ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak liburua erabili dut eskutan azken asteotan eta  irakurketa sukartsua izan da zinez. Ondorioztatu dudanez, ezin aipatu gabe utz litekeen testua da honakoa, egun euskal kulturarekikoez ahotsa goititu gura duen edozeinentzat bederen. Aldeko izan zein kontrako, ekidin ezineko errealitate objektiboak dira mugarriak, eta testu hau mugarri bat da inongo ezbairik gabe. Artikulu honen helburua, biboa uste eta baboa izateko arriskupean, Azurmendiren testua ardazten duten bi ideia nire ustez nagusiak iruzkindu, eta iruzkin horien bitartez, orokorrean kulturari eta konkretuago euskal kulturari buruzko beste bizpahiru ideia zirriborratu eta mahaigaineratzea izango da.

Espainolak eta euskaldunak testua ardazten duen lehenbiziko ideia «barbaro» kontzeptuaren kritika sutsua da. «Barbaro» hitza, bere jatorri grekoan, grezieraz mintzo ez zen atzerritarrari deitzeko erabiltzen zen eta, hitz egin beharrean «murduskatu egiten duena» edo «hizkuntza lardatsa darabilena» esan nahi du gutxi gorabehera. Kontzeptu honen garapen historikoaren gorabeheretan sartzeko denborarik eta espaziorik ez daukat hemen (arin eta ondo usoak hegan), baina bere bilakaeran, estadio kultural azpigaratuetan trabatu diren gizataldeei edo zuzenean kulturarik ez dutenei erreferentzia egiteko erabili izan da, estadio zibilizatura iritsi direnekin kontrajarrita. Ideia honen korrelatu linguistikoa hizkuntza barbaroa edo barbaroen hizkuntza litzateke, zibilizazioaren garapen erlijioso, zientifiko zein artistikoaren espresiobide izateko ezgauza dena. Eta, noski, euskara, mendeetan zehar eta baita egun ere, zibilizaziorako zein aro modernorako hizkuntza ezgaitzat jo izan den partetik, barbaro izatea ez dela ezein hizkuntza zein kulturaren ezaugarri substantzialik erakusten tematzen da Azurmendi, erudizio historiko handiz. Platonek, esaterako, neologismo andana ekoitzi behar izan zuen bere pentsamendua greziera idatzian eman ahal izateko eta Zizeron bera ere kexu zen latinez filosofia nekez egin zitekeelako, bere txirotasun kontzeptuala zela eta. Zeresanik ez, noski, erromantze bastardoez edo hizkuntza germanikoez ari bagara... kultura guztiek daukate beren pudenda origo barbaroa, jatorri lotsagarria (hortik nazionalismo ororen premisa diren mito fundazionalak). Historiatik atera daitekeen irakaspen behinena zera da, barbaroaren gaineko erretorika honek guztiak errealitate substantzial bat izendatu bainoago, espantsio nahiarekin eta boterearekin estuki lotutako funtzio ideologiko nabaria bete izan (eta betetzen) duela, hots, lurralde «barbaroen» gaineko konkista eskubidearen zilegiztatzeko funtzioa. Zibilizatuaren eginbehar naturala barbaroa azpiratzea da, bera zibilizatzeko (ebanjelizatzeko, demokratizatzeko, kasuaren arabera) beti ere. Eskema honen espresio garaikidea gerra humanitarioak edo demokraziaren aldeko gerrak izan daitezke, adibidez.

Barbaro/zibilizatu nozioen orbitan artikulatzen den kulturaren adiera hau, non kultura bat eta bakarra litzatekeen inkulturaren edo kulturarik ezaren aldean, aski kritikatua izan da XX. mendean zehar antropologia kulturalaren eta etnologia konparatiboaren eskutik, eta gaur egun ia aho batez onartzen da ezin garela Kulturaz mintzatu, kulturez baino. Dena den, formazio etniko-kultural ezberdinen estatus ontologikoa parekatzea du xede etnologia mota horrek, baina formazio sozial bakoitzaren baitan ere isla izan dezake kulturaren adiera nahi baldin bada elitista hark, zeinaren arabera formazio prozesu bat eta gero eskuratzen den hori den kultura, eta ondorioz, demagun, analfabeto baten mundu ikuskera eta kondukta irizpideak ez liratekeen kultura.

Liburuko bigarren ardatz-ideia nagusia zera da, Euskal Herriak ez duela izan Ernazimenturik eta, hortakotz, Euskal Herria herririk ez den herri bat izatearen zergati azkena XVI eta XVII mendegarrenetan bila dezakegula. Laburki esanda, bi faktorek eragin bide zuten Ernazimentuaren porrota Euskal Herrian; endogenoa bata, exogenoa bestea.

Faktore endogenoa, sintesian, Azurmendiren «Bi Euskal Herrien tesia» dela esan daiteke; izan ere, zegamarraren aburuz, XVI eta XVII mendegarrenetan «erdibitu zen, bere identitatea oraindik aurkitu ezin duen Euskal Herri eskizofrenikoa»[1]. Tesi honen arabera, bi idazle taldek sinbolizatuko lituzkete garaiko bi joera, jokabide eta planteamendu arras ezberdin, bi Euskal Herri. Alde batetik, apologistak dauzkagu, Esteban de Garibay, Baltasar Etxabe eta konpainia, salbuespenak salbu askazi nobleko jaunak oro har, gaztelar monarkiko porrokatuak eta hango gorteetara (hots, kanpora) begira bizi zirenak. Idazle hauek euskal jatorriari gorazarre egiten zioten (basko-iberismoa), euskal kaperatasun unibertsalari, odol garbitasunari, beste arrazekin nahasi gabeko antzinako arraza menderagabe izateari eta baita euskararen handitasunari ere behar bazen, baina beti ere gazteleraz. Granadako konkistaren ondoren (1492), XVI. mende osoa iraun zuen odol garbiketa kanpaina bat izan zen Gaztelako erresuman judu eta mairuen kontrakoa eta, itxura guztien arabera, apologisten figura ulertzeko ezinbestekoa da testuinguru honetan kokatzea, non euskalduntasunaren (batez ere arraziala) diferentzia azpimarratzea ez-judu eta ez-mairu izaera azpimarratzeko modu bat baitzen; diferentzia azpimarratu, baina Gaztelan integratzeko (kontuan hartu behar da garaiko nobleziaren zati handi bat judu konbertso aberatsekin nahastua zegoela ordurako Libro verde de Aragónek[2] erakusten zuen bezala). Motzean esanda, apologia epikoen atzean ez zegoen jauntxoen klase interes prosaikoa baino. Horren adibide dira, besteak beste, 1613ko abenduaren 10eko Bizkaiko  Batzarrean jauntxoek prokuradore moduan onartuak izatea debekatzea «los que no supieran leer y escribir en romance» horiei[3], nekazal herri xehea poilitikatik desplazatzeko;eta, 1631an, Gatz Estankoaren Matxinada delakoaren testuinguruan, herri xeheak Batzarrean euskaraz hitz egin zedin aldarrikatzea[4], parte hartze politikorako eskubidea aldarrikatuz horrela. Hala aldarri nola debekuok garaiko klase gatazkaren aspektu linguistikoa baino ez dute osatzen.

Beste alde batetik, berriz, euskal idazleak dauzkagu, Etxepare (XVI), Sarako Eskolakoak (XVII) etab., elizgizonak oro har (Arnaut Oihenart salbuespen), baina formazio humanistadunak eta apologistez iritzi onik ez zeukatenak Klaberiaren bertsoek erakusten dutenez: «Burlatzen naiz Garibayez bai halaber Etxabez, zeñak mintzatu baitire erdaraz Eskaldunez»[5]. Elizgizonok ez ziren Euskal Herriaz gehiegi mintzo, baina euskal herriari mintzo zitzaizkion (hots, barrura), euskaraz. Dena den, kontraerreforma garai betean izaki, euskal idazleok ere euskararen alde egiteko interes prosaikorik izango zutela ondorioztatzen ez dago zaila.

Nolanahi ere, hizkuntza nazional bat ez du literaturak bakarrik egiten. Antonio de Nebrija gazteleraren lehen gramatikariak 1492an (Granadako konkistaren eta Colón Bahametan lehorreratu zen urte berean) idatzi zuen bezala, «siempre la lengua fue compañera del imperio» eta batasun administratiborik gabe nekez sustraitu liteke hizkuntzarik aro modernoan. Horixe da, hain zuzen ere, Azurmendik seinalatzen duen faktore desintegratzaile exogenoa, XVI. mende hasieran, nazio modernoen eraikuntzari hasiera emango zion aldi historikoan, Nafarroako Erresuma galdu izana: Nafarroarik ez, Ernazimenturik ez. Kuriosoa da nola historikoki euskal klase agintariak euskararen eta euskal kulturaren urkatzaile papera bete duela frogatu ondoren, gertatu ez zenaren nostalgia egiten den: «Nafarroa izan zitekeen euskara hizkuntza ofizial deklaratuko zigun estatu euskaldun bat», «Euskal Ernazimentu bizi bat protagoniza zezakeen foko bakarra genuen hura»[6]... Jakinik, gainera, Nafarroako eliteek eta administrazioak erabiltzen zutela latina ez zen hizkuntza bernakulorik ordurako, eta ez euskara preseski[7]...

Bi Euskal Herri egon direla eta badaudela egun ere onartzeko moduko tesia dela iruditzen zait, baina ez nuke esango kanpora/barrura begira egote auzi bat denik. Gure buruari galdetu beharko genioke bloke kulturalen faktore determinantea, garaian garai, faktore etnikoa ala klase faktorea izan ote den edo zein proportziotan gailendu zaion bata besteari sasoian sasoi. Badirudi, gutxienez XVI. mendetik aurrera bigarrena izan dela emekiro lehenengoari gailenduz joan zaiona, Euskal Herri zapalduaren historia euskal klase subalternoen historia izan dela. Eta badela. Eta haiena izango dela, izatekotan, berpizkundea.



[1]Azurmendi, Joxe. Espainolak eta euskaldunak. Elkarlanean (donostia), 1992. (473. or.)

[3]Azurmendi, Joxe. Espainolak eta euskaldunak. Elkarlanean (donostia), 1992. (384. or.)

[4]Ibidem, (386. or.)

[5]Ibidem, (325. or.)

[6]Ibidem, (508. or.)

[7]  Kortazar, Jon. Klasismoa, mendeetako euskararen etsaia. (Gedar): https://gedar.eus/ikuspuntua/jonkortazar/klasismoa-mendeetako-euskararen-etsaia