Loturez

2019ko irailaren 30a


Gaztelerazko bertsioa / Versión en castellano

Inoiz galdetu al diozu zure buruari zergatik borrokatzen duzun? Familia militanteetan jaiotzen gara, ohitura militanteak ikasten ditugu, gure buruak militantetzat hartzen eta aurkezten ditugu. Borrokara batuta ernalduak izan diren emakumeak gara. Sortzen garenetik gureganatzen dugu zutitzeko eta gure kateak hausteko egarri hori. Umetatik hazten da gure baitan: aske izan nahi dugu. Aske, mundua gure eskuetan edukitzeko.

Eremu militanteek hauspotutako kultura burgesaren edozein adierazpeni erreparatuta, askatasuna eta lotura eza sinonimoak direla hauteman dezakegu. Bereziki, emakumeoi zuzendutako mezuetan ikusten dugu hau: Serena Williamsen “zure lagunak zurekin konta dezakete, baina ez gehiegi”, Niken “ez dago geldi zaitzakeen ezer”… Eta nola ez, iruzur hori ere, bete-betean irentsi du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren zati zabal batek. Ezarritakoaren gainetik gaudela pentsatuz, gugan inperatibo sozialek eraginik ez dutenaren kopla elikatzen da eragile politikoetatik; zenbait genero problematika auzi moral bat dela iradokitzera iristeraino. Araurik ez, mugarik ez, no limit fantasia burgesa helburu militantean bilakatu da. Bai, emakumeok, aske izateko, daukagun lotura ororekin hautsi behar dugula baieztatzen entzun ditzakegu edozein txokotako feministak.

Ez pentsa fantasia hau soilik Arantza Tapia edo Ainhoa Arteta bezalako emakumeek hedatzen dutenik, herrietako talde feministetako gure lagunek ere zabaltzen baitute. Zuk ere entzungo zenuen, zuri ere esango zizuten: “nik ez dut konpromisorik hartuko, ez dut talde bati lotuta egon nahi”. Gurasoen etxebizitzari lotuta, aitona-amonen pagari lotuta, Estatuaren bekei lotuta, asteburuetako laneko soldatari lotuta, are gehiago, ikaskideen lanei lotuta, lagunen babesari lotuta, amaren arretari lotuta…  dauden berberak dira loturen aurkako irakaspen moralistak ematen dizkigutenak.

Emakume langileok betetzen ditugun funtzio sozialek amarratuta gaituzte, ados. Baina, bada lotura itogarri horietatik askatzeko premiak gainditu ezin duen kondizio bat: norbanako gisa, dauzkagun behar erreproduktibo guztiak asetzeko ezintasuna dugu. Ezintasuna, eta beraz, bizitzen jarraitu ahal izateko hurkoarekiko menpekotasuna. Noizean behin, aurrera egiteko gure burua besterik ez dugula behar pentsatzeko ausarkeria izaten badugu ere, ez, ez gara dauzkagun behar fisiologiko, psikologiko, sozial zein kultural guztiak asetzeko gai.

Sinplea da: lotzen ez bagara, hil egiten gara. Auzia, beraz, ez da lotzea edo ez lotzea, ezpada, norekiko, eta batez ere, zertarako lotzen garen. Norekiko, horrek parean dugunarekin daukagun harremana xedatzea, eta ondorioz, gure erreprodukzioaren gaineko kontrola edukitzea ahalbidetuko digulako. Behar guzti horiek hurkoaren bidez burutuak badira ere, gure sostengu izango diren horiek hautatzeak, daukagun menpekotasun horren nondik norakoak zehazteko aukera ahalbidetzen digulako.

Horrekin ez dut esan nahi hiltzea ekiditen digun edozein lotura onetsi behar dugunik, ez langileez osatua egote hutsagatik ere. Gure egunerokoak frogatu digu egotziak izan zaizkigun funtzio sozialen baitan, sistema kapitalistaren baitan, ez dagoela askatasun izpirik. Feminismoak oihuka adierazi digu ez dela salbatuko gaituen printze urdinik. Historiak frogatu digu, bere buruarekin lotura estuena izanagatik ere, ez dela kateak mozteko aukera duen norbanakorik. Esperientziak berretsi digu ez dela askatuko gaituen emakumeon batasun unibertsalik.

Norekiko lotzen garen erabakitzen dugunean, zeinekin antolatzen garen erabakitzen dugu. Borroka komunitate baten parte izaten jaio gara, umetatik ikasi dugu talde baten partaide izaten. Zurruna zen ezagutu genuenean, egun, aldiz, zehaztugabea, zaila da bertan eta bertatik kanpo nor dagoen hautematea. Horri, ezagueraz baino, inertziaz jokatzen irakatsi zaigula gehitzen badiogu, zapalkuntza jasan dutela baieztatzen duten enpresa jabeen ahizpa sentitzera nola iritsi garen ulertuko dugu.

Zertarako? Ez delako mehatxu bat burgesiarentzat kapitalismoaren barne logikari berezkoa zaion edozein langileon lotura. Adibidez, denbora-pasa hutsagatik eskulanak egiteko geratzen, kiroldegia ez ordaintzeko gaztetxean pilates saioak gauzatzen edo introspekzio saio amaigabeak antolatzen dituzten talde feminista asko. Gure erreprodukzioaren gaineko kontrola hartzeaz hitz egiten dugunean, ez dugu merkatuaren bidez betetzeko ezintasuna dugun zernahi asetzeaz hitz egiten. Kontua ez da daukagun zapuztutako edozein nahiri merkatuaz haraindiko alternatiba bat bilatzea. Koska, orden burgesera iltzatzen gaituzten elementu horiek hartu eta gure gaitasunen bidez burutzea da. Testuinguru honetan, ez gara lotzen ordainezinak zaizkigun coaching saio autogestionatuak antolatzeko, ezpada, bitalak zaizkigun eta soilik burgesiaren tresnen bidez ase ditzakegun beharren kontrola eskuratzeko. Langileriak dauzkan beharren eta gaitasunen arteko harremanak zehazten du, beraz, gure programak zein helburu lehenesten dituen. 

Beldurra diogu loturei, normala da. Bizi osoa daramagu amarratuta: seme-alaben hezkuntzari, senarraren nahimen sexualei, goizeko ordu txikietako lanari, moda eramangaitzei, izaera otzanari… Horren aurrean, inertziaz (edo kultura burgesak sustatuta), sortzen zaigu mundua gure eskuetan edukitzeko nahi hori, independenteak izateko, nor eta nola izan nahi dugun gure kabuz hautatzeko irrika hori. Baina, feminismoa ezin da desordena indartzera etorri, ez emakume langileon borroka behintzat. Ez gatoz ordena burgesa urratzera, langileon antolakuntza eta ordena ezartzera baizik.

Borrokak lotu egiten gaitu. Ez burgesiaren orden sozialari, ez arrotzak zaizkigun interes eta betebehar batzuei. Borrokak borondate eta beharrizan kolektibora lotzen gaitu. Baina, edozein kasutan, lotu egiten gaitu. Aurrera egiteko beharrezkoa zaigu langileriaren gaitasunak zentralizatu eta horiek dauzkagun beharrizanen menpe jartzea, eta gu ere gaitasunez jositako izakiak garenez, beharrezkoa zaigu gure buruak ere klase-elkartasunaren mesedetan jartzea. Antolatzerakoan dauzkagun printzipio politikoak dira borrokarekiko daukagun lotura, hots, definitzen gaituen langile kontzientzia eraikitzen duena. Askatasunarekiko konpromisoak, hortaz, gure izate pertsonala zehazten du. Zaintza ez direlako lau mimo, zaintza konpromisoa delako, dauzkagun bulkada guztiak gainditu eta gure gogo zein jardunak borondate kolektiboaren arabera eratu behar ditugu.

Hemendik aurrera emakume independente bat izan nahi duzula pentsatzen duzun bakoitzean, gogoratu: ez daukazu lotuta bizitzea beste aukerarik. Bada, erabaki norekin eta zertarako, zein komunitatetan borrokatuko zaren; zure askatasuna nola antolatuko duzun. Bitala da, aukeratu gudaren zein aldetara lotuko zaren.