Telelanaren arintasun jasanezina: analisi kritiko bat

2020ko abenduaren 25a


(Itzulpena)

«Etxean dago lanean ari ez denean, eta lanean ari denean ez dago etxean».

Karl Marx, Eskuizkribu Ekonomiko-Filosofikoak.

Sarrera

Argi esan dezakegu aldaketa handien aurrean gaudela, kapitalismoaren konfigurazio berri bat datorrela. Hori argi uzten du Munduko Ekonomia Foroak «Reset Handi»[1] bat proposatzean, balorizazio ziklo berri baterako prest jartzea besterik ez dena, inoiz ikusi gabeko eskala batean, hori bai. Birmoldaketa horiek gertatu dira eta gertatuko dira; kapitalen kontzentrazioaren eta zentralizazioaren betiko historia da; zer izan ziren, bada, bestela 90eko hamarkadako industria birmoldaketak? Askotan esan izan den bezala, akats bat litzateke COVID-19aren osasun krisia sakoneko arrazoi gisa identifikatzea. Aitzitik, aldaketen katalizatzailetzat jo genezake, aldaketa batzuk ezkutukoak, eta beste batzuk bidean zeudenak, osasun krisirik ezean urteak beharko ziratekeenak gerta zitezen. Ironikoki, eta osasunaz ari garenez, krisia ez da hainbeste gaixotasuna bera, gaixotasuna tratatzeko unea baizik. Eta sendagaia garratza egingo zaigu.

Aldaketa aipagarri horietako bat, zalantzarik gabe, adimen artifizialaren paperaren jauzi kualitatiboa da, informazioaren teknologien inplementazio masiboan sakontzen den bitartean, Iraultza 4.0[2] deiturikoaren markoan. Beste aldaketa bat litzateke arlo ekonomikoan disrupzio edo eragozpenen aurrean arazoei aurre egiteko gaitasuna edo erresilentziak gero eta garrantzia handiago duela, mundu mailako pandemia hau adibide litzateke. Hitz gutxitan, gainbalioaren erauzketa eta metaketa handitzea, optimizatzea eta mantentzea.

Gauzak horrela, lan modalitate bati heltzen saiatuko naiz, lehendik ere existitu eta legeetan jasota egon arren, bete-betean jarri baitzen hedabideen fokuaren azpian, ez soilik lehen aipatutako bi gai horiek bateratzeagatik (teknifikazioa eta erresilientzia), baita lege-dekretu berri baten kausa izateagatik ere[3]. Artikulu honetan, kapitalistek telelanaren gainean duten interesa azaltzen eta ea horren aldeko apustua egingo ote duten argitzen saiatuko naiz. Modalitate hori ezinbestekoa izan da itsasontzia ur gainean mantentzeko, une batez makineria gelditzera zihoala zirudienean. Hitz egin dezagun, beraz, telelanaz.

Zertaz ari gara?

Berez, distantziara egiten den lanak mendeetako historia du, eta telelana gaur egungo modalitate bat baino ez da. Izan ere, norbere etxebizitza lantokiaren hedapena izan da industrializazioaren aurretik ere. Putting out[4] edo verlag sistemaren adibideak ditugu, hau da, langileek merkantziak etxean fabrikatzea. Agerikotik harago (langileek etxean bertan lan egitea), sistema horren eta telelanaren arteko antzekotasun bitxitzat jo ditzakegu sistema hau erabiltzeko arrazoietako batzuk; ekoizleen «isolamendu» egoerara (literalki) egokitutako antolaketa eredu bat zen; lehen, putting outa, errepide eta bideen egoera txarragatik edo baldintza klimatologikoengatik; orain, telelana, munduko pandemia batengatik. Lehen, putting out delakoak baserriko eta etxeko lanak egiteko aukera ematen zuen, eta orain telelanari egozten zaion «onuretako» bat «kontziliazioa ahalbidetzen» duela da (gero sartuko gara horretan).

Aztertzen ari garenera itzulita, ikus daiteke 2019an Espainiako estatuan ohikotasunez telelana egiten ari ziren pertsonak % 4,9[5] zirela, eta % 3,5ak[6] noizbait telelana egin zutela. Oro har, zifrak ez dira asko aldatu azken hamarkadan, poliki hazi dira. Orain, pandemiaren ondorioz,  nabarmen igo dira; Espainiar estatuan, % 30,2[7] hasi da telelanean, nahiz eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, atzeratuta egon hori ahalbidetzen duen azpiegiturari dagokionez, eta, beraz, bataz besteko datuen azpitik dago: 2019an Europan % 5,4 igo zen, eta aurten ia % 40[8]. Lan-indarraren (des)mobilizazio hori ezin da kontuan hartu gabe utzi.

Espainiako legeriak lana antolatzeko eta egiteko modu gisa definitzen du. Hala ere, telelanaren definizioa bera zaila da. Izan ere, kategoria horren azterketa «amesgaizto metodologikotzat» jo da, definizio hori elastikoa izan daitekeelako eta haren benetako dimentsioa kuantifikatzeko zaila delako. Azken finean, definizio itxira jo ohi dugu, hau da, pertsona bat etxeko ordenagailuaren aurrean begiak frijitzen imajinatzera, eta hori erredukzionismoa da. Alabaina, ez al litzateke telelana izango asteburuan mugikorretik e-mailak erantzuten dituen pertsona batek egiten duena, bulegoan astelehenetik ostiralera lan egin arren? Ez al da telelana call center batean egiten dena, mugikorreko azken tarifa saltzeko deitzen digutenean, milaka kilometroko distantziatik? Esan dudan bezala, definizio itxiagoak eta zabalagoak daude, baina guztiak bat datoz ohiko zentrotik kanpo egindako lana dela esatean, Informazioaren Teknologiak erabiliz.

Ez gara aldaera guztiez luze arituko, baina batzuk aipatuko ditut[9]: leku finko batetik izan daiteke (adibidez, etxea edo telelanerako ekipamendua duen bulego satelite bat), edo aldakorra, ordutegi finko edo malgua duena. Banakako lana izan daiteke, beste langile batzuengandik erabat bereizia, edo, bestela, taldean eman daiteke. Eginkizunak betetzeko autonomia mailak ere aldakorrak dira; zuzendaritzako kide batek tarte handiagoa izan dezake bere lan eta lanaldi karga nola banatzen duen erabakitzeko, eta langile soil[10] batek, berriz, ez. Aipagarria da pandemiarekin ezarri diren ereduetako bat lantokian taldeka txandakatzea da, langile guztiak aldi berean batera egon ez daitezen.

Bestalde, eta eragiten dien sektore profesionalen ideia bat egiteko[11], jada modalitate nahiko ohikoa zen autonomoen artean, eta, orain ezarri egin da, batez ere, hezkuntzan, administrazio publikoan, eremu zientifiko-teknikoan, informazioan eta komunikazioetan, finantzetan edo aseguruetan, edo energian batzuk aipatzearren. Begi bistako arrazoiengatik, inpaktua txikiagoa izan da (ez nulua) industrian, lehen sektorean, etxeko lanetan, ostalaritzan, merkataritzan edo osasunean.

Gelditzeko etorri al da?

Une hartako histeriak prentsa inbaditu zuen eta telelana, zalantzarik gabe, berrikuntza moduan aurkezteaz gain, «gelditzeko» zetorrela eta «normaltasun berriaren» parte izango zela esan zuten. Egia esan, mugarri bat markatu du, nahiz eta hain kopuru handietan soilik denbora batez izango duen protagonismoa. Espainiar estatuaren kasuan, martxoko Errege Dekretua aztertu nuenean, adierazi nuen hark ekipamendu informatikoetan inbertsio bat egitea planteatzen zuela, enpresak telelanera urgentziaz igaro ahal izateko, eta abiadura behartuko informatizazioa ez dela desagertuko pandemia amaitzen denean.

Horrela, lehenengo «onura» agerikoena da; telelana ezinbestekoa izan da pandemiaren aurkako erresilientziarako, «distantzia soziala» mantentzeko neurria izan baita. Bigarrenik, kapital finkoko kapitalistentzako kostuak murriztea dakar, hala nola, bulegoak (dagozkien gastuekin) edo baita ekipo informatikoak ere, kostuak langileei kargatzen zaizkien kasuetan. Modu horretan, etekinak maximiza daitezke, negozioetarako une larrietan bizirik jarraitzeaz gain. Langileei dagokienez, arropan, gasolinan, janarietan eta alojamenduan gastuak aurreztea dakarrela adierazi da, baina horiek huskeriak dira enpresaburuek aurrezten dutenarekin alderatuta. Adibide on bat IBM da; 90eko hamarkadan telelanaren aldeko apustua egitea erabaki zuen enpresak eta 1,9 bilioi dolarren truke higiezinak (bulego eta azpiegiturak, alegia) salduta, urteko 100 milioi dolar aurrezten ditu, argi, ur eta abarretan aurrezten duena kontuan hartu gabe[12].

Kostuak asko aurrezteak eragiten duen beste faktore bat absentismoa murriztea da; adibidez, haurrak medikuarenera eramaten baditugu eta gero beste uneren batean jarraitzen dugu lanean, lanordurik galdu gabe. Are gehiago, kontziliazioa erabili da aldeko jarrerak sustatzeko abantaila nagusi moduan. Dena den, hori malgutasunaren eskutik joan ohi da (adibidez, MeCuida plana). Emaitza? Orain familia bizitzak gutxiago oztopatzen duela lan prozesua eta lausotu egiten dela atsedenerako eta lanerako aldien bereizketa. Zaintza lanak bulegoko orduetan egin daitezke, eta ordu horiek batez ere emakume langileen gain erortzen dira berriro ere. Gero, lana berrartu beharko litzateke une oso desegokietan edo asteburuan, eta ,ondorioz, inpaktu negatiboa izango luke denbora librean. Azken batean, malgutasunak lanorduetan lanaz kanpoko gauzak egitea baimentzen du (arropa garbitzea, esaterako), baina kontrakoa ere badakar; atseden orduetan laneko kontuekin aritzea. Eta horri nekez dei dakioke kontziliazioa. Are gehiago, Marina Kabatek[13] azaldu duenez, telelana emakumeentzat abantaila gisa saltzeak antzekotasun susmagarria du eliza katolikoak duela 100 urte etxeko lana defendatzeko erabilitako argudioekin, lan horrek kalte txikiagoa eragiten zuela, alegia, fabrikaren munduko gaitz absolutuaren aurrean, moralki arriskutsua baitzen mundu hura emakume proletarioarentzat.

Argudiatzen da langileek kontrol handiagoa dutela beren lanaren gainean, baina errealitatetik bestelakoa da; lan-orduen mugak gero eta lausoagoak dira, eta lanak gero eta gehiago inbaditzen baititu aisialdiko uneak. Dekretuak[14] deskonexiorako eskubidea arautzen badu ere, gauza bat da paperean jartzen duena eta beste bat lanean gertatzen dena. Hain zuzen ere, egiaztatu da telelanarekin lanaldiak luzatu egiten direla[15], eta, beraz, langilearen joan-etorrietan denbora aurreztearen argudioa erraz baliogabetzen da, denbora bera erabiltzen delako, gehiago ez denean. Horren harira, nabarmendu behar da, legez lanaldiaren erregistroa egin behar bada ere, telelana ordu estrentzat oso egokia dela, eta ordu horiek askotan ez direla erregistratu ere egiten.

Hala eta guztiz ere, kasu honetan, uste dut ezin dela lanorduen luzatze hau ulertu kapitalistarentzako onura gisa, edo, behintzat, oraindik ez. Nahiz eta ordu gehiago egin lanean, balioa handitzen duten lanorduak ez dira gehitzen, batzuetan gainera gutxitu egiten dira. Ordu gehiago lan egiteak ez du esan nahi, automatikoki, gainlana denik; izan ere, sozialki beharrezkoak diren orduak hartzen dira kontuan, hau da, lan bat egiteko behar den batez besteko denbora. Horrela, telelanean une ez-produktiboak areagotzen dira (baliorik sortzen ez duten uneak, zentzu marxistan). Batez besteko hori baino ordu gehiagotan egiten badugu, denbora gehigarri hori ez zaio batere baliagarria kapitalistari[16], eta kapitalistak ez du inolako interes sadikorik gu beharrik gabe lanean edukitzeko. Termino marxistetan esanda, telelanaren erruz luzatzen diren lanorduek ez dute berez gainbalio absolutua handitzen (lanaldia luzatzea gainlanaren denbora luzatzeko, hortik ateratzen baita gainbalioa eta, azken finean, irabazia). Gerora gerta liteke hala izatea, baldin eta lan bat egiteko behar diren ordu horiek aldi baterako salbuespena ez badira, araua baizik.

Zabaldu den beste ikusmolde oker bat da produktibitatea handitu egin dela telelanarekin, hedabide askok dioten bezala, ustez etenaldi gutxiago egiten ditugulako edo «asebeteta» gaudelako. Aitzitik, estresagatik, antsietateagatik eta nekeagatik jaisten dela ere esaten da, baita isolamendu sentsazioagatik ere. Are gehiago, eraginkortasuna asko jaitsi den lanetan aplikatu da, esaterako, Hezkuntzan. Edonola ere, ez du merezi eztabaida horretan sartzea, ez baitago behin betiko azterketarik. Bestalde, badirudi produktibitatea eta intentsitatea nahasten direla. Produktibitateak (edo ekoizpen indarrak) esan nahi du esfortzu berarekin produktu gehiago ekoiztea; intentsitateak, berriz, lan bera denbora laburragoan edo luzeagoan egitea esan nahi du, esfortzu handiagoarekin edo txikiagoarekin.

Era berean, telelanak eragin nabarmena izan dezake laneko espazioan eta zereginen banaketan. Hala ere, kapital finkoan kostuen aurrezpenaz aipatutakoa gorabehera, kapitalistek ez dute telelana panazea bezala hartzen, eta uko ere egin diezaiokete. Horrela, eredu hibridoarena da joera nagusia[17]; lanaldiaren zati bat urrunetik egiten da[18], eta beste zati bat modu presentzialean. Adibidez, Telelanaren Dekretuak ezartzen du lanaldiaren % 30 gutxienez urrunetik egin behar dela, eta hori da patronalak ondo zainduko duen muga, langileek Legea erabil ez dezaten. Potentzialki Espainiar estatuko biztanleria aktiboaren erdiak egin lezake lan horrela hamarkada bat barru[19] (gaur egun, % 30 inguruk). Era berean, lanaren banaketa konplexuago bihurtu ahala, prozesu batzuk sinplifikatu egiten dira (emailak erantzuten ditugu eta lehen bulegoko pertsona bati zegozkion funtzioak betetzen ditugu).

Dena den, kapitalistentzat benetan interesgarria dena da telelana orokortzeak deslokalizazioaren ateak irekitzen dituela. Existitzen zen[20], baina askoz gehiago zabaldu daiteke, Informazioaren Teknologien abiadura handiko inplementazioari esker. Marxek esan zuen bezala «kapitalak, bere izaeragatik, espaziozko edozein hesi gainditzeko joera du». Hurbilean gertatutako kasu bat ezagutzen dut, zentro inperialistako erdiperiferiako enpresa bateko talde oso bat kaleratu zuten, urrunetik lana egingo zuten periferiako langileak kontratatzeko. Logika osoa dauka, soldatetan ere nabarmen aurreztea baitakar! Zentzu horretan, adierazgarria da Facebookek bere langileen soldata telelana egiten duten lekuaren bizi-kostuaren arabera egokitzeko egindako apustua.

Azkenik, nabarmendu behar da telelana urrats bat dela automatizaziorako joera orokorraren norabidean. Trantsizio etapa batean gaude, non jarduera asko informatizatu diren, eta langileok gero eta gehiago betetzen dugu makina martxan ondo egoteko funtzioa, baina oraindik ez da automatizatu ekoizpen prozesu osoa. Pertsona batzuk gero beren ordez lan egingo duten makinei beren lana irakasten ariko lirateke. Horrela, ordenagailua guri laguntzeko tresna izan daiteke (adibidez, irakasle baten kasuan), edo alderantziz, makina bat den kasuan, gu hari akoplatzen gaituzte makina horri laguntzeko (adibidez, data entry). Bestalde, Informazioaren Teknologiek ekoizpen prozesua askoz ere kuantifikagarriagoa eta aztergarriagoa izatea errazten dute. Zentzu horretan bai onuragarria izan liteke burgesiarentzat, kontrol handiagoa ahalbidetzen duelako; adibidez, programa batzuek aztertzen dute zer egiten dugun, zenbat denboran, zer eten dauden eta zer akats egiten ditugun.

Ondorioak

Ondorio moduan esan daiteke telelana hemen zegoela jada duela hamarkada batzuetatik, baina orain askoz ere posibleagoa da eta bere aukeretan sakontzen ari da. Horretara egokitzea baldintza bat izango da enpresa askoren egonkortasunerako, pandemia gehiago izateko aukera hitz egiten den testuinguru batean. Hobekien eta azkarren egokitzen direnak besteek jarraituko dituzte, eta egokitzerik lortzen ez dutenak hondoratu egingo dira. Azken finean, horretan datza lehiaren gerra irekia. Hala ere, ez dago arrazoirik pentsatzeko lan postfordista ez dela fisikoa izango, ziberespazioaren garrantzia gorabehera.

Gauzak horrela, prentsaren eskizofreniak desitxuratutako pertzepzioa gorabehera, telelana modu berean onuragarria al da langile eta kapitalistentzat, win-win bat? Ez, noski. Egia da a priori zenbait alderdi onuragarriak izan daitezkeela telelanean aritzen direnentzat, hala nola, kontziliazioa ahalbidetzen duen malgutasuna, baina ulertu behar dugu ez digutela ezer oparitzen, baizik eta, batez ere, kapitalismoarentzat funtzionalak diren kontuak direla. Gu pozik edukitzea ere beharrezkoa da berak ondo funtziona dezan.

Kostu finkoak aurreztea lortzen duten enpresek abantaila lortuko dute hala egin ez dutenen aldean, baina, aldi berean, lanaren benetako intentsitatea gutxituko balitz, etekinak jaitsiko lirateke. Ikusteko legoke gainbalio absolutua handitzea eragin dezakeen eta epe ertainera soldatak jaistea ekar dezakeen, langileen bizi-kostak aurreztea oinarri hartuta.

Bestalde, defentsa zentzua du, ekonomiaren erresilientziari laguntzen baitio disrupzioen aurrean, lanaldia luzatuz edo intentsitatea handituz mozkinak handitzeko zentzua baino gehiago. Era berean, lan prozesu ugari deslokalizatzen eta automatizatzen laguntzen du, eta horrek bai balioko lukeela soldatak jaisteko.

Aldi berean, burgesiak ofentsiba moduan erabil lezake, soldatak jaisteko palanka gisa balioko balu; izan ere, deslokalizazioek asko zailtzen dute langileen erresistentzia, langile talde handien isolamendua sustatzen baita. Modu horretan, laneko sozializazio uneak ezabatzen dira, kaferako etenaldia bezalako uneak, hau da, loturak sendotzen dituztenak, konplizitatea sortzen dutenak eta, agian, antolaketa.

Dena dela, patronalak ez du beti isolamendua onuragarritzat ikusten; izan ere, enpresa askok nahiago dute langileentzat espazio informal bateratu horiek mantentzea, ideologia toyotistaren bidez kokatzearen baldintzapean («zure interesak eta enpresarenak berdinak dira»), langileen arteko elkarrekintza horrek ez dezan kapitalisten aurkako erresistentzia sustatzera eraman, baizik eta haien onerako izango den lankidetza sustatzera. Horretarako, bereziki baliagarria izango litzateke helburuen araberako soldata eredua[21] (lana destajuan egitearen eguneratze cool bat), langileek beren buruari lan erritmoak eta intentsitate mailak ezartzen baitizkiote helburu horiek betetzeko, zainketa lanen beharrik gabe.

Laburbilduz, telelana ez da panazea, ez langileentzat ezta kapitalistentzat ere. Hala ere, bere presentzia hazi egingo da hurrengo urteetan, zenbait abantaila baitakartza, batez ere azken horientzat, baina ez du lan presentzialaren lekua hartuko, baizik eta berarekin biziko da.

Erreferentziak

            COVID-19aren aurrean bulegoaren antolaketaren gaian sakontzeko: «Coronavirus y teletrabajo: 5 modelos de “oficina del futuro” que están emergiendo gracias a la pandemia».

        4.0 industriari buruz: Beñat Gallastegi, «Laugarren industria iraultzaren oinarriak eta bere ondorio sozialak» https://gedar.eus/aktualitatea/biolentziaestrukturala/laugarren-industria-iraultzaren-oinarriak-eta-bere-ondorio-sozialak/

        Telelanak kontziliazioarentzat dakartzan ustezko abantailei buruz: Eric Lohman, «When [S]He is Working [S]He is Not at Home: Challenging Assumptions About Remote Work».

        Fernando Estebe Mora, «El teletrabajo, la autoexplotación y el fin de la Historia».

        Marina Kabat, «Teletrabajo, pandemia y después. Contra las miradas conspirativas pseudo marxistas y las apologías liberales».

        Vamos hacia la vida, «El teletrabajo enajenado» https://hacialavida.noblogs.org/705-2/

        Santiago Niño Becerrari egindako elkarrizketa: https://cadenaser.com/programa/2020/09/23/la_ventana/1600880373_485318.html

        Telelanaren Legearen laburpen bat: https://twitter.com/robert_gual/status/1308381944577691648?s=08

        Telelanaren Legearen analisi bat: https://www.elsaltodiario.com/laboral/errores-cinco-aciertos-decreto-ley-trabajo-distancia-teletrabajo?fbclid=IwAR28ol3z8iQ9jVOTP_TDR3JXGVVTG9zbIT6d_tjwNlowbqSUazspa4E1qU4&s=08


[1] https://www.weforum.org/agenda/2020/06/now-is-the-time-for-a-great-reset/

[2] Horri dagokionez, ikusi Beñat Gallastegiren “Laugarren industria oinarriak eta bere ondorio sozialak” artikulua-

[3] 28/2020 Errege lege-Dektretua, irailaren 22koa, telelanari buruzkoa.

[4] Gaur egun ere existitzen dena, esaterako, ehungintzan.

[5] Espainiako Bankua, «El teletrabajo en España (2020)».

[6] UGT, «El teletrabajo en la encrucijada. Análisis y propuestas».

[7] Idem

[8] Eurofund, «Living, working and COVID 19, first findings- April 2020».

[9] «Telecommuting. What? Why? When?»

[10] Ingelesez rank-and-file worker (“soil”) soldatapeko lana antolakuntza militarraren pare jartzen da.

[11] Espainiako Bankua, «el teletrabajo en España (2020)» eta  Nazioarteko Diru Funtsa, «World Economic Outlook (Oct 2020). A long and difficult ascent».

[12] Eric Lohman, «When [S]He is Working [S]He is Not at Home”: Challenging Assumptions About Remote Work».

[13] Marina Kabat, «Teletrabajo, pandemia y después. Contra las miradas conspirativas pseudo marxistas y las apologías liberales».

[14] 28/2020 Errege lege-Dektretua, irailaren 22koa, telelanari buruzkoa.

[15] https://www.bloomberg.com/news/articles/2020-04-23/working-from-home-in-covid-era-means-three-more-hours-on-the-job

[16] Aipatzekoa da, Marxen arabera, balioa modu objektiboan zehazten dela, sozialki beharrezkoa den lanaren arabera, eta ez datorrela bat ekonomista batzuek erabiltzen duten balio kontzeptuarekin, zeina, izatera ere, erabilera-balioaren kontzeptuarekin bat etorriko litzatekeena, gai subjektiboagoa dena, erabilgarritasuna bakoitzaren araberakoa baita.

[17] https://www.bbc.com/worklife/article/20200824-why-the-future-of-work-might-be-hybrid

[18] Ezberdinak egon daitezke, hala nola, urruneko «plus» eredua (3 aste urrunetik, 1 bulegoan), edo 2 egun bulegoan eta gainerakoak urrunetik https://www.bbc.com/mundo/noticias-54356853

[19] https://www.expansion.com/economia/2020/09/26/5f6f2e52468aeb35048b467a.html

[20] EEBBek urteak daramatzate horretan, Filipinak edo Korea tele-deslokalizatzen, edo Espainiar estatuak berak Latinoamerikako herrialdeekin.

[21] Ordukako soldataren beste modu itxuraldatu bat baino ez dena. Helburu horiek batez beste izan beharko lituzketen lanorduen arabera ordainduko lirateke. Beraz, funtsean, lanorduen arabera ordaintzen da.