ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA


Ez zait zintzoa iruditzen neure hitzekin hastea, lehenengo artikulu hau ez da ezeren hasiera, ez dut nik ezer hasten honekin, aspaldi hasiak direlako urak mugitzen, hainbatek mugitu dituztelako aspalditik neure baitako ur geldiak. Horregatik hasiko naiz Jose Luis Otamendiren hitzekin. Ohikoa duen bezain apal eta zorrotz, dio:

"beste poesia molde bat behar du une honek

herri honek

eta ez daukat nik"

«Beste poesia molde bat» dioenak «beste molde bat» dio, oro har; «beste zerbait behar du», dio. Aurten argitaratutako Disoluzio agiriak poemariotik hartuak dira hitzak eta liburuaren beraren neurria emateaz gain, ahots konpartitu batena ere eman lezakete. Bizi dugun une eta herri honetan, «zerbait berria» behar dugun sentipena aspalditik igar daiteke, hozkatu ere egin ahal izan da zenbait unetan. Ez dut uste sentipen hori balizko molde zahar baten aurkakotasunetik sortua denik, ezpada haren galerak ekarritako etsipenetik. Gerraoste moduko bat bizi izan dugu hemen: proiektu iraultzaile batek egin du porrot eta arrastaka utzi gaitu, zeri heldu jakin gabe bezala, munduari nondik begiratu jakin gabe bezala. Beren buruak eta bizitzak proiektu horren baitan ulertu dituzten eta haien ondotik etorri garenetako asko utzi gaitu halako noraez etsi batean. Impasse deitu izan zaio, aro berri ere bai, zinismoa dirudien arren.

Nonahi ditugu horren zantzuak. Garai bakoitzeko kultura garaiaren beraren espresiobide bizi gisa ulertzen badugu, lasai samar esan genezake kulturak, beti askotarikoa izan arren, gezurrik behintzat ez duela erakusten. Hala, kultur espresioei begiratuta ugari topa ditzakegu etsipen horren eraginaren aztarnak. Antolakuntzan eragin du, borrokak komunitate zabaletan artikulatzeko gaitasunean, eten bat ekarri du militantzia-esparruetan. Arte espresioetan ere, aspalditik dut sentipena zer ilun eta likatsu batek bezala bildu dituela etsipen orokortu batek euskal letrak, doinuak eta abarrak; adibideak asko dira. Baina inor ez du etsipenak asetzen, eta egoeraz kontzientzia hartuta hor datoz, izkina batetik eta bestetik, molde berrien beharraren aldarriak. Hutsal samar ez ote diren suertatu izan, ordea, gehienek ez baitute jakin esaten zeintzuk diren molde berri horiek edo nork dauzkan.

Nik, Otamendik bezala, ez daukat une honek, herri honek behar duen molderik. Ez poesia molderik ez bestelakorik, hori seguru esan dezaket. Eta ez dut uste, bestalde, inortxok eduki dezakeenik garai zehatz bati dagokion ikuspegi, borroka-forma edo poetika guztiz egokirik. Garaiak sortutako ezinegona interesatzen zait gehiago: egoeraren ankerkeriaz ohartuta hura gainditu nahi izatea, eta horretarako molde berriak etengabe bilatzeari ekitea. Ikuspegi eta borroka-forma egokiek, edukitzetik baino, bilatzetik dutelako gehiago. Ezinegonak –bi eratara ulertuta, ezin-bizia eta jakin-mina– derrigorrean eramango gaitu itotzen gaituen errealitatea iraultzeko moldeak bilatzera. Bilaketa horretarako ezinbesteko tresna dugu langile kazeta hau bera.

Nik ezin dut eskaini ezinegona baino: ez daukat inongo molde egokiren predikurik, ez daukat tamalez erantzun erabatekorik. Ezin-bizia eta jakin-mina dauzkat eta aukera bat hedabide honetan hilean behin lerro batzuk idazteko. Ezinegon hori konpartitua da, ordea, eta horrek nakar hona. Euskal Herriko hainbat bazterretan nabari da ez diogula arestian aipatutako etsipen horri gailentzen utzi nahi eta hainbat esparrutan bildu dira garai honi erantzuteko indarrak. Munduari eta geure herriari begiratzeko modu interesgarriak eta haiek eraldatzeko molde berriak datoz gaztetxeetatik, ikasle-mugimendutik, elkartasun-sareetatik, kaletik. Neure ezinegonak eta grinak ikusten ditut molde horietan eta babes horretatik nahi nuke idatzi. Nik ezin dut eskaini ikuspuntu bat baino, eta horixe da eskatu didatena. Baina neure burua klase-gizartea iraultzea desio duen proiektu politikoan kokatuta, pentsatu nahi nuke nire ekarpen txikiak jende gehiagorentzat eta zerbait zabalagoarentzat balio lezakeela.

Kazeta berri honetan hilean behin kulturaz aritzea egokitu zaigu niri eta beste kide batzuei. Ez dugu lan makala: kultura artearen esparrura soilik mugatua den garaiotan bizimoduaz hitz egin nahi nuke, harremantzeko moduez; talde baten kultura folklore huts gisa ulertzen den garaiotan espresio artistikoaz hitz egin nahi nuke, bere konplexutasun guztiarekin. Kultura esparru autonomo gisa ulertarazi nahi den honetan gizarteaz hitz egin nahi nuke, ekonomiaz, politikaz. Kultur espresioak ere, Raymond Williamsek dioen bezala, prozesu material gisa ulertu behar ditugu eta eraldaketarako gaitasuna aitortu. Horregatik da garrantzitsua kulturatik ere gure mesedera egongo diren harremantzeko eta antolatzeko molde berriez eta baita espresio artistikorakoez ere pentsatzea.

Molde berrien sorrerak noraino iritsiko ote garen pentsarazten dit sarritan, ez ote den guztia bat-batean lurrunduko. Halakoetan ondo etortzen da Otamendiren hitzetara jotzea berriro eta sinestea, hark sinesten duen bezain garbi, ez digula ezerk eskuen artetik alde egingo «baldin gure hitzak eta ekintzak / non eta noiz mamitu asmatzen badugu». Ari gara horretan eta bide onetik goaz.