ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Fredric Jamesonek postmodernismoa kapitalismo berantiarraren logika kultural gisa bataiatu zuen. Zioen, halaber, postmodernismoa ez dela gertakari soilik kultural bat, AEBen dominazio militar eta ekonomikorako estrategien gainegiturazko efektu orokor bat baizik. Ezagutzaren teorian postmodernismoaren itzulpen behinena objektibitatearen, egiaren eta antzeko balio epistemikoen ukapenean datza. Normalki, kultura sozialistaz zerbait berriaren eraikuntza balitz bezala mintzatu ohi gara, baina logika kultural honi kontrajarri beharreko erresistentziaz jardungo dut gaur, episteme baten berreskurapenaz.

«Jainkoak ez du dadoetan jokatzen!» aldarrikatu omen zuen Albert Einsteinek behin baino gehiagotan, aztoratuta, mekanika kuantikoa teoria osatugabea zelako, kausalitatearen printzipioa urratzen zuenez. Ez naiz esaldi honen egiazkotasunari buruzko auzian sartuko nire konpetentziak soberan gainditzen dituen eztabaida delako, baina badago esaldi horretan lerro arteko printzipio bat XX. mendera arte, behintzat, zientziaren posibilitate-baldintza funtsatu duena: zientziaren sortzezko optimismo ontologikoa. Optimismo ontologikoa errealitatearen izaerari dagokion optimismoa da. Hots, errealitatea hor dago eta gure esku-hartzeaz independenteki da arrazionala, alegia, ez da kontingente edo ausazkoa, beharrezkoa eta kausazkoa baizik.

Dena den, postulatu ontologiko hau beharrezkoa da, baina ez da nahikoa zientzia funtsatu ahal izateko. Izan ere, har dezakegu printzipio gisa jainkoak ez duela dadoetan jokatzen edo unibertsoan gertatzen dena ez dela zori edo mentura hutsa, baina, gakoa jainkoa zertan jokatzen ari den jakitean da (zein den zehazki errealitatearen arrazionalitatea). Eta, horretarako, errealitatea arrazionala dela postulatzeaz gain, gizakiak haren egitura logikoak atzeman ditzakeela ere postulatu beharra dago, errealitatearen arrazionaltasuna eta gizakiaren arrazoimena bateragarriak direla, efektu bakoitzarentzat bere kausak zein diren determinatu daitekeela, alegia. Hauxe da zientzia funtsatzeko bigarren printzipio beharrezkoa, optimismo epistemologikoa edo ezagutzari dagokion optimismoa: «Ezagutu daiteke jainkoa zertara jokatzen ari den».

Behin hona iritsita norbaitek galde lezake, «aizu, zertarako zientziaren filosofiako sarrera handinahi hau kulturako ataleko ikuspuntu batean?»; bada, hain zuzen ere, errealitate kulturala zeharkatzen duen arrazionaltasun bat badagoela postulatzen dugulako, eta horrekin nahikoa ez, eta arrazionaltasun hori, izateaz gain, ezagugarria ere badela defendatzen dugulako.

Sistema ez organikoen jokabidea ausazkoa ez dela esatea, adibidez, kausazkoa dela esatearen baliokide izan daiteke. Esaterako, tornado baten jokabidea aurresatea, bere mugimendua eragiten duten kausak ezagutu eta horien araberako jokabide programa birtual bat marraztea da. Hain da garrantzitsua kausen ezagutza! Eta ez da garrantzitsua interes epistemiko hutsagatik; zalantza egingo nuke ezagutzeko interes hutsa existitzen ote den ere. Garrantzitsua da, batez ere, mugimendu determinatu baten kausak ezagutzen dituenak, jokabide programa aurresateaz gain, baldintzatu eta manipulatu ere egin dezakeelako jokabide programa hori edo haren arabera bere jokabide propioa ere moldatu dezakeelako. Urakan baten jokabidea aurresan daiteke eta horren araberako ebakuazio plan bat zehaztu, eta gure gorputza bezalako sistema organiko baten jokabidea baldintzatu daiteke farmako bat txertatuz. Hain da boteretsua kausen ezagutza! Ezberdintasunak ezberdintasun, bloke kultural eta politikoen jokabideari ere antzeko eskema bat aplikatu ahal izan beharko litzaiekela uste dut. Esaten ari naizenaz ohartzeko, Kazeta honetako azken editoriala edo Beñat Aldalurren azken testua irakurtzea besterik ez da behar, non U30eko greba moduko fenomeno baten kausa politiko-ekonomiko efektiboak aztertzen baitira eta, hori gutxi balitz, etorkizun hurbilenerako aurreikuspenak egiten baitira. Badago dogmatiko deitzen gaituenik, baina guk badakigu esperientziaren tribunala dela gure analisiak balioztatu ala faltsutuko dituen bakarra.

Paul Beitiak, berriz, bere azken testuan zioen kultura kontzeptuaren elementu funtsezkoenetako bat ulermen-marko konpartitu bat izatea zela, hots, kultura bat partekatzea mundua ulertzeko eta epaitzeko era bat partekatzea dela. Esan gabe doa ulermen-marko hau ez dela kritikoa eta kontzientea, irreflexibo eta espontaneoa baizik. Dena den, zentzu komun espontaneo hau (Gramscik folklore filosofiko izendatu zuena) aldatzeko borondateak ezin du de facto zentzu komun espontaneo berri bat ezarri, hain zuzen ere zentzu komuna konbatitzea ariketa kritiko eta kontzientea delako. Honekin esan nahi dudana zera da, zentzu komunaren aurka erabili behar dugun tresna, berreskuratzen saiatzen ari garena, episteme bat dela, jakintza eta ulermen-marko kritiko bat, belaunaldi pare bat barru akaso zentzu komun berri bat produzitu dezakeena. Episteme hori marxismoa da, teoriaren eta antolakuntza politikoaren pentsamendu integratu moduan, proletalgo iraultzailearen zerbitzura jarria. Gramscik zioen nota marjinal batean kultura berri bat sortzea ez dela soilik indibidualki aurkikuntza «originalak» egitea, ezpada, batez ere, jada aurkitutako egiak kritikoki zabaltzea, sozializatzea, eta gure jardun bitalaren oinarri bihurtzea. Egiak ez dira sinetsi behar, kritikoki barneratu baino. Egiarekiko, ordea, (postmodernoen aurka) konpromisoa eduki beharra dago, zientziaren fundamentu moduan.

Badago Ziakhus raperoaren esaldi nire ustez bikain bat arestian esandakoak sintetizatzen dituena: «Kantek esaten zuen “sapere aude" eta nire kantek “haserre gaude!”». Kantek erabiltzen zuen latinezko esaldiak «ausar zaitez ezagutzera», «ausar zaitez jakitera», «ausar zaitez arrazoimena erabiltzera» edo antzerako zerbait esan nahi du gutxi gorabehera, hau da, ezagutzeko hautua proposatzen du ausardia ariketa moduan. Bigarren zatiak zer esan nahi duen, ez Kantek diona baizik eta kantek diotena, argitu beharrik ez dago. Dena den, Ziakhusek lerro horretan erabiltzen duen juntagailua (eta) emendiozkoa da, juntagaiak gehitzen dituena. Ez du esaten Kantek esaten zuela bata baina (juntagaien arteko aurkaritza erlazioa adierazten duen juntagailua) kantek bestea. Oso haserre gaude eta horrek ezagutzera bultzatu gaitu. Badakigu haserre egote hutsak ez gaituela ezagutzarako posizio pribilegiatuan ezartzen; eztabaidagarria da gure klase posizioak eta klase gorrotoak subjektu epistemikoki pribilegiatu egiten gaituenik (nahiz eta aski tesi hedatua izan den), baina ezagutzak gure haserrearen kausei aurre egitea ahalbidetuko digu. Ez gara dadoetan jokatzen ari, joko-zelai oso konkretu batean egin dugu apustu.