2019/05/27
Gutariko bakoitzak izaera eta harreman iraultzaileak garatu beharraz
niharduen aitzineko artikuluan, gure baitan hain erroturik daukagun kultura
burgesa erauzi beharraz. Baina nola demontre egiten da hau? Uste dut, garatzen
ari garen elkar zaintzan eta elkartasunean oinarrituriko militantziak jartzen
digula honetarako lurzoru egokia.
Alabaina, uste dut, hastapen batean bederen, oso modu kontzientean egin beharko dugula bide hau, egunerokoan haren lanketa praktikora eramanen gaituzten mekanismo desberdinen bidez. Aurreko testuan zintzilik utzi nituen hari mutur batzuei tiraka, lerro hauetan, kurduengandik ikasiriko mekanismo batzuk azaltzen saiatuko naiz, gure militantziarako ere interesgarriak izan daitezkeelakoan.
PKKko koadroetan ikus daitekeen izaera iraultzailea ezin da ulertu, militante hauek egiten duten izaera pertsonalaren deseraikitze eta eraikitze iraultzaileaz jabetu gabe. Alderdiko militante bihurtzeko prozesuan, naturan, gizartetik kanpo eta hilabeteetako elkarbizitza komunalaren baitan, Dejurambe bat egiten dute. Dinamika hau norbere izaeraren arakatze sakon batean datza (nolakoa naizen ni, nolako izaera garatu dudan, zer jarrera hartzen ditudan, zein egoeratan, nondik datozkidan ene ustez…). Norbere historia kontatzen du bakoitzak, gaur egun nolakoa den azaltzeko helburuarekin. Kideen aitzinean azaltzen dute, eta ondotik, kideek, azalpena egin duenari, analisia osatzen laguntzen diote (“Nik jarrera hau eta hau ikusi izan dizkizut, bereziki honelako egoeretan… Agian beldur bat dago horren atzean…”). Orduak eta orduak irauten ditu bakoitzarenak, eta taldeko kide guztiena egiteak hainbat egun.
Hau oinarri sakon bat izan ohi da, bakoitzak beregan zein alderdi landu eta zer jarrera aldatu behar dituen azaleratzeko. Haatik, kontziente garen unetik ere, biziki zaila izaten da aldatzea, eta bide horretan, ingurukoen laguntza altxor bat da. Honi ekiteko, kurduek erabiltzen duten mekanismo kolektiboa Tek Mila da. Izan gerra latzenaren erdian, egun neketsuenaren ostean, baldintzarik txarrenetan ere, egunero egiten duten dinamika da hau, berebiziko garrantzia duena haien iraultza prozesuan. Kurdistanetik itzuli ginenetik, gure espazioetan, militantzia taldeetan zein etxekideen artean hasi gara egiten, gu ere.
Tek Mila geure buruari autokritikak eta kideei kritikak egiteko unea da. Errondan, banan-banan zutitu eta, era labur eta zuzenean egiten dira kritikak, ongi geratzeko justifikaziorik gabe. Guregan identifikatu ditugun jarrera txarrak, egoa, mekanismo indibidualistak, pentsamendu burgesak... kritikatzen ditugu ahoz goran. Taldearen aitzinean autokritika bat egiten dugun momentutik, hori landu eta ez errepikatzeko konpromisoa hartzen dugu. Horrez gain, autokritika kideekin elkarbanatzen dugun unean, jakitun dira aldatu nahi dugun jarreraz, eta aldatzen lagunduko digute, esaterako, errepikatzen dugunean zorrotz kritikatuz.
Kideei kritikak egin eta jasotzea da, hasiera batean, gehien kostatzen dena, ez baikaude horretara ohituak. Alta, kritika beste modu batean ulertzera eramaten gaitu Tek Milak. Kritika maitasunetik egiten diogu elkarri, gure kidea hobetzea nahi dugulako eta hobetu daitekeela sinesten dugulako. Kideari kritika egiten diogun unean, horretan aldatzen laguntzeko ardura hartzen dugu. Kide batek egin digun kritikarekin ados ez bagaude ere, ez diogu erantzungo, gogoetatu eta eskertuko dugu. Umiltasuna garatzeko aukera paregabea da autojustifikatzeko eta kritikei erantzuteko lekurik ez izatea.
Konpromiso eta diziplina militantetik egiten da kritika, erosotasun pertsonala, alde batera utzi, eta iraultza kolektibora bidean, militante hobeak bihur gaitezen. Umiltasun eta konfiantza eskatzen du noski, bai norberegan, bai taldeagan. Baina aldi berean, dinamika hau egunerokotasunean egiteak berak bultzatuko gaitu umiltasun eta konfiantza hori garatzera. Zaintzaren ulerkera iraultzaile batera garamatza honek: zaintzak ez datza elkar kontsolatu eta elkarri gauza onak esatean soilik, elkar hobetzen laguntzean baizik. Elkar kritikatzea da elkar zaintzeko daukagun modurik onena.
Dinamizatzaile bat egon ohi da Tek Miletan. Bere rola, jendeari banan-banan hitza eman eta bukaeran, ateratako kritiken interpretazio sakona egitea da. Jarrera konkretu baten atzean egon daitezkeen, sakonago errotutako izateko moduaz jabetzen lagun gaitzake, aurreko Tek Miletan ateratakoarekiko jarraipena egiten du eta aldiro, ateratako kritiken laburpena egitea da bere rola, denoi iltzatuta gera dakigun, zer hobetzeari ekin behar diogun. Pixkanaka trebatzen joanen gara dinamizatzaile rolean, gero eta ekarpen hobeak egin diezazkiogun taldeari.
Gure okerreko jarrera eta izateko moduak ezin ditugu pertsonalizatu, gizarte eta historia baten ondorio direla ulertu behar dugu. Aldatzeko ardura ordea pertsonala da; gizarte eta historia hori hobetzera konprometitzen garen momentutik, geure buruagan nahi ez ditugun ezaugarriak aldatzea eta nahi ditugunak garatzea baitagokigu.
Bestalde, Tek Mila talde moduan autokritikak egiteko unea ere bada. Ardurak ez betetzearekin loturiko kritikak pertsonalak dira, baina talde moduan gaizki egin ditugunak kolektiboak. Okerreko erabakiak, aurrera eramaten asmatu ez ditugun asmoak, antolakuntzaren hutsuneak… azaleratzea ahalbidetzen du Tek Milak. Horrez gain, atera diren kritikei soluzioak bilatzeko bidea zabaltzen digu.
Antolakunde baten kasuan are funtsezkoagoa bihurtzen da mekanismo hau, edozein talde lokali, beste talderen baten edo goragoko mailakoen jarduna kritikatzeko aukera ematen baitio. Militante bakoitzaren kritikek badaukate beren espazioa, entzunak dira, eta dagokien lekura transmitituak. Umiltasun eta konfiantzaz jasotzen dira beste taldeek eginiko kritikak, funtsezko bi gauza ulerturik: hobetzeko zorrotz kritikatu beharra dagoela, eta kritika ez dela eraso bat, opari bat baizik.
Uste dut, bide iraultzaileari ekin nahi badiogu, beharrezkoa izanen dugula kritika eta autokritikaren kultura garatzea, militante hobeak izan eta gure antolakuntza eta jardun kolektiboan etengabe hobe gaitezen.
Azkenik, gogoetatxo bat elkarbanatu nahi nuke zuekin. Iruditzen zait, definituago beharko genituzkeela ortzi-mugak. Definitu behar dugu zer den izaera iraultzailea izatea. Zein dira garatu nahi ditugun balore eta izateko moduak? Ezin dugu bestea kritikatu gure irudipenetatik, guri onak edo txarrak iruditzen zaizkigun jarreretatik. Kolektiboki definitu beharra dago, nolakoak izan nahi dugun, horrekiko eginen baitizkiogu kritikak elkarri. Garai luze batez, hemen, erlijioak definitu izan du zer den pertsona ona zein txarra izatea, zein diren jarrera egoki eta desegokiak, zeinek zaramatzan infernura eta zeinek paradisura. Gaur egun, modu konplexu eta difusoagoan, baina, kultura burgesa ari zaigu horiek definitzen.
Uste dut badela garaia, modu kontziente eta esplizitatuan defini ditzagun eraiki nahi ditugun balore eta izateko modu iraultzaileak.