Sarraski bat. 35.000 hildakotik gora. Dozenaka milaka zauritu. Milaka desagertu. Herrialde oso bat hauts eginda. Familiak deseginda. Denok daramatzagu eskuak burura. Genozidioaren aurrean, paktu sozial bat sortzen da: itxuraz, denok kondenatzen dugu egoera eta gaitzesten ditugu indarkeria eta gerra. Pazifismo hauskorra eta baliorik gabea. Nahikoa da, elkartasun- eta babes-mezuez gain, erantzule eta konplizeak seinalatzea eta exijentzia zehatzak egitea paktua pitzatu dadin. Eta hori heziguneetatik egiten denean, asaldura sortzen da.
Unibertsitateak, presaka, beren jardun eredugarria azpimarratzera datoz. Eredugarria omen da EHUk Israelen aurkako posizioa adieraztea, nahiz eta estatu sionista genozidarekin negozioa egiten duten enpresei unibertsitateko ateak ireki edo, Israelgo Unibertsitatearekin lankidetzan, Zibersegurtasun Katedra abiatzeko prest egon. Bake sozialaren babesle gorenak azkar aztoratu dira "ikasleek beraiek" unibertsitatea eta politika "nahastearekin". Ikasleak erabat infantilizatzen dituzte, nahasita daudelako eta zertan ari diren oso ondo ez dakitelako ideia zabalduz. Alderdi sozialdemokratek, modu oportunistan, kanpaldiei babesa adierazten diete, beraien ardura politikoari entzungor eginez eta, beste behin, kapitalismo baketsu baten ameskeria salduz.
Bitartean, mundu osoan, ikasleen jardun politikoa modu sistematikoan jazartzen eta erreprimitzen da: unibertsitate batzuek sinadura-bilketak abiatzen dituzte jardun politikoa kriminalizatzeko eta errepresioa justifikatzeko, beste batzuek ultimatumak ematen dizkiete ikasleei, kanporatzearekin mehatxatuz; Polizia deitu eta atea zabaltzen diote, eta mundu zabalean milaka ikasle atxilotzen dituzte. Eta, hala ere, telebistako besaulkietatik ikasleen "keinu" horiek ez direla oso ausartak esatera ausartzen da bat; denok "ados" omen gaude.
Heziguneak eta politika ez nahastearekin amesten dute batzuek. Baina politikoa da unibertsitateak estatu genozidarekin harremana mantentzea. Politikoa da basakeria gordinena darabilen estatuarekin negozioa egiteko eskrupulurik ez duten enpresei unibertsitateko ateak irekitzea. Politikoa da basakeriaren aurka ezer ez egitea, eta eskuak odolez zikinduta dituztenen adierazpenekin eta promesekin lasai gelditzea. Argi dagoena zera da: ikasleen seinalamenduagatik eta borrokagatik zein irakasle batzuen ezezko irmoagatik ez balitz, EHUk, mundu mailako beste unibertsitateek bezala, ez zukeela urrats bat egingo atzera, eta ez zukeela bere posizioa azaltzeko (edo ezkutatzeko) adierazpenik aterako. Orain ugaritzen ari diren manifestuetako eta adierazpenetako hitzek ez: hemendik aurrerako urratsek eta ekintzek argituko dute gatazka honetan bakoitzak duen posizioa.
Sarraskiaren aurka, mobilizatzea dagokigu. Batu ikasle-akanpadetara eta tokian toki sarraskia salatzeko eta palestinar erresistentziari elkartasuna adierazteko egiten ari diren deialdietara. Maiatzaren 18an, Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean deitutako manifestazioan ikusiko dugu elkar.