ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA


“Señoras y señores

Ésta es nuestra última palabra.

--Nuestra primera y última palabra--

Los poetas bajaron del Olimpo.”

NICANOR PARRA (Manifiesto)

 

Kultur mundutik nator. “Kultura” esaten dioten toki apartatu eta olinpiko horretatik, alegia. Bai, Nicanor, gogo sutsuz entseatu zinen poetak olinpotik jaits zitezen, zu, izan denik poeta prosaikoena. Nolabait ere, kultur mundu, kultur esparru, kultur arlo... esateak denok konpartitzen ez dugun toki bati buruz mintzo garela adierazten baitu: toki bat da eta batzuk badaude eta beste batzuk ez daude edo onartzen dira batzuk eta bestetzuk kanporatzen. Honela, gizartearen topografia irudikatu baten bitartez gure tokia zein den hautematen dugu, edo ematen diogu behintzat tankera moduko bat. Nire tokia kultura da, zurea politika, ekonomia urliarena eta berendiarena besterik gabe kale gorria. Gisa honetako lekutasunak egozten dizkiegu, oharkabean, zehazki zer diren ondo ez dakigun balizko esparru haueri. Ez hainbeste, uste dudanez, toki fisiko bat direla pentsatzen dugulako (adibidez politika toki bat dela altuan esan ezazu eta ohartuko zara disparate bat dela entzuten ari zarena), elkarrengandik bereizita pentsatzen ditugulako edo pentsatu eragiten dizkigutelako baino. “Ni kulturatik nator” esaten dudanean, zelan edo halan, “ni ez nator ekonomiatik” edo “ni ez nator politikatik” esaten ariko banintz bezala da, baiesten ariko banintz bezala: “ekonomia ez dago kulturan”, “politika ez dago ekonomian”, “kultura ez dago kale gorrian”...

Beraz, kultura zer den oraindik esan ez dugun honetan, jakin badakigu, nolabait, era autonomoan pentsatzen dugula, edo independenteki, behintzat. Independentzia kontzeptu negatiboa da, zerbait zer ez den adierazten duena, kasu honetan dependientea. Autonomia, berriz, kontzeptu positiboa da, zerbait efektiboki zer den dioena, bere buruaren lege dena, bere buruaren kausa, bere autoerreprodukzioaren printzipioa bere kautan daramana, kasu.  Era deskriptiboan erabiltzen dugu “kultura”, modu hertsian ulertuta ekoizpen artistikoaren eta bizitza intelektualaren eta akaso espiritualaren berri ematerakoan, hain eduki eskuragarri eta positiboa duela iruditzen zaigu, kulturak, ezen ez baitugu pentsatu ere egiten kontzeptua bera problematikoa izan litekeenik. Baina, bere adieren historiari gainbegira jartzea besterik ez da behar izaten kontraesankorrak diren mezuen edukiontzi izan dela eta badela egun ere ohartzeko, kultura. Kontzeptu bat ez baita ezer bere historia eta bere gaurkotasuna baino. Kontzeptu baten historia ez delako ezer ezpada beharrezko egiten duten arazoen edo auzi problematikoen historia, non, historia horren azken puntu aktuala bere gaurkotasuna den, eta ondorioz, auzi problematiko aktuala.

 Arteak bere burua autonomoki erreproduzitzen eta berritzen duen ideia aski ohikoa izaten da, ekoizpen mota berezi hau harreman sozialetatik erauzia dagoelako ustea. Hala ere, garai historiko bakoitzak muga eta presio jakin batzuk ezartzen dizkio ekoizpen artistikoari, ekoizpen sozialaren antolaketak historiari egiten dion bergauza. Arte ekoizpenerako bitartekoen garapen teknikoaren maila, adibidez, muga bat izan liteke. Esate baterako, zinematografoaren agerpena baino lehen pentsaezina zen masek, potentzialki behintzat, aldi berean eta toki guztietan kontsumi zezaketen artefaktu kulturalik bazitekeenik; fotografiak, halaber, gizartea modaren erritmora barrutik eraldatzea ahalbidetu zuen, besteak beste, Benjaminek ohartarazi gintuen bezalaxe. Produkzio artistikoa beti ematen da testuinguru sozial bizi batean, beraz. Irudi batekin azaltzea zilegi izan bekit: arteak ez du bere buruaren ugalketa asexuatua egiten partenogenesi bidez, eta egingo balu, ez lirateke arte espresio berriak sortuko, epigonoak baino.

Kulturaz hitzegitera nator. Arestian esan bezala, kultura zer ote den, adiera eta erabilera aski ezberdinak aurki litezke. Esaterako, kultura artea dela dioen iritzi hedatuari, gainera artea bere testuinguru sozialetik erauzita bezala aurkezten duen iritzi hedatuari, “positibismo kulturala” esan dakioke. Ikuspegi honetatik, arte ekoizpenaren aukeraketa entziklopediko-antologiko bat litzateke kultura, elkarren artean eta errealitate sozialarekin inongo loturarik ez luketen jazoeren bilduma apainduria handidun bat. Baina, badirudi kultur aldizkari eta abarretan (ikus, “Alaia”, gipuzkoan murgiltzeko kultur aldizkaria, kar, kar.) interes handirik pizten ez duena kultura bizia dela, bizion kultura, bizi garen era bera dena, emanak zaizkigun baldintza materialeri ematen diegun forma espresiboa, harremantzeko daukagun era, gure arteko nexo sozialaren nolakotasuna, pentsatzeko eta ekiteko, kontzienteki ala ez, erabiltzen ditugun jarraibide eta erregelak, ohiturak, folkorea zentzu zabalean... Kulturaren adiera praktiko-sozial hau da nik erabiliko dudana, erabilgarriena zaidana. Zentzu honetan, kasik gehiago interesatzen zait artearen harreraren edo errezepzioaren gaia bere barne-analisia baino. Ez dakit masentzat ekoizten den entretenimenduak, literatura komertzialak eta abarrek zenbaterainoko balio artistikoa izango duten, baina kulturaren historiaren ikuspegitik, (Gramsci-k, kartzelako koadernoetan, “zer da interesantea artean?” galderari erantzun nahi izan zionean azpimarratu zuen moduan), berebiziko garrantzia dute, lehen mailakoa, sasoian sasoi jendetza isilarengan nagusitzen diren sentimendu eta munduaren kontzepzioak aztertzearen ikuspegitik.

Baina, beno, hastapenetik has gaitezen atzera. Kulturaz hitzegitera baldin banator eta testu hau kulturaz hitzegitera natorrela dioen aurkezpena baldin bada, kulturaz hitzegitea zeri esaten diodan aurkeztu beharko dut, eta kito. Orokorrean aipatuta, lau izango dira landuko ditudan gaiak, zentralak iruditzen zaizkidan lau arazotan ardaztuta. Lehendabiziko, eta testu honetan gainetik aipatu bezala, kontzeptuaren beraren historia edo garraiatzen dituen eta garraiatu izan dituen auzi problematikoen historia lantzea dagokidala esango nuke, kontzeptuaren balioaniztasunaren jatorria; ahalaren neurrian, bestela ezin denez. Bigarrenik, menderakuntza kulturalaz, edo, nahi bada, menderakuntzaren aspektu kulturalaz eta proletargoaren bat-bateko kultulturaz, edo, berriz diot nahi bada, bere kultura espontaneoaz nahiko nuke jardun. Esan nahi baita:  hegemoniaz eta kontzientzia forma burgesez, eta horiek proletargoarengan tentsio eta erresistentzia gutxi-gehiagorekin gorpuzten diren eraz. Hirugarrenik, eta bereziki, antolatzearen kulturaz, antolatzearen auziak duen garrantzia kultural zentralaz arituko naiz, eta hau, erreakziobide legez, bitarteko edo tresna legez, printzipio modura ala balio kultural bezala ulertu eta praktikatzearen ezberdintasun eta inplikazioez. Azkenik, heldu nahiko nioke kulturaren antolakuntzari edo kultura berri bat antolatzearen auziari, bai bizi-formen zentzuan eta baita produkzio artistikoarenean ere. Badakit, anbizio handiko edo askonahiko proposamena dirudiela ikuspuntu atal baterako, baina, lanerako hipotesiak besterik ez dira, kolektiboki egokitu eta garatu beharrekoak, kolektiboki eta batez ere eguneroko praktika politikoarekin harreman hertsian.

Kultura egitera gatoz. Ez dut ukatuko langile kazeta honetan ikuspuntua idaztea proposatu zidatenean sentitu nuen pozaren tamainaren handia. Pentsatu nuen langile izaera daukan kazeta batean soilik idatz nezakeela kulturaz lasai eta gustora, iruditzen baitzait bizi dugun munduaren dekadentzia kulturala (nahiz eta kultura dominantearen hegemonia zalantzazkoa izatetik urruti dagoela pentsatzen dudan) desafiatuko duten indarrak langile klasearen antolaketa politiko independentea dutela jatorri. Izan behar dutela halabeharrez. Hau argudiatzera nator. Eta, edozein kasutan, jaits daitezela Olinpo menditik poetak.


“El pequeño burgués no reacciona

Sino cuando se trata del estómago.

¡Qué lo van a asustar con poesías!”

 

NICANOR PARRA (Manifiesto)