Ziur zuri ere burutik pasatu zaizula: norentzat dira jardunaldi feministak? Deialdia ikusi orduko sortu zitzaidan galdera izan zen hori, lehena besterik ez, ordea; feminismoaren subjektua zein den zehaztu nahian emandako zilipurdi guztiek ondoko galderara gidatzen bainaute: nori eragiten dio genero problematikak? Gutxiegi pentsatzen dugu azken galdera horretan, erantzunak dauzkan inplikazioak gehiegi diren arren.
Deialdia emakume* guztiontzat izan da. Ez al zaizue iruditzen argitu gabeko termino horietako bat dela asteriskodun emakumearena? Kartetan aritzerakoan, oraindik jokaldia bideratu gabe daukazunean, badaezpada gordetzen duzun komodinaren antzerakoa da: eskuartean duzun edozeri aterabidea emateko edo borobildu gabeko jokaldia justifikatzeko gordetzen duzu komodina bezalakoa. Emakumeari asteriskoa jartzeak antzeko funtzio bat betetzen duelakoan nago: genero problematikarekin zerikusia duen elementu zein identitate zapaldu oro barnean hartzeko saiakera da, zapalkuntzaren adierazpen guzti horiek nola azaldu edo subjektu horren borroka bera nola proiektatu oso argi eduki gabe.
Zapaldu guztiei merezi duten aitorpena eskaini nahi dien baten batek galdetuko digu ea zergatik murrizten dugun subjektu feminista bakar batera eta argudiatuko digu emakumeak oso anitzak garela eta bakoitzak bere baldintza partikularrak dituela. Galdera horri, guk inori agentzia ukatzen ez diogula erantzun beharko diogu, hau da, ez diogula inori antolakuntza politikoa ukatzen. Ukatzen duguna asteriskodun emakumeak emakume langileon interesak defendatzeko duen potentzia dela. Nahiz eta kasu batzuetan hala izan daitekeen, horren arrazoi nagusia ez da borondate falta, eragile batek interes kontrajarrien defentsa erreala egiteko duen ezintasuna baizik; kontraesanean dauden bi elementu beti iristen direlako sintesi batera, hots, haien jatorrizko izaera eraldatzen duen egoera berri batera. Eta, klase interesak tartean daudenean, erdibiderik existitzen ez denez, batek bestea gailenduko du beti; eta, aizu, badakigu interklasismoaren partidan nola doakigun.
Borroka subjektua langile klasea dela baieztatzen dugunean, zera esaten ari gara: desjabetu izateak menpeko bilakatzen gaituenez, zapalkuntzarekin amaitzeko gure bizitzen gaineko kontrola ahalbidetzen digun antolakuntza politikoa garatu behar dugula. Beste inork esango digu lasai egoteko, Euskal Herriko Mugimendu Feministako ia eragile guztiek langile klasea kontzeptua bere egin dutenez, langileriaren interesak jadanik eszena politikoan ordezkatuak daudela. Langile-klasea infinituki errepikatzearekin itsututa gaudela uste dutenei, erantzun beharko diegu gure kezka beronen bidez izendatzen dugun hori zuzentasunez zein xehetasunez zehaztea dela eta, batez ere, langileria subjektutzat hartzeak dakartzan inplikazio politikoak gorpuztea dela.
Langile klasea definitzerako orduan, behin eta berriro errepikatu dugu, klase horretako partaide bilakatzen gaituena ez dela gure lan indarra saltzen aritzea, ezpada, gure desjabetu kondizioa. Biziberritzeko soldatarekiko dugun menpekotasunak egiten gaitu langile, kontuan hartu gabe, jasotzen dugun diru edo zerbitzu horien iturria soldatapeko lan propioa, hurbileko baten soldatapeko lana edo Estatua bera den. Eta, beraz, langile-klaseaz hitz egiten dugunean, bere lana burgesiaren interesen arabera antolatzera behartua dagoen edonorez ari gara. Alta, egia da, Euskal Herrian ezagutu ditugun langile antolakuntzaren partaideen gehiengoa soldatapeko langileak direla; eta langile aristokraziaren lan-baldintzak desagertzen ari diren testuinguru honetan ere, zailtasun handia dugula langileriaren sektore proletarizatuenekin lan egiteko. Argi eduki behar dugu, baina, egun emakume proletarizatuenek antolatzeko dugun muga hori ez dela aldagaitza, eta ezintasun horri aurre egin behar diogula; muga horri begiratzeko dugun era, berau gainditzeko beharrezkotasunarena izan behar dela, alegia.
Esan bezala, langile-klase terminoa presente egote hutsak berau baliagarri bilakatzen ez duenez, gure jarduna ezin da termino bat edo beste gure hiztegian txertatzera mugatu. Saia gaitezen, hortaz, oso azaletik bada ere, hautaketa honek dakartzan inplikazio politiko batzuei erreparatzen. Batetik, eta jadanik zer edo zer aipatu dugun eran, borroka subjektuak langile klasea izan behar duela diogunean, ez dugu berau antolatua dagoenik esaten, ezta eginbehar horren jakituria orokortua denik ere. Langile klasea, egun, klase sozial bat da: Bere eguneroko ezintasunen gaineko ezagutza zuzena duen, baina, oraindik ere, gertakari horiek gainditzeko bere burua subjektu gisa antolatzeko beharrik ikusten ez duen klase soziala.
Bestetik, kontuan izan behar dugu identitatearen eta subjektuaren arteko harremana ez dela zuzena eta aldebakarrekoa, hau da, identitate bat edo beste edukitzeak, ez gaituela subjektu bateko edo besteko kide egiten. Langile klaseak egun dozenaka identitate barne hartzen ditu, are gehiago, langileok gorpuzten ditugun identitateetako askok izaera burgesa dute. Beraz, beharrezkoa zaigu neutralizatzea bai menderakuntza egoera betikotzeko langileriaren segmentu bakoitzari ezarri zaizkion funtzio sozialei dagozkien identitate zapaltzaileak, baita horietako bakoitza subjektu partzializatu gisa eratzeko dauden saiakerak ere. Are gehiago, ezinbestekoa zaigu dauzkagun identitateak hautaketa prozesu pertsonal baten ondorio diren ideiarekin amaitzea: gorpuzten ditugun identitateak eta dauzkagun beharrizanak ez datoz bat. Horri aurre egiteko, eratu nahi dugun identitateak programa politikoarekin bat egin behar duela aldarrikatu behar dugu.
Auzi honen konplexutasunaren adierazgarritzat har dezakegu Salda Badagoko dekolonializazioaren mahai-inguruan emandako eztabaida. Elkarren artean oso bestelakoak ziren ideia ugari azaleratu zirenez, zaila izan zen zehazki ulertzea zeintzuk ziren eztabaidagaiak, eta baita hizlari bakoitzak haiekiko zuen jarrera zein zen argitzea ere. Laburpen bat egiten saiatuko ez banaiz ere, eztabaida horrek subjektuaren auziarekin duen lotura ulertzeko, beste hainbaten artean, giltzarri iruditu zitzaizkidan argudio bat ekarri nahiko nuke gaurkora. Bai, mahaian, baita ikusleengan ere, behin eta berriro errepikatu zen txuriok eta beltzok ezin dugula subjektu bateratu bat eratu; dauzkagun ezberdintasun sozialek era osasuntsu batean elkarrekin politikoki antolatzea ezinezko bilakatzen duelako, alegia. Honek, jende askoren haserrea piztu zuen noski eta argudio horren defendatzaileak sumina egia mingarri baten erreakzioa zela errepikatzen tematu baziren ere, ezbairik gabe baieztatuko nuke: haserrealdia piztu zuena pertsonalki eragiten ez digun kausa batean konprometitzeko aukera ukatzea izan zen. Auzitan jarri zutena ez baitzen “txurion borondate falta” izan, herri honetako militanteek, hamarkada luzez, proiektu kolektibo baten alde eduki duten erabateko konpromisoa bera baizik.
Hasieran, subjektuaren auzia ebazteko genero problematikak nori eragiten dion argitu behar dugula baieztatu badut ere, azkenerako gutxi, edo apenas ezer ez diot erreparatu galdera horri; beste baterako utzi beharko dugu. Halere, aipatutako hautu horrek, langileok norabide bateratu baten arabera antolatzeko beharra argi uzteaz gain eta kideen behar zein nahimena gauzatzeko eduki behar dugun borondatetik haratago, erabaki kolektiboarekiko konprometitzeko daukagun gaitasuna egiaztatzen du. Subjektu feministaren zeregina ez da zapaldu guztien ahotsak aldi berean landuko dituen espazio bat sortzea: subjektu feministaren zeregina dauzkagun gaitasun apurrak beharrizan handiena dutenen mesedetan jartzea da, gaitasun gutxi horiek, ugaldutako gaitasun bilakatu daitezen.
Zapalduon bizitzak zaindu nahi baditugu, klase zapalduaren alde antolatu beharko gara. Langileriaren potentzia birrintzen duen subjektuen aniztasuna baztertu eta langileriaren aniztasuna oinarritzat hartzen duen subjektua erdigunean jarri behar dugu. Desjabetuontzat gure lanaren gaineko kontrola edukitzea ez da inoiz izango gaitasun horrekin nahi duguna egitea, ezpada, gure lana burgesiaren nahimenaren menpe egotetik, gaitasun hori langileriaren beharren menpe egotera pasatzea. Gustatu ala ez, langileriaren askatasuna gure borondate espontaneoaren aurka doa, halabeharrez. Horregatik diogu ezinezkoa zaigula klase ertainaren nahimenak zein proletarioen beharrizanak aldi berean kudeatzea. Zapalduokiko ekinbidea zehazturik ez duen subjektu baten bidez zapalduon beharrak asetzea ezinezkoa zaigulako ukatzen dugu asteriskodun emakumea subjektu gisa.