Auzia proletalgoaren ikuspegira egokitutako mobilizazio-eredua edo “masa-lerroa” eraikitzean datza, eta hori gutxi balitz, berau bizi dugun egoera konplexura egokitzea. Taktika sozialistaz ari gara azken finean.
(Itzulpena)
Leninen inguruan bildutako II. Internazionaleko Zimmerwald-eko Ezkerrak, besteak beste, langile-mugimendu indartsu bat eratzera bultzatzen zuten joera inperialistei buruzko ikuskerak ezaugarritzen zuen. Taktika sozialistari dagokionean bat ez zetozen arren, masa proletarioen mobilizazio handiak, fase inperialistan aurkitzen zen kapitalismoaren krisiak nabarmendutako eragin organikoa zirela zioen ideiarekin bat egiten zuten.
Rosak sumatzen zuen inperialismoranzko tendentziak jauzi kualitatibo bat suposatuko lukeela masen ekintza espontaneoan, indar iraultzaile handiko tresna bat bilakatu zitezkeelarik. Lenin, berriz, eraispenaren eta iraultzaren arteko kontraesana konpontzen saiatu zen «krisi iraultzaile» kontzeptuaren bidez, bai eta proletalgoarentzat antolakuntza-eredu berriaren bilaketa luze baten bitartez. Pannekoek-ek, berriz, proletalgoaren autonomia espiritualaren alde egiten zuen, arazo «politikoei» zegokienean Marxen ikuspegiaren eskasia azpimarratuz eta Dietzgenen ekarpenen beharrezkotasunaren alde argudiatuz.
Gaur egun, ordea, bizi dugun agertokia ekoizpen kapitalistaren kontraesanen pixkanakako inplosio progresiboko testuinguru gisa har dezakegun arren, masen agerpen handiek, adierazpen fisikorik gabeko kimera erromantiko bat dirudite. Masa adierazpenen aukera, espontaneoa izan edo ez, ukatua da berehalako eremu politikoan, eta, gainera, epe laburrean behintzat, osasun-neurrien kontura zabaltzen ari diren propaganda ideologiko guztiarekin (txertorik ez izatea aitzakiatzat hartuta, etab.), kultura-zumeak sortuko dira ziklo berriaren zentzu komuna eratuz, masa-bat-bateko matxinadak oztopatuko edo uzkurtuko dituztenak. Horri gehitu behar zaizkio eskubide politikoen etendura, zirkulazioaren polizia-kontrola gizarte-diziplina gisa, eta armadek hartutako kaleak, salbuespen-araudiaren berme gisa.
Beraz, oztopo ideologiko-kultural, politiko eta militarrek ezinezko egiten dute klase-antolakuntzaren adierazpen minimoa.
Hortik une historikoari buruzko ondorio okerrak atera daitezke:
1-Ez dago baldintza objektiborik iraultza sozialistarako. Itxaron egin behar da.
2- Barne-kontraesanen ondoriozko sistemaren gainbeheraren aurrean gaude.
3-Baldintzak eratzen ari dira, baina leherketa espontaneoei itxaron behar diegu, horietan esku hartu eta erakunde ekonomiko eta/edo politikoetan enkoadratu.
4-Burgesen kultura-hegemoniak eragotzi egiten du proletalgoak gordetzen duen potentzia iraultzailea askatzea; horregatik, borroka ideologikora, lan etikora… mugatzeko garaia da.
5-Baldintza objektiboak egon badaude, eta helburua klase kontzientzia suspertzea da, ekintza subertsiboen bidez, etab., insurrekzionalismoaren eta ezkerreko abenturazaletasunaren ildotik.
Sailkapena zaila egiten zaidan arren Ikuspuntu gehiago egongo dira. Hala ere, Paul Mattick-i jarraituz, zilegi da esatea «langile-mugimendu batek krisiaren eta gainbeheraren arazoaren gainean hartzen duen jarreratik abiatuta ezagutu daitekeela mugimendu horren izaera (politikoa[1])». Irizpide hori aplikatuta, honela sailka ditzakegu aipatutako posizionamenduak:
-Joera objektibista dutenak.
-Joera subjektibista dutenak.
Hain zuzen ere, Bernstein-debate delakotik historikoki errepikatu diren bi joera horiei dagokienez, Karl Korsch Marxen krisi iraultzailearen teoriaren existentzia ukatzera eta marxismoan impasse politiko bat gertatzen ari zela planteatzera iritsi zen. Egoera hori marxismoaren krisi gisa izendatzen zuen, eta subjektibisten eta objektibisten postulatuak bereizten zituen, haiek bultzatzen zituen jarreraren arabera. Marxengana itzultzea hirugarren bide gisa planteatzen zuen, George Sorel kritikariaren ekarpenekin nahasiaz bere posizio aktibista-materialista.
Bada, ene ustetan marxismoa krisian egon badago. Baina ez soilik terminoaren zentzu korschiarrean, baizik eta, batez ere, ez duelako eredu espontaneista defentsistarekin zerikusirik ez duen mobilizazio iraultzailea garatzeko gaitasunik izan ez eta bere taktika ikuskera berri horretara egokitzeko gaitasunik ere. Azken batean, masa-mobilizazio espontaneoak baldintzatu du gaur arte kolektibo komunista, sozialista, anarkista eta abarrek izan zezaketen imajinario iraultzailea.
Horregatik, kapitalismoaren krisiaren une historikoari buruzko interpretazio asko mobilizazio-eredu horren adierazpen-mailatik sortzen dira; horrela, eztanda espontaneorik gertatuko balitz, baldintza subjektiboak egongo lirateke, bestela, baliteke baldintza objektiboak oraindik ez egotea, eta abar. Hala ere, goian aipatutako zioei jarraiki, ahalik eta gehien ari dira murrizten erantzun espontaneo masiborako aukerak. Kontrola erabatekoa da eta badirudi teknikoki egoera diktatorial honetan jarraituko dugula gutxienez, urte eta erdian[2], Covid-19-rako txertoa aurkitu arte. Ondoren ikusiko dugu zelan eboluzionatzen den panorama.
Zentzu horretan, masa horiek boterea lortzera bideratu nahi zituen marxismorik «apurtzaileenak», kontsigna trantsizionalekin eta gutxiengo burgesen programekin engainatuz, Errepublika «gorriak» eta/edo «duinak» eratzeko demokratizazio politikorako eta aberastasunen banaketarako, baita modernizazio ekonomikorako, izatearen arrazoia galdu ditu. «Subjektuak» (abangoardiak) onbidean zuzendu zezakeen «objektua»-ren (masak) oinarri materiala disolbatu egin da.
Hala ere, garrantzitsuena antolaketa taktika horren kritika politikoa egitea dela iruditzen zait, beronek izan ditzakeen garapen-aukera murritzetatik haratago. 1850ean Marxek horrela azaltzen zuen: «Beti egin diet aurre proletalgoaren une bateko iritziei. Zorionez, oraindik boterera iritsi ezin duen alderdi bati eskainita gaude. Proletalgoa boterera iritsiko balitz, aplikatuko lituzkeen neurriak burges-txikiak izango lirateke, eta ez zuzenean proletarioak. Baldintzek bere ikuspuntuak praktikan jartzeko aukera ematen diotenean soilik irits daiteke gure alderdia boterera».[3]
Orduan, nire ustez, iraultzaren paradigma espontaneista politika errebisionistak klase-borroka areagotzeko fasean neurri handiagoan edo txikiagoan hartzen duen adierazpen «erradikala» da. Atzera-egite fasean, mobilizazio forma guztiak beren burua abangoardiatzat izendatutakoek kapitalizatzen dituzte (joera sistemiko edo ezkertiagoa izan arren); bitartean, intentsifikazio-fasean, aurretiaz aipatutako leherketa horren zain egoten dira hura zuzentzeko, dela hauteskundeen bidez botere politikoa lortzera, dela bat-bateko esku-hartze bidez.
Modu batera edo bestera, iraultza zentzu burgesean sumatzen da etengabe, estatu-botere politikoan sintetizatzen saiatuz masaren eta abangoardiaren arteko dialektikaren ebazpena.
Nire ikuspuntutik, eta Alderdiaren emergentziari buruzko azken artikuluan azaltzen nuen argudio-multzo abstraktuaren ildotik, funtsezkoa da Marxengana itzultzea. Baina ez Korsch-ek, ez eta Dusselek ere, planteatzen duten bezala, baizik eta, batez ere, Marxen azterketa-metodologiaren eta kontzeptu politikoaren garapen kontsekuente gisa, Grossmann-ek 1929an edo Lenin-ek antolamendu iraultzaileko[4] espirituarekin hurrenez hurren egin zuten bezala. Hau da, ikuspuntu kritiko-praktikora eta objektuaren eta subjektuaren arteko bereizketa ezera itzultzea. Alegia, lehengo osotasunaren suntsipenaren ikuskerara itzultzea eta praxi berriaren eraikuntzara: proletalgoaren ikuspuntura alegia.
Ikuspegi horretatik, ia ez dago arazo «ekonomiko hutsik»; ez dira nahasten ikerketa-metodoa eta esposizio-metodoa, ezta arazo logikoa eta historikoa ere. Gizarte-fenomenoak aztertzeko erabiltzen ditugun zientzia-kategoriak kategoria politiko bihurtzen dira: adibidez, gainbalio-tasa igotzeak esan nahi du, guri dagokionean, langileak ekoizpen-saretik kanporatzea, bizi-baliabideak eskuratzeko ezintasuna, langabezia areagotzea, lan-indar merkantziaren prezioa bere baliotik behera jaistea, lan-prozesua areagotzea, lan-jarduera gehiago eta zorrotzago kontrolatzea, etab. Horregatik, krisia proletalgoarekiko ofentsibatzat hartzen dugu termino politikoetan; izan ere, kapitalak langile-klasearen pobretze material eta moraletik bakarrik atera ahal ditu etekinak.
Beraz, Marxengana itzultzeak proletalgoa Ekonomia Politikoaren Kritikaz birjabetzea esan nahi du, botere burgesaren funtsezko dinamika ikusi eta azaltzen duen eta praktika sozialista ahalbidetzen duen teoria gisa. Hedaduraz, krisiaren eta eraispenaren kontzeptu proletarioa berreskuratzea esan nahi du, eta, oro har, proletalgoa teoria marxistaren eremuan klase ertainari gainjartzea.
Azken batean, teoria marxistak ez dio utzi akademiko, intelektual, politikari profesional, ongi ordaindutako sindikalista, profesional liberal eta abarren aldetik askotariko interpretazioen biktima izateari. Horiek, zientzia positibo hutsera mugatu dute marxismoa, subjektua bertatik ateraz, eta berau klase ertainaren interesen mende jarriz honako hau nahasia eta ulertezina[5] bihurtzeko. II. Internazionala eta Alemaniako SPDa izan dira klase ertainek[6] marxismoaz jabetzeko duten gaitasunaren matrizea. Faktore horrek XX. mendeko klase-borrokako zikloen praktika proletarioa zehaztu du sintesi sozialistara iritsi ez den subjektuaren eta objektuaren arteko tentsio bihurtuz.
Baina auzia, proletalgoaren ikuspegira egokitutako mobilizazio-eredua edo «masen lerroa» eraikitzea da, eta hori gutxi balitz, berau bizi dugun egoera konplexura egokitzea. Azken finean, taktika sozialistari buruz ari gara.
Lehenengo alderdiari dagokionez, uste dut Kolitzak tekla zuzenarekin ematen duela honako hau planteatzerako unean: «1-mobilizazioa/eraikuntza eta 2-mobilizazioa/eskala-gatazka dinamika osotasun-prozesuaren[7] dialektika estrategikoa da».
Bigarrena, hain zuzen ere ebaztea dagokiguna da, aipaturiko eredu hori Covid-19 krisian aleatzean datzana. Suertatu zaigun egoeraren konplexutasunak bidegurutze handi batean utzi gaitu eta ispilu baten aurrean jarri, ditugun kontraesan eta hutsune politikoak islatuz. Alde horretatik, GKSk erakutsi duen maniobra-gaitasuna kontuan hartzekoa da, euskal proletalgoaren kapa desberdinen berehalako beharrekin bat datorren masa-borrokaren kontzeptua esperimentatzen saiatuz. Ikusiko dugu zenbaterainoko ekarpena egin dezakeen hain eztabaidatua den Organisationsfrageren ebazpenean, baina hasieratik azpimarratzekoa da erreferentzia taktiko berri batean arakatzeak balio iraultzaile kalkulaezina duela. Dinamika ondo garatzen bada, orduan esan dezakegu aurrerapenak ematen ari direla «pasahitz politikoa» deszifratzeko elementuen ekarpenean, Marramaok zioen bezala. Hori gertatuko balitz, norabide egokian gaudenaren seinale izango litzateke. Kasu horretan, marxismoak bere ekosistema naturala besarkatuko luke berriro: proletalgoa alegia.
[1] P. Mattick, La crisis mortal del capitalismo, México, 1978.
[2] Consalud. (2020/05/11) “Bill Gates detalla la fecha de la vacuna contra el Covid-19”. Consalud.es. Iturria: https://www.consalud.es/pacientes/especial-coronavirus/bill-gate-detalla-fecha-vacuna-covid-19-minimo-9-meses-maximo-anos_79140_102.html
[3] C. Marx eta F. Engels Obras Escogidas, Actas Reunión de la Autoridad Central de la Liga, España, 2016
[4] Oharra: Lenin-i dagokionez, oro har,fase inperialistari dagokionez, proletalgoaren antolaketa-modu berri baten bila duen erabateko prestutasunaz ari naiz, , nahiz eta zalantzak izan formula boltxebikearen inguruan.
[5] Kolitzaren iruzkinak (2015/09/14), Borroka Garaia Da!, La cruda realidad. Iturria: https://borrokagaraia.wordpress.com/2015/09/14/la-cruda-realidad/
[6] B. Gustaffson, Marxismo y Revisionismo, Barcelona, 1974
[7] Kolitza (2019/06/22), Konstruktibismo politikoa eta klase borroka. Iturria: https://gedar.eus/koiunturapdf/20190621_KP_Kolitza-Constructivismo_politico_y_lucha_de_clases.pdf