ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa


“Neurri batean, esan liteke Estatua dela errealitate menderatzaileak pertsona bakoitzaren gorputz eta buruan bere gramatika idazteko duen modua, klase sozial bakoitzaren gorputz kolektiboan; eta aldi berean, pertsona eta gorputz kolektibo bakoitzak bere buruari begiratzeko eta gorputz gisa jarduteko duen modua izateko ekoizpen sinboliko, diskurtsibo eta moralen prozesuak irudikatzen ditu” (...) “beste era batera esanda, zentzu komunaren monopolizazio prozesua da, ordena sinbolikoarena, edo Durkheimen hitzetan, pertsonak munduan izateko duten moduaren printzipio moralena” (García Linera 2015, 14-15)
“Estatalizazioaren kontrako norantzan, klase politika soilik Estatu aparatuen gainezkatze eta haustura gisa existitzen da. Partearen politikak autodeterminazioa galdegiten du, baieztatze eta sortze prozesua, Estatuaren bitartekaritzarik eta menpekotasunik gabea” (Rodríguez López 2018, 208).

Aurreko sarreretan programa feminista hegemonikoa burgesiaren behar ideologiko eta politikoen mesedetara dagoela iradoki dut, gehienetan bere babes blokearen, hots, klase ertainaren bidez gauzatua dena. Euskal Herriko testuinguru politikoan, susmoa daukat bere burua “euskal feminismo” gisa izendatzen duen hori, “estatugintza feminista” izenez ezaguna den teorizazioen bidez, eginkizun horretara batu dela. Artikulu honen xedea da batetik, haien oinarri teoriko nagusitzat ditudan horien azalpen laburra egitea, eta bestetik, nire ustez “Estatuaren auzia”-ren ikuspegi proletarioa izan beharko zena aurrekoari kontrajartzea. Gaiaren inguruan corpus teoriko osaturik topatu ez dudan arren, auziaren erroetara jota, Estatuaren auziaren inguruko hainbat oinarri antzematea lortu dut.

Lehena bere definizioari dagokiona da; Estatua prozesu gisa hartzen duenaz ari naiz, etengabeko talkan dauden bi aldeen indar korrelazioak ezaugarritua. Hari horretatik eratortzen da botere kuota handiena duen aldearen arabera, Estatuaren izaera horrelakoa edo halakoa dela: egungo panorama politikoan hegemonia neoliberalaren alde lerratua, edo gure kasuan, eskuin hispano-frantziarraren alde. Horrela, ikus daiteke ez dagoela Estatuari atxikitako klase izaera espezifikorik; kontrara, talkan dauden frakzioen zerbitzura egon daitekeen tresna neutroa izango litzateke eta.

Horri niretzat anakronikoa den hipotesi bat gehitu behar zaio, unibertsitateko bulegoak betetzen dituzten horiek mahai-gaineratua dena: Estatua egun botere politiko gehien metatzen duen instituzio multzoa izatea. Zentzu horretan, gaitasun efektibo handiena duen aparatu gisa definitua izango litzateke, hau da, errealitate sozial eta politikoa sortu eta artikulatzeko potentzia espezifikoa duena; hitz gutxitan, errealitatea erreproduzitzeko gaitasuna. Álvaro García Linera Boliviako lehendakariordeak eskainitako definizioarekiko antzekoa suerta daitekeen arren, ez da nahikoa Estatuaren substantziaren konplexutasun osoa, edo nahi bada, bere gaur egungo errealitatea zehazteko. Izan ere, osotasun sozial globalaren artikulazio gisara, gainbalioaren dinamikaren baitan gertatzen diren eraldaketek moldaketak dakartzate botere burgesa sortzen den instantzietan nahiz berau kudeatzen dutenetan. Nire iritziz anakronikoa da, beraz, gaur egunean jakina delako, jarraian zehaztuko dugun moduan, ofentsiba neoliberalak Modernitatearen zutarri funtsezkoetako ugari paretik kendu dituela, besteak beste, Estatuaren funtzio propio batzuk. Gauzak honela, Emmanuel Rodríguez López, berriki argitaratutako “La política contra el Estado. Sobre la política de la parte” (2018) liburuan, intelektual feministek iradokitakoaren kontrako norabidean agertzen da. Nire asmoa ez da eztabaida mamitsu horri heltzea, baizik eta akademiako postuak bere egiten dituzten horien zorroztasun zientifiko falta agerian uztea. Hauen aurkako norantzan, Emmanuel Rodríguezek (2018, 217) baieztatzen du kapital blokeen mugimenduak Estatuaren lehenengo funtzioak birkonfiguratzen ari direla, gaur egun berau “kaotikoa den erregulazio sistema baten baitako pieza politiko bat gehiago dela, non EB edo MEE bezalako erakunde supranazionalak diren nazioarteko kapital finantzarioak delegaturiko subiranotasunaren benetako hartzaile”. Bide beretik jarraitzen du: “Estatu formak bere maiestas zaharra galdu du”. Pasa den mendeko errealitate sozialean oraindik ere potentzia osoz ageri zen nazio-Estatu subiranoaren ideia klasikoa, hain zuzen ere, auzitan jarri nahi ditudan horien ikusmiran ere antzeman daitekeena de facto anakronikoa da beraz.

Zehaztu beharrean nago, ordea, aipatu hipotesiaren anakronismoaren zergatia ez dugula Nazio-Estatua hilzorian dagoen ustean topatu behar, instantzia hau botere burgesaren oinarrizko gunea dela defendatzen duen ikuspegiaren zalantzagarritasunean baizik. Susmoa dut horren gisako hipotesi bat mahai-gaineratzearen beharra bere babesleen programa politikoaren justifikaziotik ez ote datorren: hau da, Estatua mantentzeko borondatetik, kasurik onenean, Estatuaren itxurazko onberetasunaren argudioen atzean ezkutatzen badute ere. Kolitzak Herri Unibertsitatean nabarmendu zuen bezala, ordea, klase ertainaren xede nagusia Estatu jakin baten konfigurazioaren baitan duen statusa gordetzea den heinean, definizioz nazionalista den blokea da. Hemen klase ertainaren klase interesak ezin argiago agertzen zaizkigu, bi norabidetan ezaugarrituak: batetik, estatu quo-aren defentsa irmoa, agortutako Ongizate Estatuaren baldintzarik gabeko babesean bere aurpegirik errakzionarioena erakutsiz; eta bestetik, behin eta berriz iraultza sozialistaren aukera oztopatzea.

Edozein kasutan, Estatugintza Feministaren lelo agortua mantentzearekin tematzen dira, errebisionismoaren adierazpen mozorrotua besterik ez dena. Are gehiago, ez dute lotsarik haien paradigma politikoaren helburua haien burua feminista gisa izendatzen dutenen partetik estatua hartzea dela adierazteko. Bideorriak, zehazki, “estatua hartu” eta “feminista bihutzea” planteatzen du. Espero dut ni ez izatea “estatu feminista” deritzon hori zertan datzan irudikatzen zailtasunak dituen bakarra, baina esango nuke defendatzen duten horiek direla benetan zer den ez dakitenak. Izan ere, kasurik onenean, gutxienez tautologikoa den definizio bat darabilte: “estatugintza ikuspegi feministatik egitea, politika publikoak ikuspegi feministatik egitea da, hots, zer izango den enplegua, lana ordaindua izango den edo ez, zer txertatuko den eta zer ez merkatuaren logikaren baitan, etab.”. Estatuaz duten ikuspegi fetitxizatuak, berau harreman sozial konplexu eta dinamiko eta, ondorioz, dominatzaile eta menperatuen arteko harreman esentzialak markatutako eduki baten produktu funtzional gisa ulertzera baino, kolore bateko edo besteko edukiz bete daitekeen gauzak geldi bat bezala ulertzera daramatza, errealitate soziala ezagutu eta, beraz, eraldatzeko duten erreminta analitiko egokien gabezia uzten du agerian.

Hori gutxi balitz, sinesgaitza egin zitzaidan aipaturiko helburua, Errepublika Feminista, egikaritzeko bide orria, Gobernuarekin bitartekaritza zuzenean arituko zen Emakumeen Kabinete paralelo bat eratzean oinarritu behar omen delako. Dirudienez, egun ez dugu (edo ez dute aitortu nahi) ziur guztioi sortzen zaizkigun zalantzak argitzen laguntzeko adina adibide praktiko. Ahaleginak eginda ere, ez dut egitura instituzional kapitalistaren baitan erabat txertatutako emakumeen organo politiko paraleloak eratzearen eta azken urteetan sortzen ari diren erakundeen artean alderik topatzen. Azken hauei dagokienez, 2018an Davosen ospatutako Munduko Foro Ekonomikoaz ari naiz, non “emakumea erdigunean”[1] zioten titularrek lehen lerroa hartu zuten, edo Nazio Batuen Erakundeak 2010ean sorturiko entitateaz, “genero berdintasuna” edo “emakumeen ahalduntzea”[2] helburu dituena.

Norantza berdintsuan, UPV/EHUk 2009ko maiatzean Berdintasunerako Batzordearen sorrera onartu zuen, helburu hau egotziz: UPV/EHUko Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I Planaren garapen prozesua koordinatzea, berdintasunaren arloan Unibertsitate honek izango duen jarduna norabidetuko duten ildoak jaso behar dituelarik”[3]. Egun III Berdintasun Plana dago indarrean, ez duena Euskal Unibertsitatea generoaren auziarekin itxuraz konprometitzea bakarrik bilatzen, baizik eta modu inplizituan, berau Europako markoaren agenda inperialistan txertatzea. Honela dio testuak: “Emakumeen eta gizonen berdintasunerako III. plan honek Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan, 2015eko azaroan Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian onartu zen horretan du ikusmira”; (...) “Europar Batasunean, bestalde, UPV/EHUko Berdintasunerako III. Planak Europar Batzordearen 2016-2019 aldirako Programa Estrategikoa eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako bere konpromisoa du erreferentetzat.” Bere helburu zehatzen artean daude, nola ez, irakaskuntzaren alorrean genero ikuspegiaren eta teoria feministaren txertatzea, Gradu eta Master Amaierako Lanetan genero ikuspegia sustatzea edo genero perspektiba duen ikerkuntza kultura bultzatzea[4].

Neure buruari galdetzen diot zergatik, tematzen ote diren Estatu Feministaren babesle horiek euren proposamen politikoak zilegiztatzen duen errealitatea ukatzen, hau da, saldutakoa, gero eta partzialagoa eta edukirik gabekoa den feminismo baten agerpena, emakume proletarioen arazo errealetatik urrundua dagoena; finean, feminismo erreakzionario eta burges baten agerpena eta indartzea besterik ez dena. Euskal feminismoa hegemoniko bilakatzearen aitzakia pean aurkitzen den milaka emakume azpiraturen errealitate gordina paradoxikoa suertatzen da: ez dugu UPVtik aldendu behar horretaz jabetzeko, izan ere, haiek dira (gara) euren bulego zitaletako apalak betetzen dituzten maltzurtutako liburu edo doktoretza tesiei hautsa kentzen diotenak; ardura politikorik gabeko hitzak gainezkatzen dituen hipokresia jasaten dugunak, ahizpatasuna edo estatu feminista bezalako kontzeptu hutsalak asmatzean eta aldarrikatzean inolako interesik ez dugunak eta, kontrara, soldatapeko lanaren edozein adierazpenetara lotzen gaituen uztarria hausteko beharra dugunak. Gu lotzen gaituzten kateak hauek dira, gizon nahiz emakume burgesek, bai eta itxura aurrerakoi eta diskurtso erradikalagoaz mozorrotzen den klase ertainak zilegiztatu eta babesten dituztenak.

Artikulu honekin amaitu aurretik, aurkeztutako Estatu Feminista burges-txikiaren kontzeptuari, ene aburuz auziaren ulerkera egokia izan beharko litzatekeena kontrajarri nahiko nioke. Horretarako, Nicos Poulantzas izeneko marxista greziarraren teorizazioak berreskuratuko ditut, ez bakarrik Estatua ikuspegi iraultzailetik, hots, klase borrokaren ikuspegitik pentsatzeak dakarren ahalegin politikoak errespetua merezi duelako, baizik eta, uste dudalako bere ekarpenen inguruan egindako ondorengo interpretazioak hanka-motz geratu direla. Zehazki, Estatuaren teoria erlazionala berreskuratzeko saiakeraz ari naiz, Estatugintza Feministaren teorizazioaren oinarri analitikotik oso urrunekoa ez dena.

Gauzak horrela, Estatuaren teoria erlazionala Poulantzasi dagokio eta “Estado, poder y socialismo” (1978) deitutako liburuan azaldu zuen. Hauxe daukagu bertan proposatzen duen definiziorik bukatuena: “Estatu kapitalista klaseen eta klase frakzioen arteko indar harremanaren sintesi materiala da, Estatuaren baitan, modu espezifikoan, adierazten den bezala” (Poulantzas 1978, 154; 159). Urruti geratzen dira Poulantzasi atxikitutako interpretazio partzialak, Estatua klaseen eta klase frakzioen arteko indar-harremanen irudikapen hutsera mugatzen dutenak. Tamainako interpretazio-akatsen ondorio beharrezkoa dugu Estatuaren kontzepzio erreformista zaharra, zeinarentzat Estatua “klase borrokaren eremu neutroa” den, bere eguneraketa den bertsio feministak proposatzen duen bezalaxe.

Autore greziarra, ostera, ez da inondik inora horrelako huskerietan jausten; kontrako norabidean, nabarmendu baitzuen “Estatu-aparatua ez dela ez gauza bat, ez eta berez neutrua den egitura bat ere, eta klase-botereak ez du bertan Estatu-botere gisa bakarrik eskua hartzen. Estatuaren boterea ezaugarritzen duten harremanek bere aparatuaren egitura blaitzen dute, Estatua indar harremanen sintesia izanik. Estatuaren esentzia hori, hots, Estatua harreman gisa, klase kontraesanek zeharkatzen dutena da, hain zuzen ere, aipatu aparatuei eta berauek osatzen dituzten agenteei berezko papera eta pisu berariazkoa egozten diena” (Poulantzas 1975, 104). Gauzak horrela, Estatu aparatuen materialtasunaren kontzeptuak berebiziko garrantzia hartzen du Poulantzasentzat, bera bilakatzen baita definitutako objektua “klase borrokaren eremu neutroa” izaten bukatzea ekiditen duen berme.

Nolanahi ere, erakargarriagoa deritzot bere aurretiazko liburuan -”Poder político y clases sociales en el estado capitalista” (1968)- esposatutako irakurketari, Estatua autonomizatutako mailen kohesiorako faktore modura ezaugarritzen duena. Hau horrela da, izan ere, Poulantzasentzat, ekoizpen modu kapitalistaren berezitasuna politikoa denaren eta ekonomikoa denaren autonomia espezifikoan datza eta; ondo ulertzeko, zuzeneko ekoizlearen eta ekoizpen bitartekoen artean ematen den banaketatik. Beste era batera esanda, aldi berean esparru ekonomikoan kapitalaren metaketa eta lan prozesuaren sozializazioa sortzen duen aipatu bereizketak, ekoizpenaren agenteak maila juridiko-politikoan determinazio ekonomikoez, eta beraz, klase izaeraz gabetutako “gizabanako-subjektu” politiko eta juridiko gisa ezartzen ditu. Prozesu hau guztia, gainera, zuzeneko ekoizlearen eta bere ekoizpen bitartekoen arteko banaketak inposatutako egitura-sozial jakinean ematen da (Poulantzas 1968, 155; 157).

Arestian mahai-gaineratutako politikoaren eta ekonomikoaren autonomia erlatiboa da ahalbidetzen duena, batetik, Estatua lehian dauden eta elkarren artean urruntzen diren interes ekonomikoen “interes orokorraren” ordezkaritzat hartua izatea; eta bestetik, bere instituzio politikoen mailan bere klase izaera sistematikoki ezkutatzea. Horrela, Estatu hau herri-nazio edota hiritar multzoaren borondatearen irudi goren bezala aurkezten da. Hemen ezkutatzen da justuki estatuaren fetitxismoaren sekretua, Estatu-femismoaren paradigmak birproduzitu ez ezik, zilegiztatu ere egiten duena. Esan daiteke, besteak beste, “Estatua herritarrek hezurmamitzen dute” gisako baieztapenetatik XXI. mendeko Europari dagokion herrigintzaren estrategia estatuarekiko konfrontaziora ez, baizik eta bere demokratizaziora zuzentzen dela ondorioztatzean indartzen dela Estatuaren legitimazio ariketa.

Bukatzeko, azaldutako eremu politikoaren eta ekonomikoaren arteko autonomia erlatiboaren tesitik erauz daitekeen, eta ene ustetan eduki estrategiko handikoa den ondorengo ondorio hau azpimarratu nahiko nuke: masen Alderdi Komunistaren eraketaren beharrezkotasuna, hain zuzen ere. Honek, besteak beste, proletalgoaren batasun politiko iraultzailea osatzea izango du funtziotzat, bere faltan borroka ekonomiko “indibidual”, “lokal”, “partzial” eta “isolatutik” aska ezinik agertuko direlarik. Alderdi Komunistaren eraikuntza prozesuak, langileria bere klase etsaiaren kontrako ofentsibara igarotzeko bitartekoez jabe den une bezala ulertuta, bizitzaren zirrikitu guztiak politizatzea bilatzen du ezinbestean: horrenbesteko bizitza indibidual eta azpiratutako frakzio sozialen heziketa ekintza politiko bateratuan, zeinen isolamenduak ez dituen soilik menderatzen dituzten botere sozialen aurrean babesgabe soilik uzten, baizik eta, handitzen doakien miseria birproduzitzen eta sakontzen duen.

Iraultza prozesu sozialistaren zentzua, bada, langile borroka indargabetu eta marko kapitalistaren baitako integrazioaren bitartez berau antolakuntza politiko ezera kondenatzen duen intelektual burges-txikien pretentsiotik ezin urrunago dago. Bestela, Hirsch izeneko gazte alemaniar batek baieztatua irakurri: “Estatua ekoizpen modu kapitalistaren berariazko osagarria bada, orduan sistema bera baliatuta hura suntsitu nahi duen saiakera orok kale egingo du. Honek, hein berean, Estatuaren boterearen konkistaren bitartez gizarte kapitalista irauli nahi duen edozein ahalegin porrotera kondenatuta dagoela inplikatzen du”.

Estatua hartzetik urrun, estrategia proletarioak Alderdi Komunistaren bidez proletalgoa klase gisa eratzera, hots, bere behar errealak asetuko dituen errealitate sozial propioa sortzera zuzendua behar du izan; balioaren formaren beraren baitan gizarte komunistaren hazia ereinez, egungo eta etorkizuneko borroka guztietan potentzia borrokalari eta garailea izateko eta, noski, arerioaren ofentsibari eusteko gaitasuna metatuz. Hau guztia, eta ez beste ezer, izango da euskal langileriak egikaritutako ofentsibaren garapena ahalbidetuko duena, Euskal Herriko desjabetuon kasuan, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren forma zehatza hartuko duena. Euskal Estatu Sozialista, baina, ezin da borrokarako marko autonomoa izan azpiratuontzat, ez eta iraultza prozesuaren azkenengo helburua ere, akaso estatugintza feministaren ordezkariek hautetsi lezaketeen helburu gorena izan daitekeena (hau beti ere euren bideorriaren eduki konkretuaren abstrakzioa eginik). Aitzitik, Euskal Estatu Sozialista politikoki benetan operatiboa den eskala geografiko baten baitan (Europa) artikulatuko diren mediazio ezberdinak ahalbideratzeko eta era berean, mediazio hauen menpeko instantzia izango da zein berauek ahalbideratuko duten instantzia izango da.

Argi gera dadila, bada, emakume proletariook erasoaldi ideologiko burgesaren jomuga izateari utzi behar diogula eta, era berean, ezinbestekoa zaigula euren gezurren objektu izatetik langile borrokaren subjektu iraultzaile izatera igarotzea. Hortaz, unibertsitatea eta atariak garbitzen ditugunontzat, inposatua zaigun gure familien eta etxeen zaintza, bai eta funtzionario dirudunaren etxebizitza atontzearen zama bikoitza ere gure bizkarren gainean jasan behar dugunontzat, indarrean dagoen (eta Iraultza Sozialista gailendu ezean, erreforma ezina den) justizia-sistemaren bidegabekeriak gure zainetan sufritzen ditugunontzat, San Frantziskoko kantoietan barrena senar baboso eta desesperatuen xox ustelduen bila gabiltzenontzat, edota, sinpleki, gure gorputza zein desira eta identitate sexualaz lotsatzen garen horientzat Estatugintza Feminista gu harrapatuta gaituen errealitate soziala iraunarazteko baldintza besterik ez da. Kontrara, soilik proletalgoaren mugimendu erreala, kontzientea eta sortzailea, auto-antolaketaren printzipioan eta elkarren arteko zaintzan oinarritu, gure errealitate gordinetik eratortzen zaizkigun behar guzti-guztiak asebetetzeko borondate eta determinazio osoz jaioko dena, izango da gure burujabetzaren benetako bermea.