2019/07/08
Gaztetxe, gazte asanblada eta gune autogestionatu ezberdinen ibilbideari erreparatzen hasiz gero, ez da erraza hauek mahai gaineratu dituzten auzien zerrenda egitea. Izan ere, modu partzialean hainbat gai jorratzeaz gain, lan egin eta antolatzeko moduak berak, beherago hobeki azaltzen saiatuko naizen moduan, Euskal Herriko militanteengan kultura propio bat eratzeko baldintzak jartzeko gaitasuna izan duela uste dut.
Gaztetxeek, urteetan, borroka ezberdinak hauspotzeko dinamikak izan dituzte lehen lerroan; hala nola intsumisoen aferak, AHT edota Fracking-a, etxebizitza arazoa edota proiektu txikitzaile lokalak… Era berean, elkartasun keinuak burutu edota berauek prestatzeko espazio izan dira honetarako aukerarik ez zegoen txokoetan. Interes komertzialetatik kanpo gelditzen diren eskaintza kultural anitzen oholtza nagusi ere izan dira hamarkada ezberdinetan. Komunitate politiko jakinetako kideen arteko harreman ereduen hausnarketak bultzatu izan dira, baita praktikan jartzeko saiakerak egin ere. Burgesiaren komunikabideek ezkutatzen zutena plazaratzeko saiakera ezberdinak burutu dira fanzine, irrati, hitzaldi eta formatu ezberdinetan. Luze idatzi genezake mahai gainean jarri diren elementu guztiak zerrendatu nahi izanez gero.
Azken urteetako bilakaera politiko zein ekonomikoak eta honek sortutako testuinguru sozial prekarioak, hainbat eta hainbat gazte asanblada dinamika honen azterketa burutzera eraman gaitu. Honek, ordurarte elkarrengandik bananduta ulertzen genituen errealitatearen esparruak osotasun bakar baten adierazpide direla ulertzeko erremintak lantzera bultzatu gaitu. Hala, sistema kapitalistaren garapenerako beharrezko diren elementu ezberdinen logika orokorra ulertzeko saiakerak eta bertan modu eraginkorrean esku hartzeko gaitasunak eratzeko baldintzen azterketak definitu ditu azken urteetan gure txokoetan izan den jarduna. Ondorioz, errealitate bat da gazte asanblada, Gaztetxe eta Gune Autogestionatuen diskurtsoan, pixkanaka lehen lerroan agertzen zaizkigula klase kontzientzia garatzeko beharrezko izango ditugun elementu teorikoak, gaitasunen araberako praktika eta antolakuntza forma eraginkorrenaren entsegu eta hausnarketa etengabean.
Zentzu honetan, gaztetxe zein gune autogestionatuek jokatu izan duten eta jokatu ahal dezaketen paperaren garrantzia azaleratzen zaigu. Izan ere, egunerokotasunean, gazte problematikari zein klase menderakuntzak eragiten dituen adierazpenei (genero problematika, arrazakeria, autoritarismoa…) aurre egiteko guztiz beharrezkoak izango zaizkigun praktikak burutzen ditugu eremu hauetan: gure interes indibidualak alboratu eta behar kolektibo konkretuetara subordinatzen den lan banaketa burutzen dugu asanbladetan, inolako ordainsaririk gabe jarduteko prestutasuna agertzen dugu gaueko ordu txikitan ere, gure ingurukoen gutxiengo zaintza bermatzen saiatzen gara estres edo lan karga haundien aurrean etab. Finean, sistema kapitalistaren erreprodukziorako beharrezko diren elementuekiko modu antagonikoan zein kapital-lana harremanetik haratago joatea bilatzen duten praktika konkretuak gauzatu ohi ditugu eremu hauetan, kapitalismoaren gaindipenerako bide bakar gisa agertzen zaigun prozesuak, prozesu sozialistak, exigitzen duen subjektibitate eta kultura propioa eratzeko baliabideak eskuratuz.
Guzti honen sakontzea exigitzen digun testuinguru politikoan aurkitzen gara gaurkoan. Proletarizazio orokortuaren garaiak dira gureak, krisi kapitalistak gure klase identitateaz jabetzeko elementu gordinenak agerian utzi dizkigularik; eros ahalmenaren galera orokortua, gutako askotariko gurasoen kaleratzeak lanpostutik, lana kanpoan aurkitu beharra, ikasketak burutu ondorengo ezegonkortasuna, ikasketak gauzatzeko baldintza zailagoak, pentsio miserable baten menpe dauden familiak, auzo proletarioetako eguneroko infernua biziraupenaren borrokan, emakume langileen babesgabetasun egoeren biderkatzea…. Honekin batera, kode penalaren modernizazioa, ongi izate sistema gisa ulertu izan ditugun zerbitzuen pixkanakako desintegrazioa etab.
Agerikoa da, mundu mailako berrantolaketa fase baten hastapenetan aurkitzen dela sistema kapitalista bera, langileriaren proletarizazio dinamika bortzitzenean. Esfera sozialean proletalgoa inolako babesgunerik gabe agertzen zaigu: sektorerik kolpatuenei orain artean izan dituzten (izan badituzte) konponbide politiko-ekonomikoak amaitu zaizkie. Agorpen garaia da bizi duguna, beste sektore batzuek hori ikusi nahi ez duten arren.
Egoera honen aurrean, zabaldutako arrakala horietan begirada fokalizatzeko beharraren kontzientzia garatu da asanblada ezberdinetan, azken hilabeteetan ematen ari diren birjabetzeak, edota hauetan gauzatzen diren jantoki sozialen bilakaera izan daitekeelarik honen adibide. Klase ertainaren interesei erantzutetik urrun, langileriaren elkartasun kultura garatzeko lehen pauso gisa ulertu daitezke hauek.
Modu berean ulertu ditzakegu, testuinguru nahasi honetan, orain arteko lokalismoa gainditzen duten eta helburu konkretu ezberdinei erantzuten dieten elkartasun dinamika anitzak. Eskala territorial nazionalean sakabanaturik aurkitzen den potentzia dira gazte asanbladak. Hala, indarrak biderkatzeko eskala handiagoan artikulatzen diren adierazpide hauek, herriz herriko edo auzoz auzoko saretze espontaneoak baino askoz eraginkorragoak direla erakusten digute eguneroko praktiketan. Mundu mailan antolaturiko sistema gainditzeko bidean, eskala territorial ezberdinen arteko konfluentziak ezinbestekoak direla argi dago. Gurean ere pixkanaka egin beharreko lana da, jadanik martxan dena, norabide horrek eskatzen duen antolakuntza forma ezberdinen esperimentazioan sakontzearena.
Honela, euren jarduna eremu sozialeko problematika espezifikoetan langile klasearen interesetara subordinatzen duten eragile gisa agertzen zaizkigu Langile babes sare ezberdin edota Errakiren kasuak. Lan diziplinatua metatu eta aplikatzeko gaitasunek neurtuko dute epe ez hain luzean berauen benetako gaitasuna. Ikusteko dugu oraindik antolatzeko forma egokiena den: baina ezin daiteke uka etika militantea dutela oinarri eta euren eguneroko problematikei erantzuteko apustu gisa jaiotzen direnik. Nik dakidan arte, Errakiko kasuan esaterako, militante guztiak gazte asanbladetako kideak dira, lehen aipatutako hazietatik heziak, elkartasunezko lan dinamika konkretuetatik edanak. Beraien ekina behar konkretu bati erantzuteko antolatuak, gune autogestionatuen defentsa kasu honetan, tamaina horretako erronka eta helburuen dimentsioek exigitzen duten antolakuntza formara egokitzeko saiakeran dabiltzanak.
Funtsean, garatzen goazen gaitasun ezberdinek ahalbideratuko dute langileria osoaren interesen defentsan antolatzeko posizioak irabazteko aukerak izatea. Bitartean, antolakuntza proposamen hauen gaineko kritika egitea da antolakuntza lanetan dabiltzan horien betebeharra, iraultzaileon premisa gure jarduna etengabean berrikustea baita. Kanpotik jardun nahi duenak, berriz, beti izango du horretarako astia (edo nahia), baina jardun horrek kritika goitizenez bataiatua izateko ez du inolako meriturik. Hemen arlo politiko instituzionalean gertatzen den posizio bera ezkutatzen baita finean: oraina iraganeko ulerkera eta antolakuntza moduekin ebatzi nahi izatea: lehen izan direnaren nostalgiarekin eta hori galtzeko beldur eta mantentzeko gogo itsuarekin, argudio irrazionalez josita, berea dena eskuetatik kentzen dioten horiek bezala erreakzionatuz.
Jokabide horien aurrean, bizi dugun testuinguru soziala erraietatik borrokatu nahi dugunok, gure jardunean laguntzera datozen horien defentsa irmoa egingo dugu. Tinko eutsiko diogu gure borroka ildoari. Ezer eskaintzeko ez duten horien jardun interesatua albo batera utzi eta jarrai dezagun bada, egunez egun, autoantolakuntzaren bidetik, jada zabaldua dugun prozesu sozialista elikatzen.