ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Covid-19 birusa dela-eta bizi dugun larrialdi egoerak zera ziurtatu du: gure gorputzen ongizatea ez da ekoizpen-gaitasun sozialen egungo ekonomia dinamikak lehenesten duen hori. Eta osasun publikoa zaindu asmoz ezarri den neurri orok ezin du besterik adierazi, eri diren horiei ez zaie-eta bestelako interesik gabe jaramon egiten. Izan ere, burgesiaren klase bete-beharrak bere kargu hartzen du norbanakoaren bizitza, honek burgesen bizimodua eragin eta bermatu dezakeen artean; bada, langileriaren osasuna burgesiak bere kontrolpean dituen ekoizpen-bideen menpe baitago, badugu pandemia honen trataerari esleitu zaion izaera «hiritar» eta apolitikoa gaitzesterik: Jaurlaritzaren eta gobernu zentralaren aginduak ez dira egokiak, baina egunotan etxean geratzea komeni zaigu; baita langabezian edo diru-ordainik gabe geratu daitekeen horri ere. Halaxe dion mandatu moralik badela dirudien arren, langileriaren eta burgesiaren arteko klase-borrokak elkarren aurka jartzen dituen, eta bateraezinak diren, indar sozial horien arrazoi politikoei helduta uler daiteke soilik nor den krisialdi honen erantzule eta zer konpromezu hartu behar duen bakoitzak. Egoera epaitu eta ekinbide posibleak definitzear gaudenez gero, auzia honako hau da: burgesiaren eta langileriaren arteko ezberdintasun politiko eta ekonomikoak (erantzule eta kaltetuak zehaztean kontuan hartu behar diren ezaugarriak hain zuzen ere) baztertzen dituen «zibismo» orokortu hori ala langileriaren klase elkartasuna.

Egun gizartearen osasun orokorra eta proletariotzaren bizi baldintzen ekonomia ez da gauza bera. Covid-19 birusaren hedapena geratzeko instituzio publikoek hartu dituzten ez-ohiko erabakiek, adibidez, langile askoren baliabide ekonomikoei kalte eragin diete eta, ondorioz, langile horien osasun abstraktuaren alde egitean euren bizi aukerak kaltetu eta murriztu ere egin dituzte. Ba al dago ongizatea eta hondamendia berdintzen dituen horri bizitza deitzerik? Bederen, proletariotzaren amorruak paradoxak desegin ditzake. Komunistentzat kalitatezko bizimodua askatasun politikoaren arabera definitu beharra dago, hau da, klase menpekotasunik gabeko gizarte komunistak garatu lezakeen gobernuan datza hori; ez, ordea, harreman sozial kapitalistak direla medio langileriak lor dezakeen bizi maila baten edo bestean. Era berean, guretzat, ahalmen politikoak ebatzi du birusa dela-eta sortu berri den eszenatoki sozial honen ulerkera; bi zentzutan gainera: alde batetik, zenbait langile sektoreren lanaldiak bertan bera utzi dituzte osasun protokoloek eta, honenbestez, askok orain ez du diru-iturririk. Alabaina, errenta eta hipoteken kontratu baldintzetan (ordainketa datetan, adibidez) ez baitu inork aldaketarik igarri, galera ekonomiko larriak izan ditzaketen langileen gaineko aginte gaitasun burgesa areagotu egin da. Eta, bestalde, osasun krisialdi honek langileriaren mobilizazio batzuk debekatu edo zapuztu ditu, baina, bitartean, pandemiak berarekin dakarren ez-ohiko egoera formalak interbentzio baliabide erradikalenak baimendu dizkie estatu burgesei. Garbitzaileek ezin dute EHUn grebarik egin, Ikasle Abertzaleak M26ko grebari uko egin behar izan dio; horrela jarraitu ezkero, ostera, militarrak laster dira gure kaleetan. Balizko osasun publiko honek bere bizitza (fisikoa) desagerrarazi baitezake, proletariotzak ezin du delako «zibismo» sinplista bere egin; eta kontraesan hori da, oraingo honetan, politika komunista baten abiapuntua.