Zalaparta sortu du pasa den asteko astelehenean iragarritako akordioak, aurkakoak diren bi posizio definitzeraino. Alde batetik, akordioari kritika egiten dion ikuspegi politiko-estrategikoa aurkitzen da. Honen arabera, akordioa eta erabaki taktiko oro estrategiaren araberakoa izan behar da, eta ezin da, hortaz, modu isolatuan aztertu. Beste aldetik, ordea, kritika horri itxuraz esparru politikotik kanpo -baina hari txertatuta, eta beraz estrategia baten adierazpen gisa- hartutako errekurtsoak baliatuta erantzuten dion ikuspegia aurkitzen da. Honek, bere irakurketa giza eskubideen eta moralitatearen esparru abstraktura eramaten du, zeinaren bitartez haren neutraltasuna aldarrikatzen duen. Neutraltasun hori, ordea, itxurazkoa baino ez da. Izan ere, errealitatean, ahotan dituzten baloreak, zeinak unibertsal abstraktuak bilakatu nahi dituzten, benetan kategoria politiko historiko zehatzak dira: ez langile klase iraultzailearenak, politika burgesarenak baizik.
Politika klase gatazkaren azaleratzea da. Ez da klaseen interes kolektiboetatik kanpo ulertu daitekeen politikarik. Zentzu horretan, politikaren ikuspegi hegemonikoa, eta bake garaietan normaltasunaren berezko ezaugarri gisa agertzen dena, klase agintariaren ikuspegia da. Honek, ez du indarrean dauden instituzio formetatik haratago beste aukerarik kontzebitzen. Praktika oro, azken instantzian, aipatu instituzioetan konkistak lortzera bideratzen ditu, nahiz eta “kale” politikaren edota politika forma ez ohikoaren itxura hartu. Jardunbide politiko honetan zentralitatea hartzen duten kategoria horiek –demokrazia, eskubidea, askatasuna…-, zeinak zentzu komun burgesarekin harremanetan aurkezten diren, ez dira, ordea, giza-erreprodukzioa kontzeptualizatzeko ezinbesteko kategoriak, kapitalaren erreprodukzioa eta, ondorioz, klase kontraesana eta menderakuntza trinkotzeko kategoriak baizik. Sistemaren hegemoniak ideologiaren hegemonian eta bere eraikuntza logikoa gauzatzeko erabilitako kategorien unibertsaltasun abstraktuan aurkitzen du oinarria.
Moralitateari eta kategoria abstraktuei errekurtso horiek guztiek posizio politiko bat marrazten dute, bada. Azken finean, asteleheneko akordioa justifikatzeko erabili dituzten argudio horiek guztiek izan baitute haien baitan indibidualismo burgesaren etika txertatuta, zeinaren bitartez klase gatazka artikulatzen duen politikaren ukazioa ematen den, ez haren lekuan ezereza ezarriz, burgesiaren politikaren dominazioa trinkotuz baizik.
Nekez lortzen du halakorik ezkutatzea kontrapisu gisa erabiltzen duten erabaki kolektiboaren izaerak; are, lortu nahi dutenaren aurka, egoera luze okertzen du. Luze okertzen du ez baita estrategia batetan bereizitasun isolatu bat, haren erdigunean aurkitzen den praktika baizik. Askoz kaltegarriagoa baita, politikaren ikuspegitik, kolektibo oso batek bide bati heltzea, norbanako isolatuek egitea baino.
Norbanakoak eskutara dituen aukera guztiak baliatuta kartzela saihestea kasik instintuaren kategoriara heldu den erreakzio soziala da, espontaneoa eta ez bereziki planifikatua, egoeraren larritasunak bultzatua baizik. Gizarte burgesak aski ulertzen eta bultzatzen duen instintu soziala, horixe baita bere natura-sozialak sortzen duen gizakia. Jakina da, beraz, eta aipatutakoarekin bat eginez, norbanakoak ezin duela joera politiko konfrontatibo bat ardaztu. Bere erabakiek, bere jardunak, sistema kapitalistak sortutako gizaki kolektiboaren nolakotasuna argitzeko laginak eskaintzen dituzte, gizabanakoa forma sozial horren adierazpen partikularra baino ez baita, haren mendeko erreproduzitzen dena.
Alta, norbanakoaren printzipio horiek politikoki antolatutako kolektibo baten printzipio gisa adierazten direnean, kolektibo hori, norbanakoa bezala, gizarte burgesaren eraikuntza espontaneo gisa ezaugarritzen da. Hots, bere burua iraultzailetzat duen hautu politikoak, bere oinarrian, inongo konpromisorik ez eta sistema kapitalistaren egunerokotasunean norbanako indibidualista gisa erreproduzitzen den gizaki moldatu eta zanpatu horrek dituen printzipio berdinak baditu, zeinak, aipatu bezala, zentzu komun gisa aurkezten diren, klase borrokaren adierazpen den politika ukatzeko; hautu politiko hori, gizabanakoa bezala, sistema kapitalistak bere erreprodukzio beharren arabera sortutakoa da. Ez da, beraz, hari aurre egiteko gai, haren parte baita eta haren menpe erreproduzitu.
Ez da, beraz, eztabaida gizaki eta gizarte burgesarentzat onuragarria zer den ebaztea. Kartzela saihestea balitz lehenengo helburua, klase borrokak ez luke lekurik izango. Kolektibo batek bere burua aldatzea erabaki izana edozelako erabaki justifikatzeko erabiltzeak gutxi esaten du kolektiboa-norbanakoaren arteko harremanaz, eta asko, dena, kolektibo horren izaeraz. Kritika politiko bat printzipio indibidualista burgesen bidez erantzuteko joera ohikoak ere aski argi uzten du esaten ari garena. Ikuspegi burges batetatik esan genezake: bakoitzak egin beza nahi duena. Ez da hori, ordea, errealitatea irauli nahi duen militante politikoaren posizioa.
Argiak dira, hortaz, erabakimen kolektiboz mozorrotutako indibidualismo endemikoaren muga politikoak: politika burgesa erreproduzitzen dute eta harekin batera langile klasearen politika iraultzaileari ateak itxi.