AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

La version en français

Gaur egun, sarri, artea adierazpide pertsonal gisara ikusten dugu, norberak bere barne-sentimendu, bizipen eta gogoetak adierazteko modu indibiduala bailitzan, baina interesgarria da artearen dimentsio sozialari buruzko gogoeta egitea. Ze funtzio aitortu izan zaizkio garai eta gizarte antolaketa desberdinetan arteari? Nolako hartu emana daukate artistek eta hartzaileek? Nola bermatzen dira arte sorkuntzan dabiltzanen bizi baldintza materialak ? Garai desberdinetako zertzelada sinplifikatu eta oso mugatu batzuk baino ez ditut emango, Sánchez-Vázquezen Las ideas estéticas de Marx[1] liburutik hartuak, artearen funtzio eta antolaketaz gogoeta ireki asmoz.

Lehenik eta behin, jo dezagun Antzinako Greziara. Antzinako Grezian artistak komunitatearentzat ekoizten zuen, hiri-estatuarentzat. Atenaseko erregimen demokratiko esklabista norbanakoak komunitate sozial batean antolatzeko saiakera izan zen. Sánchez-Vázquezek dio Atenaseko hiritarrarentzat ohorea zela poliseko kide izatea eta perbertsio bezala ikusita zegoela interes pertsonalak komunitatearen interesen gainetik jartzea. Honela zioen Aristotelesek: «autarkia indibiduala bilatzen duenak Jainko bat bezala bizi nahi du, baina errealitatean, basapizti bat bezala biziko da».

Gizarte antolaketa hartan, alde batetik, artistak pentsatzen zuen bere sorkuntza gaitasuna soilik polisaren parte izanda eta haren zerbitzura jarrita gara zezakeela. Bestetik, hiri-estatuak artea ikusten zuen gizakia komunitatearen idealen arabera hazteko bide modura. Antzinako Greziako artea, poliseko hiritarra zen gizaki askearen handitasun eta edertasunaren ikuskeraz elikatzen zen. Hiri-estatuak sustatzen zuen artea, hiritarrak formatzeko balioa aitortzen baitzion. Artearen funtzio sozial eta politiko handiaren erakusle da, hiri-estatuak tragediaren ikus-entzuleei diru laguntzak eman eta aktoreak ordaintzen zituela. Antzinako Grezian, produkzio artistikoak produkzio materialaren helburu bera zuen: gizakiarentzako produkzioa zen. Komunitateko kideen garapen espirituala elikatzen zuenez, artea jarduera produktibo bezala hartzen zen.

Erdi Aroan, funtzio erlijiosoa esleitu zitzaion arteari. Irakurtzen ez zekien biztanleriari mezuak transmititzea ahalbidetzen zuen artea, biztanleriaren hezkuntza erlijiosorako tresna bihurtu zen. Anonimo eta artisau gisara kontsideratutako artistak harreman zuzena zuen bere bezeroarekin, kasu honetan elizaren enkargua asetzeko sortzen baitzuen. Balio pedagogiko erlijiosoa zuen arteak eta artistaren lana produktiboa zen, ez zentzu materialean, zentzu ideologiko eta espiritualean baizik. Artistak bezeroarekiko loturan produzitzen zuen baina lotura hau ez zen berez gatazka bat, sortzaileak bat egiten baitzuen kontsumitzaileak adierazi nahi zuen eduki erlijiosoarekin.

Behe Erdi Aroan, burgesia urbanoaren lehen agerraldiekin, azalduko dira lehen aldiz bezero indibidualak. Hala ere, honek ez du ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana aldatuko, harreman zuzena izaten jarraituko baitute. Aurretiaz jakinak diren bezeroaren gustu eta beharrei erantzungo die ekoizleak. Hartzailea konkretua da: eliza hau, udalerri hori, erosle noble hura. Bestalde, bezeroa kolektiboa izatetik norbanako konkretua izatera pasatzeak artearen funtzioa aldatzea dakar: hiri edo errege baten balentria lurtarrak goraipatzea edo burges aberats baten kasuan haren posizio soziala gorestea izan daitezke. Jada ez dago artista eta kontsumitzailearen arteko batasun ideologiko sendorik. Gainera, bezero indibidualen multzoa garatzen doan neurrian, artistak behar eta gustuen aniztasun horri erantzun beharko dio.

Mezenasgoaren agerpenak artistaren egoera soziala aldatuko du: mezenas batek egonkortasun materiala bermatzen dio artistari, sorkuntza artistikoaren fruituak hari eskaintzearen truke. Babesle pribatuen ondorioz baina, artearen izaera publiko eta soziala murrizten da, arteak zuzenean gizartearekin hitz egiteko zeukan beharra eta gaitasuna mugatuz.

Beste produzitzeko modu bat agertuko da ondoren. Sortzeko askatasuna mugatzen dioten bezeroaren aurretiazko enkargu zuzenei erantzun baino, artistak bere gustu artistiko eta aspirazio pertsonalei dagozkien obrak ekoizteari ekingo dio eta, behin amaituta, kontsumitzaile posibleei eskainiko dizkie. Alabaina, artistak bizirauteko dituen beharrak asetzeko adinako kantitatean produzitu beharko du ezinbestean. Horrela, lehen une batean, eman dezake artista ez dela egokitzen kontsumitzaileek eskatu moduko obrak egitera, alderantziz baizik: artistak bere gustuko obrak egiten ditu eta kontsumitzailea da horietara egokitu behar dena. Ikuspuntu historikotik, hori harreman trantsitorio bat izan zela ohartarazten du Sánchez-Vázquezek, harreman forma aristokratikotik (produkzio artistikoa dependentzia pertsonalarekin lotzen zen) harreman forma burgesera (artista eta kontsumitzailearen arteko harreman formalki librea).

Trantsizio fasean, artistak jada ez du aurretiazko kontsumitzaile batentzat produzitzen, baina behin obra ekoiztuta, harekin harreman pertsonalean sartuko da bere sorkuntza eskaintzeko. Honek, dakigunez, ez du luze iraungo, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko lotura konkretu eta pertsonalak desagertuko baitira, etorkizuneko kontsumitzaile arrotzari lekua utziz. Kontsumitzailea abstraktu eta ikusezina bihurtuagatik, ordea, ezin izango dio artistaren sorkuntza lanean presente egoteari utzi. Artistak, aurrerantzean, ez du ezagutzen duen kontsumitzaile batentzat produzituko, merkatuarentzat baizik.

Artista irits daiteke pentsatzera modu askean sortzeko duen aspirazioari ongien dagokion harreman mota dela hori, baina, ezbairik gabe, ekoizpen modu kapitalistak eta dagokion gizarte antolaketak ezarritako harremanean datza. Produkzio kapitalista zabaltzen den heinean eta mundu osoan dena eros eta saltzen den merkatu erraldoi bat bihurtzen denean, arte obra inproduktibo izatetik (zentzu materialean), merkantzia izatera pasatzen da. Beste garaietan, arteari aitortzen zitzaion balio handia zela-eta, pentsaezina litzatekeena, produkzio kapitalistaren lege orokorraren menpe gelditzen da.

Gaur egun, are gehiago, Sánchez-Vázquezek dio arte obra merkantzia izateaz gain, balio espekulatibo izatera ere irits daitekeela; artista merkatuaren borondate abstraktu eta inpertsonal horri erantzuten saiatzen da, batzuetan bere burua berrikuntza berrikuntzaren ondotik proposatzera behartuta ikusteraino. Erran gabe doa artea komertzio bihurtu den sisteman ez direla, askotan, gaitasun gehien duten artistak balioztatzen, dirua eta teknika publizitarioak baitira artea promozionatzen dutenak.

Marxek ohartarazten du ekoizpen modu kapitalista, bere esentzia objetibatzailean, arrotza zaiola arteari. Ez dagoela artista handirik, erregimen kapitalistaren egiazko interesak goretsi dituenik. Artistak ez du ideal eta balio horien arabera sortzeko barne-beharrik sentitzen; produkzio material kapitalistaren legearen arabera ekoizteko kanpo-beharrak lotzen du baina, erregimen kapitalistara.

Mendeetan zehar, artistaren bizi baldintzak haren sorkuntzarako baldintza materialak izan dira, eta haren sorkuntza ez da agertzen haren existentziaren baldintza material gisa. Bi behar hauekiko guduan ibili izan da artista: bere existentzia materiala bermatzea eta bere sortzeko askatasuna mantentzea. Garai ezberdinetako gizarte antolaketak baldintzatu du bada, artistaren ekoizpena eta hartzaileekiko harremana.

Zegoena eta dagoena aztertu ondotik, gurea pentsatzea dagokigu. Zein da eraiki nahi dugun gizarte antolaketa berriari dagokion ekoizpen artistikoa? Mugimendu iraultzailearen baitan, zein funtzio bete litzake arteak? Izanen ote du funtzio politiko, sozial, pedagogikorik ala funtzio estetikoa izango du nagusiki gure arteak?

Ze baliabide dituzte gaur egun proletarioek sorkuntza artistikorako? Zer bitarteko sor genitzake prozesu iraultzailearen baitan proletarioen sorkuntza artistikoaren lagungarri? Eta gizartearen sentsibilitate artistikoa elikatzeko?

Errenkadan datozkit galderak burura, baina behin behineko erantzunen zirriborratze saiakera hurrengo baterako utziko nuela idaztera nindoala, jakin dut Paul Beitia kideak helduko diola gai honi enea aitzin argitaratuko den artikuluan. Ekoizpen artistikoari buruzko gogoeta kolektibizatua bezain interesgarria izan bedi, sorkuntza artistikoa kolektibizatzea.

 

[1] Adolfo Sánchez-Vázquezen Las ideas estéticas de Marx liburuko "Carácter histórico-social de la relación entre el artista y el público" kapitulua.