ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken asteetan jakin dugunez, Hezkuntza Sailak eta orokorrean Eusko Jaurlaritzak, EHUn tasak igotzea proposatu du 2019-2020 ikasturterako. Baita EHUko Gobernu Kontseiluak onartu ere. Hau da, datorren ikasturtetik aurrera, EHUn gradu edo karrera bat ikastea orain arte baino garestiagoa izango da. Gutxienez kasu batzuetan. Zehazki, hirugarren eta laugarren matrikulazioa izango da garestiagoa. Irakasgai berean, hirugarren edo laugarren aldiz -urtez- matrikulatzea, alegia. Hirugarren matrikulazioaren kasuan, %2´25 garestiagoa izango da. Laugarren matrikulazioa aldiz, %44´27. Ondo irakurri duzu, datorren ikasturtean laugarren matrikulazioa %44´27 igoko da EHUn[1].

Pasa den apirilaren hasieran izan genuen igoera hauen berri. Izan ere, EHUko erabaki marko nagusia den Gobernu Kontseilua bildu zen apirilaren 11an, eta EHUko Ikasle Kontseiluak[2] adierazi duenez, orduan onartu ziren igoera hauek. Igoera portzentaje hauen sakontasun eta esanahi zehatza ulertzeko ordea, ezer baino lehen komenigarria da unibertsitatearen funtzionamenduaren ezaugarri batzuk aipatzea.

Euskal Herriko Unibertsitatean, graduek kredituen bitartez funtzionatzen dute. Hau da, Ikasketak amaitu eta graduatua izateko, 240 kreditu pilatu behar dira. Ikasturte bakoitzeko 60. Zehazki, irakasgai bakoitza gainditzean, 6 kreditu lortzen ditu ikasleak. Eskema hau da ohikoena, nahiz eta graduaren edo ikasle bakoitzaren ikasketa prozesuaren arabera, irakasgai bakoitzeko edo ikasturteko kreditu kopurua aldatu egin daitekeen.

Kredituen baitako funtzionamendu honek zentzu gehiago hartzen du, prezioez eta ordainketaz hitz egiten hasten garenean. Kreditua delako graduari prezioa ematen dion elementua. Hau da, kreditu bakoitzagatik ordaintzen da graduko matrikulazioa. Irakasgai bakoitzean matrikulatzeko, 6 kredituz osatutako pakete bat erosi behar da. Beraz, irakasgai bakoitzeko edukia jaso eta ebaluatua izateko, 6 kredituko pakete bat erosi behar da, kreditu bakoitzaren prezioarekin. Ebaluazioa gainditzean lortzen dira 6 kreditu hauek.

Azalpen teknikoetan galdu aurretik, hel diezaiogun dagokigun gaiari. Goian aipatu dudan moduan, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak eta EHUko Gobernu kontseiluak, kredituen prezioa igotzea adostu dute. Zehazki, hirugarren eta laugarren matrikulazioetako kredituen prezioa. Aipagarria da, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk, komunikabide burgesen bitartez, informazioa ezkutatu eta distortsionatzeko egin duten ahalegina. Izan ere medio hauetan, hirugarren matrikularen %2´25eko igoerak hartu du nagusitasuna, laugarrenaren igoera zeharka aipatzen zuten bitartean. Orain arte hirugarren eta laugarren matrikulazioan kredituen prezioa berdina izan da. Baina hemendik aurrera, hirugarrena bi puntu igotzeaz gain, laugarrena ikaragarri igoko da. Horregatik, azken honen igoera basatia ezkutatzeko, bi puntuko igoeran jarri dute arreta.

Ziur aski, portzentajetan baino, eurotan adierazita hobeto ulertuko duzue. Ingeniaritzako gradu baten kasuan esaterako, hirugarren eta laugarren matrikulazioko kreditu batek, 41´59€ balio ditu. Igoera honekin, hirugarren matrikulako kreditu batek 42´5€ balioko ditu. Laugarren matrikularen kasuan aldiz, 60€. 18€ baino gehiagoko igoera, irakasgai bateko kreditu bakarrean. Bere aldetik, irakasgai osoari dagokionean, orain arte 255€ balio zituen laugarren matrikulazioak orain 360€ balioko ditu. Hau da, 105€-ko igoera, ingeniaritzako irakasgai baten prezioan.

Norbaitek pentsa lezake, alperren arazoa dela hirugarren edo laugarren matrikulazioaren buruhaustea. Arazoaren muina bertan kokatzen duena, ordea, oker dago. Ingeniaritzaren adibidearekin jarraituz, bertan ohikoa den fenomenoa da hirugarren eta laugarren mailan dauden ikasleak lehenengo ikasturteko irakasgai batean matrikulatuta egotea eta honek ez dauka zerikusirik alperra izatearekin. Kontrara, hau fenomeno orokortua da ikasleen artean eta bere azalpena alferkerian baino, ebaluazio sisteman eta beronek ezartzen duen exijentzia maila altuan aurkitzen da. Hala eta guztiz ere, alferkeriaren eztabaida tasen igoera eztabaida esparru honetara emateak, eztabaida desitxuratzen du, eztabaidaren ardatza modu guztiz interesatuan mugitzen duelako. Izan ere, tasen igoerak azaleratzen duen eta urgentziaz exijitzen duen eztabaida, hezkuntza eta unibertsitate ereduari buruzkoa da. Hor besterik ezin dugu aurkitu arazoaren erroa.

Tasen igoerak adierazten duen auzia beraz, hezkuntza eta unibertsitate sistemarena da. Aurreko artikuluan azaldu nuen bezala, unibertsitatearen eta hezkuntza sistemaren kontrola, burgesiaren eskuetan dago. Kontrol honek, ebaluazioak, edukiak, instituzio konkretuak etab., bere interes eta beharretara egokitzeko gaitasuna eskaintzen dio. Hortaz, honen jakitun izanda funtsezkoa da azken mugimendu hau ere errealitate honen baitan kokatzea. Izan ere, garrantzitsua da auzia ikuspuntu honetatik aztertzea, tasak igotzea ez delako Cristina Uriarteren edo Nekane Balluerkaren kapritxo pertsonal bat. Burgesia europarrak hezkuntzarako duen plan estrategikoari erantzuten dion igoera da.

Ikasle Abertzaleak-ek, langileon nazioarteko egunean, ondo azaldu zigun burgesia europarrak hezkuntza eremuko proletarioentzat gordea duen etorkizun latzaren nolakotasuna; bai behintzat, etorkizun hau proletalgoaren antolakuntza eta ildo politiko sozialistaren garapenak ekiditen ez badu. “Geroz eta luzeagoa eta garestiagoa da langileriarentzat, saltzera kondenatuta dagoen lan indarren ekoizpena” zioten. Arrazoiarekin gainera.

Ikus dezakegun moduan, ondo laburbilduta ageri zaigu aipu honetan tasen igoeraren funtsa: langileriaren bizitzaren esparru guztien garestitze prozesu orokorra. Garestitze prozesu orokor horren manifestazio zehatz gisa, tasen igoerak burgesiak krisialdi ekonomikoak sortu duen testuingurura berregokitzeko daukan premiari erantzuten dio. Krisialdian ere, muturreko joera hartzen duen esplotazioaren bidez langileriari ahalik eta gainbalio gehien xurgatzea da burgesiaren ezinbesteko baldintza. Modu honetan gauzatzen baita kapital metaketa eta fenomeno hau delako sistema kapitalistaren berregokitzapenaren eta bere biziraupenaren bermea,. Kapital metaketa honetarako, Europar burgesia ahal dituen baliabide eta mekanismo gehien erabiltzen ari da beraz. Tartean, hezkuntza aparatu eta instituzioak orokorrean, eta Euskal burgesiaren kasuan, EHU.

Horregatik, tasen igoerarekin ireki den bideari jarraiki, ikasketak egitea geroz eta garestiagoa izango dela pentsatzea, ez da erokeria bat. Baina era berean, auzi hau hezkuntzaren esparrura soilik mugatzea ere okerra litzateke, tasen kostu ekonomikoaren igoera soila izateaz haratago Euskal Herriko proletarioen bizi baldintzen okerrerako joeraren iragarpena baita. Zergatik diodan hau? Bada, ikasketak ordaintzeko helburuarekin, langile familia asko, soldata handiagoa lortzen ahalegindu beharko direla esan nahi baitu edota beste zenbait familiak, seme-alaben ikasketetara soldataren zati handiago bat bideratu beharko dutela ere bai. Askoz gauza gehiago ere esan nahi ditu jakina, baina funtsean, langileriaren bizi kalitatearen beherakada iragartzen du.

Ikasketen kostuaren garestitze programatua ez da txantxetako kontua. Langileongan eragiten duen eta etorkizunean eragingo duen sufrimendua larria da eta, sozialiston partetik, tamainako erantzun politikoa merezi du.

Ikasketa prozesua, lan indarraren ekoizpen eta formakuntza prozesua da. Gerora burgesiari lan indarra saldu ahal izateko prestatzen gaituen heziketa prozesua, alegia. Zergatik ordaindu behar dugun langileok, esplotatuak eta dominatuak izateko formakuntza prozesua? Bizi ahal izateko. Hots, ikasle proletariook, ezinbestekoa zaigun soldata eskuratzeko ikasketa prozesu bat burutzera derrigortuta gaude -geroz eta luzeagoa dena-, eta gainera, ikasketa prozesu hau ordaindu egin behar dugu. Geroz eta gehiago. Derrigortuta bagaude, gutxienez dohainik izan dadila!

Horregatik dira doako ikasketak, hezkuntzarako programa politiko sozialistaren puntu garrantzitsu bat. Bizi baldintza hauetan guztiz logikoa, beharrezkoa eta urgentea den aldarrikapen eta proposamen politikoa. Jakina, gaur-gaurkoz, ildo proletarioak hezkuntza esparruan daukan indar errealak ezin du aldarrikapenaren gauzapena berehalakoan ahalbidetu. Honek ordea, ez du aldarrikapenaren zilegitasuna eta beharra zalantzan jartzen.

Soilik bloke politiko proletarioaren antolakuntza eraginkorrak ahalbidetuko du, denborarekin, langileria neurri hau inposatzeko indar posizioan egotea. Ez nolanahiko antolakuntzak ordea: zehazki, klase batasunaren eta klase independentziaren baitan artikulatutako langile antolakuntza da antolakuntza eredu eraginkorra. Ildo honetan, txalogarria bezain pozgarria da, Unibertsitateko Indar Batasunaren (UIB) sorrera. Tasen igoera honek ireki eta iragarri duen etorkizunaren aurrean, babesgabearen babesgune bilakatzen ari den kolektiboa da UIB, eta lan eraginkorraren bitartez, langileria subjektu politiko bihurtzeko egiten ari den bidea, eredugarria izaten ari da. Izan dadila oldarraldi burgesaren galga eta langile indarraren batasuna.



[1]Marta Fernández Vallejo. (2019). El Consejo de estudiantes de la UPV critica la subida de tasas de asignaturas suspendidas. 2019/04/08, El Correo: https://www.elcorreo.com/sociedad/educacion/consejo-estudiantes-critica-20190408201534-nt.html

[2]https://twitter.com/EIBconsejo/status/1115253251719479296