AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Askotan hitz egin izan da 1934ko Iraultzaz. Gehienek Iraultza honi buruz Asturiasen gertatu izan zena, eta agian, asko jota, Katalunian egin zen “Estatu Katalana” aldarrikatzeko mugimendua ezagutzen dute, baina ez da hain ezaguna Euskal Herrian iraultza-saiakera horrek utzi zuen aztarna. Izan ere, Asturiasen ostean, Euskal Herrian izan zuen zabalpen gehiena 1934ko iraultza sozialistak (Kataluniako mugimendua beste izaera batekoa zen, izaera nazionalista edo federalistakoa, denbora-epearen arabera bat etorri bazen ere). Beraz, labur-labur honi buruz zeozer esan beharra dagoela iruditzen zait, beste zeregin batzuek, nik nahi nuen moduan artikulu zehatz eta osatua (batez ere bibliografikoki) egiten utzi ez badidate ere. Artikulu honetan, beraz, iraultza hori gerta zedin eman ziren arrazoi nagusiak eta baita Euskal Herrian izan zuen bilakaera ere labur-labur emango ditugu.

Matxinada edo iraultza-saiakera hau, ez zen soilik Asturiasen gertatzekoa izan, Espainiar Estatu osoan baino. Hain zuzen Asturiasen soilik gertatu izan bazen, han sozialisten eta anarkisten (baita ere komunisten, hauek oraindik beste bi fakzioak baino gutxiago baziren ere) arteko kolaborazioak funtzionatu zuelako izan zen. Hori izan zen matxinada beste tokietara ez zabaltzeko puntu klabe bat: anarkistek ez zutela bat egin nahi sozialistek gidatutako matxinada batekin (ez naiz ni erruak banatzearen aldekoa, izan ere, kontutan izan behar dugu 1931-33ko biurtekoan Gobernuan zeuden sozialisten eta sistemaren aurka zeuden anarkisten arteko oposizioa oso gogorra izan zela. Kontutan izan behar da baita 1933ko abenduko anarkisten saiakera sozialistek ez zutela babestu, beraz bi fakzioen arteko mesfidantza nahiko handia zela). Asturias izan zen iraultzaren organo bezala jokatu zuten “Langile Aliantzek”, benetan langile klase osoa ordezkatzeko izaera plurala hartu zuten toki bakarra, eta horrek azaltzen du iraultzak han izan zuen behin-behineko arrakasta.

Beste alde batetik, zenbait liburu eta egilek, matxinada hura, iraultza-saiakera hori, 1933ko hauteskundeetan lehen indarra izan zen CEDA eskuindarra –faxismoarekiko nolabaiteko lotura ideologikoak zituena; ez naiz egun honetan sartuko, baina egia da ezkerretik “faxista” bezala jotzen zutela, eta populazioaren zati handi batek hala hartzen zuela egitate bat dela, eta baita noizbait hauen zuzendari batek ere egin izan zuela- Gobernuan sartzeak probokatu zuela azaltzen dute. Hau ez zen guztiz hala izan, nahiz eta nolabaiteko balio propagandistiko bat izan zuen gertaera horrek, edo nahiago bada, pizgarri izan zela esan dezakegun arren. Egia da langileriak faxismoari zioen beldurra matxinadarako arrazoi bat izan zela. CEDAk Austrian Engelbert Döllfussek ezarritako “Estatu korporatiboa” edo “demokraziatik abiatutako diktadura” eredutzat zuen eta hura austriar sozialisten aurkako errepresio bortitz baten ostean ezarri zuten. 1934an, espainiar prentsan eta iritzi publikoan, batez ere CEDAk zuen eragina kontutan izanda “Austria” hitza geroz eta gehiago entzuten zen. Beraz, egia baldin bada faxismoari zitzaion beldurra arrazoi bat zela, honek ez du esan nahi matxinada espontaneoki hasi zenik: aldez aurretik prestatutakoa zen. Hau da, aurretik prestatutako ekintza bat izan zen, justu CEDA Gobernuan sartzeko momentuan abiarazi zena.

Baina “faxismoari beldurrak” ez zuen dena azaltzen. Izan ere, 1934ko matxinada ez zen “errepublikaren benetako izaera berreskuratzeko” edo “errepublikaren purutasunaren” izenean egin. Iraultzaren subjektua langile alderdiak izan ziren esklusiban. Alderdi errepublikano burgesek ez zuten parte hartzerik izan; langile matxinada bat izan zen, langile helburuak izan zituena (bilakaerak frogatu zuen moduan). Beraz bestelako arrazoiak ere izan ziren. Horietako bat, krisi ekonomikoaren larriagotzea izan zen, zeinak langile asko langabeziara eraman zituen. Beste arrazoietako bat Lerrouxen Gobernuaren politika izan zen; zeinak langileen eta sindikatuen negoziazio ahalmenari kalte egiten zion. Izan ere, kontutan izan behar da 1931-33ko “biurteko ezkertiarrean” Azañaren eta sozialisten arteko koalizioak, oso politika ekonomiko kontserbakorra egin zuela, batez ere gastu publikoari dagokionez (ez zen nazionalizazio handirik gertatu). Hala ere, langileek lorpen garrantzitsu bat izan zuten Arartekaritza Mistoak legez ezartzearekin. Arartekartiza hauek enpresa guztietan ezarri ziren, eta sindikatuek bertan presentzia handia zuten. Arartekaritzek, ordutegia, egutegia, soldata… erabakitzerakoan onartzeko edo ukatzeko boterea zuten; beraz sindikatuek botere handia lortu zuten hauek ezartzearekin. Gobernu berriak Arartekaritza hauek ez zituen desegin, baina bai “kontsulta-organo” izatera gibeleratu, honela langile klasearen negoziaketa-ahalmena (krisi ekonomiko garaian zeuden) erabat murriztuz. Eta azkenik, langile klasearen beraren erradikalizazioa dugu. 1931an anarkistak eta komunistak soilik zeuden “Errepublika burgesaren” aurka. 1933 eta 1934an, sozialisten zein UGTren barruan halako joerak nagusitu egin ziren, batez ere Lan Ministro ohi Largo Caballeroren ildo aldaketak agerian utzi zuen jarrera hori. Finean, langile klasearen barruan “Errepublikarengandik gehiago espero genuen” sentsazioa zen nagusi 1934ko udazkenean.

Gainera, Euskal Herriaren kasuan, badugu bosgarren arrazoi bat. Agian hau ez zen matxinada hasteko garrantzitsua, baina bai Euskal Herria bezalako toki kontserbakor batean, ezkerreko masa handiagoa zegoen beste tokietan baino zabalkunde handiagoa izatea azaltzen duena. 1934ko udaberrian eta udan zehar garatu zen euskal “Udalen Mugimendua” (Gobernuak egin nahi zuen zerga erreforma baten kontrakoa, horren bidez Hitzarmen Ekonomikoaren defentsarako eta 1933an bozkatutako Estatutua indarrean ahalik eta lehen indarrean jarri zedin presionatzeko mugimendua) zela eta, Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkate batzuk (ezkertiarrak eta abertzaleak) kargugabetu egin zituen, eta erantzun gisa, joera horretako zinegotzi denek dimisioa eman zuten. Udalkide hauek Gobernadore Zibilek izendatutako eskuindar zinegotziez ordeztu zituzten eta, nolabait, ekintza autoritario honek alde batetik Gobernuaren kontrako asaldura ekarri zuen. Bestetik, Euskal Herrian “diktadura etor daiteke” baino, “diktadura hemen da” sentsazioa nagusitzea ekarri zuen.

Jakina denez, Asturiasen izan zen matxinadaren punturik bortitzena. Esan bezala, han langile batasuna, erakunde ezberdinen arteko adostasuna eman zen. Bestalde bazeuden beste hainbat baldintza iraultza han inon baino gehiago hedatzeko: ondo armatutako eta armetan trebatutako ehunka langile zeuden. Gainera, 1934an zehar sei greba orokor eginak izan ziren iraultza hau hasi bano lehen, beraz esperientzia handiko langileak ziren. Asturiasen, matxinada, urriaren 5ean hasi zen, meatzarien eskualdeetan (Nalon eta Caudal eskualdeetan), Goardia Zibilaren kuartel batzuk eta baita ere Trubia herriko arma-fabrika hartu zutelarik. Hala ere, koordinazio akats batzuek atzeratu egin zituzten zenbait ekintza garrantzitsu, adibidez, Oviedo hartzea: hurrengo egunean, urriaren 6an gertatu ziren meatzariak hiriburuan Ramon Gonzalez Peñak gidaturik, baina atzerapen hori zela medio (edo hori ere bazela medio), ez zuten kuartel militarrak hartzerik zian. Gijonen ordea, arma nahikorik ez zuten izan hiriaren gaineko kontrola bermatzeko eta han, greba, baketsua izan zen beste ezer baino gehiago.

Asturiasi zegokionez, esan beharra dago han iraultza ia herrialde osora zabaldu zela. Botere iraultzailea ere ezarri zuten bertan, Batzorde Iraultzaileek osatua. Hauek iraultzaren izaera sozialista (ez soilik “errepublikanoa”) aldarrikatu zuten. Bestalde, indar armatu propioak ere ezarri zituzten, Goardia Gorriak (zeinak, gerora propagandak esan zuenaren kontra, gaizkiletza eta zakuratzea gerta ez zedin saiatu ziren). Eta batez ere, Parisko Komunak egindako akatsak ez errepikatze aldera, Espainiako Banketxea ere eraso zuten. Halako ekintzek argi utzi zuten asmoa iraultza sozialista egitea zela, ez besterik. Hala ere, ziurrenik iraultza-saiakerak gutxi iraun zuelako eta hori zela eta betarik izan ez zutelako, antolaketa iraultzaile honek ere zenbait gabezia izan zituen: adibidez ez zen izan Asturias osoko mailako koordinazio politikorik: toki bakoitzean tokiko Batzorde Iraultzailea zegoen, goragoko organorik gabe. Praktikan koordinazio bakarra militarra izan zen. Honela, toki bakoitzean (bertako fakzio nagusiaren arabera) eredu politiko ezberdinen isla aurki genezakeen, batez ere helburuak azaltzerakoan, edo jabetza mota ezberdinak desjabetzerakoan. Kudeaketa politikoari zegokionez, botere iraultzaile berria indarrean izan zen egunetan, praktikan, borrokan izan zenez gero, Batzorde Iraultzaile ezberdinen lana hauen iraupenerako eta mantenurako zerbitzu minimoetara mugatu zen: erietxeak edo janariaren banaketa kudeatzera. Esan dugunez, iraultza-saiakera honek ez zuen askorik iraun Armadaren erantzuna berehalakoa eta bortitza izan zelako: urriaren 7an jada Gijonen sartu ziren hiriaren kontrola urriaren 10erako ziurtatu zutelarik; Oviedon urriaren 11an sartu ziren eta 13rako hiri osoa kontrolatzen zuen armadak; eta urriaren 15ean meatzari iraultzaileen buruzagien errendizioa eskatu zuten, azken guneak 18an amore eman zutelarik. Kronologia labur honetan, zaila izan zen bestelako eredu bat taxutzea ere, eta iraultzen hasierako etapen botere-dispertsiotik kontzentraziorako urratsa ematea ere ezinezkoa izan zen.

Euskal Herriari dagokionez, matxinadaren zuzendaritzan batez ere sozialistak aritu izan ziren. Hemen matxinada okerrago antolatua izan zen, eta iraultzaileek eskuetan izan zuten arma kopurua ere ez zen nahikoa izan halako helburuak zituen mugimendu baten helburuak betetzeko. Beste alde batetik, langileen batasuna ere askoz ere txikiagoa izan zen. Sebastian Zapirain komunista donostiarrak gogoratu zuen moduan; “PSOEk eta UGTk mugimendua euren kontura antolatu zuten. Gu enteratu egin ginen, baina ez eurek esan zigutelako edo gurekin kontatu zutelako. Sozialistei esan genien ez zela iraultza hasteko momentua. Esan genien halako mugimendu bat hobe zehaztu behar zela. Eurak esan ziguten aurrera zihoazela, eta guk nahi bagenuen batu ahal ginela, baina mugimendua eurek gidatzen zutela eta ez zutela gurekin ezer adostuko”. Komunistez gain, CNTkoak ere batu ziren grebara. Beste alde batetik, klase ertainetako alderdi errepublikanoetako (Izquierda Republicana, Eusko Abertzale Ekintza) militanteek nolabaiteko bazterreko partehartzea izan zuten. Bestetik, asko espekulatu izan da jeltzaleen parte hartzeari dagokionez. EAJren zuzendaritzak argi utzi zuen eurek mugimendua ez zutela babesten, baina ELAk, “greba nagusi den tokietan, berau ez oztopatzeko” deia egin zuen “betiere modu baketsuan” (hots, grebak greba- eta ez iraultza- izaera zuen tokietan). Egia da toki batzuetan, batez ere Gipuzkoako Hegoaldean, ELAko langileek parte-hartze aktiboa izan zutela, gerora zenbait iturrik jeltzaleen parte-hartzea puzteko baliatuko zutena. (ELA mugimendu orokorraz deskonektatua zegoela erakusten duen froga bat, sindikatu jeltzaleak lanerako itzulera 11n agintzea izan zen, beste sindikatuek 12an deitu zutelarik).

Euskal Herrian matxinadak Gipuzkoan eta Bizkaian izan zuen pisurik handiena, batez ere azken honetan. Ez da sekretua bi toki hauetan kontzentratzen zirela industria handienak eta langile klasearen masarik handienak. UGT sindikatuak ere bi lurraldeetan pisu handia zuen: 30.000 bat kide Bizkaian eta 8.000 bat kide Gipuzkoan. Bizkaian, urriaren 4tik 5erako gauen hasi ziren lehen mugimendu iraultzaileak. Urriaren 5ean Paulino Gomez Beltran sozialista buru zela Batzorde Iraultzailea eratu zuten, eta herrialde honetan Bilboko eskualdeko zenbait tokitan aginte iraultzailea fisikoki ezartzeko gai izan ziren iraultzaileak. Urriaren 6an Guda-Egoera aldarrikatu zuen Gobernuak, militarrak Bilbon sartu zirelarik. Hiriburuan bertan tiroketak izan ziren, urriaren 8an militarrek hiria hartu zuten arte. Egun horretatik aurrera Ezkerraldera lekualdatu zen borroka eta urriaren 8 eta 12 artean toki haietan izan ziren istiluak. Lehen aipatu dugun moduan, urriaren 12an, sindikatuek egoera galduta ikusi zutelarik, lanera itzultzeko deia egin zuten. Hala ere, Bizkaiko Meatzaldean, oraindik gune batzuen kontrola iraultzaileen eskuetan zegoen: adibidez Abanto-Zierbenako Putxeta auzoa urriaren 14an hartu zuten Gobernuko indarrek, airez bonbardatu ostean, eta Trapagako Arboleda auzoa hartzeko urriaren 17a arte itxaron behar izan zuten. Bizkaian iraultzaren gune nagusia Bilbo aldea izan bazen ere (han soilik ezarri zen iraultzaileen kontrola fisikoki), beste zenbait herritan, Gernikan, Bermeon eta Ondarroan kasu, greba-mobilizazioak ere eman ziren, kontrol publikoa desafiatu gabe izan bazen ere.

Antolaketa arazoak Gipuzkoan askoz ere handiagoak izan ziren. Hau erakusten du Gipuzkoan plan bakarraren falta izateak, hau da, herri batzuetan grebalariak erakunde publikoak erasotzera edo boterea erdiestera atera zirela (Eibar, Arrasate, Hernani), eta beste toki batzuetan greba egiteko asmo soila erakutsi zutela (Donostian edo Pasaian, non ordena publikoko indarrek sei grebalari hil zituzten manifestazio baketsu bati tiro egin ostean), are patroiekin negoziatuta ere (Beasaingo kasua). Gipuzkoan grebak urriaren 5etik 12ra iraun bazuen ere, “lurraldearen kontrol fisikoa” soilik Eibarren eta Arrasaten eta bakarrik urriaren 5ean zehar izan zuten iraultzaileek. Borrokek zazpi hildako utzi zituzten Eibarren eta lau Arrasaten.

Hain zuzen ere gertaerarik ezagunenak Arrasaten bertan izan ziren, batez ere Marcelino Oreja enpresari eta buruzagi politiko karlistaren hilketaren baitan. Asko hitz egin izan da hilketa honi buruz, eta legendakoak diruditen gertakari batzuk ere tartekatu izan dira bertan, adibidez, langileek hil ostean ahoan belarra jarri ziotela, behin Orejak Elorrion “langileek jan dezatela belarra!” botatako esaldiari erantzunez. Eskuindarrentzat, hilketa hau “iraultza mendekari eta odoltsuaren froga bat izango zatekeen”. Orejak esaldi hori esan zuenik edo ez zuenik esan ez dugu ziurtatzerik (Arrasateko Oktubre Taldeko historiagileek baietz diote, bertako Jose Maria Uranga historiagile karlistak ezetz dio), baina esan dezakeguna da bere hilketa ez zela aurrez prestatua izan (bai ordea atxiloketa). Oreja ez zuten hainbeste bere joera politikoagatik atxilotu, klase-etsaitasunagatik baino, Arrasateko Unión Cerrajera fabrikako akziodun nagusia baitzen. Orejarekin batera atxilotu zituzten Dagoberto Resusta, fabrika horretako beste akziodun bat (eta aldi berean, Lerrouxen zentro-eskuineko Alderdi Errepublikano Erradikaleko Gipuzkoako buruzagietako bat, hots, Orejarena ez zen beste alderdi batekoa) eta Ricardo Azkoaga, ingeniari burua. Hirurak Herriko Etxean izan zituzten, harik eta segurtasun indarrak Arrasaten iraultzaileei militarki gain hartzen hasi arte eta Herriko Etxera gerturatu arte. Iraultzaileek hiru gatibuak Herriko Etxearen atzetik zegoen frontoi paretik atera zituzten beste gune batera lekualdatzeko asmoz (orduan ortu txikiez josia zegoen gune hori). Momentu horretan izan zen tiroketa bat aprobetxatuz, Azkoagak ortu batetako hesi batean gora egin eta beste aldera salto egiteko aprobetxatu zuen, Orejak eta Resustak jarraitu egin zutelarik. Iraultzaileek buelta eman zutenean, hiru presoen ihesa saihesteko tiro egin zuten. Horietako bat, Azkoaga, jada hesiaren beste aldean zegoen, Oreja eta Resusta hilik suertatu zirelarik. Hots, atxiloketa baten testuinguruan, atxilo zeudenen aldeko tropekin tiroketa baten erdian, ihesa saihesten saiatzea izan zen heriotzen kausa; ez aurretik planifikatutako hilketa edo “mendekua”.

Iraultza-saiakera itzali osteko errepresioa ere itzela izan zen. Euskal Herrian 52 hildako gertatu ziren, gehiengo handi bat segurtasun publikoko indarrek eragin zituztelarik. Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.000 bat preso egin zituzten toki bakoitzean, horietako gehienak guda-kontseiluetan epaituak izan zirelarik (1936an Herri Fronteak hauteskundeak irabazi ondoren emandako amnistian aterako ziren kalera). Asturiasen, iraultzaren gune nagusian, burgesiaren indarrek 1.000 eta 1.500 langile artean hil zituzten; iraultzaileen beren partetik 300 bat militar eta polizia eta 50 zibil hil zituztelarik (zifrak ematea garrantzitsua da, eskuinak 1934ko iraultzaren inguruan “basakeria” eta abar aipatu zuen-eta, eta aipatzen du-eta; besteak beste 1936ko kolpea justifikatzeko). Estatu osoan 30.000 eta 40.000 pertsona artean izan ziren kartzelaratuak; horrek ematen du aditzera zergatik izan zen hain garrantzitsua amnistiaren aldarrikapena ezkerrarentzat 1936ko hauteskundeen aurrean. Bestetik, alderdien eta sindikatuen egoitzak itxi egin zituzten -.1935ko bukaeran hasi ziren berriz zabaltzen-, eta ezkerraren esku zeuden Udal askotako alkate zein zinegotziak kargugabetu egin zituen Gobernuak.

Honez gain, politikoki beste emaitza bat izan zuen 1934ko iraultzak. Alde batetik, eskuinaren “eskuineratzea”; hots, “Espainia armadak salbatu” zuenez, armadaren interbentzioa (1932ko Sanjurjoren fiaskoaren ostean) politikoki tresna onargarri bihurtu zuten berriz. Honen adibidez dira CEDAko Gil Roblesek 1935an zehar Gudaren Ministeritzaren ardura hartuz gerotik, Armadan egin zituen erreformak, jeneral atzerakoiak hierarkian igoz eta gako-posizioetan ezarriz (historiografian oso aipatua izan ez den gertakari bat). Bestetik, ezkerrari dagokionez, “arrisku faxista” askoz ere hurbilago ikusten zuten, eta beraz elkartasun egoera bat sortu zuen. Honek (beste nolabaiteko arrazoiekin batera, espazio honetan sartzen ez direnak), Herri Frontea egiteko nolabaiteko beharrizana ekarri zuen. Izan ere, gogoratu behar dugu Espainiar Estatuen (baita ere Euskal Herrian), 1934ko iraultza honetan, komunistek sozialistekin bat ekin zutela (aurreko ildoa, beste ezkerreko indarrekiko oso erasokorra zena baztertuz), 1935eko Kominternen Biltzar Nagusiaren aurretik; gertakizun honek erakusten du mugimendu komunistaren baitako erabakiak ez zirela askotan propaganda antikomunistan erakutsi bezala Moskuko bulego ilun batetik hartzen, baizik eta tokiko faktoreen eragina ere kontutan zela hartzen zirela.