Kultura: egokitasuna eta egokitzapena

2019ko uztailaren 6a


Gaur bereizketa sinple bat egin nahiko nuke, “produkzio prozesua/produktua” edo “pazifikazioa/bakea” tipokoa. Ekintza eta emaitza nahiko nituzke bereizi.

“Kultura” atalean ikuspuntua idazten dugunok esan liteke kultura kontzeptu jakin baten bueltan  ari garela idazten, hau da, beste adiera batzuk bazter utzita idazten dugula kulturaz. “Kulturaren elementua ez dira sormena eta artea!” aldarrikatuz bezala esan genizuen egun on, edo behintzat sormena eta artea kultura baziren ere kultura ez zela soilik sormena eta artea, beste zerbait zabalagoa baizik. Horrek iradokitzen du, sormena eta artea kulturaren parte badira, kulturan aurki litezkeela haien kokapenerako klabe interpretatibo orokorrak. Kultura beti da testuinguru kultural konkretu bat eta nobela baten edo kantu baten edo, demagun, txiste lizun baten ulergarritasun baldintzak ezartzen ditu, bizi eredu oso batekin harremanduz edo erlazioan jarriz. Zentzu honetan, esaterako, Paul Beitiak bere testuetan egin duen lan emankorrari “sormenaren interpretazio kultural” esan dakioke.

Era berean, kulturaren kontzeptu zabalago hau ez da independentea eta ausazkoa, dependientea eta kausazkoa baizik, determinatua. Esan nahi baita: produkzio harremanek bizitzaren esparru guztietan beztitzen duten forma espresiboa da kultura, klase menderakuntzan du bere kausa produktiboa eta, beraz, zorrozki esanda produktu bat ez bada ere hitz honen zentzu objektualean, produzitua da, emaitza da. Beraz, laburbilduz, maneiatzen dugun tesia honakoa dela esango nuke: Produkzio harreman jakin batzuei kultura jakin bat dagokie, bizi eredu jakin bat. Baina, zer esan nahi du “produkzio harremanei dagokie” delakoak? Bada, sinpleki esanda, produkzio harremanei haientzat egokia dena dagokiela. Egokitasuna ez da, ordea, mekanikoki emana den zerbait, egokitzapenaren emaitza baino.

Eta puntu zehatz honetan ezarri nahi nuke, hain zuzen ere, diferentzia edo bereizketa: erresistentzia gutxi-gehiagorekin, aurkako tendentzia bat zein beste hartuz prozesu kultural bizi baten seinale gisa, baina uste dut kulturaren gaineko diskurtsoa egokitasunaren nozioaren bueltan eraiki dugula, kausa produktiboaren eta emaitzaren arteko mediazioari, egokitzapen prozesuei, entzungor eginaz bezala. Esan nahi dudana da kultura ez dela soilik zer jarrera daukaten giza-taldeek, giza-taldeek duten jarrera izan dezaten egiten den guztia baizik. Plusbalioaren metaketarako egokienak diren langile subjektibitateak ez baitira jaiotzetikoak, jendea ez baita esaneko eta sumiso sortzen mundura, nahiz eta langile familia batean jaiotze hutsak egiturazko klase-posizioari dagokionean langile egiten zaituen.

XIX. mendera arte ez zuen hartu kulturak “arteen corpus orokorra”ren zein “bizitzeko modu oso” baten zentzua. Jakina denez, ordura arte, kultiboaren nozioari hertsiki lotua, hazkunde naturalaren zaintzari (demagun kalabazin landare batena, kar, kar, kar) egiten zion erreferentzia eta soilik analogiaz giza trebakuntza edo formakuntza prozesu indibidual bati. Bada, hara! Adiera horiek, nahiz eta maila natural zein indibidualetik sozialera jaso behar direla uste dudan, goizegi baztertu ditugula esango nuke, kulturari emaitza gisa soilik erreparatu diogula egokitzapen prozesuak ahaztuz pixka bat, kultura “bizitzeko modu oso bat” izateaz gain “biziarazteko modu oso bat” ere bai baita. Izan ere, zein kultura egonkor eta egoki jaso dugu ba krisiaren seme alabok, gure gurasoen bizi baldintzen eta ondorioz bizimoduaren berregokitzapen etengabea baizik? Trebakuntza eta hautespena, horixe da kultura bere prozesuari dagokionez, jokamoldearen eta pentsamoldearen disziplinamendua. Uste dut, Orixe eta Eunate bezalako ikastetxeetako ikasle erresistenteek, lanindar proletarioaren kultibo-etxe infernuzko horietan borrokan dabiltzanek, hain zuzen ere, ulertuko didatela esaten dudanean “kultura bere prozesuari dagokionez”, “kultura bere emaitzari dagokionez” esan beharrean. Haiek baitira, besteak beste, egungo egokitzapen prozesuaren objektu, eta honi aurre egiten dioten heinean desegoki.

Yenikoyk Burdin Hesia blogean idatzitako azken testua irakurtzen otu zait kulturari egokitasunaren ikuspegitik begiratu beharrean egokitzapenarenetik begiratzea. Mundu mailako lanaren esplotazioaren antolaketa berriaz dihardu lehen zatian eta antolaketa berri honek langileon bizitzetan eragingo dituen eta eragiten ari den aldaketa sakonez, metaketa ziklo berriak langileriaren belaunaldi berrien ziklo formakuntza baitu beharrezko osagarri. Formazio sozial kapitalisten egungo bilakaerari krisiaren ikuspegitik begiratzearen korrelatua da haien kulturari egokitzapenaren ikuspuntutik begiratzea.

Jabetu gaitezen Jatorrizko Metaketaren garaiko nekazari desjabetuak ere ez zirela beraien borondatez soldatapeko lanera subordinatu, mendeetako bortxa prozesu baten bitartez inprimatu zaigula kontzientzian lanaren antolaketa kapitalistaren oinarrizko kategoria hori, egun naturala, ukaezina eta ukiezina iruditzen zaiguna. Eta honelako prozesu kulturalen lanabesak, bitartekoak, ez dira margoak eta kitarrak, zigorra eta klase-justizia baizik.

Klase borrokaren abstrakzioa egingo bagenu, honako tesia formulatu ahal izango genuke: Gizakiak bere buruarengan egiten duen heziketa, trebakuntza eta jokamolde eta pentsamoldeen selekzio lana da kultura aktibitate generiko bezala. Baina historikoki gertatu dena zerbait konkretuagoa da eta “gizakiak bere buruarengan” perpausa “klase batek bestearengan” bilakatzen da eta “heziketa, trebakuntza eta selekzio lana”, berriz, “sasoian sasoiko harreman produktibo ezberdinen ezarpen prozesua”. Esango nuke horixe dela kultura prozesu aktibo bezala, ez hainbeste garai zehatz bateko bizimoduaren ezaugarri esanguratsuenen multzo bat, ezugarri jakin batzuk esanguratsu bilakatzen dituen bizi-baldintza berrien ezarpen prozesua baino. Ez jendearen egokitasuna, menderatuen egokitzapena baizik.