Nekez azaldu genitzake prozesu politiko eta sozialen loraldi eta gainbeherak historiaren protagonista errealak diren masa zabalen bizi baldintzak, ideologiak eta gizartea ordenatzen duten indar harremanak azaldu ezean.
Ezker Abertzale Ofizialistak azken boladan bultzatutako zenbait dinamikek eta gertaera hauen aurrean euren oinarri sozialak erakutsi duen aihergatasunak Ofizialismotik kanpo lerratzen diren hainbat norbanako zur eta lur utzi ditu. EH Bilduk PSOE eta Podemosen gobernua babestu izanaz ari naiz, urtarrilak 11ko manifestazioaren manifestuaren bi irakurleetako bat “terrorismoaren biktima” izateaz, Euskal Zaletuei elkartasun keinua ukatu izanaz, Gara egunkariak beste behin ere Ekialde Hurbilean jasan diren eraso inperialisten aurrean AEBekin erakutsitako konplizitateaz edota urtarrilaren 30eko greba orokorrari eman nahi dioten izaera alderdikoiaz. Gertakari hauek Ezker Abertzale Ofizialistaren jardun politiko erreala aditzera eramaten gaituzte, erretorika eta diskurtso sasi- erradikalak albo batera utzita, predikatzen denaren eta errealitatean bultzatzen duten politikaren arteko distantzia erraldoia erakutsiz. Aurrez aipatutakoaren eraginez, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa ortzi-muga dugunon artean luzaroan mantendu den eztabaida berpiztu da: 1) Ezker Abertzalearen oinarri soziala eta printzipio estrategikoak mantendu, “Zutik- zaleen” bidetik aldenduz – horretarako plan errealista bat proposatuta – eta “oinarri klasikoetara” berrekarri; ala 2) printzipio politikoak mantendu, estrategia berrikusi eta subjektu eta mobilizazio eredu “berriak” miatu. Pertsonalki uste dut lehenengo aukera ez dela bideragarria politikoki, Ezker Abertzalearen oinarri soziala oro har, eroso baitago bere posizio politikoekin eta bizi ereduarekin. Neurri batean aurrez esandakoaren ondorioz, EHn independentziaren eta sozialismoaren aldeko mugimendu berri baterako beharrezkoa den masa mugimendua beste nonbait aurkitu behar dugula uste dut, beste ezaugarri batzuekin eta iraganaren gaineko errebisio estrategiko sakon bat eginaz. Bigarren aukerak zenbait erronka iragartzen dizkigu, eta hausnarketa horretan sakontzea da testu honen asmoa.
Eremu militantean historiaren ikuskera materialistaz mintzatzen gara maiz, eta gehiegitan mundua ikusi eta ikasteko modu hau naturalki jasoa dugunaren ustean aritzen gara. Susmoa daukat sarri hau ez dela horrela izaten, gertaera zehatzak eta prozesu politikoak azaltzeko pertsonalismoetara jotzeko joera baitugu. Honek gertaera historikoen konplexutasuna pertsonaia eta pasarte “mitikoengatik” ordezkatzera eramaten gaitu, eta kontakizunaren sinplifikazioak aurrera begirako hipotesi estrategikoak zuzentasunez egitea zailtzen du. Honela, adibidez, Ezker Abertzaleko oinarri sozial zabala miresten dugu, eta gure kritika zuzendaritza politiko zehatz baten traizioaren kontaketara mugatzen dugu, “engainu eta azpijokoen” bidez historia azaltzeko ilusio pean. Dena dela, uste dut pertsonaia zehatzek eta eurek hartutako erabakiek badutela garrantzia historiaren pasarteetan, baino nekez azaldu genitzakeela prozesu politiko eta sozialen loraldi eta gainbeherak historiaren protagonista errealak diren masa zabalen bizi baldintzak, ideologiak eta gizartea ordenatzen duten indar harremanak azaldu ezean. Bestela esanda, mugimendu politikoen garaipen eta porroten analisia egiterako orduan, gizarteari bere osotasunean bota behar diogu begirada, eta horretarako ezinbestekoa da masa zabalen bizi baldintzei kasu egitea, hots, gizartearen klase analisia burutzea. Era berean, estrategia iraultzaile orok aurrez gauzatutako borroka esperientzien akumulazio eta sintesia izan behar du oinarrian, hau da, iraganeko esperientzietatik irakaspen estrategikoak ateratzea lehentasunezkoa da prozesu sozialistarentzat.
Zentzu honetan mintzo naiz beharrizan eta kontingentziaz. Propaganda antikomunistak behin eta berriz errepikatu du marxismoak beharrizan sistema bat duela bere fundamentuan: sinpleki esanda, komunismora bidea ekidin ezina dela omen dio Marxen teoriak, historiaren ikuskera teleologikoa oinarritzat hartuta. Aitzitik, komunismora bidea trakestu denez marxismoaren iragarpenak gezurtatu direla diote “historia osteko” profeta berriek. Komunistok, ordea, soberan dakigu garaipenaren giltza ez daukagula borroka hasi aurretik ziurtatuta, eta beharrizan historikoez iraganaren balantzea egitean soilik mintzatu gaitezkeela. Nola eta zergatik jaio zen kapitalismoa, zein izan ziren gizarte burgesaren hedapena baimendu zuten indar motoreak, zein fundamentu ekonomikoren bitartez biderkatzen duen bere boterea burgesiak eta abar luze bat aurkitu genitzake ekonomia politikoaren kritikaren galdera eta erantzunen artean. Antzerako galderen aurrean aurkitzen gara mugimendu politikoen balantzea burutzerakoan : zerk eraman du mugimendu hau porrotera, zein izan da mugimendu politiko honen klase konposizioaren bilakaera eta zein fundamentu estrategikok ahalbidetu du klase sozial hauen lidergo politiko eta kulturala, beste hainbat galderen artean. Kontrara, politikari gaurkotasunez begiratzen diogunean posibilitate ezberdinen aurrean aurkitzen gara, eta aukera hauek indar-harreman materialengatik baldintzatuta ageri zaizkigu. Klaseen arteko indar-harremanen kalkulu egoki bat egiteko ezinbestekoa da errealitatearen ezagutza zorrotz batetik abiatzea, eta horretarako esperientzia historikoen jakintza konplexu bat dugu beharrezko, traizio, mito eta pertsonalismoetatik haratago doana.
Esan berri dudana Ezker Abertzalearen historiari atxikitzen badiogu, nekez ondorioztatuko dugu bere oinarri historikoen porrot ofiziala – haustura independentistaren ukapena eta proiektu sozialistaren desagerpena – norbanako zehatzen traizioaren ikuspuntutik. Bide hau jarraitzen badugu, Ezker Abertzalearen historia indar-harreman eta interes materialen aldetik azaltzea ukatzen dugu eta azalpen psikologistak eta diskurtsibo-linguistikoak ematera mugatzen gara, gu izan ezik beste guztiak inozoak direla edo engainatuak izan direla ondorioztatzera arte. Mugimendu politiko orok mobilizatu dezakeen masa bat du beharrezko, eta egungo Ezker Abertzale Ofizialistaren kasuan premia ekonomikoak asebeteta dituzten masa nazionalistak lehenetsi dira, klase ertaina mobilizatu daitekeen modu bakarrean: oso noizean behin, sinbolikoki, permormance bidez eta batez ere elektoralki. Guk klase estratu hauek burgesia txiki eta langile aristokrazia bezala izenpetzen ditugu, eta uste dugu galdera estrategiko egokia honakoa litzatekeela: zein oinarri estrategikok ahalbidetu zuen ENAMen gidaritza klase estratu anti-iraultzaile eta antikomunista hauek eskuratu izana eta zein kontzeptu estrategikoren bidez ekidin genezake Euskal Herriaren askatasunaren aldeko proposamen bakarra eurena izatea – nolanahi ere, gauzatu ezina dena –.
Honenbestez, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren ikuspegitik lehentasunezko zenbait eztabaida eta betebehar militante identifikatzen ditut, hurrenez hurren:
- Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren historia ikuspuntu materialista eta marxista batetik ikertzea, historiaren ezagutzatik irakaspen politiko aktualak eskuratzera bidean.
- Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzan mobilizatzeko aktibo izango den klase estratuaren identifikazio egokia egitea, proletalgoaren premia materialak ezagutuaz eta testuinguruaren gerturapen osatu batetik eratorriko dena.
- Subjektu proletarioaren mobilizazio eredua birpentsatzea. Bestela esanda, masa alderdi komunistaren antolakuntzan eta Euskal Estatu Sozialistaren bidean aurrera pausu praktiko eta teorikoak ematea. Honekin batera, nazio auzian klase antagonismoa barnebiltzea, euskal nazio burgesaren kontzeptuari euskal nazio proletarioaren eraikuntza kontrajarriz.
- Ezker Abertzalearen historia, pertsonaia eta militanteekin hurbilpen afektibo eta efektiboak egitea, ezaugarri estrategikoak dituzten eztabaidak ahalbidetuz eta konbergentziak lehenetsiz.