Bigarren
gerraostea: Ongizate Estatua
Estatuaren auziak
berebiziko garrantzia dauka XX. mendeko mugimendu sozialisten baitan: eraistea
zen helburua, edota erakundeen boterea lortzea erreformak egin ahal izateko.
Auzia oraindik ez da ebatzi, horren adierazle da oraindik batek baino gehiagok
bigarren gerraosteko antzeko egoerara itzultzeko aldarria egitea; tartean,
talde parlamentarien kopuru oparo batek, gizarte eragiletzat ditugunen zati
handi batek, langile mugimenduaren azken hondarrek, eta sindikatu gehienek,
noski.
Hain zuzen ere,
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, kapitalismoak fase berri bati ekin zion:
aurrerapen teknikoei esker, ondasunen ekoizpena hazi egin zen eta masek ondasun
horiek kontsumitzeko aukerak zituzten kasurik gehienetan. Horrez gain,
lanpostuek eta zerbitzuen sektoreak gora egin zuten, eta sindikatuak azken
horietan sartu ziren, ordura arte soilik fabriketara mugatzen zuten beren lan
esparrua. Ongizate Estatua ezarri zen, hainbat faktorek ezaugarritu zutena:
interbentzionismoa ekonomian, Estatuak lan indarraren erreprodukzioan
inbertitzea, edota legedia soziolaborala bat sortzea eta sindikatuak Estatuaren
barnean integratzea, faktore haietako zenbait aipatzearren. Lehenago ere
mahaigaineratu dugu klase-borrokaren esparruan Estatua neutrotzat hartzearen
ideia guztiz okerra dela, kapitalismoaren baitan erabat integratuta baitago.
Are gehiago, enpresari nagusienetakoa da, bai behintzat nazio mailan. Eta
eskala nazionaleko berrantolaketa izan arren, zentroaren eta periferiaren
arteko asimetriak egin zuten posible Ongizate Estatua kapitalismo
globalizatuaren politika inperialisten eraginez sortuak.
Sindikatuei dagokienez: gehienak Estatuaren aparatu bilakatu ziren de facto, ez baziren zuzenean enpresari akzionista egin, Alemaniako IGG Metall-en kasuan bezala[1]. Are gehiago, Alemaniako legediak gaur egun dio 500 lagunetik gorako enpresek langileen ordezkariak izan behar dituztela zuzendaritzako organoetan[2], Estatua-sindikatuak-Kapitala harremanaren adibide bat jartzearren. Kasu horietan guztietan langileen ordezkariek ordezkatzen zituzten horien esplotaziotik onura politikoak lortzen zituzten (ematen zaien erabakitzeko ahalmenagatik), eta baita onura ekonomikoak ere (dibidenduak jasotzen zituztelako, izan beren akzioengatik edota Estatuaren diru-laguntza forman). Alegia, ez ziren langile mugimenduaren zerbitzura bizi, langile mugimenduaren bizkar baizik.
Sindikatuen
mugak
Sindikalgintzaren
joera guztiek, haustura bilatzen zutenetatik hasi eta erreformistetaraino, erakundeetan
gero eta integratuagoa zegoen lan-harremanen marko batekin egiten zuten
topo. Horrek sindikalgintza antagonistari kontraesanak eragingo zizkion, batez
ere iraultza sozialaren zerumuga aurreko hamarkadetan baino urrunago zegoela
zirudielako[3], eta
beraz, esku-hartzeko aukerak oso mugatuta gelditzen ziren. Ikuspuntu
bakegileena zutenentzat, berriz, lan-harremanak erakundeetan integratze hori ez
zen arazo izango, sindikatu horiek jada Estatuaren barneko edo harekin harreman
zuzena zuten erakundeak baitziren.
Lehenengo Mundu Gerraren aurretik jada argi gelditu zen sindikatuak ez zetozela beti bat klase borrokarekin, batzuetan iraultza garaietan langileria mantsotuarazi edota geldiarazteraino: fabriketako batzordeek gain hartu zieten 1905eko Errusiako iraultzan, eta gerra ondoren, berdin gertatu zen 1919ko Alemanian. Gauza bera gertatu zen langile batzordeekin Italiako Bienio Rosso-ko garaian, esperientzia batzuk aipatzearren. Kasu horietako elementurik interesgarriena da borroka bizi-baldintzak hobetzeko helburua izatetik ekoizpenaren kontrola lortzeko helburua izatera pasa zela, zentzu politikoa eman zion horrek borrokari, bestela erabat ekonomikoa izango zenari. Dena den, iraultza saiakera horiek ez zirenez behar beste sakondu eta orokortu porrota jasan zuten, eta ez ziren berpiztu 70. hamarkadara arte.
Estatuak
zuzentzen du merkatua ala merkatuak zuzentzen du Estatua?
Duela gutxi LABek
eta ELAk salatzen zutenez[4] “ekonomiak goraldia izan
arren, langile klasearen egoera ez da hobetu eta krisi garaian egindako
murrizketak ez dira leheneratu”. Itxuraz kontraesana dirudien horren (ekonomiak
goraldia izateak lan-baldintzak hobetzea ekarri beharko luke) atzean ezkutatzen da gainera datorkigun krisia
ulertzeko giltza. Beraz, zergatik “ekonomiaren goraldia” izan arren, ez da
“langile klasearen egoera hobetzen”?
Hasteko, Ongizate Estatua erori izana egiturazko arazo baten ondorio da, beraz, horrek ezinezko egiten ditu zenbait hautu politiko. Batetik, bigarren gerraosteko baldintzak eta gaur egungoak ez dira berdinak: orduan, kapital pribatuak zituen negozioak aski ziren kapitala pilatzeko beharra asetzeko, eta errentagarriak ez ziren ekoizpenak Estatuak bere gain har zitzakeen[5]. Hau da, bien arteko sinkronia bat zegoen. Orain, berriz, nahiz eta ekoizpena (eta esplotazioa) handiagoa izan, gero eta zailagoa da aipatutako kapitala pilatzeko beharrak asetzea, ondorioz, ez dago Ongizate Estatuan diru-funtsak galtzen jarduterik. Garai batean Estatuak ekoizpen sistema “gizakion beharren” menpe jarri zuela eman zezakeen arren, helburu nagusia beti izan da onura ekonomikoak lortzea, gertatzen dena da garai hartan itun sozialak ez zuela helburu hura eragozten[6]. Azken finean, kapitalismoaren zuzendaritza edozein legeditatik kanpo dago, ondorioz sindikatuek ezin dute ezer egin horren aurrean.
Ondorioak
Gure
bizi-baldintzak hobetzeko modu eraginkorrean borrokatu nahi badugu, kontuan
izan behar dugu kapitalismoa mundu mailako eskalan antolatuta dagoela. Ongizate
Estatuaren proiektuak enpresa pribatuei nazioartekotzeko bultzada ekonomikoa
eman zien arren, bere eragiteko markoa nazio mailara mugatzen zen, horren
ondorio da sindikatuen borrokak ere muga horietan aritzea, batez ere,
Estatuaren parte badira. Aldi berean, politika keynesiarren egungo bertsio
berritua eskala nazionalera mugatzen da, erabaki benetan garrantzitsuak
nazioarteko erakundeetan hartzen direnean, eta horrek beren proiektua ezinezko
egiten du. Eta hori gainera kasurik hoberenetan, hau da, ez dutenean proletalgoa
bere buruaren aurka jartzen (neokeynesianismoaren eskuin hegala, Frantziako FNk
ordezkatzen duena, etab.). Zorionez hasiak gara nazioarteko eskalan
antolatutako borrokak ikusten, Amazonen kasua da horren adibide, Alemaniako eta
Poloniako langileen arteko koordinazioa egon baitzen borroka horretan.
Ongizate
Estatuaren gainbeherak gizarteko gero eta kapa gehiagoren proletarizazioa
dakar. Aldi berean, lan-merkatua ez dago jada bateratua, gerraostean bezala,
orain enpresa beraren baitan lan indar kualifikatua[7], enpresak berak bermatutako
gizarte-segurantzarekin[8], eta maila baxuagoko lan
indarra topa daitezke, ezegonkorra eta lan-baldintzei dagokienez berme
gutxirekin. Egoera horretan, berebiziko erronka da azken sektore horiengana
iristea, askotan askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen bitartez
kontratatuak izaten dira (ETTen bilakaera), eta “pribilegiatuen ondoan
dihardute lanean, baina haien pribilegiorik gabe”[9].
Proposatzen den keynesianismoaren itzulerak, sindikatuetatik ere proposatzen dena, kapitalismoaren legeen okerreko ulerkera bat du oinarrian, eta nahikoa arrazoi da hori Estatuaren aparatuetan integratutako sindikatuetan ekintza sustatzeari uko egiteko, gainera, soluzioak kapitalismoaren eremu ideologikoan eta praktikoan proposatzeak haustura-pentsamoldea garatzea oztopatzen digulako ere. Sindikalgintza borrokalariari dagokionez, zama ideologiko hori gainetik kendu beharko luke lehenbailehen. Edozein modutan, gure bizi-baldintzen alde borrokatzea ezinbestekoa da kapitalismoarekin amaitzeko eta klase sozialak desagertzeko, eta horretarako finean kapitalismoa betikotzea dakarten ikuskeretatik bereizi behar gara; Ongizate Estatuak gizarte-laguntza eskaintzen digu, hala da, eta horren desagerpena hondamendia litzateke, baina atzera bueltarik gabeko prozesu bat dago martxan, eta horregatik horren arabera antolatu beharra dago.
GOMENDIOAK
Bieno Rosso-ko,
Errusiako edota Alemaniako langile kontseiluen eta fabriketako batzordeen
esperientziez jakiteko Dario Azzelini eta Immanuel Ness-en “Poder Obrero: autogestión y control obrero
desde La Comuna hasta el presente” kontsultatzea gomendatzen dut.
Corsino Vela-k oso
ongi azaltzen du Ongizate Estatuaren gainbehera “Capitalismo terminal. Anotaciones a la sociedad implosiva”-ren 6.
kapituluan (“Quiebra del Estado de bienestar”). Horrez gain, “La
sociedad implosiva” bere beste liburuko 6. kapitulua (“La izquierda del
capital”) kontsultatzea ere gomendatzen dut.
Gai beraz ari diren beste bi autore dira Rosa Luxemburgo “Reforma o Revolucion” liburuko “El desarrollo económico y el socialismo” kapituluan eta Paul Mattick “Marx y Keynes”-en.
[1]Metalgintzaren sektoreko sindikatu erraldoi bat, automobilgintzaren sektoreko enpresa garrantzitsuetan akzioak dituena, Volkswagen enpresa tartean.
[2]Mitbestimmung (kudeaketan parte-hartze). Eredu hori beste herrialde batzuetara ere zabaldu da: Austria, Danimarka, Finlandia, Frantzia, Luxenburgo, Holanda, Suezia edo Norbegia.
[3]Bestalde, garatu gabeko herrialdeetan, Urriko Iraultzaren eraginez, sindikatuak korronte iraultzaileetara batu ziren, eta zenbaitetan iraultza sozialistetan edo antikolonialistetan parte hartu zuten.
[4]http://ahotsa.info/edukia/ela-y-lab-defienden-la-huelga-como-un-paso-para-los-recuperar-derechos-perdidos-y-revertir-los-recortes-de-la-crisis-1
[5]Nazionalizatu ere egin zitzakeen, Alderdi Laborista ingelesak egin zuen moduan.
[6]Noski, mende hasierako olatu iraultzaileek eta garaiko gizarte gatazka indartsuek ere asko eragin zuten. Orain urrun gaude egoera hartatik.
[7]Ez ikasketengatik soilik, baita enpresan denbora luzez aritzeagatik ere.
[8]Hau da, berez estatuarenak diren gizarte-laguntzak beren gain hartzen dituzte.
[9]Marco Revelli “8 tesis del posfordismo”