Greba orokorrak: errealitatearen eta erretorikaren artean

2020ko urtarrilaren 27a


Versión en castellano

(Itzulpena)

Azken boladan, mundu mailan, greben inguruan zenbait gertaera nabarmen izan dira: urtarrilaren 8an greba orokorrak 250 milioi pertsona mobilizatu zituen Indian, eta abenduaren 5ean hasi zen Frantzian bere historiako greba orokor luzeena izaten ari dena 68ko maiatzetik. 2018an, AEBetako irakasleek greba mugimendu handi bat hasi zuten, eta 2019an General Motorsen greba masiboa izan zen. Mexikon 70.000 langile mobilizatu ziren Matamorosen, eta azken urteetan Amazonek Poloniako, Alemaniako eta Espainiar Estatuko langileen artean koordinatutako grebak jasan behar izan ditu. Euskal Herriari dagokionez, Bizkaiko metalaren sektoreko greba garrantzitsu bat izan da, eta egun batzuen buruan greba orokor bat egongo da, lehenengoa aurreko hamarkadaren hasierako greba orokorren zikloaz geroztik.

Hala ere, animoak pizten zaizkigun arren, joera globalak ez dira uniformeak, eta kontuz ibili behar da gertaerak irakurtzeko moduarekin, ezin baitira hain erraz zaku berean sartu. Nire asmoa, bada, Europa mailako greba mugimenduak aztertzea da, batez ere berrienak.

GREBA EZAUGARRIAK ETA MOTAK

Garai batean, greba orokorrak "klase borroka aldi baten bateratze ekintza" moduko bat ziren, Rosa Luxenburgok esango lukeen bezala[1]. Urteetako edo hamarkadetako gatazken (greba partzialak, arlokoak, lokalak …) ondorioz masen greba izugarriak izaten esan nahi zuen. Beraz, Rosak ohartarazi zuenez, ez ziren dekretuz sortzen, eta ez ziren egun batetik bestera deitzen, baizik eta aurretik beste klase mugimendu batzuk izaten zituzten. Adibide moduan balio dezakete elkartasun greba ugariek[2], esaterako 1970eko hamarkadaren hasieran Iruñerriko Potasasasekoa edo Etxebarrikoa, greba orokor bihurtu zirenak. Rosak ere aipatzen du masen grebak (edo orokorrak, nahi bada) borroka eskola bat direla; izan ere, bandoak argi gelditzen dira– errepresioak lagundu egiten du horretan, zalantzarik gabe –, eta, aldi berean, masa zabalen kohesioa eta antolaketa praktikatzen da.

Greben izaera, beste faktore batzuen artean, herrialde jakin bateko kapitalismoaren egoeraren araberakoa da. Historian zehar greba mota ezberdinak egon dira (Losovskyk 13 kategorizatzen ditu[3]): lehen sindikatuekin, goranzko kapitalismoan, altxamendu desesperatuak ziren, eta, ondoren, Lehen Mundu Gerraren atarian, grebak proletarioen bizi baldintzak hobetzera bideratuta zeuden, baina kapitalismoaren markoaren barruan. Izaera ekonomikoa zuten greben helburua eskaera konkretuak lortzea zen, ondoren lanera itzultzeko. Bestalde, greba politikoak askatasun zehatzak lortzera bideratuta egon zitezkeen: legez kanporatutako langile erakundeen sufragioa edo errekonozimendua (Ingalaterrako mugimendu kartista  XIX.m.). Klase kapitalistaren organo exekutiboaren aurka jo ohi zuten: gobernuaren aurka, patroi baten edo talde baten aurka baino. Kapitalismoaren garai dekadentearen ezaugarri diren greba orokor iraultzaileak, politikoak eta masen grebak ere nabarmendu nahi nituzke. Botere burgesa eraistea planteatzen zuten, matxinadaren atarikoa izanik, 1934an Asturiasen bezala.

GAUR EGUN

Gaur egun, Europan, greba orokorrak gobernu baten aurka deitu ohi dira, orokorrean nazio mailan[4], erreforma proposamenen aurka protesta egiteko[5]. Deialdia egin duten sindikatuak, beraz, garrantzitsuak dira gobernuentzat, hauteskundeetako emaitzetan eragina izan dezaketelako. Horregatik mobilizatzen dute gizartearen ezinegona (zenbat eta ez-popularragoak izan neurriak, orduan eta jarraipen handiagoa izango da), sarritan hauteskundeetatik gertu.

Deialdia egiten duten sindikatuen botere adierazpen handi bat dirudite. Dena ez da ordea dirudien modukoa; 2. Mundu Gerraren ondoren, estatuan integratutako sindikatuen ordezkagarritasuna gainbeheran dago, eta hura berreskuratzen saiatu behar dute; gatazken gorakadak ez du nahitaez ekarri haien ordezkagarritasuna handitzea, eta batzuek afiliazioa handitzen ari dela ikusten duten arren, joera beheranzkoa da. Ordezkagarritasun horrek negoziazio ahalmena ematen zien; beraz, ordezkagarritasun gutxiago, botere gutxiago.

Gainbehera hori aspaldikoa da; lehenik eta behin, sindikatu horiek "itun sozialak" deiturikoan hartu zuten parte. Itun horietan gobernuekin lankidetzan aritu ziren austeritate neurri jakin batzuk ezartzeko, negoziazioetan kontzesioak ematearen truke (adibidez, kaleratzea merkatzea, lanaren behin-behinekotasuna mugatzearen truke). Baina, 2008ko atzeraldiaren eta 2009ko krisiaren ondoren, sindikatuen mobilizatzeko gaitasuna murriztuta zegoen, haien afiliazioa bezalaxe. Horrelako "arerio" baten aurrean, burgesiak ez zuen zertan haiekin kontatu aipatutako "itun sozialetarako". Horren aurrean, ohikoagoak egin ziren greba orokorrak (kaleko mobilizazioak bilatzen dira horietan, ekonomia geldiaraztea baino gehiago), lantokietan greben kopurua jaisten ari zen bitartean.

Jane McAleveyk azaltzen duenez, 2008az geroztik dimentsio sinbolikoa da nagusi mendebaldeko grebetan (adibidez, austeritatearen aurkako grebak). Sintomak taktiken berrikuntza faltan antzematen dira, gero eta erritual itxura gehiago dute: eraginkorrak izatea bilatzen ez duten piketeak, kontsumoa geldiarazteko neurriz gorako obsesioa beste esparru ekonomiko erabakigarri batzuk albora utzita -hala nola, ekoizpena-, manifestazio-prozesioak… izan ohituragatik, izan ikusgarritasunaren aurrean eraginkortasuna bigarren mailan gelditzen delako, eta, beraz, berdin izatea zer ari garen egiten zerbait egiten ari garela dirudien bitartean.

Izan ere, maiz, taktika horiek politika parlamentarioaren menpe egoten dira. Bestela esanda, greba orokor batek talde politiko baten interes zehatzetarako balio dezake bere aurkarien –edo aliatuen– aurka. Rosa Luxenburgok aurreikusi zuen nondik nora joan zitekeen greba batzuen dimentsio politikoa: "Parlamentarismoaren menpeko masen greba, parlamentuaren gehigarri hutsa bihurtzen da".

TAKTIKA BERRIAK

Greba langileen tresnarik nagusienetako bat da gaur egun ere, baina hedatzen ari diren taktikak ere berrikusi beharko lirateke, are gehiago lanaren antolaketa maila globalean aldaketak jasaten ari denean: birlokalizazioak, makinizazioa, informatizazioa edo langile klasearen berrantolaketa. Lehen aipatu dugun ikusgarritasuna greba orokor batean gerta daitekeen funtsezko alderdi bati uko egitearen eskutik dator: lurraldearen gaineko langileen kontrola. Ekonomia bere osotasunean geldiarazteak esan nahi du bere dimentsio desberdinetan aurre egin behar zaiola, berehalako ekoizpenaren eremutik harago: botere ikaragarria da logistika, hornikuntza-kateak, salgaien fluxuak edo garraioak blokeatu edo etetea. Azken batean, egungo lanaren antolamendua, bere konplexutasun erraldoian, eta merkataritza zirkulazioaren alde ahula erakusten du. Hala erakusten dute logistikaren grebek Italian (Bolonia, 2012, 2013) edo Frantziako trenbideetakoek (Châtillon, 2019).

Aztertu beharreko beste alderdi bat energia hornidura da. Greba orokor honetan, Frantziako langileek energia hornidura (nuklearra, erregaiarena) eten dute, edo 70eko hamarkadako autoriduzzione italiarren praktika batzuk[6] berrartu dituzte: argiaren tarifen prezioa jaistea, familia pobreak sare elektrikora berriz konektatzea… Aldi berean, adimen handiz baliatzen dute komisariak, enpresak edo intendentziak deskonektatzeko erabil dezaketen kontrola. Bi kasuetan – logistikan eta energian – langileen kontrola gauzatzen da lurralde mailan.

AZKEN GOGOETAK

1.      Greba orokor "arrakastatsuenak", proposatzen dituzten aldarrikapenak lortzen dituzten neurrian[7], politika jakin batzuen – edo horien multzoen – aurka daudenak dira, bereziki hauteskundeak iristear daudenean. Aitzitik, lorpen handiak aldarrikatzen dituztenak, ezer ez lortzeko joera dute ("austeritatearen aurka", "neoliberalismoaren aurka", Grezian bezala). Kontua ez da soilik epe motzean posible diren eskarietara mugatzea, baizik eta kontziente izatea helburu horiek ez direla lortzen egun bakar bateko mobilizazio masiboekin, azkenaldiko gertaerek erakutsi duten bezala.

2.     Grebak langileen batasunaren premisaren pean funtzionatu beharko luke[8]. Horretarako, greba elkartasunetik eraiki behar da, zatiketak gaindituz. Ezer gutxirako balio du jada antolatuta daudenek grebak egitea proletalgoaren geruza ahulenek parte hartzen ez badute. Borrokarako posizio onena duten sektoreek okerren daudenei -kaleratze errazagoak, paperik gabekoak … - bizkarrak zaindu behar lizkiekete, eta elkarrekin denboran irauteko gaitasuna duen egitura bat garatu behar lukete (horretarako oso baliagarriak lirateke erresistentzia kutxak berreskuratzea).

3.      Zentzu horretan, beharrezkoa izango da subjektu proletarioa lan eta enpresa esparrutik haratago artikulatzea (pentsiodunak, ikasleak, langabetuak, etxekoandreak …), baina esparru horiei uko egin gabe, funtsezkoak baitira ekonomia geldiarazteko – eta, agian, esparru horien kontrola hartzen ikasi behar da, lurralde mailan–. Era berean, taktika berriek ezin dute aitzakia izan masak antolatzeko lanetik ihes egiteko. Argitu nahi nuke, halaber, langileen batasuna (alderdi kualitatiboa) eta elkarren artean artikulatzen ez diren aldarrikapenen batura soila (alderdi kuantitatiboa) ez direla gauza bera.

4.       Greba orokorrak erradikaltasun kutsua du, eta horrek batzuetan zaildu egiten du bera ulertzea edo zuzenean ezkutatu egiten du bere gainbehera. Berriki hartu duen erritual aktibista izaerak bere eraginkortasunaren auzitik desbideratzen gaitu: manifestatzea, masa kritikoa sortzea, mediatikoki eragitea, ezer gutxirako balio dute lurraldean hedatutako botere erreal baten artikulazioa ordezten badute. Horretarako, etsaia bere dimentsio osoan ulertu behar dugu, eta ekoizpenaren, banaketaren edo energia horniduraren esfera desberdinetan aurre egin, kontsumoaren esferarekiko obsesioa gaindituz.

5.       Hala ere, gerta liteke berehalako arrakasta ez bilatzea. Azken batean, gauza bat da mahai gainean jartzen dena, eta beste gauza bat dira benetako interesak: ordezkagarritasunaren (tendentziala) krisiari aurre egitea, sindikatuen oinarri soziala zabaltzea eta haien lidergo politikoa eta hegemonia ezartzea, haien artean dagoen lehiaren barruan. Bestela esanda, ordezkagarritasunaren krisiaren ondorioz baztertuak gelditzen ari diren itun soziala berrartzen saiatzea, politika parlamentarioaren osagarri gisa balio duten bitartean; izan ere, politika horren mende daude, eta hor jartzen dute benetan garrantzia.

GOMENDIOAK

·         Grebaren izaeraren eta horren genealogiari buruz:

.            Losovsky- “escritos sindicales”, Losovsky- “de la huelga a la toma de poder” eta Rosa Luxemburgo- “Huelga de masas, partido y sindicato”        

.        ●        Estrategiari eta grebari buruz: John Steuben- “Strike Strategy” eta William Foster- “Strike Strategy”


·            Gaur egungo mendebaldeko greba orokorrei buruz: Marianne Garneau- “You say you want a general strike” (http://libcom.org/library/you-say-you-want-general-strike)

·            Frantziako greba orokorrari buruz: Gabriel Rockhill- “Understanding France’s General Strike in the Context of the Yellow Vests and Global Class Warfare“ (https://www.counterpunch.org/2020/01/13/understanding-frances-general-strike-in-the-context-of-the-yellow-vests-and-global-class-warfare/)

·            Merkantziei, garraioari, kapitalari eta klase borrokari buruz: https://elsalariado.info/2018/04/24/mercancias-transporte-capital-y-lucha-de-clases/

 


[1] “Huelga de masas, partido y sindicato”

[2] Egun, Espainiako estatuko lan legediak debekatu egiten ditu elkartasun grebak.

[3] Bat-batekoak, antolatuak, erasokorrak, defentsakoak, elkartasunezkoak, tartekakoak, lokalak, barrutikoak, industrialak (hau da, arlokoak), orokorrak, nazioartekoak, ekonomikoak eta politikoak.

[4] Salbuespen batzuk daude, hala nola 2012an hainbat herrialdetan aldi berean greba orokorra deitu zutenekoa.

[5] Zentzu horretan, nahasgarria da pentsioak izatea hilaren U30eko grebaren borroka aldarri nagusia, eta, aldi berean, Sanchezen gobernua babestea zeharka – "ahal den gobernu onena" –. Pentsioak funts pribatuen esku nola jarri aztertzen ari den berbera, Bruselaren ildoari jarraituz.

[7] Era berean, beharrezkoa da aldarrikapen txikiagoak edo handiagoak lortzen diren zehaztea, eta azken horiek ez dira hain ohikoak.

[8] “Antolatu gabe daudenak antolatu” behar dira, William Fosterrek esango lukeen moduan.