ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2019/11/05

Versión en castellano

Testu labur honetan, gaur egun mendebaldeko politikagintzan klase sozialen diskurtsoa berreskuratu duten hainbat ezkerreko mugimendu ezaugarritzen saiatuko naiz. Honekin batera, klase kontzeptuaren erabilera identitarista eta proletarioen antolakuntza estrategikoa zein elementuk bereizten duten azaltzen ahaleginduko naiz. Artikulu honetan ez dut jorratuko bloke geopolitikoen eta harreman internazionalen gaia, mugimendu hauek ulertzeko puntu garrantzitsuena den arren. Gai honen inguruan hurrengo iruzkin batzuetan arituko naiz.

Badirudi ezkerreko politikagintza internazionalaren parte adigarri batek klase sozialen interpelazio ideologikoa (ber)pizterako apustua egin duela. Era berean, badirudi epe luzeko atzeraldi ekonomiko batek eta klase ertainen zein estatu sozialaren deskonposizio progresibo batek berriro bizitza emango diola diskurtsoa atzemango duen subjektuari; Ameriketako Estatu Batuetan Bernie Sanders, Britainia Handian Jeremy Corbyn, Alemanian Die Linkeren gorakada edota espainiar estatuan Pablo Iglesias lirateke berpizkunde hau abiatu dutenen adibide batzuk. Euren arteko desberdintasunetan sartu gabe, ezaugarri hauek behintzat partekatzen dituzte: kanpaina politiko eta programak klase sozialen eraikuntza diskurtsiboaren bitartez osatzen ari dira, guztiek garrantzia hartu dute euren estatuetan, eta gobernuetan parte hartzeko borondatea erakutsi dute edo eskuinari alternatiba modura aurkezten dira.

Diskurtsoaren ezaugarriei dagokienez, klase ertainen eta gizarteko klase baxuenen arteko aliantzari zuzentzen dira etengabe, izen eta abizen horiekin. Horretarako, estatu aparatua oinarrizko eraldaketarako erreminta gisa pribilegiatzen dute, eta mugimendu sozial berrien zein sindikatu tradizionalen soziologia darabilte palanka elektoral modura. Finean, “obrerismo” tradizionala (oro har langile identitate fordista, kate-lan eta industria langileen lehenespena oinarri duena) mugimendu sozial “berrien” emergentziarekin konbinatzen dute. Beraz, esan genezake klase sozialen diskurtsoan gorpuztu nahi dituztela aldarri ezberdinak eta “obrerismoari” lehentasuna aitortzen diotela, eta hala egungo beste zenbait esperientzia populistengandik bereizten dute beren burua.

Argi dago ezkerreko mugimendu hauen sostengu elektoral nagusia klase ertainetan dagoela; iraganean gizarte zibilean parte hartze aktibo bat izan duten belaunaldiei zuzentzen zaizkie, krisialdi egoeraren ondorioz euren estatus soziala arriskuan aurkitzen dutenei. Horiekin batera, unibertsitateetan zein goi-mailako ikasketetan formatutako gazte belaunaldien zati handi bati ere bai. Nolakotasun zehatzak herrialdearen araberakoak dira: Corbyn tradizio luzea duen alderdi bateko kidea da, Erresuma Batuko sistema politikoan ongi errotuta dagoena, Harold J. Laskik estatu barneko estatu bezala ezaugarritzen zuen Alderdi Laboristakoa, hain zuzen. Beste zenbait mugimenduk, berriz, Eurokomunismoarekin antzekotasun nabarmenak dituzte, botere politikoa eta trantsizio soziala irudikatzerako orduan. Ikuspuntu honen barnean, sozialismoa irudikatzeko ideologia moralistak gailentzen dira, langile klase tradizionalaren iruditeria erromantiko batetik abiatu, eta euren burua ustelkeriaren aurkako zaindari aldarrikatzera arte. Klase ertainaren apologiak, ordea, klase borroka proletarioaren eguneroko kontraesanak ezkutatzen ditu, eta klase identitate oso orokor eta zehaztu gabeak sortzen ditu: “For the many, not the few”, “Pueblo contra oligarquía”, “%1 vs %99” etab.   

Programa ekonomikoari dagokionez, mugimendu hauek ekoizpenaren esparruan langileen parte hartze kuotak biderkatzea eta jabetzaren banaketa “sozial” bat dute helburu. Jabego txikiaren paradisu bat irudikatzen dute: kontrol politikoa –estatala–  eskuratuta eta lege ziurtasunak dituen sistema publiko iraunkor bat bermatuta. Zentzu horretan, eredu “Nordikoa” hartzen da diskurtsoan txertatu beharreko eredu gisara: ezaugarri liberalak dituen sozialismoa, paktu sozialaren berregitea –New Deal– eta kontsentsu bidezko klase aliantza. Rosa Luxemburgek aspaldi zioen jabego txikiaz osaturiko herrialde bat zela sozialismoak eduki zezakeen etsai zitalenetakoa, baina badirudi kasu gehiago egiten diotela Lord Keynesi ekonomialari poloniarrari baino. Etsai politikoari dagokionez, posizio geopolitikoaren arabera aldakortasun nabarmenak dituzte ezkerreko mugimendu hauek, baina “aurkari” komun batzuk partekatzen dituzte: finantzak, bankuak, multinazionalak eta inbertsio enpresa handiak. Dirudienez, adostasun orokor bat existituko omen da gizartean eremu horiek “kontrolpean” edukiz gero, beste guztiok –%99–  ez baitugu arazo politikorik gure artean. Honekin ez dut esan nahi aurrez aipatutako botere ekonomikoaren esparruak planifikatu eta politikoki erregulatu behar ez direnik, baina kapitalaren dinamikaren kontraesanak ez dira bertan agortzen. Gizarte guztia zeharkatzen dute.

Teoriari eta intelektualei dagokionez, oro har, kapitalismoaren gaineko azalpen eskematiko bat gailentzen da. Gorputz sozial burgesa zapalkuntza ezberdinen gaineko baturaren ikuspuntutik azaltzen da, eta bide ematen dio problematika sozial ezberdinen –hala nola, genero problematika, globalizazioa, ekologismoa, eta gazte problematika– azalpen metafisiko bati. Kapitalaren funtzionamendua gizarte osoa zeharkatzen duen harreman dialektiko eta abstrakzio erreal gisara ulertu beharrean, dinamika ezberdinen puzzlea osatzen da, herentzia estrukturalistari jarraituz. Korronte honetako pentsalariak sozialismoaren gailentasun ekonomiko, politiko eta soziala aldarrikatuz, lan oso interesgarriak argitaratzen ari badira ere, orokorrean zailtasunak dituzte botere burgesaren teoria integratzaile eta osatu bat eskaintzerako orduan. Zentzu horretan, eta enegarrenez, marxismoaren erabilera ez proletario batez mintzatu gaitezke.

Mugimendu honen adierazpen kulturalak klase ertaineko soziologiara atxikitzen dira, izan telebistako “tertulia politikoetan” parte hartuz edota adierazpen literario zein musikaletan. Har ezazue Los Chikos del Maíz korronte honen estereotipo modura eta argitaratu berri duen Anatomía de un asesinato abestia adibide modura: proletarioen bizitza kulturaletatik urrun dauden kontsignak eta soilik gizarte politiko “ofizialean” integratuta daudenentzako hiztegia, kontakizunak eta protesta adierazpenak dira. Daniel Bernabé ere kazetaritza ondare horren eredu garbia da; bere ikerketek interes nabarmena izanagatik, nekez gainditu dezakete eskematismo “obrerista”.

Aurrez aipaturiko guztiarekin kontrastean, prozesu sozialistak helburu du gizartea bere osotasunean eraldatzeko estrategia bat praxi bilakatzea. Zentzu horretan, jendarte berri baten fundamentu lehena subjektu proletarioa aktibo militante bilakatzea da eta, horretarako, beharrezkoa da gizarte kapitalistaren kontraesan oro teorian eta praktikan zeharkatzea. Guzti horretarako baldintza minimoa proletarioen independentzia politikoa da: interes zehatzen araberako programa politikoa gorpuztea. Eduki berriak forma zaharraren deuseztapena eta berriaren konfigurazioa dakar. Horregatik doa proletarioen antolakuntza politikoa estatu aparatu burgesetik haratago, klase sozial zapalduak goitizen soziologiko izatetik aktibo politiko izatera pasatzen direlako. GKSk berriki azaldu zuen modura, langile antolakuntza permanentea ageri zaigu oinarrizko askatasun politikoen berme bakar modura; historia garaikideak horrela frogatu du orain arte, politika liberalarekiko dependentzia ezak ezaugarritzen duen heinean.

Honenbestez, langile antolakuntzaren eta estatuaren arteko harremanak dialektikoa eta eratzailea izan behar du; eratzailea, estatuaren eraldaketa gizarteko aldaketa prozesuen menpekoa baita; dialektikoa, antolakuntza proletarioak estatu burgesa gainditzea baitu helburu eta instituzio berriak estatu forma zaharra ordezkatuz garatzen baitira. Beraz, politika “zaharraren” kategoriak berreskuratzea ezinbestekoa zaigu –alderdia eta estrategia, kasu– langile antolakuntza hauteskundeak eta bere estetika baino askoz ere gehiago delako. Horregatik, Prozesu Sozialistaren zeregina ez da langileriaren emozioak hauteskundeetarako aktibatzea, bere bizitza soziala eraldatzeko erremintak eskaintzea baizik.