ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

(itzulpena)

Ezin diogu gure buruari edozein akademiko, alderdiko kuadro zein sindikalistak ildo sozialista kritikatu edota erasotzen duenean moralismo eta biktimismoz jositako estalki baten pean ezkutatzeko luxua onartu. Ezin dugu, ideologiaren kritika termino moralistetan ematerik onartu bere jitea edozein delarik ere (errebisionista, ortodoxoa,…) horrek ez baitu langile klasearen sektore ezberdinetan (soilik) kontzientzia faltsua ordezkatzen,  errealitatearen izatezko modu partikularra baizik. Hau da, bere posizio sozial errealarena. Termino politiko eta ideologikoetan horixe da langile aristokraziak duen existitzeko modua, baita orokorrean, klase ertainak duena ere.

Hain zuzen ere horregatik, ideologiaren kritikak, nire iritziz, teoria komunistaren lehentasunezko jo-puntua izan behar luke. Baina ez bakarrik pentsamenduaren dimentsioetan ulerturiko kritika bezala, baizik eta, bereziki, adimenaren antolaketa modu kapitalista honen atzean aurkitzen den antolaketa sozial orokorraren gaineko kritika materialista bezala.

Ideologiak, dominaziorako mekanismo bezala edo formaren dominazio bezala ulertuta, den bezalakoa izateagatik izan behar du kritikatua; bada, produkzio esferarekin duen harremanagatik eta beronekiko funtzionala izateagatik. Hori horrela, produkzioaren eta zirkulazioaren arteko bereizketak hartzen duen formari dagokionean, kapital harremanaren erreprodukzio momentu eta era berean politika burgesaren momentu eratzaile bezala ulertu beharko genuke: honen ezker muturretik eskuin muturreraino. Ideologia, beraz, efektu izateaz gain, kapitalaren erreprodukziorako baldintza ere bada. Susmoa daukat, eta De Giovannirengan oinarritzen naiz susmatzeko, norabide horretan kritikatzen duela Marxek ekonomia politikoa azken milimetroraino, erreminta ideologiko eta klase kontzientziaren mistifikatzaile modura, baita kapitala-lana kontraesanaren justifikatzaile modura ere.

Kritika hori, abstraktuaren dominazioaren krisiaren sintoma nabaria da. Hau da, kontzientziaren (eta bere funtzio dominantearen) forma fetixizatuek topatzen dituzten mugena. Kapitalaren krisi eta horren ondorio den langile klasearen estratu ezberdinen proletarizazioak eskaintzen diguten testuinguruan ulertu behar dugu hori. Gure inguru partikularrean, Euskal Herrian, Ezker abertzaleak “errealitatea ulertzeko erraminta bat” bezala saldu nahi izan digun “marxismo” horrek ez ditu gure belaunaldiko gazteen beharrak asetu, nahiz eta oraindik, beste zenbait fakzioek hartu dituzten forma erradikalekin bateragarria izan daitekeen. Marxismoa objektua ezagutzeko zientzia huts bezala erabiltzea klase sozial ezberdinen interesak elkartzeko baliagarria izan da, baita, horiekin koherentzian joan diren proposamen politikoak sortzeko ere, baina ez gu politikoki asebetetzeko[1]. Botere burgesaren fundamentuen inguruko kritika politikoa, beraz , esfera “ekonomiko-produktiboaren” gaineko jakintzarako instrumentu izan da, kapitalaren erreprodukzio momentuarekin eta zirkulazioarekin duen lotura atzean utziz, eta ondorioz, oinarrizko kontraesanak (kapitala-lana) hartzen d(it)uen morfologiari/ei zein horien funtzio erreproduktibo/dominanteei itzal eginez. Horregatik, “marxismo” horrek kapital harremana errealizatzeko baldintza bezala ezaugarritu izanak ekarpena egin dio merkantziaren fetitxismoari eta bere izate politikoaren inguruko frogak eskaintzen dizkigu, proletalgoa menderatzeko mesedetan eginak.

Iruditzen zait, Euskal Herrian, XX. mendean bezala II. Internazionalaz geroztik, analisi marxianoak ez duela Kapitalaren I.  liburuaren ulermen-markoa gainditu eta II eta III. liburuengandik bereizia izan dela. Lotura hauxe da, De Giovanik klase borrokaren eremu politikoko fundamentu zientifiko bezala aurkeztuko diguna.

Autore italiarrak, errealitate kapitalistak produkzioa eta zirkulazioa bereizten dituela ohartaraziko digu baina era berean,  honen ukazioa bere erreprodukziorako baldintza dela esango digu. Beste hitz batzuekin, banaketa horrek produkzioan eta merkatuan kontraesan handiak existitzen direnaren ideia sortzen du: orekarik eza, gainprodukzioa, subkontsumoa… Horrela, politikaren dimentsioa Estatuak merkatuan garatu beharreko interbentzioaren borondatera mugatzen da. Hain justu, ekuazio politiko hori denean kapitalaren erreprodukzioa eskala handiagoan errealizatzea ahalbidetzen duen “ukazio organikoa” (eta batasuna) burutzen duena.Hasierako eszisioa, kapitalaren batasun eta sintesiak eskala altuan hartzen duen formari dagokiona da (abstrakzio erreala), eta ondorioz, klase sozialak existitzen diren bezala erreproduzitzeko baldintzak sortzen ditu. Azken finean, ekonomia eta politikaren interpretazio lineala gainditzen saiatzen da De Giovanni berau konplexutasun gradu handiagoan abordatuz.

Hori horrela izan bada, zilegi iruditzen zait Ezker abertzaleak historikoki erabili izan duen “marxismoa” banaketa horren adierazle dela esatea, bai eta bere mugak geroz eta agerikoagoak direla aitortzea. Iraultza sozialistarako edo produkzio soziala antolatzeko beste modu bat   teorikoki sostengatu nahi izatetik haratago, aipaturiko banaketa elikatzen jarraitzen baitu. Horren isla esanguratsua da politika egiteko darabilten modua: antolakunde politiko (alderdia) eta antolakunde ekonomikoen (sindikatua) arteko banaketa, taktika (euskal estatua) eta estrategiaren (estatu sozialista) arteko banaketa,  boterearen bereizketa berehalako erlazio sozialetatik, ehun produktiboa eraldatzeko trantsizio programa baten ausentzia… eta finean, eszisioaren printzipioaren erreprodukzioa.

Kapitalaren I eta II – III liburuen arteko lortura faltak, politika sozialdemokrataren oinarri teorikoa ezaugarritu duten egia-erdiak dakartza berarekin, hala nola:  irabazi tasaren joera beherakorraren legeari zentralitate estrategikoa kentzea, krisiaren momentua alderdi komunistaren teoriatik bai eta proletalgoaren diktaduraren teoriatik bereiziz.             

Euskal Herrian analisirako metodo bezala saldu zaigun marxismo honek forma ezberdinak hartu ditu garai eta leku ezberdinetan. Bersteinengandik hasi eta Kautskyganaino horien oinordeko ideologiko guztietatik igaroz, ideologia “marxista” ideologia burges guztietarik garbiena edo depuratuena izan da eta horrek zerikusi zuzena eduki du, nire aburuz,  langile aristokraziaren kategoria ekonomikoarekin. Hots, klase ertainekin. Bestela, ezin uler daitezke II. Internazionalak Marxen marko teorikoarekin gauzaturiko haustura edota errebisionismoaren hegemonia marxismoaren baitan horien atzean aurkitzen zen egitura materialean ikusmira jarri gabe.

Ondorioz, eta testuan azaldutakoari dagokionez:

-             Ezinbestekoa iruditzen zait ildo sozialistaren blindatze politikoaz hausnartzea ideologiaren interbentzioarekin loturan, berau edonolakoa izanda ere: errebisionista, ortodoxoa, etab. Ildo iraultzailearen erreformaren gainetiko nagusitzea ekarriko duten mekanismoak sortzea premiazkoa dela iruditzen zait, eta hori ez dabil oso urrun borroka komunitateak duen kualifikazio politiko esponentzial eta bere superbisiorako dituen gaitasun progresiboetatik, nahiz eta paraleloan, aurreko klase borroka zikloetako esperientziek balantze zehatz bat behar duten proletalgoaren porrotaren arrazoiak argitzeko.

-             Beste alde batetik garrantzizkoa deritzot Alderdi Komunistaren eraikuntzan langile aristokraziak (akademikoek, profesional teknikoek, funtzionarioek…)  izango duen parte hartzea ikertzea. Kontuan izanik zentroko baldintza inperialistak direla sozialdemokraziaren bidea argitzen duen matrize ekonomikoa.

-             Gainera, ezinbestekoa da errebisionismoa eta marxismoa bereizten dituen marra gorria ongi mugatu eta horren ezaugarritzea burutzea, bai eta komunitate politikoan berau sozializatzen behar adina denbora igarotzea. Hori ondo ez egiteak epe ertain luzera begira ondorio katastrofikoak ekar ditzake.

-             Azkenik, esan landu dudan hipotesia Biaggio de Giovanniren “Teoría política de la clase en El Capital” obratik elikatu dudala, baita  Marramaok testuari eginiko ekarpenetatik ere, non nire ustetan, bertan  teoriaren alorrean ematen den klase borrokaren auziaren zehaztapenak proiektatzen diren, errebisionismoaren eragin-esparrutik kanpoko marxismoaren ezaugarritzeari garrantzia emanez.

     


[1] Argitu nahi dut, ezker abertzalean marxismoari buruzko kontzepzio ezberdinak egon diren arren, artikulu honetan kritika-gai dudan kategoria esker abertzaleko ehun militantean zein oinarri sozialean hegemonikoa izan dena da.