Versión en castellano
Pasa den kurtsoan, 11.542 ikaslek jaso zituzten Jaurlaritzak ematen dituen unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak burutzeko bekak. Bekak zati ezberdinak ditu, ikasle bakoitzak zati batzuk ala besteak jasotzen dituelarik bere egoera eta beharren arabera. Alde batetik, oinarrizko zenbatekoaren multzoa dugu eta, bestetik, zenbateko osagarri aldakorrarena. Lehenengoaren barruan honako zati hauek hartzen dira: matrikularen prezio publikoa, familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa, egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa eta aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa. Bigarrenean, berriz, honako hauek: ikaskuntzari laguntzeko prozesuari lotutako zenbateko osagarri aldakorra eta hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra.
Aurtengo kurtsoan, orotara, Hezkuntza Sailak 26.480.000 euro bideratuko ditu unibertsitate-beketara, aurrekoetan baino gehiago. Bestelako exentzio eta prezio publikoaren murrizketez ere hitz egin genezake. Zoragarria, ezta? Ohiko argudioa da baldintza “onak” -- hau da, lehenago zeudenak edo besteenak baino hobeak – daudenean hobekuntzak lortzen saiatzeak zilegitasunik ez duela esatea. Daukagun hori eskertu eta konformatu behar garela, alegia, kristauen erara. Geure kasuan, ahoa betetzen zaie Gobernu zentraleko Hezkuntza Ministerioak emandako beka baino hobea den bat eskura dugula eta baldintzak hobetzeko aurrekontua beste nonbait murriztu beharko luketela esanez. Era horretan, beren edo beren seme-alaben ikasketen kostuak murrizteko lanean dabiltzan guztien borroka berekoikeria bihurtu daiteke berehala. Eman diezaiogun buelta bat kontuari.
Hitz egin dezagun, adibidez, beka hauen eguneratze urriaz. Soldata nominala (soldataren zenbateko hutsa) ez da fidagarria, soldata hori konstante mantendu eta prezioak igotzen badira, langilearen egoera okertzen delako (zentzu honetan, soldata erreala fidagarriagoa da). Era berean, azken lau urteetan EHU eta NUP-eko campus ezberdinak dauden hirietako alokairua igo bada (Bilbon %9,8, Gasteizen %10,9, Iruñean %16,5 eta Donostian %17) baina “egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa” aldatu ez bada, hori jasotzen duten ikasleen egoera okertu da; eurek ordaintzen duten alokairuaren zatia handitu delako, baldintza okerragoak dituzten pisuak aurkitu behar dituztelako etab.
Errendimendu akademikoak dira, bestetik, beka galtzeko arrazoi nagusietako bat. Hurrengo kurtsoan, beka jasotzeko eskubidea izateko aprobatu beharreko kreditu kopuru minimoa %75eraino iristen da, eta %50etik behera aprobatu ezkero, kurtso horretako beka kendu diezazukete. Esaten dudana ez da alferkeria defendatzeko, Jaurlaritzaren hitzetan, beka hauek “egoera ekonomikoa horretarako oztopo izan gabe, jende askok unibertsitate ikasketak edo goi-mailako bestelako ikasketak burutzeko” tresna izan behar dutelako baizik, ez ikaslea presionatzeko. Zentzu berean aipatu ditzakegu beka jasotzeko matrikulatzea beharrezkoa den kreditu kopuru minimoa, graduz aldatuz gero beka ez jasotzea (aurreko graduan beka jaso duzun urte kopuru bera pasa behar duzu jaso gabe, gradu aldaketa zigortuz), bateraezintasunak (egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa eta hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbatekoa eskatuta adibidez, ezin dituzu biak lortu) eta beste hainbat zailtasun.
ECTS kreditu sistema ezarri zenetik pasa diren urteen erdian matrikularen prezioa igo dute, urte horiek justu 2008ko krisiaren ondorio latzenak pairatu diren urteak izanik ere. Kurtso honetan bertan, adibidez, 3. eta 4. matrikulazioaren prezioa igo dute. Matrikularena, etxebizitzarena eta gainerakoen kostuak ere etengabe garestitzen ari badira, beka gero eta jende gehiagoren gotorleku bilakatuko da. Era berean, kanpo geratzen direnek (EAE-n erroldatuak ez egoteagatik paper gabeak direnak, adibidez) geroz eta zailagoa izango dute goi-hezkuntzara iristea lortzea.
Guzti honez gain, “euskal oasi” famatuaz ere hitz egin dezakegu. Izan ere, hemen ez da bonifikazioez hitz egiten, baina Andaluzian %99-ko bonifikazioa aplikatzen da lehenengoan aprobatu ezkero (hots, kredituen kostua itzultzea). Berdin Extremaduran edo Aragoin (azken honetan %50-ekoa), matrikula 10 zatitan ordaintzeko aukera utziz gainera. Amaitzeko, hemen aplikatzen ez den prezio bereko neurria ere aipatu beharra dago, Andaluziako legedian honela jasota dagoena: “lehenengo edo bigarren matrikulaz ari garenean, hautatutako ikasketak zein jakintza eremutakoak diren kontuan hartu gabe prezio publiko bakar bat ezartzen da, gradua aukeratzerako orduan ikasleak ez daitezen baldintzatuta egon arrazoi ekonomikoak direla medio”.
Aurreko artikuluan azaldu bezala, unibertsitatea ez da bertan parte hartzen dugun langile klaseko kideona. Haiek asko errepikatu arren, unibertsitate hau ez da “nirea” (ikaslearena, garbitzailearena…) ez “gurea” (euskal gizartearena, herritarrona…). Langile klaseak ordaintzen du, bai, baina unibertsitatearen gaineko kontrolik ez du. Hortxe dago trikimailua; burgesiak beren ekoizpenerako lan indar kualifikatua behar duelako goaz unibertsitatera eta gainera, geuk ordaintzera behartzen gaituzte. Are gehiago, ordainketa horri norbaitek aurre egin ezin dionean, langile klasearen diruarekin finantzatutako limosnatxo bat (beka) ematen dizutelako eskertu behar duzula suposatzen da. Honek ez du ez hanka ez bururik: Burgesia diru guztiaz jabetzen da eta berea dela dio, ondoren, beka edo dena delako laguntza moduan limosna ematen digunean, belauniko jarri eta eskerrak ematera behartzen gaitu.
Ez diegu inolako errespetu ez esker onik zor, unibertsitateko kostu zuzenak zein zeharkakoak doakoak izatea baita orekako egoerara itzultzea. Ez dugu gupidarik izango beraz, bekak aldatu behar direla badiogu. Ez gara geldituko lortu arte.