ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

La versión en français

Hau ez da inondik inora gure buruari loreak botatzeko artikulu bat. Bizi dudana kontzientziara ekartze saiakera bat baizik. Inguratzen gaituen kultura kapitalistaren aurrean, zer-nolako kultura eraikitzen ari garen konturatzeko ariketa da.

Uste dut gure kulturaren oinarrian dagoena etika dela. Mundu hobe bat nahi dugu, mundu hau etikoki  injustua iruditzen zaigulako, munduaren gehiengoa gutxiengoak esplotatuta eta zapaldurik bizitzeak sumintzen gaituelako, munduan minuturo hainbeste pertsona gosez eta gerran hiltzeak asaldatzen gaituelako, eraso matxista bakoitzak gure onetik ateratzen gaituelako... Etikak eta enpatiak jartzen gaitu munduaren alde honetan, zapalduen larruan, borrokalarien aldean, mundua aldatzen biziko direnekin orpoz orpo. Gizarte hobe batean sinesten dugu, eta hori eraikitzera goaz. Benetan inporta zaigu hurkoaren zoriona, hurkoaren mina, hurkoaren bizitza. Kapitalismo honek indiferentziara bultzatu nahi gaitu, bakoitza bere bizitzaz arduratzera... Baina pertsona enpatikoak gara gu, eta besteen mina gure min bihurtzen da, besteen ongizatearen ardura sentitzen dugu.

Mundu honen arduradun sentitzen gara, biktima baino gehiago. Eta denontzat hobea izanen den mundu bat eraikitzeko ardura hartu nahi dugu. Ardura itzela da hori. Kultura kapitalistak bultzatzen duen indibidualismo eta erosotasunaren aurka doana. Askoz erosoagoa zatekeen gure guraso eta ingurune naturalari segika militatzea. Oso gogorra izan da, baina sistema kapitalista iraultzeko ardurak eskatzen duen lan zorrotz eta konpromiso sendoak ezker abertzale ofizialarekin hautsi behar izatera eraman gaitu. Esfortzua eta konpromisoa jarriko nituzke eraikitzen ari garen kulturaren oinarrien artean. Baina baita zorroztasuna ere. Analisi zorrotzak egitea eskatzen diogu geure buruari. Ahal bezain zehatz eta zintzo hitz egitearen hautua egin dugu. Ez goaz jendea erakartzeko hitz eta ekintzen bila, pixkana ulertuko direlako ustea eta luzerako bisioa dauzkagu oinarri. Uste dugu zintzo eta zehatz hitz egiteak baino ezin duela ekarri ikaspenetan eta kritiketan urrunago kolektiboki joateko aukera.

Arrazoia daukazula uste duzunean zaila da umila izatea, baina horixe egiten ikastea dagokigu. Ari gatzaizkio gure buruari kritikak egiten, egin akatsetatik ikasten. Kritikoa eta autokritikoa izatea da mugimendu batek bereziki barnera begira erakutsi behar duen gaitasuna. Mugimendu hori eta, ene ustez, etengabeko aldakuntza eta egokitzapenean egotea da gaitasun horren lekuko. Hasieratik hona, egiteko moduak bezala, tesiak ere zalantzan jarri eta aldatzen doaz. Ez dugu egia absoluturik, amaitutako teoriarik. Argi dugu teoria praktikaren bidean joaten dela garatzen, eta praktikak eramanen gaituela gauza berriak pentsatzera: «Oinak dauzkagun lekuan pentsatzen dugu». Pentsamendua kolektibizatu eta kolektiboki pentsatzeko espazioak sortzen ikusten ditut, etengabe. Konpromisoa hartzeko prest dagoen orori irekitzen zaizkio militantzia-espazioak, eta bertan dauka nahi duenak kolektiboki pentsatzen ari garenean parte hartzeko parada. Bertan dagokigu militante bakoitzari, diziplinaz, dauzkagun kritikak egitea eta dagokien lekura helduko direnaren ardura hartzea.

Diziplina barneratu dut nik zuekin batera militatuz. Berandu iristea, ez azaltzea, ardurak ez betetzea... ohikoak ziren ene aurreko militantzia espazioetan, neronen baitan ere bai. Baina ikusi ditut ingurukoak seriotasun erabatekoz jokatzen, euren buruei diziplina maila izugarria eskatzen. Ikusi dut nola diziplina ez den militantzia esparru formaletara soilik mugatzen: militantea bere bizitzako alor guztietan dela militante. Harreman guztiak, egiten dugun eta ez dugun guztia, etika eta konpromiso militantez bizitzen hasi gara, eraiki nahi dugunaren uneoroko kontzientziaz zipriztintzen.

Gure bizitzako alor orok izan behar luke gure militante kideentzat kritikagai. Ene inguruan entzun ditut, espazio informal batean izandako jarrera txarra edota bikotekide ohiarekiko zaintza falta dela eta, kideari oso modu eraikitzailean egindako kritikak. Horren garrantziaren kontzientzia hartzearekin batera miretsi dut hori egiteak eskatzen duen adorea. Nik ere harreman ez-sano edo jarrera desegoki bat edukiko banu, kritika diezadatela nahiko nuke orain. Elkar hobetzen laguntzea da hori, pertsona eta harreman hobeak eraikitzen ari garen bitartean.

Elkarri ematearen kultura eraikitzen ari gara, interes indibidualistetan oinarritutako elkar trukearen kulturarekiko talkan. Diruarekiko beste harreman bat bizi izan dut gure militantzia espazioetan. Proiektu kolektiboetan hainbeste diru jartzen ikusi dut jendea, edota kideei dirua ematen. Jada gure bizitzek beste helburu dute; eskuratzen dugun diruak ere bai.

Zaintza dugu oinarri. Konturatu naiz elkar zaintza ez dela bestearen sentimenduak entzutea bakarrik, gure momentuko plazer edo erosotasun indibidualistak utzi eta bestearekiko ardura hartzea baizik. Argi daukat, beharko dudanean, beti egonen dela kideren bat ni laguntzeko, ene ardurak hartzeko, bizkarrean kolpetxoak eman baino, eskutik heldu eta aurrera tirako nauena. Ezin dugu jada arazo pertsonal sentimentalekin depresio putzura erori, zentzu eta indar bizia hartu baitute gure bizitzek.

Zaintza eta elkartasunaren kultura eraikitzen ari gara. Elkartasuna ez da txikitatik elkarretaratzeetako pankartetan irakurtzen dudan hitz soila, benetan dastatu ditugu, borrokak indartu edota pertsonak babesteko, indar denak elkartzeak dakartzan fruituak. Gure antolakuntzaren kulturaren baitan doa elkartasuna. Eta ari gara gero eta leku eta esparru gehiagotan antolatzen. Lan banaketa eraginkorra beharrezko zaigu. Ego eta inbidiarik gabe bizitzen ikasten gabiltza, diskrezioz eta apaltasunez. Denen onerako, bakoitzak ekarpen gehien egiten dugun lekua hautatu beharra sentitu dugu. Anitzetan ez da maiteena edo errazena izanen, baina ingurukoak hautu zail eta sakrifizio pertsonalak egiten ikusten dituzunean, nola ez duzu bada, zuk ere hautu hori eginen?

Konfiantza iraultzailea sendi dugu. Bide luzea da honako hau, esperimentatu beharrean gaude eta akatsak egin, birpentsatu eta egokitu. Iraultza prozesua luzea izanen da, gure belaunaldiak ez du ziurrenik komunismo amaiturik biziko, baina borroka eta kultura komunistaren haziak ereiteko aroa egokitu zaigu. Eta pazientziaz, pazientzia iraultzailez.

Gutasun bat eraikitzen ari gara, bestelako komunitate bat. Hasi berriak gara oraindik, baina uste dut bagoazela kultura kapitalistagandik ezberdina den kultura baten oinarriak jartzen, eta joanen garela oinarriak ugaltzen, zabaltzen eta sakontzen.

Kultura batek bultzatzen zaitu hain errazak ez diren gauzak egitera. Gure amonarengan pentsatzen dut, eta ez da batere bizi erraza aukeratu duena. Etengabe ari da familia guztia etxera gonbidatzen, gutako bakoitza uneoro zaintzen, otorduak egiten, denentzat tuperrak prestatzen, umeak zaintzen, garbiketaz arduratzen, denen arropak josten... etengabeko lan nekaezina. Zergatik eta nolatan egiten du hori? Kulturalki transmititu zaiolako, eta horretara ohitu delako. Hain errazak ez diren hautuak egitera bultzatzen gaitu kulturak, eta hain justu horixe behar dugu guk, hain errazak ez diren hautuak egitera bultzatzen gaituen kultura. Egotik, alferkeriatik eta indibidualismotik atera eta kolektiboaren zaintzara bideraturiko kultura behar dugu, gure baitako alde txarrak landu eta onak elikatuko dizkigun kultura.

«Jabetzaren ulerkera ezberdin bat» artikuluan deskribatzen nuen garai bateko gizarte ereduan transmisioa ez zen arrazionalki argudiatuz egiten: «Gure komunitatearen izaera horrelakoa da, konpromisoa behar dugu, lana kolektiboa izan behar da, hurrengo belaunaldientzako sostengarria delako funtzionatzen dugu horrela…». Oinarri kultural horiek ez zituzten erreproduzitzen kontzienteki zuzenenak zirelako, amonak erranen lukeen gisan: «horrela zen eta puntu». Gizarte eredu hartan, lanaren eta arduraren kultura berez transmitituak zitzaizkien. Horrela bizi izan zuten, eta horrela transmititua, horrela berrelikatzen zuten haiek ere.

Kulturaz jardun dut artikulu honetan, baina eraikitzen ari garena benetan kultura izendatu ahal izanen dugu, era naturalean transmititu eta bizi ohitura bihurtzen den bizi forma eta bizi ikuskera bihurtzen denean. Gizatalde baten zentzu komuna bihurtuko denean, komunitate batek inkontzienteki erreproduzituko duenean. Bitartean kontzientziaz, esfortzuaz, konpromiso sendoz eta diziplina zorrotzez praktikara eramanen ditugun elementu kulturalak izanen dira.

Bagabiltza, eta ederra da hau bizitzea. Egunez egun, pixkana-pixkana, geure burua eta ingurukoak aldatzen ari garela sentitzea. Bagabiltza. Errainupean ereiten.