Espektakuluaren politikak mugarik ez duela
dirudi. Berriro ere hauteskundeak ditugu espainiar estatuan eta “bake
sozialaren” errezetarako formula “berrituak” ageri zaizkigu nonahi. Ezkerreko
soziologiaren barnean agente elektoral berritu bat ere agertu da bat-batean
edo, Mas País izenarekin eta Ernesto
Laclau eta Peronismoaren[i]
irakaspenak muturrera eramateko prest: izan ere, PSOEren politika ekonomikoak
onartzera bidean Podemos alderdiak baino erraztasun gehiago iragarri dizkio IBEX35ari.
Gainera, Manuela Carmenaren udal gobernuaren esperientziak boterearen aurrean fidagarritasuna
aitortzen dio. Mas País plataforma elektoralak ez dauka alderdi egiturarik eta arrakasta
lortzeko bere buruzagiari egiten dioten marketing
eta propagandaz besterik ezin dira baliatu. Hala, mugimendu sozialen eta
instituzioen artean paktu soziala
bermatzeaz arduratuko da Errejón eta, lan hau burutzeko, aginte organoen
gustukoena da Moufferen bidelagun sutsu hau. Enpresa honetan Mas País ez da
hautagai bakarra, ordezkapenezko
politikagintzaren – funtsean politika
instituzionalaren- ezkerreko soziologia osatzen duten alderdi guztiak ez
baitira kritikoak ordezkapen bidezko estatu egiturekin ez eta mugimendu
sozialek garatzen duten forma espontaneoarekin, batzuek kontrakoa etengabe
argudiatu nahi duten arren. Baina, esanak esan, mugimendu sozialen barnean
kritika eta eraldaketa politikorako aukera ukatzen dute klase ertainen
politikek, aurreko testu batean azaltzen saiatu nintzen modura[ii].
Errejonen marketing politikoaren
puntu garrantzitsuena Green New Deal[iii]
izeneko erreforma sozial eta ekonomikorako planteamendua dugu seguruenik:
trantsizio ekologikoaren programaren aldarria iragartzen du Espainian. Kapital
europarrak inposatu nahi digun agenda ekonomiko eta honenbestez mediatikoarekin
bat egiten du Mas Paísen aldarrikapenak eta, puntu honetan ere, Errejón bere
ezkerreko “lehiakideak” baino biziago ageri zaigu[iv].
Bestalde, errekurtso energetikoen eskurapenerako gudaren, eskuin populismoaren arrakastaren eta iraultza kontserbadorearen testuinguruan, pertsonaia mediatiko berri batek hartzen du lurra pos- modernitatearen Europan. Greta Thunberg du izena eta moralitatearen ikono internazionala bilakatu da aste gutxitan. Greba deialdiak ere egin dira bere omenez eta, honi jarraiki, bat-batean Europako hiritarren zentzu komuna auzi ekologikoaz arduratuta ageri zaigu. Urrun geratzen da Fidel Castro presidenteak 1992an Nazio Batuen Erakundeko biltzar batean[v] larrialdi klimatikoa iragarriz eginiko mitina, ahaztua, garai hartan komunikabideen jabe diren Europako agintari ekonomikoek ez baitzuten errekurtso energetikoen eskasiarik. Ez da baina hori Castroren aurreikuspen gaitasuna ukatzeko arrazoi inondik inora.
Interpelazioen eta ideologien materialtasunaz mintzo zen Althusser, eta hausnarketa horrek ezin pertinenteagoa dirudi garaiotan: Fridays For Future dinamikaren bat- bateko agerraldia telegidatutako mugimendua da diskurtsoaren eta zentzu komunaren ekoizpenerako monopolioa dutenen partetik, politika burgesaren koordenadetan ideologiak erabilera materialerako mugitzen baitira maiz. Nahiz eta larrialdi ekologikoa aspalditik existitu, kontakizun hau operatiboa bihurtu da testuinguru honetan: batetik, egun energia berriztagarrien kontrola duen burgesiaren errentagarritasuna – eta ez beren erabilera balioa- bermatzeko eta, bestetik, txiroenei- proletarioei- zuzenean eragingo dien murrizketa ekonomikoak gauzatzeko. Klima aldaketa geldiaraztea guztion ardura da kontsignaren babesean argiaren eta gasolinaren murrizketak iragarri ditu jada Nazioarteko Diru Funtsak[vi].
Hala, fartsa begi bistakoa den arren, ezkerreko soziologiaren parte diren alderdi guztiak bozken arrantzan agertu zitzaizkigun pasa den hilabetean gauzatu ziren mobilizazio “ekologistetan”. Mugimendu bakoitza bere kontsigna propioarekin (Ernai, Pablo Iglesias bere seme- alabekin manifestazio batean, Errejón pankarta baten atzean etb.), soziologiaren mapa elektoralean leku bat aurkitu nahian. Gaztelerazko lema zaharrak dioen moduan, “a río revuelto ganacia de pescadores”. Aldarrikapen zehatzik ez zegoen greba deialdi hauetan, “kontzientziazio” helburuarekin deitzen omen zen greba. Althusserren ideiarekin jarraituz[vii], ideologiaren esparruan (ere), indar- harreman politikoak daude eta hegemonia kulturala definitzeko ahalmena bere aldarriak ozenen gorpuzteko baliabideak dituenaren eskuetan agertzen dira. Emaitza kapital bloke europarraren “kontsignen” hegemonia absolutua da, begi bistan den bezala.
Manex Gurrutxagak hezkuntza esparruan garatzen den politikagintza ereduaz ziharduen kazeta honetako bere azken bi idatzietan[viii]. Badirudi oso denbora gutxian bere hipotesiak egiaztatu direla: Hego Euskal Herrian mugimendu sozialen aldarrietan saiatua den Ezker Abertzale Ofizialistak Greta Thunbergen agenda politikoa “kritikoki” babestu zuen lehenik eta pasa den larunbatean Ernaik Gora ikasleon borroka! dinamika aurkeztu zuen Gasteizen. Aldarrikapen “ideologiko” soilak dira, klase estratuen arteko bidegabekeria eta eguneroko erasoei aurre egiteko helburua duten borroka zehatzak antolatzeko grinetik urrun, gazte euskaldunen bozkaren gainbehera ekidin asmoz burutzen direnak.
Alain Badiouren ideia deserosoari jarraituz, maila orokorrean hitz eginda bi politikagintza eredu existitzen dira modernitatean[ix]. Bata ordezkapenezkoa, neutralizatzailea eta despolitizatzailea, sistema ekonomiko liberalari korrelatiboa. Bestetik politika komunista dugu, hegemonia proletario antolatu bat galdatzen duena. Zer esan nahi duen honek? Bada erabakimen politikoa masa zabalen eskuetan gelditzen dela politika komunistan, aktibo militanteak- eztabaiden, erabakien eta beren emaitza eta ondorioen parte- diren neurrian. Honenbestez, marxismoaren aparatu teorikoa egoera zehatzetara egokitzen da ezinbestean- koiuntura konkretuetan lur eta esku hartzen du- eta alderdiaren eraikuntzak prozesu izaera eta forma eskuratzen du.
Propaganda ideologikoak bonbardatzen gaituen garaiotan gure xedea argi dago: Proletarioen askatasun politiko eta ekonomikoen zentraltasuna aldarrikatuko duen egutegi politikoa eraikitzea dagokigu, botere globalen nahitasun eta agenda ideologikoak erabat arrotzak baitzaizkigu. Ikuspegi proletario batetik, zeregin teorikoa funtsezkoa bilakatzen da gertaera zehatzetan ematen diren interes talkak ezagutzeko, azterketa kritiko bat burutzeko eta ekinbide praktikoen arrazionaltasuna ebazteko. Mugimendu hauetan, bizitza sozialeko eremu guztietan modura, kritika teoriko- politikoaren errezetan fintzea dagokigu, errealitatea bere adierazpen espontaneoan onartu ordez kritikara eta eraldaketa politikora adieraziz. Proletarioen interes estrategikoak ezagutuz eta koiunturak eskaintzen dizkigun indar harreman aldakorrak probestuz, bide orri proletarioa egingarri bihurtzea da sozialiston ardura.
[i] Teoria populista Argentinako Peronismora aplikatuta ikertzeko, testu klasiko hau argigarria da: Laclau, Ernesto., 1978, Hacia una teoría del populismo p. 165-233, en Política e ideología en la teoría marxista, Madrid, Siglo XXI editores.
[ii] G7a Biarritzen, klase analisirako ekarpen laburra: https://gedar.eus/koiuntura/azeri/g7a-biarritzen-klase-analisirako-ekarpen-laburra
[iii] Mas País plataformako Héctor Tejero Madrilgo erkidegoko diputatuak osatu ditu Green New Deal programaren hipotesi nagusiak: Tejero, Héctor., 2019, ¿Qué hacer en caso de incendio?, Madrid, Capitán Swing.
[iv] Errejónen ikuspuntura gerturapen baterako, eta Green New Deal programaren ezintasunak iragarriz, Emmanuel Rodríguezen artikuluak gomendatzen ditut:
Operación Errejón: https://kaosenlared.net/operacion-errejon/
¿Un Green New Deal para España?: https://ctxt.es/es/20191009/Politica/28784/green-new-deal-plantas-fotovoltaicas-espa%C3%B1a-pniec-emmanuel-rodriguez.htm
[vi] El FMI pide aumentar los impuestos a la luz y a la gasolina para combatir el cambio climático:
[vii] Althusserrek ideologiaz zuen ulerkeran sakondu nahi duenarentzat: Althusser, Louis., Ideología y aparatos ideológicos del estado, en “La filosofía como arma de la revolución”, 1968, Madrid, Siglo XXI Editores.
[viii] Heziguneak, performanceen erakuslehio ala klase borrokaren gudu zelai?
[ix] Badiou, Alain., 2019, Qué entiendo yo por marxismo, Buenos Aires, Siglo XXI Argentina.