Gorriz jantzitako abendu hura

2020ko apirilaren 17a


Versión en castellano

2008ko abenduaren 6an, Greziako Poliziak Exarchia auzoko bizilaguna zen Alexis Grigoropoulos hamabost urteko gaztea erail zuen bularrean tiro bat jota. Irudi gordina izan zen, are gordinagoa aurretiaz gainprodukzio krisia modu oso gogor batean pairatzen ari zen greziar gizartearentzat (Estatuaren zorra barne produktu gordinaren %113 zen eta defizit publikoa % 13,6koa (1)).

Erreakzioa berehalakoa izan zen. Gau horretan bertan, 2.000 pertsona inguruko manifestazio espontaneo bat egin zen Atenasko Patission eta Akadamias hiribideetan, zeina ikasle eta «izquierdistez» osatua zegoen, eta ehun bat pertsonak Ermou kalea, Atenasko komertzialena, suntsitu zuten. Datu ofizialen arabera sei banku, hogei komertzio inguru eta beste hainbeste auto erre ziren (2). Tesalonikako kaleetan ere istiluak izan ziren, manifestazio espontaneo batek eraso egin baitzion hiriko komisaldegi nagusiari. Bigarren egunean, 10.000 pertsona baino gehiago agertu ziren kaleetan (batez ere, ikasleak, antiautoritarioak eta ezkerreko alderdi eta erakundeetako militanteak); hirugarren egunean 20.000 lagun baino gehiago agertu ziren Atenasen, 7.000 Tesalonikan eta milaka gehiago Grezia osoan. Manifestazio guztietan istiluak egon ziren.

Testuinguru horretan, XXI. mendeko Europan gogoratzen den okupazio olatu handiena gertatu zen. Atenasen hiru fakultate okupatu ziren, «base gorriak» deitu zirenak (3). Bakoitzean joera ezberdinetako eragileak egon ziren eta funtzio ezberdinak eman ziren aurrera:

  1. Unibertsitate Politekniko Nazionala, Exarchia plazatik hurbilen dagoena, Poliziarekiko liskarrak antolatzeko leku nagusia izan zen. Okupatzaileak bat zetozen Atenasko matxinatuen profilarekin: langile gazteak (etorkinak edo grekoak), ikasleak eta sektore baztertuetako norbanakoak, gehienak anarkistak.
  2. Zuzenbide Fakultateko okupatzaileek, batez ere ezkertiarrek eta antiautoritario batzuek, manifestazioak eta eztabaidak antolatu zituzten.
  3. Ekonomia Zientzien Fakultatea, batez ere, talde anarkista eta antiautoritarioek okupatzen zuten eraikina helburu kontrainformatiboak gauzatzeko erabili zuten. Ekintza planifikatzea baino, asanbladen funtzionamenduaren, prozesu deliberatiboen eta abarren inguruko gogoetak eta praktika politikoak hartu zuten garrantzia. Unibertsitateko jatetxea bereganatu zuten, eta tailerrak prestatu zituzten okupazioa kudeatzeko eta ekintzak kanpoan antolatzeko.

Okupatzaileek unibertsitateari desjabetutako baliabideak erabili zituzten beste jarduera batzuetarako azpiegitura gisa. Aktibista askok hartu zuten parte handik antolatutako ekintzetan, baita lanean parte hartzen ez bazuten ere. Baina, batez ere, eremu horien funtzio nagusia Poliziaren eta manifestarien arteko liskarretarako gordeleku izatea zen. Bertan planifikatzen ziren ekintzak eta bertan gordetzen ziren istiluen ostean manifestariak.

Tesalonikan antzeko bi okupazio izan ziren hiriaren erdialdean: Arte Dramatikoen Fakultatea militante anarkistek eta antzerki-ikasleek bete zuten, eta Tesalonikako Abokatuen Elkargoko bulegoa talde ezkertiarrek okupatu zuten ikasleen erreboltaren laugarren egunera arte.

Ez ziren okupazio bakarrak izan. Okupazio bidezko praktika politikoa orokortu egin zen Grezia osoan; ikasleen asanblada orokorrek dozenaka departamentu okupatu zituzten unibertsitateetan, ehunka institutu okupatu ziren herrialde osoan zehar (4).

Istiluen lehen bost egunen ondoren, Agios Dimitreseko Udala (Atenasko hegoaldeko auzo bat) okupatu zen. Okupazioa tokiko talde anarkistek eta eraikineko langile batzuek antolatu zuten (nagusiki «buzo urdineko» langileek). Bizilagunek batzarrak antolatu zituzten auzoko jendearekin, «herri-batzarrak» deiturikoekin, eta matxinada areagotzen saiatu ziren tokiko ekintzak antolatzean, betiere matxinadarekin lotuta.

Hurrengo egunean Atenasko auzo periferiko batean bulego publiko bat okupatu zen, Chalandrinen, hain zuzen. Handik ekintzak eta manifestazioak antolatu ziren, beti matxinadarekin lotuta. Abenduaren 17an Greziako GSEE sindikatuaren egoitza okupatu zuten, eta garaiko okupazio indartsuenetarikoa izan zen (5). Tesalonikan, Sykies hiriko langile-auzo batean, udaletxea partzialki okupatu zen egun gutxi batzuetan, eta, egun batzuk geroago, Ano Poli barrutiko udal-liburutegia ere okupatu zen. Okupatutako liburutegiak «herri-batzarrak» eta manifestazioak antolatzeko balio izan zuen.

Gutxi iraun zuen erreboltak. Manifestarien arteko heterogeneotasunak eta erreboltaren beraren izaera espontaneoak, hau da, antolakuntza faltak eta batez ere, berehalakotasunari aitortzen zaion akzio-erreakzio logikatik haragoko planifikazio faltak ezin izan zion eutsi Greziako Gobernuak ordezten zuen burgesiaren dimentsio anitzeko errepresioari. Polizia jazarpena handia izan zen, ehunka atxilotu egon ziren eta kondena gogorrak ezarri zituzten (tartean Alexis Grigoropoulos hiltzen ikusi zuen lagun mina, hamabost urteko kartzela zigorrarekin). Manifestarien zein borroka forma ezberdinen kriminalizazio mediatikoak eragina izan zuen matxinatuen motibazioan, eta ondorioz, denboran aurrera joan ahala, erreboltaren parte hartzaileen kopuruak nabarmen egin zuen behera.

Urte berria iristearekin batera, amaitutzat eman zen gorriz jantzitako abendu hura. Herrialdean zehar okupatu ziren ehunka eraikin publikoetatik gehientsuenak desokupatu ziren. Herri eta auzo ezberdinetan egin ziren asanblada eta herri-batzarrak bertan behera utzi. Panoramaren aldaketa horrek egindakoak krisi testuinguruari erantzuteko salbuespenezko neurriak izan zirela erakutsi zuen.  Antolakuntza iraunkor baten bitartez izan zitekeenaren ilusio bat besterik ez.

Iturri bibliografikoak:

1.               Reyes Guzmán, G., & Moslares García, C. (2010). La unión europea en crisis: 2008-2009. Problemas del desarrollo41(161), 11. orrialdea.

2.       https://info.nodo50.org/La-policia-asesina-a-un-joven.html

3.  TPTG. (2013). OB SKENÉ. La lucha de clases en Grecia (2008-2012).

4. https://elpais.com/diario/2008/12/12/internacional/1229036407_850215.html

5. https://webgsl.wordpress.com/2008/12/20/comunicadogrecia/