Ekarpen (xume) bat langile kontseiluei buruzko eztabaidari

2021eko otsailaren 8a


«…eta dena aldatzen den heinean, ez da arraroa ni ere aldatzea.»

(Itzulpena)

Errealitatea etengabe aldatzen da. Egungo gertaeren argitan bistakoa dirudi horrek, baina dena den, ez da ebidentzia bat denentzat. Historiak itsasoa erdibitzen du haizea poparean duela; eta hegaz doa horrela. Kapitalaren bitartekoek bere errai usteletatik libratzen saiatzen den edozein bulkada itotzen dute. Mugimendu sozialistak behin eta berriz azaldu du iraultza dela irtenbide bakarra, baina zer esan nahi du horrek gaur egun?

Programa iraultzailea, askatasun politiko erreal eta unibertsalerako berme bakar gisa (gizakiak gizakia esplotatzearen amaiera) boterea hartzea oinarritzat duena, aldatuz joan da historiak aurrera egin ahala. Klaseen arteko borroka prozesu konplexua da, faktore eta elementu ugari nahasten dira. Zentzu horretan, burugabea dirudi formula politikoek historiaz gaindi irauten dutela planteatzea edo are defendatzea, edo, beste modu batera esanda, planteamendu bat historiaren bilakaeratik kanpo mantendu ahal izatea, hura zuzena egiten duten faktoreen eraldaketari erreparatu gabe.

Gizarte kapitalistaren baitan dagoen indar korrelazioan eragitea helburu duen ekimen orok egunerokoan borrokatu nahi duen horren azterketa zehatza egin behar du. Ikuspegi bat garatu, katebegirik ahulena bilatu eta kolpatu. Prozesu horretan, eta aurrebaldintza orokorrak kontuan izanda (goian aipatutakoak), antolakuntza hipotesi zehatzen bazterketak, diseinuak eta garapenak etengabeko buruko mina dakar. Dei diezaiogun min horri sentsibilitate iraultzailea.

Pragmatismo posibilistak, harrokeriaz gainezka, defendatzen du bera dela aukerarik praktikoenaren eta, beraz, zuzenenaren hautuaren buru. Posible den horren (edo hala dela dirudien horren) baitan soilik mugitzea azken muturreraino eramatean, ordea, funtsean lortu nahi denaren aurkakoa den horretan galtzeko arriskua sortzen da. Egunez egun areagotzen ari den gizarte klasistaren polarizazioak ez die tarteko jarrerei lekurik uzten, eragile politikoak posizioa hartzera behartzen ditu, eta baita planteamendu antagonisten garapena ahalbidetuko duen praktika bat definitzera ere (horrek ez du kentzen planteamendu horiek jarraitu ditzaketen bideak asko eta askotarikoak izatea, azpimarratzen duena da hori ikuspegi jakin baten bidez egiteko beharra). Era berean, gizarteko faktoreen eraldaketak zaharkitu bilakatu ditu garai batean zuzenak ziruditen zenbait aldarrikapen eta lan ildo.

Horrela, mugimendu iraultzailearen historia, beste gauza batzuen artean, bere garapenaren mugei lotutako existentzia moduak definitu eta garatzeko kezkak markatzen du, zeinak azken instantzian bere etsaiaren garapenaren mugekin bat datozen. Hori dela eta, definizio eta garapen hori historian zehar oso modu desberdinetan gauzatu da.

Kontseilu sozialisten sorrerak, besteak beste, gai horri buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera mahai gainean jarri du berriro, orainaren eta tradizio historikoaren arteko lotura ezarriz. Izan ere, tradizio hori gai akademikoen, politikoen eta zentzu komunaren ideariotik desagertu den arren, bere oroitzapenaren hondakinen artean muturra ateratzen saiatzen baita. Eta nik ez dut aukera alferrik galduko.

Iraultzaren bultzadaren berezko ezaugarria da izaera unibertsaleko proiektu bat garatzeko asmoa, mundu zaharraren oinarriak hautsi eta printzipio demokratikoa gizarteko esparru guztietara zabaltzen duen gizarte baten oinarria artikulatuko duena. Izan ere, proiektu horrek baztertu egingo ditu desjabetuak gizarteko parte-hartze demokratiko horretatik kanpo uzten dituzten mekanismoak, eta demokrazia burgesaren muga estua gaindituko du, azken hori kapitalaren diktadurak hartzen duen forma bat baino ez baita. Helburu hori lortzeko bidean, kontseiluen esperientzia mugarri da; hainbat hamarkadatan landutako tradizio baten garapenaren emaitza eta katebegi, zalantzarik gabe, «alderdiaren historiako gertaera bat, (…)", langile klasearen "misioaren" ideiaren zehaztapena, bere baitan biltzen dituena "gizartearen interes iraultzaileak", gizarte horren existentzia baldintza orokorretatik "automatikoki sortzen diren zeregin historikoak" gauzatzeko»[1].

Lehen Mundu Gerraren gerraosteko urteetan, hondamendiak markatutako testuinguru batean, zenbait motatako agenteek irudikatutako hipotesi politiko batzuen irmotasuna pitzatzen hasi zen. Gerraren izugarrikeriek, taula gaineko piezek egoeraren aurrean hartu zituzten zalantzazko posizioek eta Errusiako Iraultzak sortutako testuinguruan asaldura eta sormen iraultzailea izan ziren nagusi. Sektore batzuek eutsi egin zioten antzinako ilusioari, hau da, urrats motelen eta erreforma zuhurren estrategia batek ezinbestean minik gabe sozialismoa ezartzea ekarriko zuelako ilusioa, eta izan zenaren eta izan zitekeenaren arteko zubi bat eraikitzen saiatu ziren. Beste batzuk, ordea, aro berriaren etorreraz jabetuta, garaiko beharrei egokitutako formula politiko berrien bila abiatu ziren, hainbat hamarkadatan ahaztuak ziruditen elementuak berreskuratzen saiatuz. «Boterearen bidea» birpentsatzeko beharrak, pixkanaka, langileen kontseiluen forma hartu zuen hainbat lekutan. Horiek demokraziari forma emateko nahitaezkotasuna sostengatzen duen kontzepzio baten gainean oinarritu ziren, hau da, unibertsaltasuna, gizarte osoa eta haren beharrak modu eraginkorrean artikulatzea lortu nahi zuen forma politiko bat garatzea zuten helburu.  

Gizarte antolaketa kapitalista, zeinak aurrera egin ahala gizateriari existentzia lege batzuk ezartzen dizkion, oinarri baztertzaile batzuetatik abiatuta garatu eta gobernatzen da, eta ondorioz, Alain Arrutik Gedarren argitaratutako «Kontzientziaz eta unibertsaltasunaz» testuan adierazi zuen bezala, «zatiketa eragiten duen instantzia unibertsala d[el]a, unibertsalizazio anti-unibertsalistaren esparrua, hain justu»[1]. Horrek, azken batean, askatasunean, berdintasunean eta senidetasun unibertsalean oinarritutako gizarte antolaketaren eraikuntzaren porrota adierazten du, «Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Adierazpenean» zehatz-mehatz jasotako borondatearena, alegia. Testuinguru horretan, tradizio iraultzailean inola ere falta izan ez diren zenbait oinarri berreskuratzen saiatu ziren kontseiluak, historian zehar programa errepublikano-demokratikoarekin lotura estuan egon dena, ez bakarrik klaserik gabeko etorkizuneko gizarte hipotetikoari forma orokorra emateko, baizik eta baita emaitza horretara eramango duten bitartekoak antolatzeko ere. Iraultzaren ideia jada ez zen eskema kolpista edo gradualistan oinarritzen, une horretan ahalik eta oinarri zabalenaren gainean antolatutako langile klasearen antolaketa autonomoa zuen «askatasunaren erresuma» lortzeko bide. Langileen alderdi tradizionalak eta beren sindikatuak historiaren jauzietara egokitzeko gai izan ez, eta mugimendu iraultzaileari bizkarra eman zioten garai historikoaz ari gara[2]. Langileriak, forma politiko berri honek ahalbidetzen duen markoaren baitan, errealitatea ulertzeko modu berri baterantz jo zuen. Soldatapeko izaerak proletarioei ezartzen dien muga estuaz harago, kontseiluek irizpide analitiko berri bat proposatu zuten gizarte klasista ulertzeko eta gainditzeko. Izan ere, azken horiek ikuspegi kapitalista kaotiko eta pitzatutik abiatuta garatzen diren zatiketen gainditze eraginkorra irudikatzen zuten. Klase iraultzailearen antolakuntza bateratua, lurraldearen gaineko kontrola aldarrikatzen eta gauzatzen duten nukleotan antolatuta, «herritarren estatuaren» aurka altxatzen saiatzen da, «langileen estatua» edo estatu sozialista gauzatzeko bidean aurrera egiteko, horretarako hurrengo hamarkadetan prozesu iraultzailea garatzea ahalbidetuko duten oinarriak ezarriz.



[1] «Marx y Engels y el concepto de partido». Monty Johnstone.

[2] «Kontzientziaz eta unibertsaltasunaz». Alain Arruti.

[3] «II. Internazionalaren Porrota» deituriko prozesua. Horren adierazpenik bereizgarriena taldea osatzen duten alderdiek I. Mundu Gerraren aurrean duten posizioa izan arren, hainbat planotan garatzen da.