AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Nire azken iruzkinean solte utzi ahal izan nituen hari batzuk lotzeko asmoz nator gaurkoan. Izan ere, honelako gaiak formatu hain laburrean jorratzeak dakartzan mugak azaleratu dira, eta, horregatik, hurrengo lerroetan garrantzitsuenak sintetizatzen saiatuko naiz. Baita indartzen ere.

Lehenik eta behin, gure belaunaldiari egotzi nion norabide falta apur bat gehiago sakontzen saiatuko naiz. XXI. mendearen lehen urteetan militantzian lehen pausoak ematen hasi ginen gazteok, aipatu moduan, gure borroka moldeen inguruko eztabaida estrategiko gehientsuenak itxita aurkitu genituen. Berlineko harresiaren erorketarekin, jausi egin zen Tatcher, Reagan edota Pinochet gisako fenomenoek marraztutako bide-orri liberalak mundu mailako berrantolaketa garatzeko zeukan horma nagusia. Horrek politika ulertu eta egiteko formaren eraldaketa ekarri zuen urte gutxitan.

Testuinguru objektiboari non heldu izan gabe, gure bide-orri propioaren posibilitateetan itsuki sinetsi genuen. Nazio eraikuntzaren garapena nola gauzatu oso argi ez bagenuen ere, langile mugimenduaren potentziaren erakusle ziren elementu askok indar handia zuten gurean; greba orokorrak aurrera eramateko gaitasunak zituen sindikalismoa, legez kanporatutako alderdi eta gazte antolakunde erradikalak, kaleak moztu eta sutzeko gaitasuna zuen herri mugimendua, eta nola ez, bizitza emateko prestutasuna zuten hainbat kide. 

Funtsean, oraindik arrastaka daramagun sentsazio batetan murgildurik geunden; Euskal Herria oasi bat izatearen sentsazioan. Honen baitan, Euskal Herrira mugatutako dinamikek Euskal Herria aldatu ahal izango zuten segurtasuna genuen.

Kapitalismoa, ordea, mundu mailan antolatua dago eta eskala horretan agintzen du. “Politika klase batek bestea zapaltzeko duen antolakuntza boterea da”, zioen Marxek. Hortaz, eredu ekonomiko soil bat inposatzetik haratago, dominatzaileen kontzientzia eta bizikera mundu mailan egonkortzeko gaitasuna zuen dominazio sistema zen orduan eta orain ere bada. Hamarkada aurrera joan hala, gure inozentzian, bazirudien Europan garatua zegoen ezker mugimenduaren kontsigna eta praktiketara egokitzea besterik ez zela gelditzen. Hori bai, Eusko Labelaren ziurtagiriarekin beti ere.

Gure herrian bizi maila “altua” egon izan da. Eta oraindik ere mantentzen da, deskonposizioan egon arren. Erlijioa ez da izan gure herriaren opioa: urteetan erakutsitako borroka gaitasunaren anestesiko modura bizi mailaren hobekuntza orokortua agertu zen; proletalgoarekin estrategia partekatzen (eta lehiatzen) zuen langile aristokrazia progresistaren lerroak gizendu ziren. Zer gertatu den? Soziologia horri bideratutako politikak eta lan egiteko formak hartu duela Euskal politikaren lehen lerroa. Sozialismoa jada ez dago presente kontsignetan ez eta ekintza formetan: proletalgoa baztertua izan da.

Prozesuaren bilakaerak ematen dizkigun ebidentziak asko dira: adibidez, Euskal Herriko txoko guztietan eztabaidatu zen “eskubide sozialen karta”, jada euskal progresisten “batasuna” eta “guztiok batera” borrokatzera deitzen zuen gutxiengo batzuen intereseko akordio programatikoa. Honela, eskubide abstraktuen defentsan lerrokatu ziren borrokaren aldarri nagusiak; urte gutxian norabide bera hartu zuen presoen auziak, edota nazio askapenarenak, erabakitzeko eskubidearen defentsan.

Bide beretik, kapitalismoari “alternatiba” gisa saltzen zizkiguten proposamenez beteriko “alternatiben herria” garatu zen: eduki politikorik gabeko proposamenak kapitalismoari aurre egiteko erreminta zela sinestarazi nahi izan ziguten. “Goiener” bezalako dinamiken bitartez Iberdrolari alternatiba eta gure energia eredu propioa garatu ahal izango genuen. Gure dirua ongi kudeatzeaz gain, proiektu “sozialak” elikatuko zituen finantza eredu aurrerakoi bat bultzatu ahal genuen Fiare elikatuz. Kooperatibismo eredu berri eta modernoen bitartez, gure herriko tradizioari jarraikiz, “bertatik eta bertakoa” esamoldea gure eginez, ekonomia eredu propioa garatu ahal izango genuela sinistera iritsi ginen. Honetan eginik, Euskal Nazioa eraiki ahalko genuen.

Sistema kapitalistaren eta botere burgesaren gaitasunen dimentsioak ezkutatzearekin, denak balio zuela zirudien. Emakume baserritar berrien gorakada goraipatzen genuen, gehienek elkartrukearen eta merkatuaren logikaren menpe auto-esplotatzen amaitzen bazuten ere, alokairu eta uzten ezegonkortasuna medio.... beraien lagun irakasle eta funtzionarioei otarreak salduz, azken horiek kontsumo militantearen kuotak betetzen zituzten bitartean. Politika proletarioaren noraeza eta botere ekonomiko handiena zuen langile aristokraziaren mesedetako politika eskutik helduta zihoazen bada.

Nire iritziz, egoera honetan sektore honek sekulako inbertsio ekonomikoa bideratu zuen ideia hauek Euskal Herriko txoko guztietan barreiatzeko. Aipatutako dinamiken propaganda eta azpiegitura kanpainak ikaragarriak izan ziren, txoko guztietan eragiteko gaitasuna izan zuten; eta gaur egungo egoera ikusita, onartu beharra dago beraien betebeharra bikain bete zutela. Orain hondar haietatik lokazti hau: kapitalarekiko haustura gauzatzeko ezinezkotzat azaleratu den independentzia estrategia, aurrerapen kualitatiborik sortu ez duten masa akumulazio puntual ikusgarriak, militantzia forma akomodatua, soldataren kategorian egonkortu den langile aristokraziaren sindikalismoa, kooperatiba “eraldatzaileen” dinamika merkantilistak...

Dena dela hau ez da berria. Perspektiban jarrita, urte asko pasa dira dinamika akomodatuetan borrokatzen hasi ginenetik: gure umeak hezi nahi ditugu garai batean estrategiko ziren eta egun erabat elitizatuta dauden ikastoletan, pintxo-pote aurreko kontzentraziotara joan, urtean hiruzpalau masa deialditan gure herriaren muskuluak bistaratzearekin emozionatu, pakistandarrek baldintza miserabletan ekoitzitako “bertako” produktuak erosi, demokraziaren festan mozkortu, proletalgoaren gutxiagotasuna moralkeria gaindosiaz konpondu… eta guztiaren errua egotziz gure alderdia bozkatzen ez duten langileei, edota gaizki bozkatzen dutenei. Eta EAJri.

Ez baita harritzekoa gauzak aldatzeko eremu eraginkorrenak instituzioak direla ulertzen duen zentzu komunak, EAJren soziologiatik bozkak arrantzatzeko errudun absolutu gisa EAJ jartzea. Baina hori bai, EAJri aldaketarako eskua luzatuz beti ere: “deskontu” kanpainekin (ikusi estatutu erreformaren gaia) edota espainiar instituzioek inposatutako eta alderdiaren koadroen poltsikoak betetzen dituzten diru sarrerak eskuratzeko toreatzen saiatuz. Azken instantzian, psikologia hau da euskal progresisten politikan dagoena: klase arteko aliantza bulegoetan eta aldaketaren politika kalean. Zirkulu perfektua.

Hortik Estatu espainiarraren errealitatearekin etengabe alderatzeko joera ere: honela gure labela daramaten proposamenek aurrerakoiak eta erradikalak diruditelako. Aktibismo despolitizatu eta horizontalista ere gustura dabil ur horietan, zalantzarik gabe: Propaganda estetiko horretan kontzienteki kontrairaultzaileak diren proposamenak ezkutatzen dira. Garai batean lagun batek jazarpen polizialarekin, errepresioarekin eta prozesu judizial politizatu haiekin esaten zidana gogorarazten dit: “barregarria litzateke guztia, halako kalterik eragingo ez balu”.

Sozialdemokraziari politika proletarioak enbarazu egiten dio, kolpatuenen aldeko posizioa hartzea eskatzen diolako. Eskakizun hori gogorregia da norberekoikeriaren eta konfortaren garaietan. Baina zer egin dezakegu bestela? Bide-orri postmodernoa agortu da. Gure oasia idortzen doa. Alternatiba gisa saldu zizkiguten proposamen haiek kapitalaren logika indartu besterik ez dute egiten. Aktibismo lokalista eta horizontalistak ez du potentzia iraultzailerik erakutsi. Agerikoa da eskala lokalak ez duela mundu mailako indar politiko baten aurrean zereginik. Horregatik azaleratu da politika sozialista eta iraultzailea hain indartsu koiuntura honetan.

Izan ere, Euskal Herriko langile klase osoa politika eraginkorrera (hau da, maila nazionalean zein internazionalean ekonomikoki eta politikoki artikulatzeko apustua egiten duen horretara) berbideratuko duen estrategia sozialistarik gabe, arazo larriak aurreikusi ditzakegu Euskal Nazio eraikuntzan: VOX bozkatzen ez duen arren, potentzian artikulatuta dagoen baina diskurtso faxistan errealki integratuta ageri den sektorearen antolakuntza politikoa esaterako. Bizi baldintza egonkorren desagerpenak dakarren fenomeno honen aurka Eusko Labelak ez du zereginik. Nahi duenak azter dezala zeintzuk izan ziren faxismoaren agerpen historikoaren baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak. Historiak ez du gezurrik esaten. Arrisku larrien aurrean gaude.

Atzeraldiaren kontra aurrerapenak egotekotan, langile boterea elikatu ahal duten estrategia iraultzaile baten baitan kokatuko dira. Horregatik, faxismoa ere, kapitalaren aldagai bat den heinean, ildo sozialistaren garapenetik gainditua izango da ala ez da izango. Instituzio proletarioak behar ditugu borroka antifaxistan zein nazio eraikuntzan. Bizitzako arlo guztietan gure beharrei zuzenean erantzuteko gaitasunak auto-antolatzeko hautua besterik ez da alternatiba erreala. Hautatzeko ordua da beraz: sozialismoa edo basakeria.