ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Euskarazko artegintza, hasi 50eko hamarkadatik eta 80koa ondo igaro arte, misio batek zeharkatu zuen: autonomiaren konkistak. Are gehiago luza daiteke tarte historiko hori –36ko gerraren aurreko poesiatik eta arte plastikoetatik hasi eta gure egunetaraino, agian– eta autonomiaren konkistari artearen modernizazio ere dei lekioke. Misio hori ulertzekoa da oso eta beste hainbat kultura nazional subordinatuetan ere errepikatzen den mugimendua da. Euskarak ez zuen iraultza burgesik jasan eta, ondorioz, batez ere klase xehearen hizkuntza izatera igaro zen urte luzetan: landa-eremuko izatera, zahartzaro betiereko batera kondenatuta, gizarte modernorako errealki ezgai, aldarriak aldarri. XX. mende erdialdera iristerako, euskarak eta euskarazko literaturak landa- eta eliza-kutsu nabarmena zuten eta frankismo amaierako belaunaldi gaztea –euskalduna baina hiritarra, bestelako erreferentziekin osatzen zuena bere izaera– intsentsu eta simaur kiratsa gainetik nola kenduko hasi zen idazten. Egoera horretan ulertu behar dira, besteak beste, Atxaga, Saizarbitoria eta Izagirre gazteen modernizazio desirak eta literaturaren autonomiaren aldarriak: erlijiotik eta interes partidistetatik askatu nahi zituzten euskarazko letrak, ordura arte idatzitakoek –Txomin Agirreren ohiturazko nobela tradizionalistaren bidetik– helburutzat kristautasunaren zabalkundea eta euskararen apologia zutela iritzita eta ez arte literarioaren beraren garapena.

Horra arte zalantza handirik ez. Etengabe goraipatu izan da euskalgintza militantetik eta akademiatik gazte haien ahalegina eta ukaezina da euskarazko literaturari ekarri zioten mejora. Gainera, ez da autonomiaren aldarri hura artea arteagatik egiteko desira gisa ulertu behar: idazle politikoki engaiatuak ziren, ez euskararen kausarekin soilik, baita klase subalternoen askapenarenarekin ere, aipatutako Atxaga, Saizarbitoria eta Izagirreren hastapenetako lanak aztertuta ikus dezakegun bezala. Ordea, euskararen aldeko jardun politikoan sarritan gertatu izan den bezala, artearen autonomiaren aldeko mugimenduaren kritikan ere ez da kontuan hartu ekonomia politikoaren kritika. Niri neuri galderak sortzen zaizkit literaturaren historia-liburuaren aurrean: zein tradizio politikoren baitan ulertu behar da artearen autonomiaren ulerkera zehatz hori? Nola lagundu zioten mugimendu haiek kapitalaren modernizazio teknikoari? Alegia, zer irabazi eta zer galdu genuen proletario euskaldunok euskarazko literaturaren autonomiarekin? Izan ere, euskal artearen autonomiaren lorpenik handienetakotzat jo izan da gainerako sistema handiekiko homologazio formala eta egia da, esaterako, teknika literario garaikideen erabilpena ahalbidetu zuela eta kalitate literarioan izugarri eragin zuela. Ordea, ez da soilik hori gu arduratzen gaituena, ezpada nola aldarri haiek beren baitan zeramaten sistema moderno –burges– orok duen artearen merkatu bereizi bat finkatzearen beharra. Homologazioa zentzu horretakoa ere bazen: artearen autonomia abstraktuaren aldarriarekin baino ezin izan dira posible bihurtu gurean, besteak beste, artista profesionalen figurak, liburugintzaren garapen teknikoa eta euskarazko artearen merkatu finko bat.

Paradoxikoa suertatzen da, beraz: autonomiaren kontzepzio horrek merkatuaren morrontzara eramaten du ekoizpen artistikoa. Gure kasuan, ez aldarrikatzaileek hala nahi zutelako, baizik eta sistema modernoetan beharrezkoa delako ekoizpen artistikoa merkantilizatzea artea “autonomoa” izan dadin. Artearen autonomiaren aldarria XVIII. mendeko Ilustrazioaren proiektu burgesarekin estuki lotua dago. Zibilizazio berrirako aldarrikatu zituzten aurreko gizarte mistikotik askatuta funtzionatuko zuten zuzenbide unibertsala eta zientzia objektiboa, eta haiekin batera arte autonomoa, bere dinamika propioen baitan garatzea ahalbidetuko ziona. Jakinekoa da, ordea, autonomia horrek ez ziola kristautasunetik askatzeari soilik erantzuten, burgesiaren klase-interesetan eraikitako gizarte berriaren eskakizun bat ere bazen. Luze gabe, gizarte burgesa aurreratu ahala, zentzu kapitalistan inproduktibo izatetik produktibo izatera igaro zen arte ekoizpena: finkatu eta indartu egin ziren sistema editorialak eta galeriak eta artistek merkatura jo behar izan zuten beren lanak publikoarengana iritsiko baziren.

Gure garaiko kapitalismo berantiarrera iristerako, izugarri areagotua dago artearen merkantilismoa; hainbesteraino, non, Ibon Aranberri artistak “Autonomia / ekonomia” artikuluan dioen bezala, gaur egun “artea eta merkatua muturrik gabeko zirkulu gisa” azaltzen baitira jada, “elkarrekiko erlazio funtsezkoan, lokaztutako mendekotasun baten bidez”. Kosta egiten da egungo ekoizpen artistikoa merkatuaren logikatik kanpo irudikatzea: koadroen prezioak aipatzen dira edozer baino lehen, liburuen salmentak, kontzertu batera joan den jende kopurua. Etengabe. Ia atzeraezina dirudi. Liburu batzuek, kanta eta margolan askok oraindik esaten digute zerbait, jakina, laguntzen digute geure bizitzak hobeto ulertzen, izan dezakete oraindik funtzio sozial bat. Baina, egungo egoeran, ez da hiperbole bat esatea ekoizpen artistikoaren funtzio sozial nagusia plusbalioaren sorrera dela eta, ondorioz, produktibitate kapitalista elikatzea. Aranberriren hitzetara itzulita, ez da artisten eta publikoaren kalkulu ekonomikoen araberakoa dela artelanaren motibazioa, ezpada “artearen autonomiak beregain darama[la] esplotazio ekonomikoaren mamua”.

Artearen autonomiaren kontzepzio burgesak, gehituko nioke nik Aranberriren hitzei. Izan ere, autonomiaren ulerkera abstraktu horrek ezkutatu egiten baitu, finean, artearen beraren morrontza. Gizarte kapitalista modernoan arte ezkoizpenik gehienak ez ditu giza premia zehatzak soilik asetzen, artelanak merkantzia bihurtzen diren unetik ekoizpen material kapitalista elikatzen duen beste esparru bat soilik bihurtzen da artea.

Artearen autonomiaren gure ulerkerak determinazio sozialaren ideiarekin erlazioan joan behar du. Artistek erabiltzen dituzten hitzak eta irudiak ez dira goiko zerutik hartuak eta indar jainkotiarren batek haien aho-eskuetan jarriak, beti daude artistaren izate sozial historikoak baldintzatuak. Horregatik diot artistaren determinazio sozialarekin erlazioan baino ezin dugula ulertu sorkuntza-askatasuna: artistak beti izango du nolabaiteko autonomia artelanari dagokionez, baina autonomia hori bere garaiko baldintza objektiboek baldintzatua egongo da.

Ulerkera horri jarraika, gure proiektu politikoan artisten autonomiari buruz ematen diren eztabaidek ez lukete, nire ustez, hainbeste jo beharko artelanek mezu hau ala beste helarazi behar duten zehaztera edo artistek holako ala halako teknikak erabili behar dituzten esatera. Garrantzitsuagoa da argi edukitzea artisten autonomia errealerako premisa artea produktibotasun kapitalistatik kanpo garatzea dela. Aitor Bizkarrak bere ikuspuntu batean zioen gure desafio kultural inportanteenetako bat produktibotasunaren irizpide propio batekin jardutea dela, irizpide kapitalistarekiko antagonikoa izango dena, eta halaxe izango da, artisten eta proletalgoaren interesei erantzungo dien ekoizpen artistikoa izango badugu.