AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

VersiĆ³n en castellano

2008tik aurrera nabarmen zabaldu zen krisi kapitalistak, bistakoa da Europan eragin zuen kaltea, are gehiago Espainiar Estatuan. Luze iraun du zulo hartatik irteteko saiakerak eta garesti ordaindu ditu proletalgoak lehen urte haiek.

Gainbehera ekonomiko horren aitzakia pean, orduko Zapateroren gobernuak estatu-erreforma asko gauzatu zituen 2009 eta 2011. urteen artean, politika autonomiko zein supraestatalen bidez elikatu zirenak; Europaren aginduz zor pribatua publiko bilakatu zen, eta enpresa publikoak pribatizatu ziren, Troikaren mehatxu pean. Gainera, erreformak planteatu ziren Zigor Kodean, hezkuntzan, lan-esparruan eta etxebizitzaren arloan. Langileriaren gaitasun ekonomikoak murriztu ziren, diziplinatze-prozesuak abiatu ziren eta proletalgoak baliabide urriekin biziraun behar izan zuen, nola ez, gazteok ere.

1999. urtean sinatu zen Bolonia Plana martxan jartzeko aprobetxatu zuten krisi garaia, 2008. urtean jarri zuten indarrean Etengabeko Ikaskuntzarako Prestakuntzen Europar Esparrua eta 2010. urtea jarri zuten epemuga egin beharreko aldaketa administratibo guztiak gauzatu zitezen zegokien instituzioetan. Bolonia Planak krisi testuinguru honetan, ikuspuntu burgesetik hiru problematika ebazten zituen gazteriari zegokionez: batetik, Europa mailako ikaskuntzen homogeneizazioak Europar Batasunaren baitan merkaturatu zitekeen lan indarra hezteko baldintza berdintsuak inposatzen zituen, bestetik, masterren planteamendu berriak hezkuntza prozesua garestitzen eta pribatizatzen zuen enpresa pribatuen mesedetan, eta, azkenik, ikasleriaren diziplinatze-prozesu baterako irizpideak inposatu ziren. Azken horrek ikasle eredu berri baten beharrizana azaleratu zuen eta, besteak beste, klasera joateko derrigortasunaren edo etxean egin beharreko lanen bidez diziplinatu zuen ikaslea.

Hezkuntzako erreformei enpleguari lotutako erreformak batu zitzaizkien. 2010. urteko ekainean enpleguari lotutako lege dekretua onartu zen, bi ardatzen baitan formulatu zena: bata, enpresaburuentzako kaleratzeak merkatzea eta, bigarrena, Estatuak langabetuekiko zuen kontrola handitzea. Lege dekretu hori izango zen 2010eko irailean deitu zen greba orokorraren detonatzailea. Esan bezala, kaleratzeak erraztu zituen indemnizazioak merketuz, eta, ondorioz, langabezia-tasa hazi egin zen. Horretaz gain, beste lege dekretu baten bidez Gobernuak aldi bateko kontratuak bata bestearen atzetik egitea ahalbidetu zuen; lehenago zegoen 24 hilabeteko epemuga ezabatu zuen eta, bide batez, Aldi Baterako Lanerako Enpresak (ETTak) liberalizatu zituen. Horrek gazteriaren lan-baldintzen eta gaitasun ekonomikoen okerragotzea eragin zuen, izan ere, gazteriak sinatzen dituen kontratuen ia %70 aldi baterako kontratuak izaten dira. Gainera, hori nahikoa ez balitz, lan-hitzarmenetako klausulak ez betetzeko aukera ere zabaldu zen krisi garaian. Langabezia tasaren gorakada ikaragarria izan zen, etxebizitza bat izateko aukerak zeharo murriztu ziren gazteriarentzat, emantzipazio-gaitasuna desagertu zen kasu gehienetan. 2007. urtetik 2011. urtera %5 jaitsi zen gazteriaren bataz besteko diru-sarrera eta pobrezian bizi zen gazteriaren portzentaia %7 igo zen. Europako altuenetarikoa bilakatu zen Espainiar Estatukoa. EAEn, 2008tik 2012ra, %15 igo zen langabetuen ehunekoa eta %6 epe luzeko langabetuen tasa.

Hori guztia krisiaren testuinguruak zuritu zuen ofentsiba kapitalistaren baitan eman zen, 2007an hasi zen atzeraldi ekonomikoa eta eragindako albo kalteak proletalgoak jasan zituen eta horren parte den gazteria langileak. Garai hartako zorrek hipotekatuta gaituzte oraindik, izan ere, langabezia tasa 2008. urtean baino zertxobait altuagoa izanda ere, lanaldi partzialek eta aldi batekoek proportzionalki nabarmen egin dute gora ordutik, eta soldata garbiak 2008koak baino baxuagoak dira gaur gaurkoz. Horrekin adierazi nahi dudana da, krisi garaian inposatu ziren neurrietako askok gaurko errealitatea osagarritzen dutela, hau da, krisi garaiko erreforma horiek gaur ezagutzen dugun gazte lan merkatua ezaugarritzen dutela: aldi baterako lanaldiak, soldata baxuak edo lanaldi partzialak adibidez. Orduz gero zaila egiten zaigu beste ikasle eredu bat irudikatzea ere, lana eta ikasketak uztartzeko logistika planteamentuak garatu behar ditugulako, orduak eta egin beharrak ondo ahokatuz. Zaila egiten zaigu beste eredu bat irudikatzea, eredu horrek 10 urte eskas izanda ere.

Testu honen izateko arrazoia zera da: krisiaren fase gordinago baten atarian gaudela soma daitekeela, COVID-19aren desenkusak kapitalismoak beharrezko zuen egokitzapen oldarkorraren prozesua arindu duela: goi-burgesiaren ofentsiba berri baterako prestatzeko unea da berriz. Kapitalismoari berezko zaizkion kontraesanak gordindu dira, ekonomia desorekan dago eta ekonomiaren atzerakada egongo dela aurreikus daiteke. Badugu nondik ikasi, aurreko krisialdiko etapa horrek langile klasea erraustu baldin bazuen, 2006-2007ko bizi-baldintzak, errentak edo langabezia tasak, esaterako, orain ditugunak baino hobeak izanik, datorrenak ez gaitu hobeto utziko. Oraintsu ondorio berehalakoenak pairatzen ari gara jada: kaleratzeak, ERTEak, EREak, alokairuak ezin ordaindu edo ikasketak ezin gauzatu gaude; baina irudikatu behar dugu horiek ez direla behin behineko erabakiak, eta luze iraungo dutela.

Honerainoz gero, hiru irakaspeni aterabide organizatiboa emateko beharrean gaude. Batetik, egiaren egituratzeari ekitea, krisiaren erantzuleak eta horiek zuritzen saiatzen direnen seinalatzearen beharrezkotasuna azpimarratu behar dugu, krisiaren arrazoiak eta helburuak argitara ekarriz; bestetik, ahal den neurrian, datozen erreforma eta berrikuntza guztiak eteteko indar metaketa efektiboa garatu behar dugu; eta, azkenik, gizarte berri baten eraikuntzarako oinarri sendoak eraiki behar ditugu, zimendu sozialistak izango dituen langileriaren antolakuntza integrala sortuz.