ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Azken astean Eusko Jaurlaritzak ez digu lan erraza jarri iragarri dituzten neurri eta moldaketen erritmoa jarraitzen, neurri bat ulertzen genuenerako aurrekoa ezeztatzen zuen berri bat iragartzen baitzuten. EAEn lehenengo fasea delakoan sartuko ginela iragarri zenetik, EAJ bere onetik aterata dagoela dirudi, uztailean egin nahi dituzten hauteskundeak zilegiztatzeko denak balio diela ematen du. Antza, normalitatearen antzerkia egitearekin obsesionatu dira. Zer esanik ez, azken asteetan guztion ahotan dagoen klaseen itzulera planarekin sortzen ari diren kaosari erreparatzen badiogu: hasieran 18an hastekoa zena eta EAE guztirako plana zena, 25era atzeratu dute eta ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du orain itzulera plana aplikatu ala ez. Hori, dena ‘ondo’ badoa, noski. Testu hau publiko egiterako seguruenik aldaketa gehiago ere iragarriko dituzte.

«Kaosa» termino egokia da egoera azaltzeko. Martxoan, ikastetxeak itxi eta egun batetik bestera  ikasketa telematikoa aplikatu nahi izan zuten, baina mundu guztiak ikusi zezakeen hezkuntza sistema ez zegoela horretarako prestatuta, eta azkenean, hori salatu genuenoi denborak arrazoia eman digu. Ikasketa telematikoaren saiakera porrot haundi bat izan da, bai behintzat irakaskuntza terminoetan: denborak aurrera egin ahala, ikasketa telematikoak garrantzia galdu du (ikastetxe askotan klaseak derrigorrezkoak izateari utzi diote adibidez), orokorrean ezin izan da ohiko irakasgaien edukiaren erritmoa jarraitu, eta landu den edukia ez da klase presentzialen maila berean landu. Hori noski, forma horretan klaseak jasotzeko aukerarik izan ez duten langile familien errealitatea aipatu gabe. Egoeraren krudeltasunaz ohartu nahi duen horrek, ikasleek Euskal Herriko hamaika txokotan iniziatiba eta antolakuntza propioz osatu dituzten inkesten emaitzak ikusi besterik ez dauka.

Ikasketa telematikoarekin irakasgaietan tipifikatutako edukia transmititzeko berme eta baldintza errealik ez zegoela eta eduki hori ezin zitekeela ebaluatu aldarrikatu zuen Ikasle Abertzaleakek apirilaren hasieran, eta beraz, irakasgai horien gainditze automatikoa aplikatzea defendatu zuen. Maximalistatzat tratatu gintuzten hainbat eragile eta antolakundek pixkanaka gure posizioak babesteko joera izan dutela ikustea pozgarria izan bada ere, testu hau ez da defendatutako posizioen zuzentasuna frogatzeko ekarpen bat, ez behintzat horretarako bakarrik.

Batetik, orain arte ikasleek egindako lana ekarri nahi dut hona. Prentsan oihartzunik izan ez duen lan nekaezinean aritu baitira hainbat eta hainbat ikasle, autodefentsa sare eta Ikasle Abertzaleakeko militante. Ezohiko egoera zail honetan antolakuntza eta iniziatiba propioaren aldeko apustua egin dute ehundaka ikaslek, eta haien ikastetxeko zuzendaritzari hainbat eskari egin dizkiote. Eskari guztiak ikasle langileen eta orokorrean langile familien interesen defentsarako borondatez osatutako neurriak izan dira, kasu askotan zuzendaritzek zerbait egiteko gaitasun eta ausardia erakutsi aurretik egin dituzte eskariak gainera. Horrelako zenbait kasutan, behar bezalakoa izan da azken horien erantzuna: esker onekoa. Izan ere, heldutasuna zerbait bada, bakoitzaren ekintzen ondorioen erantzule izatea da, eta zentzu horretan ikasle horiek lezio ederra eman diote «heldu» bati baino gehiagori: inoren zain egon aurretik, antolakuntza eta iniziatibarekin egoerari erantzukizunez aurre egin baitiote, arazoen aurrean ezikusiarena egiten saiatu beharrean. Lezioa bidezkoa bada, esker onekoa izan eta lezioa onartzea besterik ez du umiltasunez jardun nahi duen horrek.

Tamalez baina, bizitza eta politika ez dira hain justuak. Horrela balitz, arrazoia irabazle suertatuko litzake beti, eta ondo dakigu kausa-ondorio (arrazoia-garaipena) horrek ez duela zertan funtzionatu, arrazoia edukitzeaz gain hainbat aspektutan ere asmatu behar izaten baita. Horren adibide da, ikasle «helduen» proposamenen aurrean ikastetxeetako zuzendaritza asko eta askok umiltasunez jardun baino, erreakzioaren lubakia elikatzeko egin duten hautua, bere esku dituzten baliabide guztiak erabiliz ikasle horien aurka egiteko. Tamalez ere, ez dugu sorpresa handiegirik hartu zentzu horretan, duela urte batzuetatik ezagutzen dugun istorioaren kapitulu bat gehiago izan dela esan dezakegu. Nolabait esateko, burgesiak, bere ordena iraunarazteko helburuarekin kontrol eta aginte-gaitasun pixka bat utzi dion langile klasearen goi-geruzaren izaera erreakzionarioa ezagutu dugu beste behin, proletalgo babesgabearen antolakuntza independentea kolpatzeko, zigortzeko eta ahultzeko funtzioa betetzen duela berretsiz.

Hain harroa eta boteretsua dela uste duen zuzendaritza horrek jakin beharko luke baina, burgesiak bere ordenaren zaindari izateko banatzen dion pastelaren zatia are txikiagoa izango dela hemendik aurrera, eta datorren krisiak bere botere eta aginte-gaitasuna murriztu dezakeela. Hobe luke beraz, soldata kaskar batengatik polizia lanak egiten aritu beharrean, proletalgoaren antolakuntza independentearen esanetara azpiratuko balitz, azken horrek soilik borrokatu dezakeelako gizadi guztiaren interesen ordezkari modura.

Orain arteko ikasleen heldutasunaz eta erreakzioaren jardunaz ikasi beharko genuke. Izan ere, arrazoia izan dutela frogatu den ikasle «heldu» horiek, klaseen itzuleraren aurka indarrak metatzeko deialdia luzatu dute maiatzaren 25ean hasiko duten greba mugagabearen bitartez, eta Lanbide Heziketako zein hezkuntza ertaineko ikasleak ez garenoi ere badagokigu borroka hori indartzea. Hezkuntza komunitatearekin kontaktu gehiago edo gutxiago izanda egin beharko genuke hori, baina batez ere irakasleei, gurasoei eta ikasleei bideratu nahi diet ondorengo mezua: garesti ordaindu dezakegu hezkuntzarekin eta hezkuntza arloko proletalgoarekin nahi dutena egiten uzten badiegu. Burgesia, datorren krisi testuinguruaren klase borrokarako eszenatoki berria prestatzen ari da: besteak beste, langileon aurkako kontrol teknologia fintzen ari da, eta proletalgo gazteenaren garunetan esku hartzeko gaitasunak handitzen ari da. Azken horren adibide da, multinazionalen kontrolpeko programa, aplikazio eta abarrek hezkuntza prozesuan azken hilabeteetan irabazi duten pisua.

Zentzu horretan, urgentea da proletalgoa gaitasun eta indarrez armatzea datorren klase borrokaren eszenatoki berrirako, bere posizioak hobeto defendatu ahal izateko eta bizi kalitateari zein askatasun politikoei ahalik eta hoberen eutsi ahal izateko proletarizazio aro berriaren aurrean. Azken horien gutxieneko bermerik gabe ez baitago iraultzarako posibilitate handirik. Burgesiak, datorren ikasturterako froga piloto moduko bat izatea nahi du klaseen itzulera, ziklo ekonomiko eta testuinguru politiko berrirako hezkuntza ere moldatu beharko baitu.

Gure erantzukizuna da burgesiaren esperimentu saiakera den klaseen itzuleraren gaineko bataila politikoa proletalgoaren borrokaren esperimentu eta sozialismoaren eskola bilakatzea. Orain arte ezagutu ez ditugun baldintzetan egin beharko diogu aurre, horregatik borrokaren esperimentu izaera. Sozialismoaren eskola berriz, borroka beti izan delako proletalgoaren irakaslerik onena. Klaseen itzulera planari aurre egitearen gakoa beraz, hezkuntzaren kalitatearen defentsa egitean eta proletalgoaren antolakuntza independentea indartzean datza.