ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2019/06/05


Askok, gehienek agian, nostalgikotzat hartuko gaituzte. Etengabe atzera begira aurkitzen garela dirudi, erreferentzien bila, koiuntura honetan ekiteko aukerak historia liburuetan miatzen. Nik behintzat iraganean atxikita geratzearen sentsazioa izaten dut sarritan, historiaren pasarteetan, hautu politiko ezin argiagoz zeharkatuta zeuden espresio literario eta teorikoetan murgilduta. Jakintza gabezia nabaria ere izango da ordea etengabean iragana abordatzearen beharra sentitzearen zergatia, oraina ezagutu eta onartzeak bertigoa ematen baitigu gehienetan. Dena dela, nirea behintzat ez da lehenengo pertsonan ezagutu dudan iraganarekiko nostalgia sentimendua, ez eta gure herriaren iragan hurbilarekiko erromantizismo itsu bat ere. Uste dut gure belaunaldiak ez dituela arrasto horiek bere ekinbide kolektiboan, batzuek horrela ulertu nahi bagaituzte ere.

Gogoan dut langile mugimenduaren sorreraren historia liburu gorria, bere aurkakotasun eta saiakera guztiekin: bat- batean gainditu ez zen langileen isolamendua, berezko hastapen lerrorik gabeko borroka eta, aspektu politiko eta teorikoetan, problematika sozialen homogeneizazioa. Azken hau lorpen ikaragarria izan zen langile mugimenduarentzat, E. P. Thompson historialariak dion moduan, Ingalaterrako langileriaren hastapenak ezaugarritzen dituenean. Honela, langileriaren batasun sindikal zein politikoaren gauzapena ez zen prozesu automatiko baten isla soila izan, borroka esperientzian eta auto-ezagutzan oinarrituriko prozesu luze, zail eta malkartsu baten emaitza baizik; subjektu antagonista (proletalgoa) gizartearen espresio antolatu bilakatzea eta antagonismoa kultura politiko bihurtzea ez da nolanahiko erronka politikoa, egungo errelato aurrerakoiak erakutsi nahi digun ikuspuntuarekin alderatuta. Espazio kultural zein politiko dominanteetan determinismotzat izendatzen dira langile mugimenduaren bilakaera eta identitate historikoak, langileriak historia garaikidean eskuraturiko konkistak automatikoak balira bezala.

Egun, antagonismoarekin nekez harremantzen den diferentziaren apologia abstraktu eta despolitizatu bat daukagu zirkulu aurrerakoietan, ideologien bitartez azpiratuta daudenen bizitzak eraldatzeko esparru politikoaren ezintasuna ezkutarazten duena. Identitate politikek nekez sortuko dizkiete arrakalak boteretsuen estrategia globalei; are gehiago, langile mugimenduaren militantzia eredu historikoarekin eta Gramscirenkolektiboaren etikarekin”  alderatuta, politizazio likido bat sortzen dutelakoan nago. Eredu honen aurrean, proiektu politiko orok, bere mundu ikuskera hegemoniko bilakatu nahi badu, osotasunera begiratu behar du ezinbestean. Politika ulertzeko modu honek, proiektuaren partaide direnen homogeneizazioa eta ekintza printzipio etikoen (bizi ikuskeren eta ekitearen) batasuna exijitzen du ezinbestean, foko mediatiko eta pertsonalismoetatik aldendurik. Zentzu honetan, gure aurreko belaunaldien moduan, mundu mailako testuinguru aldaketa handiak hasi gara ezagutzen eta, ireki berri den ziklo historiko honen aurrean, asko dira esplotatuen hobe beharrez posmodernismoaren politikekin haustea proposatzen ari zaizkigun ikuspuntuak.  Desberdintasunak positiboki garatu eta antolatuko dituen batasun politikoa egituratzearen exijentzia dugu sozialismoaren printzipio historikoa eta gure uneko erronka eta berau du mahai gainean gaurko eta biharko belaunaldietako proletalgoak.

Politizazioaz mintzo naizenean, talde politiko bakoitzak bere mundu ikuskera eta proiekzioarekiko koherentzian aritzeaz dihardut. Mugimendu bakoitzak bere posizio sozialari lotuta dauden irizpideak defendatzeaz, kanpo baldintzek (botere estrukturek, aurkari politikoek…) ahalik eta eragin gutxiena izanda. Zentzu honetan ulertzen ditut azken boladan jazo diren zenbait pasarte: Josu Urrutikoetxearen kartzelaratzeak izan duen erantzun apala adibidez. Nik, lehen mailako gertakizun politiko gisa dakusat mugimendu politiko indartsu baten erreferentzia historikoa izan den kide baten atxiloketa, are gehiago armagabetzean eta ‘baketze’ prozesuan izan duen garrantzia ikusita. Nire usteetatik haratago, alabaina, atxilotuaren defentsa deserosoa da mass media zein politika elektoralista esparruetan ekiten dabilen Ezker Abertzale Ofizialistarentzat (EAO). Ez hori bakarrik: lexiko propio baten faltan, ezinbestean humanismo liberalak marraztutako zehar- lerroetan mintzo da bera. Gisa honetako gertaerek identitate politiko partikularrek duten indar propioa ikusarazten dute. Lexiko liberalaren mailegu komunikatiboetatik kanpo, borrokaren esperientzia historiko-politiko-teorikoan frogatzen baita  alderdi batek gizartean duen indar propioa. Egitate honi jarraiki, aipatu moduko gertaera deserosoek mugimendu sozial garrantzitsu baten desmobilizazio eta despolitizazio prozesu orokortuaren errealitatea frogatzen dutelakoan nago.

Botere estrukturen menpekoak diren dinamiketan sostengua aurkitzea ariketa arriskutsua da printzipio antagonistak zein proiektu propioak dituzten mugimendu politikoentzat: historiak ere hamaika aldiz baieztatu duen ondorioa da, logikoki ere deduzitu daitekeen arren.

Aurrez aipaturiko paradigmaz dihardu Mario Trontik argitaratu berri duen Il popolo perduto liburuan. Egia esateko ez dut aukerarik izan liburua bere osotasunean irakurtzeko, oraindik ez baita gaztelerara itzulia izan, baina aurreratu dezaket pentsalari Italiarrak langileen masa mugimenduaren desagertzearen ondorio negatiboak aipatzen dituela bertan. Bizi esparru orotan antolaturiko mugimendu politiko sendoak ezagutu zituen pentsalari Italiarrak 60. eta 70. hamarkadetan, burgesia eta bere botere estrukturen gaineko independentzia maila handiz antolatzen zirenak. Masa mugimendu proletarioen existentziak buruzagi partikularrekiko dependentzia murrizten zuen. Gaur egungo testuinguruan, masen klase antolakuntza baldintza hauetan bagina, ulertezinak litzaizkiguke alderdien barnean ematen diren lotura pertsonalistak, esaterako, Iglesias eta Errejón-en kasuak. Dena dela, alderdi baten edo bestearen taktiken balorazioetan sartzeko asmorik izan gabe ondorio gisa honakoa azpimarratu nahiko nuke: proiekzio partikularrak alboratu eta jomuga unibertsalak dituen mugimendu orok, bere antagonistarekiko independentzia politikoa antolatu behar du ezinbestean. Exijentzia honek, indar politiko propio honen esperientzia historikoa testuinguru sozialaren baitan garatzen doazen aldaketetara egokitzean soilik aurki dezake bere fundamentua. Sekula ez tendentzia integratzaileetan.

Aitor Bizkarrak Gedarren idatzitako azken artikuluan langileon lexiko propio baten beharra azpimarratzen zuen. Muturreko egoera politikoek behin eta berriz frogatzen dute ekinbide independentea esparru sozial orotan antolatzearen garrantzia, hain ozen salatzen dugun gizarte likidoak irentsi ez gaitzan eta proletarioen batasuna gauzatzen joan dadin.