere, osotasuna ez da izango alderdien batura hutsa.

            Teoriaren zeregina irudi kaotiko horretatik abiatu eta errealitate ezagunerako bidea egitea dela esan dezakegu. Errealitate ezagunean agerikoak izango zaizkigu gizarteko momentu ezberdinen izaera eta horien arteko loturak, eta errealitate horretan eragiteko bideak ikusi ahal izango ditugu horrela, politika egiteko oinarria izango da, alegia.

            Bi ondorio atera nahi nituzke aurreko lerroetatik, edozein esparrutan borroka politikoa planteatzerakoan egindako akatsen oinarrian egon ohi diren bi analisi oker. Niri dagokidanez, hezkuntzaz arituko naiz aurrerantzean, ondorioak orokorrean baliozkoak diren arren:

1)      Hezkuntza esparrua ezagutu eta eraldatzeko ez da nahikoa errealitate zehatz fenomenikoan (ikusten dugunean, emana zaigunaren behaketan eta hortik ateratzen ditugun ondorio espontaneoetan) hasi eta bukatzen den azterketa bat. Ikastetxe batera sartu eta identifikatzen ditugun arazoei erantzun espontaneoak ematea ariketa hankamotza da bere horretan.

2)      Formazio sozial kapitalistako gainontzeko instituzioekin elkar-harremanean baino ezingo dugu ulertu hezkuntza instituzioa. Beraz, gizartearen analisi orokor baten baitan baino ezingo dugu kokatu ondo hezkuntza.

            Bi puntu horietatik abiatzen bagara, hezkuntzaren analisi emankor baterako oinarria finkatuko dugu. Saia gaitezen ba.

            Egun, hezkuntza instituzio kapitalistaren testuingurua aztertuz gero, ikusiko dugu  bete-betean ekoizpen prozesu kapitalistan kokatzen dela eta, zehazki, hezkuntza kapitalistaren funtzio nagusia lan-indarraren formakuntza eta ekoizpena dela. Formakuntza horrek alderdi ugari eta ezberdinak ditu, hasi bizi-ohitura eta ideologia jakin batzuk barneratzetik eta ezagutza tekniko-zientifikoaren transmisioraino. Orotara, harreman sozial kapitalistaren erreprodukziorako funtsezko mekanismoa dela esan dezakegu, bera urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi betikotu dadin helburu duena.

            Osotasunean hezkuntzaren tokia zehazteko zertzelada batzuk dira horiek; orain, hezkuntza prozesuari erreparatuko diogu. Hezkuntza prozesua bi zatitan banatuko bagenu, hezkuntza ez-kualifikatua eta kualifikatua lirateke bi multzoak; institutura bitartekoa lehena, lanbide-heziketa edo unibertsitateari lotua bigarrena. Lehen fasean, langile klaseak gaitasun tekniko edo kualifikatuak eskuratzeko oinarria jasoko du. Ondoren, bigarren fasean, oinarri horretatik abiatuta gaitasun tekniko zehatz batzuk garatzea izango da hezkuntzaren helburu nagusia. Badira bi faseetan betetzen diren funtzioak ere: garrantzitsuenak, bizi ohitura kapitalistak barneratzea eta ideologia burgesa ezartzea.

            Esan bezala, ariketa honen helburua praktika politikorako –kasu honetan, heziguneetako jardun politikorako– oinarria ezartzea da. Topatuko dugun joko-zelaia marrazte aldera, behar-beharrezkoa da hezkuntzaren analisia dinamika ekonomikoarekin lotzea egungo errealitatean azalpen-gaitasunik izango badute; oraintxe bertan, krisi kapitalistarekin lotu behar ditugu.

            Krisi ekonomikoa begi-bistakoa da, inork gutxik ukatuko du. Itxura batean, pandemiak eragin duela dirudi, osasun-larrialdiak metabolismo soziala eten du eta horrek ekonomia hondoratzea ekarri du. Hala, pentsatzekoa da osasun larrialdia gainditutakoan berehalakoa izango dela hazkunde ekonomikoa, eta epe laburrean lehengora itzuliko garela. Krisiaren kausak koiunturan topatuz gero, erantzunak ere bertan topatuko ditugu.

            Aurrean dugun krisia, oso bestela, badirudi ate joka zen metaketa-krisi bat dela. Irabazi-tasa beherakorrari aurre egiteko ezintasunak berregokitze politiko, sozial eta produktibo baten beharra sortu dute. Hor zegoen dinamita; pandemiak metxa piztu besterik ez du egin. Eraldaketa politiko, sozial eta produktibo horien helburua, finean, aipatutako irabazi-tasa beherakorrari aurre egiteko balio-metaketa ziklo berri bat irekitzea da. Burgesiak gainbalioa esparru gehiagotan eta era eraginkorragoan erauzi behar du bizirauteko. Gizartean emango diren aldaketek hori egin dadin baldintzak sortu beharko dituzte, eta ametsetan ere ez lukete topatuko pandemiak sortu duena baino egoera hoberik aldaketa horiek guztiak egiteko.

            Krisiaren lehen azalpenak, krisiaren kausak eta erantzunak koiunturan topatu dituenak ez du hezkuntzan gertatzen ari diren aldaketak azaltzeko oinarri egokirik ematen, errealitatearen azalpen-gaitasun urria du. Bigarrena, kontrara, marko egokia zaigu aldaketa horiek kokatzeko. Hezkuntzaren funtzioak aipatutako berregokitzearen menera egokituko dira, eta egungo egoera konkretura gerturatzeko, egokitzapen horren forma zehatzak zein diren ikusi beharko dugu.

            Honezkero, pandemia ondorengo lehen ikasturtea duela hilabete gutxi abiatu izanagatik, nabari ditugu norabide horretan zenbait zantzu. Bigarren hezkuntzan konpetentzia digitaletan jarritako pisuak pentsarazten du ikasleria teknologia berrien esparruan espezializatu dadin lurra ontzen ari direla. Joera hori indartzea du helburu LOMLOE lege berriak, adibidez.

            Oraingoan, ordea, ez da nire helburua gaitasun tekniko-zientifikoen transmisioari edo zuzenean gainbalioaren erauzketa helburu duten funtzioei buruz aritzea, eztabaidagai pertinente eta interesgarria badira ere, ikusi dugunez. Hezkuntzaren funtzio ideologizatzaileaz, ideologia burgesa ezarri eta bizi-ohitura kapitalistak barneratzea helburu duenaz aritu nahiko nuke orokorrean. Eta, zehazki, krisiak markatutako etorkizun hurbilera begira funtzio horrek hartuko duen formaz.

            Hasteko, baina, ideologiaz ari garenean zeri buruz ari garen zertzelada batzuk ematea beharrezkoa da. Hizkera arruntean, alderdi instituzional honi edo hari botoa ematen dion arabera, bataren edo bestearen ideologia zein den esan ohi dugu. Honako hau eskuindarra da; beste hura independentista, edo feminista.

            Kontzeptu hori ez zaigu erabilgarria hezkuntzaren zentzu ideologikoaz aritzeko, kontzeptu mugatzailea baita. Gehienez ere, hezkuntzan ideologizazioa era esplizituan edo eduki jakin batzuen transmisioaren bidez soilik egiten den itxura eman dezake, eta horrek auzia kontzientzia faltsura mugatzen du. Eduki jakin horiek burgesiak zabalkunde ideologikorako bere baliabideen bidez (tartean hezkuntza) zabalduko lituzke, eta okerrak edo bere interesekoak izango lirateke, baina, esan bezala, ez da horretara mugatzen auzia.

            Egokiagoa da, nire ustez, ideologiak praktika material gisa duen dimentsioa kontuan izatea. Hala, ez litzateke horrenbeste burgesia ideologiaren jatorri kontzientea (kontzientzia faltsua sortuz, eduki faltsuen transmisioaren bidez), gizarte burgesa bera baizik. Ideologia irudikapen-sistema bat litzateke, eta ideiak, harreman ekonomiko errealek sortutako epifenomeno huts izan beharrean, azpian dauden erlazio errealen «forma fenomeniko» edo «itxura» errealen pertzepzio gisa ulertu ditzakegu. Alderantzikapenak eta distortsioak eragiten dituzte kontzientzian, baina horren arrazoia, nolabait ere, praktika eta errutina sozial errealetan ainguratuta egotea da. Ildo horretan, ideologia norbanakoek beren existentzia-baldintza errealekin duten harremana bizitzeko duten erarekin dago lotuta. Ideologia pentsamendu huts gisa baztertu eta bizitako esperientziara gehiago hurbilduko luke ulerkera honek.

            Kontzepzio hau osatzen dute, eta ez ukatu, burgesiak bere autoerrepresentaziorako egiten dituen formen artikulazio sistematiko eta koherenteagoek, teoria sozial eta politiko burgesean topatu ditzakegunak, adibidez.

            Uste dut aurreko lerroetan aipatutako ideologiaren ulerkera batek hobeto eman dezakeela hezkuntzan ematen den ideologizazioaren dimentsio eta izaera errealaren berri. Izan ere, hezkuntza prozesuaren izaerak berak ikaslea nola ideologizatzen duen ulertzeko bide emango digu, eta hezkuntzaren itxurazko neutraltasuna ukatzeko balioko digu.

            Orain arte aipatutakoekin, hezkuntzaren funtzioek hartuko duten forma zehatzen auzia lantzea baino, horiek testuinguratzeko oinarri bat ezartzea izan dut helburu. Hurrengo idatzian arituko naiz heziguneetan honek guztiak izango duen islaz, autoritarismoaren gorakada gisa izendatu daitekeen fenomenoaz, eta horrek definitutako joko-zelai politikoan aurki ditzakegun posizio politikoez.