ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

"Marxismo ortodoxoaren -errebisionismoaren eta utopismoaren gaindipena- funtzioa ez da tendentzia faltsuen behin betiko suntsipena, pentsamendu forma burgesek proletargoaren pentsamenduan duten eragin desitxuratzailearen aurkako etengabeko borroka egitea baizik.”-  George Lukács, 1919

Aitzineko aurkezpenean metafora bidez mintzatu nintzen Gedarreko ikuspuntuaren atal honetan genero problematikaren gaiari heltzeko gorpuztuko dudan perspektiba teorikoaz. Hortik abiatuta, datozen sarreretan, gaur egun emakume proletariook programa sozialistarekiko dugun hil ala biziko beharra agerian uzten ahaleginduko naiz. Izan ere, langile klasearen goi estratuen (langile aristokrazia) eta burgesia txikiaren artean osatzen den bloke politikoak (klase ertaina) feminismoarekiko gidaritza politikoa izaten jarraitzen duen bitartean, emakume langilea da erabateko babesgabetasunera kondenatuta dagoena. Honen aurrean, badira azken aldian emakume proletarioak bere klase etsaiarekiko izan beharreko independentzia politikoaren ezinbestekotasunaren auzia lehen lerrora ekarri duten ahotsak. Independentzia politikoa, antolaketa independentzia ere bai baita, eta horiei indarra ematea izango da nire xedea.

Edonola ere, politikaren joko-zelaian bizirik diraute oraindik ere ordenamendu burgesari eusten dioten indarrek. Kontserbadoretzat har genitzakeen indarrak dira inondik ere, hari gero eta meharragotik zintzilik dagoen gizartea babesten saiatzen diren neurrian. Mendeetako langile borroken adierazpena den marxismoaren historiari, ordea, ezaguna zaion fenomenoa dugu honakoa. Marxismoa, proletalgoaren askapenerako baldintzen doktrina bezala, hau da, arrazionalizatua den iraultza prozesuaren espresio bezala, klase borrokaren produktua da. Bestela esanda, teoriaren pean egikaritzen da klase-estratuen arteko etengabeko guda: potentziazko marxismo proletarioa ala marxismo desitxuratua.

“Marxismoa eta errebisionismoa” izeneko testuan, Leninek maisutasunez salatu zuen nola ideia marxisten hedapen eta egonkortzeak ekarri zuen burgesiak eta bere klase kolaboratzaileek bultzatuta langile zientziaren kontrako erasoak areagotzea. Eduard Bernstein izan zen langileriaren traidorerik handienetakoa, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD) organo teorikoan (Neue Zeit) argitaratutako artikulu sorta baten bidez saiatu baitzen, marxismoaren printzipioak deuseztatzen. Historiaren ikuspegi materialistari uko eginez, iraultzaren beharrezkotasuna baztertu zuen, bai eta sistema kapitalista erreformatuz sozialismora hel daitekeela baieztatu ere. Rosa Luxemburg izan zen SPD-ko militanteen artean marxismoaren urraketa hauen aurrean irmoen erantzun zuena, 1898 eta 1899 urteetan izkiriatutako bi artikulutan, 1900. urtean “Erreforma ala iraultza” izeneko liburuan jasoko zirenak. Hurrengo urteetan indarrean jarraitu zuen aipatu liskarrak SPDren barruan, baita II. Internazionala bera baldintzatu ere.

Bestalde, Rudolf Hilferding, II. Internazionaleko teoriko garrantzitsua, marxismoaren desbideraketen beste errudun bat dugu, 1909. urteko “Kapital Finantzarioa” liburuaren hitzaurrean marxismoa zientzia positibista hutsera murriztu baitzuen, hau da, ekonomia politiko klasikoaren fenomeno ekonomikoen analisi hutsera mugatzen den metodoa. Gauzak horrela, teoria marxistari berariazkoa zaion esentzia iraultzailea ezabatua izan zen, posizionamendu iraultzaileei soilik kasualitateak lotua. Aipatutako autoreez gain, badaude posizionamendu errebisionisten alde lerratutako beste hainbat autore (Kautsky, Plejanov, Parvus...), dudarik gabe, justizia proletarioak komunismoari traizio egiteagatik zigortuko dituenak.

Kontuak kontu, marxismoak 1890ko hamarkadatik aurrera bere baitan zeuden aurkako posizionamenduei aurre egin behar izan zien. Marxismoaren desbideraketa hauek guztiak, gaur egungoak bezalaxe, klase ertainaren politikaren adierazpenak baino ez dira, proletalgoaren lerroetan esku hartuz, hauei iraultza sozialistaren aukerak ostea helburu dutenak.

Sarrera xume honen bitartez, azaletik bada ere, gaur arte iraun duen marxismoaren baitako guda politikoa kokatzea izan dut helburu. Izan ere, azken aldian bizi dugun grin sozialistaren susperraldi honek, posizio feministen hainbat sektore, marxismoaren ukapen diskurtsibo batetik “marxista” izendapenaren bereganatze saiakera batera ez ote dituen eraman sentsazioa daukat.

Biraketa errebisionistaren ohiko jokamoldea dugu honakoa: bere burua Marxen oinordekotzat hartuz, honen irakaspenetan marxismoa bera erasotzeko oinarriak bilatzen dituen jokabideaz ari gara, era berean, kolpe hauek doktrina marxistaren garapen gisa aurkezten dituena. Zentzu honetan, Euskal Herriko feministok badugu zer hausnartu, gurera teoria marxistaren zantzuak batez ere paradigma errebisionisten bidez heldu baitira azken boladan. Alegia, metodo marxistaren ordez honakoari esleitzen zaizkion postulatuetatik jaso dugu erabat interesatua den errebisioa; interesatua den neurrian, beraz, faltsua dena. Azpijoko honen adibide dira Silvia Federicirengandik datozkigun azalpenak, ustez marxistak direnak baina zuzen-zuzenean metodo marxistaren baliagarritasuna zalantzan jartzen dutenak; baita EEBBetako akademietako bulegoetatik ateratako feminista marxistak ere,  %99aren feminismoaren programa dugularik haien aldarrien sintesi argiena.

Marxismoarekiko urraketa ezberdinez ari naizen arren, badira komunean dituzten hainbat adierazpen teoriko eta politiko. Lehenik eta behin, marxismoa gizartearen adierazpenak modu isolatuan aztertzen dituen analisirako metodo hutsa izatera mugatzea. Marxismoa, beraz, iraultza sozialistaren teorizazioa izatetik kritika sasi-zientifiko soila izatera igarotzen da. Hortik abiatuta, bada, marxismoa zientzia burgesetik bereizten duen ezaugarri erabakiorrena, gertakari ekonomikoei lehentasuna ematea litzateke marxismoaren esentzia den iraultzaren beharrarekin hausten duten horien ustez. Modu horretan, ekonomiaren irudi objektibizatuan jausten dira, gizartearen esparru isolatu bezala kontzebitua, gizakiarengandik at dauden lege batzuek gobernatuko balute bezala.

Hari horretatik tiraka ulertu behar dugu Nancy Fraserren baieztapen hau CTXT-n apirilaren 3an egindako elkarrizketa batean: “langile klasearen definizio erabat ezberdina behar dugu. Ez dira soilik fabriketan dauden gizon helduak, are gehiago, geroz eta gutxiago dira langile klasearen parte direnak”. Postulatu honek bere baitan daraman premisa ezkutua litzateke marxismoarentzat langile klasearen parte soilik direla lanean daudenak, eta ez, ordea, bere burua erreproduzitzeko beharrezkoak dituzten bitartekoetatik desjabetuak. Antzeko trikimailua egin zuen Silvia Federicik 2013. urteko “Abiatzear dagoen iraultza[1]izeneko liburuan, “denborak aurrera egin ahala, baieztatu da marxismoak, leninismoa eta sozialdemokraziaren bidez, soilik munduko biztanleriaren sektore mugatu baten interesak babestu dituela; hain zuzen ere, ekoizpen kapitalistaren sektore nagusietan luzaro lan egiteak boterea eman dien gizon zuri heldu langileenak” (161. orria). Aipu hauek marxismoa kosifikatutako ekonomiaren azterketa metodo huts bezala hartzetik abiatzen diren neurrian, haren kritika interesatuan jausten dira. Hau da, marxismoak bere egiten ez dituen tesiak egotzi eta gero, ondorioztatzen da postulatu hauek kritika feministaren beharra dutela.

Haatik, Lukacsek zioen bezala, ez da gertakari ekonomikoei lehentasuna ematea marxismoaren bereizgarri nagusia, osotasunaren ikuspuntua baizik. Are gehiago, osotasunaren ikuspuntuak ez du soilik iker-objektua baldintzatzen, osotasunak subjektu-ezagutzailea bera ere baldintzatzen baitu. Zientzia burgesak, baita metodo marxistaren desbideraketa burges txikiak ere, norbanakoaren edo subjektu partzialen ikuspuntutik aztertzen ditu gertakari sozialak. Honek, ezinbestean, menderakuntzaren espresio isolatuetara baino ez darama azterketa: elkar-loturarik gabeko gertakarietara.  Euren burua marxistatzat duten horiek, osotasunaren ezagutzaren ezinbesteko baldintza hautsi eta gero, norabide  horretan jaurti dituzte marxismoa androzentrikoa delako  akusazioa, emakumeen subjektura egokitu behar diren teoria eta praxi politikoa aldarrikatuz. Ustezko marxismoaren kritikatik abiatuta, beraz,  langile mugimenduari edota grebari emandako izaera androzentrikoa apurtu eta emakumeen araberako planteamendu politiko berrien beharraz mintzo dira.

Subjektu partzialaren ikuspuntuak osotasunaren printzipioa ordezkatzeak dominazioaren adierazpenak aldebakartasunez hartzeaz gain, ordena burgesa indarrean mantentzen duten proposamen politikoak baino ez dakartza.  Zehazki, indar antagonikoak barnebiltzen dituzten subjektu partzialak diren neurrian (bateraezinak diren klase baldintza duten emakumeak), bi muturren arteko korrelazio harremanaren posizioaren araberakoak izango dira lorpen politikoak: kasu gehienetan, ordena burgesari eusten dioten mugimendu erreakzionarioak, eta gutxienetan, azaleko erreformak eskuratzen dituztenak. Kontrara, metodo marxistaren izaera iraultzaileari, bere bizi baldintza objektiboengatik osotasuna ulertzea, deuseztatzea eta etorkizuna eraikitzea beste aukerarik ez duen subjektuak baino ezin dio heldu: Marxen idatzietatik gaur egun arte, langile klaseak baino ez du subjektu hori ordezkatzen.

Aipatutako desitxuraketa, marxismoaren ulerkera positibistari oso loturik ematen da, honakoa azterketa metodo huts gisa hartua denez gero, ez omen duelako azterketa-subjektu jakinik inplikatzen. Alegia, edonork erabili dezakeen metodo zientifikoa bilakatzen da, eta horregatik, koiunturak hala eskatzen badu, klase ertainak bere egin dezakeen izendapen hutsa izatera igarotzen da. 

Oso bestelakoa da, baina, metodo marxistak galdegiten duena: izan ere, historiaren ulerkera edo ikuspuntu materialista errealitatearen ezaguera bezala, soilik proletalgoaren borrokaren ikuspegitik bilakatzen da posible. Proletalgoaren baitan urtzen eta areagotzen baitira, modurik krudelenean, gizartearen bizi-baldintzak. Gizakiak proletalgoaren izatean, aurrez esklaboenean bezalaxe, bere burua galdu du, eta beraz, saihestezinak dituen eta bere erraietan daramatzan tamainako bidegabekerien aurrean, halabeharrez duen altxatzeko beharrak gidatzen du bere ekitea. Proletalgoak, horrela, ezin du bere burua askatu berariazkoak zaizkion bizi-baldintzak abolitu gabe, eta era berean, ezin ditu bere bizi-baldintzak gainditu, jasanezina den ordena burgesa bere osotasunean suntsitu gabe.

Horrenbestez, halabeharrez iraultzailea da historiaren ulerkera edo ikuspuntu materialista: proletalgoaren ekintza praktiko kritikotik bereizezina delako. Marxek zioen bezala: “langileriak munduaren ordena tradizionalaren disoluzioa iragartzen duenean, bere existentziaren sekretua baino ez du adierazten, berak osatzen duelako mundu horren ordenaren disoluzio efektiboa”. Hau adierazten duen teoriaren esentzian legoke beraz, iraultzarekiko lotura: iraultza, kapitalismoaren abolizio eta komunismoaren sorkuntza prozesuaren adierazpen pentsatua litzatekeelako.

Hau guztia dela eta, azken aldian marxismoaren izendapena bereganatzen ari diren adierazpen politikoak, langile mugimenduari elementu burges txikiak txertatzea bermatzeko egindako ahalegin kontzientea baino ez dira. Joera hau, oportunismo klasikoa bezalaxe, langile mugimenduaren formetatik abiatzen da, antagonikoak zaizkion arren. Iraultza sozialistaren beharrezkotasunean sinisten dugunontzat, ordea, marxismoa ez da gure burua izendatzeko erabiltzen dugun kontzeptua, ez eta metodo zientifiko hutsa ere. Desjabetu guztiontzat, marxismoa iraultzaren posibilitate historikoa pentsatzea ahalbidetzen digun iraultzarako tresneria da. Gauzak horrela, genero problematikaren azterketa eta gaindipen errealarekiko beharra dugun emakume proletarioon feminismoa soilik klase perspektibatik zorroztutakoa izango da, ala ez da izango.

[1]Gaztelerako izenburua “Revolución en punto cero” da.