ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Aurreko ikuspuntuan, atal honetarako neure asmoak aurkezteaz aparte, saiatu nintzen ohar moduko batzuk ematen azken urteetako panorama politikoak utzi duen basamortu kulturalari buruz: komunitate politikoaren artikulazioan etenak, identifikazio politikorako oztopoak, epe luzeko proiektu iraultzaile bat irudikatzeko gaitasun-falta eta beste aipatu nituen. Intuizioari jarraika egindako ohar desordenatu batzuk baino ez ziren, baina nago aztergai interesgarriak izan daitezkeela joko-zelaitzat suertatu zaigun egoera kulturalaz jabetzeko eta hartan eraginkorki esku hartzeko.

Zorrotz aztertzen zuen egoera hori kazeta honetako bertako aurreneko editorialak, “Jarraikortasunak eta hausturak” izeneko hark. Gertatu den –gertatzen ari den– eta entzungor egin ezin dakiokeen haustura politikoa, zioen artikuluak, bere baldintza historiko objektiboekin erlazioan baino ezin dugu ulertu: gure kasuan, ezinezko suertatu den politika batekin, estrategia interklasistaren agorpenarekin erlazioan. Ildo horretatik, “jada ezinezkoa da klasearteko estrategiaren baitako batasunaren egikaritzea, lotura historiko baten desegitea gauzatzera iristeraino”. Nekez esan daiteke hobeto, nire ustez: “Ez dira izan belaunaldi berriak iraganarekin hautsi dutenak. Iraganak berak hautsi du orainarekin”. Eta jarraitzen du: “Estrategia, komunitate eta kultura politiko baten erreprodukzio ezintasunak, haren oinordekotzaren berme ezak, betetzen zuen funtzio historikoaren agorpena iragatzen du. Paradigma berrien premia irekitzen da”.

Haustura gertatu da eta klase-independentzia oinarri duten paradigma berriak sortzen eta beren beharrezkotasuna berresten ari dira, baina zaharra hiltzen ari denean eta berria oraindik apurka jaiotzen, tarteko argi-itzaletan polarizazio horretatik kanpo kokatzen den zati handi bat geratzen da. Aipatutako erreproduzkiorako ezintasunak ez baititu soilik haustura eta paradigma berriak sortzen, lehenago esan dugun bezala noraeza ere sortzen du, pesimismoa, inpotentzia. Egoera horrek ondorio kulturalak ditu eta ondorio artistikoak ere bai: euskal letren, musikaren eta abarren artean aspalditxotik igar daiteke halako iluntasun bat, ezkortasun bat, iraganerako joera bat, nire ustez aipatutako hausturarekin zuzenean lotu beharko litzatekeena. Ez hori bakarrik, haustura horren nolakotasunaren berri ere eman diezagukete arte-espresioetako joerek, eta, beraz, haren azterketan sakontzen lagundu. Artikulu honek zenbait lan esanguratsuren azterketa azkar bat egin nahi luke.

Azterketa artistikorako gure oinarria determinazioaren ideiak behar du izan. Kontzeptu konplexua da oso ulertzeko eta azaltzeko, eta are konplexuagoa hemen dagokidan tarte murritz honetan. Oraingoz, nahikoa da azaltzea artearen determinazioa ez dagokiola, sarri pentsatu izan den bezala, produkzio-modu bati edo besteari soilik, ezpada une historiko bakoitzeko prozesu sozial totalari. Artelanak –pintura bat, kanta arrakastatsu bat edo bat-bateko bertso bat, kasu– prozesu sozial materialaren baitako praktika erreal eta konkretu gisa ulertu eta aztertu behar ditugu. Era berean, sortzaileak eurak ere testuinguru sozial horren baitan baino ezin ditugu ulertu eta, ondorioz, jakin behar dugu baldintza material objektibo horien arabera sortzen dutela. Horrek ez du esan nahi artistek bizi duten garaia bere horretan nahitaez islatuko dutenik edo haren deskribapen xehea egingo dutenik; hartatik urruntzen ere saiatuko dira sarritan, baina ezingo dute inoiz hari bizkar emanda sortu. Prozesu sozial totalak mugak eta presioak ezartzen dizkio artisten sorkuntzari: ezinbestean suertatu zaizkien baldintza historiko objektiboen arabera sortu beharko dute beti. Alde horretatik, gizarte orok luke, Adolfo Sánchez-Vázquezen hitzetan esateko, merezi duen artea. Eta berdina gertatzen da euskarazkoarekin ere.

Hasieratik aipatu ditugun agorpen eta haustura politikoek forma asko eta askotarikoak hartu dituzte euskarazko arte-espresioetan. Kasu paradigmatikoenetako bat Sarrionandiaren Lagun izoztua nobela izan daiteke, zabal irakurria izan dena baina kritikak eta akademiak aspalditxoan jaramon handirik egin ez diotena, bide batez esanda. Aitzindaria ere bada nolabait nobela, militante eta erbesteratu gisako bere biografia dela-eta estrategia politikoaren nolakotasunari buruzko kontzientzia eta konpromiso argiagoa duelako, segur asko, idazleak berak. Hego Amerikan erbesteratutako militante politikoen komunitate bat du abiapuntu nobelak. Goio, iheslari horietako bat, “izoztu” egiten da: memoria eta hitz egiteko gaitasuna galtzen ditu eta ezin du geldi-geldi egon beste ezer egin. Hortik abiatuta, hiru ildo narratibo irekitzen ditu nobelak: Goioren haurtzarokoak kontatzen dira iraganean, haren eta beste iheslarien egunerokotasun geldoa orainaldian eta Goiok sendatu ostean egiten duen Antarktikarako bidaia bat, etorkizunean. Alegoria bat bihurtzen da nobela, kontatzen duena baino askoz gehiago kontatu nahi du Sarrionandiak: laguna izoztea iheslarien noraezarekin batera dator, gutunik ere apenas jasotzen duten jada, zalantza politikoak ere gero eta handiagoak dira. Nobelan agertzen den itsasoa ere oso bestelakoa da Sarrionandiak hasieran zerabilen itsas irudiaren aldean. Eider Rodriguezek bikain aztertu zuen hori: abenturari lotutako itsaso zabal bat errepresentatzen bazuten Sarriren hasierako poemek eta ipuinek, Lagun izoztuako itsasoetako bat geldia da eta bestea izoztua, Ipar Polorako bidaia horretan. Horrek militantzia politikoaren errepresentazio kontziente bat erakusten duela uste du Rodriguezek. Nobela, hain zuzen, lotura historiko sendo baten agorpenaren kronika da, eta hortik hiru ildotan kontatzearena: abenturaren eta konpromiso politikoaren garaia iragana da, orainaldia geldoa eta aspergarria da eta haustura politikoa kontzienteki jasan duenari etorkizunerako geratzen zaiona egunerokotasun horri ahalik eta lasaien heltzea da, bere arazo kotidianoak lehenestea.

Nobela paradigmatikoa eta aitzindaria da Lagun izoztua, gerora beste hainbatek eutsi baitiote eskema narratibo antzeko bati: iraganean arakatu, orainaldia problematizatu eta etorkizunerako egunerokotasun lasai bat aldarrikatu. Duela bi urte argitaratutako Jenisjoplin nobelan –hori ere zabal irakurria–, Uxue Alberdik kontatzen digu nolakoa zen protagonistaren gaztaro konprometitu eta aktiboa, zeina gaixotasun batek eteten baitu kalean ere mugimendua pixkanaka agortzen doan garai bertsuan. Pertsonaiarentzat problematikoa da oso egoera hori: eskema batzuen arabera bizi izan da beti eta orain ezinezkoa zaio, ez daki oso ondo zein ardatzen arabera pentsatu behar dituen gauzak. Deigarria da nobela horren amaieraren eta Lagun izoztuarenaren arteko antzekotasuna: orainaldia horrela dela onartu eta egunerokotasuneko bizitzari eutsita lasaitzen da Nagore protagonista.

Orainaldiko noraeza erakusteko eta iraganean arakatzeko joera hori azken urteetako hainbat lanetan igar daiteke. Hor dago aurreko ikuspuntuan aipatutako Otamendiren Disoluzio agiriak bera eta haren molde berrien premiaren aldarrikapena; hor daude Iñigo Astizen bi poema-liburuak, iraganean arakatu nahia eta paradigma berriak sortzeko ezintasuna –“Gizaldi guztiak sentitzen dira / aldaketa handiren baten atarian, / eta gu ere ez ote gabiltzan halatsu sasoi berrientzako hitzen bila, / katuak bezala eguzkitara ehizan / eroritako zibilizazioen hondarretan”–; hor dago Jon Benitoren Bulkada poemarioa –“Esadazu mundua sentitzeko / modu baten azkenak garela”–; hor dago Eider Rodriguezen Politika albisteak ipuin gogoangarri hura, eta beste zenbat.

Musikan ere nabaria da noraez politiko garaian sortutako doinuen eta letren ugaritasuna. Izaki Gardenak taldeari buruz, esaterako, esan daiteke ia-ia proiektuaren beraren muinean dagoela iraganaren nostalgia, orainaldiaren iluntasuna, zerbait berriaren premia aldarrikatzea. Anariren kasuan ere nabarmena da azken diskoetan letrek hartu duten kutsu sozialagoa, gizarte erdi distopiko bat deskribatuz –“Autodefinituak”–, tristura indibidualistari kritika zorrotza eginez –“Epilogoa”– edo, are, borroka armatuaren iruditegia txertatuz –“Armagabetzea”–; badute azken diskoek halako iluntasun bat, eta orain arte izan duten giro intimistarekin alderatuz beste dimentsio bat hartzeko asmoa igar dakieke. Gehiago ere aipa daitezke: Berri Txarraken Payola eta Denbora da poligrafo bakarra diskoak, JP Lohianek atera zuen disko zuri-beltza, eta beste. Konplexua eta askotarikoa da lan bakoitzak gure garaiarekin duen erlazioa eta, nire ustez, sakonago aztertu beharreko gaia da, baina aipatutako guztiak agorpen politikoak ekarritako noraez-garaian kokatu behar direla ez dago ukatzerik.

Norbaitek pentsa lezake, eta ez zaio arrazoirik falta, mugimendu sozialistaren loratze garai honetan, bestelako arte bat merezi dugula: kontzientziak pizten lagunduko diguna, orainaldiari kritikoki eta etorkizunari modu eraikitzailean begiratuko diona. Zaila da, ordea, bestelako arte bat kontzienteki bultzatzea, hori ere baldintza historiko objektiboetatik urruntzea bailitzateke, nolabait. Gramscik zioen absurdoa dela artista indibidual berriak artifizialki sortzea eta, beraz, kultura berri baten aldeko borroka izan behar duela gureak eta ez arte berri baten aldekoa. Bizimodu berri batek posizio politiko berriak, bizitzari begiratzeko modu berriak ekarriko ditu ezinbestean eta hortik sortuko dira artista berriak eta bestelako arte bat. Hor, denik eta galderarik zailenetakoa sortzen zaigu, nolakoa behar duen izan arte horrek, alegia. Baina horren erantzuna artistek berek izango dute, eta ez nik.