ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Bi langile ehortzi ditu Zaldibarko zabortegiak, baina gutxienez Euskal Herrian hamabi dira urtarrila eta otsaila bitarte ekoizpen eredu kapitalistak eraildakoak. Kutsadura arriskuaz ari dira batzuk, beste zenbait arduradun publikoen lotsagabekeriaz kexu da apirilaren bosta dela-eta. Zer egin ez dakien horrek, agian, edonola iritzi dio duela bi aste gertatutakoari; eta zuhaiztia erdibituz errepideraino heldu den masa arrotzari kea dariola, alderdiei antzeman diegun interes-pribatuen zaborrak ere gainez egin digu. Izan ere, euren borondatea eta planteamenduak argitu dituzten agente politikoei ezin diegu neurri eraginkorrik proposatu dutenik aintzatetsi; behintzat, behingo batean egikaritu daitekeen eta basakeria kapitalista honetan inoiz langileriari babesa eman liezaiokenik ez. Instituzio publikoen kudeaketa beste lan-talde batek bere ardurapean hartu arren (hau da egunotan denetatik gehien nabarmendu den balizko arazoaren diagnostikoa), nekez zuzenduko du halako ahaleginetan ari denak ekoizpen dinamika kapitalista. Lan-indarra burgesiaren ekonomia-diktaduratik askatu ezean, langileen gorputzetan hezurmamituko baita kapitalak eragindako prozesu suntsitzaile oro.

Artean eskumen formalen eta itxikeriaren argudioari heldu dionak ez digu ezbeharra azalduko, baina EAJak ere badu gertatutakoaren erantzukizun osoa: bi langile desagerrarazi dituen ekoizpen-prozesua eta EAJ alderdiaren ekimen publikoa ezin daitezke-eta elkarrengandik bereizi. Eta testuinguru honetan bada zailtasunik gabe istripuaren egiturazko jatorria ulertu duen burgesik, sozialdemokraziaren engainua agerian utzi behar zuela-eta saihestezina zaion klase-krudelkeriaren aurrean lasai antzean azaldu denik. Esate baterako, ostegun goizean Radio Euskadin eztabaidan ari zela, halako gizarte industrial batean bizi nahi izanez gero kutsagarriak izan daitezkeen hondakinak, eta, ondorioz, halako zabortegiak, onartu beharrean gaudela esan zuen Iñaki Anasagastik. Eta ekoizpen eredu kapitalistaz ari zen neurrian, zuzen zebilen. Plusbalio ekoizpenak errentagarritasun maila altuena eskuratzea du helburu, halatan, ekoizpen-indarrak antolatzean, gutxitan errepara diezaioke burgesiak gure ingurumenaren ongizateari; kapital-harremanak nahitanahiez eragiten dituen hondakin eta hondamendiak, berriz, irabaziak berenganatzeko baliabide bilakatu ditzakete enpresari burgesek. Dirudienez, kapitalismoaren aldarte negatiboa soldatapeko langileen eskutan jarrita etekinak lor daitezke.

Baina gatazka zehatzetan, beste baten sufrimenduak norberaren interes-pribatuen alde egiteko baldintza sozialak sortzean, hain zuzen ere, printzipio-komunista sinpleenak agindutakoari men egin behar diogu militanteok; eta behin-behineko langileriaren jarrera politikoa, alegia, gure klase-interes orokorraren antolakuntza koiunturala, kapitalistei azaldu zaizkien premien arabera definitzea dagokigu. Nork duen nor etsaitzat, Zaldibarko auzian ere, kapital-metaketa prozesuak berea duen klase aurkaritzak ebatzi baitu. Horregatik, aitorpen bikoitza behar du gureak: alde batetik, obra lanetan dabiltzan beharginen eta inguruko herrietan bizi diren langileen osasuna lehenesten dugu; eta bestetik, zeregin iraultzaileei gaurkotasun osoa aitortzen diegu. Zorigaitzak gogoan hartuz, langileontzat neurri ekonomikorik ez duen hilotzari atendituz adibidez, gure klase posizioaz jabetu gaitezke tamalez, eta, sikiera, honetaz arduratuko bagina, hauek pairatu dituztenak omendu genitzakeen. Oraingoz nork bere baitan senti dezakeen samina hare mingarriagoa da, enpatia abstraktuak ez darama-eta ekimen aukerarik. Soilik norbanakoen arteko elkartasuna antolakunde politiko bilakatzean mendeka dezake langileriak zapalkuntza kapitalistak eragin duen sufrimendua. Laburbilduz: besteen ezbeharrez elikatzen diren oportunistak kapitalaren onerako ari dira, eta ez dute barkamenik.