Medikuntza eta ofentsiba burgesa

2020ko uztailaren 17a


Datorren uztailaren 13tik aurrera greba mugagabea deitu dute Madrilgo ospitale publikoetako barneko mediku egoiliarren (hemendik aurrera BAME) ordezkariek. BAMEaren figura (gaztelaniazko MIR) orokorrean aztertzeko modukoa da, «formakuntza jasotzen» ari diren langileen figura baita, mediku lanetan praktiketako langilearen antzeko zerbait. Praktiketako gainerako langileek bezala soldata baxuagoagatik eta baldintza okerragoetan lan egiten dute, esperientzia faltaren aitzakiapean. Hala ere, bizi dugun pandemiaren testuinguruan adibide bikaina dira ematen ari diren aldaketak behin-behinekoak ez direla agerian uzteko. Madrilgo BAME hauek osatu duten greba komiteak adierazi duenez, COVID-19aren harira urteetan jasandako baldintza negargarriak are gehiago okertu dira: beren soldata hein handi batean 17 eta 24 orduen arteko lanaldien menpe dago (Madrilgo bizitza-kostuari aurre egiteko asteko 50-60 ordu egin behar dituzte), eta horrelako lanaldien ondoren ez dute behar besteko atsedena izaten (Langileen Estatutuak dioenaren aurka). Era berean, behar bezalako ikuskapenik gabe egiten dute lan, ez dagozkien funtzioak bere gain hartzen dituzte eta beste egoiliarren bajak betetzen dituzte ez dagokienean, besteak beste. Osasun krisi honetan beraz BAMEaren figura osasun sistemaren berregituraketarako funtsezko elementua izan dela esan dezakegu, beraz. Nola?

BAME hauek, beren jatorrizko funtziotik urrun, osasun zentroen funtzionamendurako zutabe bihurtu dira. Beharrezko osasun langileen kontratuak sortu ordez (dagozkien egonkortasun eta baldintzekin) egoiliar hauen figura kopurua handitu dute lan kopuru handiagori aurre egiteko. Funtzio berberak bere gain hartzen dituzten langile merkeagoak bihurtu dira. Beste edozein ekoizpen esparrutan (sektore publiko, pribatu…) hartu den joera da hau, praktiketako langile merkeagoa lehengo langileak ordezkatzeko erabiltzea, hori ez da ezer berria. Are gehiago, baldintza okerragoetan lan egiten duten praktiketako langile pila daude, bai eta etorkizunerako espektatiba okerragoak dituztenak ere. Baina adibide honek krisiaren aurrean aldaketak nola ematen diren erakusten digu. Etekina kolokan jarri denean, medikua lan-baldintza onenekin lotzen duen irudi orokortua berehala apurtu da, eta medikuntza ikasleak, etorkizunean burgesia txikiaren parte ere izatera iristeko esperantzak izan ditzaketen horiek, lan-esku prekario gisa erabiltzen dira. Hau guztia ez da koronabirusari aurre egiteko momentuko neurria, krisi garaian kapitalak egiten duen berregituraketaren parte baizik.

Krisi egoeran aldaketa sakonak egin behar ditu kapitalak. Irabaziak urriagoak direnez, bere etekinak mantentzen dituen kapitalista garaile irtengo da. Horretarako bakoitzak bere lehiakideek baino aldaketa sakonago edo gogorragoak hartu behar ditu (soldatak jaitsi, lan ordu gehiago eginarazi, langileak kaleratu…). Merkatuaren darwinismo honek aldaketa estrukturalak egitera behartzen du kapitala bere kontrolpean dituen eremu guztietan. Horrek esan nahi du enpresa pribatuen fabriketatik haratago, sektore publikoak ere logika horren baitan funtzionatzen duela (hortxe dugu EAEko hezkuntzan egingo diren murrizketen susmoa), eta kasu honetan baita Madrilgo administrazioaren osasunaren kudeaketa ere. Madrilgo osasun sistema lan-indar debaluatua kontratatuz (BAMEak) moldatu da krisi egoerara. Formakuntza jasotzen ari diren langile hasiberriak izatetik osasun sistemako lan-kargaren zati handi bat beren gain hartzera pasatzen ari dira beren plaza kopurua etengabe handitzen ari den honetan. Era horretan, etorkizunean BAME figura oinarrizko lan-indarra bihurtu daiteke medikuen artean, eta gainerako medikuen baldintzak egoiliar hauenetara berdindu (espezializazio berezi eta urrietako medikuen baldintzak soilik mantenduz). Madrilgo erkidegotik haratago ere birmoldatze hau antzeman daiteke: UIBk konfinamendu hasieran salatu zuen EHUk erizaintzako ikasleak baldintza negargarrietan zituela lanean, eta medikuntzako ikasleak (BAME izateko azterketa oraindik egin ez dutenak) beren praktikak pandemiari aurre egiten osatzeko proposamena prest zuela Osakidetzarekin batera, soldata minimoa kobratuz mundu osoko pandemia bati aurre egiteagatik!


Ez dut gaia gertutik ezagutzen, beraz, zehazki zer gertatuko den ezin dut jakin, baina adibide horrekin frogatu nahi dudan hipotesia honakoa da: burgesiak gaur egungoa bezalako krisi garaiaz baliatzen da bere posizioa indartzeko. 80eko hamarkadako krisian «industria-birmoldaketa» egin zen bezala edo 2008an Ongizate Estatuaren deskonposizioa azeleratu zen gisara, krisi guztiak baliatzen dira halako aldaketa traumatikoak egiteko. Horrek esan nahi du BAMEen pisua handitzea osasun sisteman ematen ari den aldaketa bat dela (kostuak murrizteko etab.), eta COVID-19ak azkartu egin duela, baina ez dela pandemia garairako soilik hartu den neurri bat. Era berean, COVID-19aren harira sortutako egoeran bizitzen ari garen beste aldaketa sakonak ez dira unean uneko neurri hutsak, egonkortzen doan berregituraketa bat baizik. Litekeena da neurri batzuk –irakaskuntza telematikoa, adibidez– zertxobait leuntzea orain, baina egon ziur aldaketa asko mantenduko direla txertoa aurkitu ondoren ere –irakaskuntza mistoa, esaterako–. Krisi garaiak aldaketa garaiak dira, eta hau ez da salbuespena izango: telelana, etxean geratzea, presentzia polizial eta militar orokortua, enplegu erregulazio espedienteen malgutasuna (EEE, ABEE…)… lan indar merke eta sumisoa sortzeko prozesu honi guztiari honela deritzogu: «ofentsiba burgesa».

 

Madrilgo egoiliarren egoerara itzuliz, beren posizioa ofentsiba honen aurrean defendatzeko mekanismoak martxan jartzen saiatzen ari dira nolabait. AMYTS sindikatuak hitzarmen bat proposatu zuen BAMEen figura nolabait erregulatu eta ziurtasun batzuk emateko. Enpresa-komiteak hitzarmen hori Madrilgo administrazioari iritsiarazi dio, baina hura ez dago marko legal minimo hori onartzeko prest ere. Argi dago ofentsiba burgesa gehien sufritzen duten sektoreak atomizatuenak eta ezegonkorrenak direla, lan-indar debaluatuena: praktiketakoak, epe laburreko kontratuak dituztenak, aldi baterako lanen enpresa bidez kontratatuak… Are gehiago, ez da Madrilgo auziaz hitz egin ere greba deitu duten arte. Administrazioak beren eskaerak (hitzarmen ziztrin bat) «gehiegizkoak» direla adieraztearekin bakarrik paretik kendu zituen. Grebak indar korrelazioan aurrera egiteko aukera eman die. Ikusiko dugu nola doan, baina atera behar dugun irakaspena ez da grebaren mekanismoarekiko atxikipena (sektore batzuetan hau ezin baita planteatu ere egin), presio eta autodefentsa mekanismo eraginkorren beharra baizik. Horrela soilik egin diezaiokegu aurre gainera datorkigun bigarren gaitzari, hau da, ofentsiba burgesari.