2019/05/10
Ez naiz kapitalaren mass mediak distopikoki pentsatzea gustatzen zaionetakoa: joko-zelaiko elementu bakoitzaren pisu espezifikoa zein den behar da aztertu, eragin espezifikoa puztu edo esajeratu gabe. Masen manipulaziorako egitura kultural erraldoi bat direnik ez dut auzitan jarriko, baina, ez, nire ustez, errealitate biluzia, enpiria hutsa berauen leiarrak distortsionatzen duelako, distortsioan sakontzen dutelako baino. Esango nuke, formazio sozial kapitalistetan funtsezko giltzarrapo ideologikoaren kokapena ez dagoela gizarte zibila deiturikoaren erraminta informatibo-kultural espezifikoetan, hauek inskribatzen diren marko formalean edo kode generalean baizik.
Kolitzak kapitalaren plesbizituen inguruan idatziriko testuan ezin hobeto suma liteke kode general esaten diodan hau zer demonio ote den. Testu hau irakurri baduzue, ohartuko zineten bozka baten zeinua izan daitekeela ustez antifaxista porrokatua edo burokrazia frankistaren oinorde zuzen, baina, zeinuak zeinu, botere erregimenaren sintaxi kultural eta politiko orokorraren berrespena dela bozka bakoitzak egiten duen funtsezko ekintza isilpekoa. (“Sintaxia” zergatik erabiltzen dudan justifikatu behar dudala uste dut. Hizkuntzalaritzako alor bati esaten zaio “sintaxi”, esaldien egiturazko arauak aztertzen dituenari, hain zuzen. Halaber, arau horien bildumari ere izen bera ematen zaio. Analogia bat egiteko –nahiz eta aski arriskutsuak diren analogiak–, norbaitek, guztiz eduki faxista duen testu bat idatzi duela demagun, eta nik, asaldatuta, erantzun antifaxista bat eman diodala, baina, hala ere, hizkuntzaren mailan, faxistak erabili dituen arau sintaktiko berberak erabili ditut. Botere erregimenaren sintaxi kultural eta politiko orokorraz mintzo naizenean, azaleko talketan zalantzan jartzen ez diren egiturazko arauez ari naiz. Honekin ez dut analogiako faxistaren eta antifaxistaren arteko talka azalekoa denik esan nahi –horregatik zen arriskutsua analogia). Hemeretzigarren mendeko burkide hark esango lukeen bezala: ez dakite, akaso, baina, egin, egiten dute.
Era berean, Gedar Langile Kazetaren garrantzia kultural antagonikoa, oinarrizko zentzu honetan ulertzen dut nik. Alde batetik, langileok, gure auto-antolakuntzaren printzipioan oinarrituta, guk geuk ematen ditugu berriak (kazeta burgesetan ere berriemaileak langileak direla esan dezake batek, oker dago, baina: horietan burgesia da langileen bitartez berriak ematen dituena), eta horrek egiten du kazeta langileona. Baina, bestetik, eta hau iruditzen zait garrantzizkoena, berriak eman baino lehen, kode orokor propio bat, kategorizazio propio bat ezartzen diogu errealitateari berriak inskribatuak izan daitezen (ikus, “aktualitatea” ataleko kategorizazioa), eta horrek, “langileon kazeta” “langile kazeta” bilakatzen du. “Zergatik langile kazeta?” izenburupeko editorialak berak ezin hobeto azaltzen duen bezala: “Gedar Langile Kazeta errealitatea azalean agertzen den bezala eta gertakarien bat-batekotasunak inposatutako erritmo eta ordenan kontatzera baino, errealitatea bera antolatzera dator.”
Beraz, kazeta hau, lehendabizi, lan militantearen produktu da, militanteek eginiko lanarena; eta, bigarrenik, lan militantearentzako bitarteko produktibo, langile sintaxia produzitzea ahalbidetzen baitu berri ematearen oinarri bezala, eta, horrez gain, berri emate hori dela medio, borroka komunitatearen batasun kulturalerako bide ematen baitu, isolamendu lokalak ezinezko bihurtuko lukeen sentsibilitate orokor bat ekoitziz.
Gedar bitarteko produktibo bezala pentsatzeak, baina, beste gogoeta batera narama. Produktibitatea edo emankortasuna, oro har, klase-gatazkaren abstrakzioa eginda, sistema produktibo batek erabilitako baliabideen eta lortutako produktu kantitatearen arteko erlazioari esaten zaio. Urtearen arabera, kalabazin landare bat beldurgarri emankorra gerta liteke: erein hazia, ur pixka bat lantzean behin, klima ere onbera izan nonbait, eta hara, eman eta eman eta ematen segi baino ez, nazka-nazka eginda landare errukarria madarikatzen bukatu arte! Egun batez norberak kalabazin purea gosaldu behar izatea gauza bat da; auzo osoa hilabetez kalabazin aurpegia edukitzera kondenatzea, berriz, beste bat.
Ekoizpen kapitalistaren ikuspuntutik, ordea, produktibitatea zer den zehazteko irizpide bakarra dago: plusbalioaren sorrera, eta kito. Plusbalio honen jatorria, halaber, lan biziaren xurgaketa kapitalistan dago oinarritua, hau da, lanindar merkantziaren eta kapitalaren zati aldagarriaren edo soldataren arteko trukean. Lanindar merkantziak, erabilera ematen zaionean, nolabait esatearren akzionatzen denean, merkantzia bezala daukan balio kantitatea baino plus bat gehiago txertatzen baitio produktuari: lanindarrak ekoizpen prozesuan daukan balorizazio gaitasunaren (merkantzia berezi honen erabilera balioa) eta lanindar honen eramaile den langilearen mantenuaren (merkantzia berezi honen truke balioa) artean dagoen aldea -bide batez esanda, gainontzeko merkantzietan (inerteak, objektuak) ez dagoena- da, ikuspegi kapitalistatik, produkzioaren jatorria eta zerizana. Ikuspegi honetatik, soldatapeko lanaren forma hartzen duenean edo ezartzen zaionean bakarrik eta esklusiboki izan daiteke edozein giza jarduera produktibo. Kapitalarentzat, plusbalioa ekoizten ez duen lana inproduktiboa da, beraz.
Marxek, kapitalaren lehenengo liburuko seigarren kapitulu argitaratu gabean badu atal bat lan produktiboaz eta inproduktiboaz eta bertan badago adibide eder bat emakume abeslari baten ingurukoa. Esaten du, txoritxo batek nola, bere izate naturalaren manifestazio bezala abesten duen abeslaria langile inproduktiboa dela; abeslari bera, bere abeste ekintza kontsumitzaile zuzen bati salduko balio, merkatari edo komertziante bilakatuko litzatekeela (bere lanak, hala ere, inproduktibo izaten jarraituko luke); baina, abeslari hau enpresari batek kontratatuko balu eta dirua irabazteko abestera derrigortuko, langile produktibo izaera hartuko lukeela, zuzenean produzituko bailuke kapitala. Beraz, soldatapean egiten den lanaren emankortasuna ez da, zentzu honetan, bere eduki konkretu edo ezaugarri partikularraren arabera epaitzen (berdin du kantu bat edo pizza bat produzitzen duen, lana eskuekin edo ahots kordekin egiten duen), bere lanak kapitalarekin harremanean beztitzen duen forma sozial historikoaren arabera baizik.
Goiko adibideko emakume langilea, ordea, inproduktiboa bada lehendabiziko eta bigarrengo kasuetan, kapitalistari haren izate naturalaren manifestazioa, bere horretan, bost axola zaiolako da, eta, ez, emakume horren ikuspegitik subjektu bezala eskenatoki berri bat konkistatu izana ariketa emankorra izan ez delako. Iruditzen zait, proletalgoaren desafio kultural funtsezkoetako bat emankortasunaren irizpide antagoniko propio bat jardunerako jarraibide eta erregela bilakatzea dela; hau da, kapitalaren balorizazioa, eta ondorioz, burgesiaren botere metaketa, produktibitatearen irizpide kapitalista diren bezala, alderantziz proportzionalki, botere proletarioaren metaketa irizpide izango duen emankortasunaren kontzeptu bat behar dugula. Orain.